Big Ben
"Big Ben" goitizen bat da, eta horrekin ezaguna da Londresko Westminster jauregiko (alegia, Erresuma Batuko Legebiltzarraren eraikineko) erloju-dorrean dagoen erlojuaren bost ezkiletatik handiena, 13,5 tonakoa. Maiz asko erabili ohi da goitizen hori, halaber, bertako erlojua adierazteko, eta are dorre osoaz hitz egiteko ere, zeinari 2012ko ekainaren 26an Elizabeth Tower izena jarri baitzioten.
Big Ben | |
---|---|
Westminster jauregia | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Ingalaterra |
Ingalaterrako eskualdea | Londresko eskualdea |
Ingalaterrako konderri zeremoniala | Londres Handia |
Londresen banaketa administratiboa | Westminster Hiria |
Koordenatuak | 51°30′02″N 0°07′28″W |
Altitudea | 17 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1843ko irailaren 28a |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Augustus Pugin Charles Barry |
Materiala(k) | Caen stone (en) eta kareharria |
Estiloa | Arkitektura neogotikoa |
Dimentsioak | 96 () m |
Atalak | maila: 399 ezkila: 5 xapitel: turret clock (en) : solairu: 11 argiontzi: |
Webgune ofiziala | |
Erlojua munduan dagoen lau aurpegiko erloju kanpaidun handiena da. Dorrea Westminsterreko jauregiaren ipar-ekialdeko muturrean kokatuta dago. Jakina denez, Erresuma Batuko parlamentuaren egoitza da Westminsterreko jauregia.
Hurbilen dauden Londresko metroaren geltokiak Westminster eta Waterloo dira.
Dorrea
Antzinako Westminsterreko jauregia 1834ko urriaren 22ko gauean izandako sute batek suntsitu zuen. Haren ordez jauregi berri bat eraikitzeko diseinua Charles Barryk egin zuen, eta diseinu horretan zegoen sartuta dorrea. Jauregi berria eraikitzeko arkitektoen burua Charles Barry bazen ere, erloju-dorrearen diseinurako Augustus Pugin-engana jo zuen. Dorrea Gothic Revival estiloan dago diseinatuta, eta 96,3 metroko altuera dauka.
Behealdetik hasita, erloju-dorrearen egituraren lehen 61 metroko zatia adreiluz egina dago, kanpoaldetik hondar-koloreko Anston kareharrizko estaldura batek bilduta. Dorrearen gainerakoa, goialderaino, burdinurtuzko egitura duen orratz bat da. Dorrea hormigoizko zolata karratu batean oinarrituta dago, alde bakoitza 15 metrokoa duena. Zolata horrek 3 metroko lodiera du, eta lurraren gainazaletik 4 metroko sakoneran paratuta dago.
Erlojuaren lau aurpegiak lurraren gainetik 55 metrotara daude.
Dorrea eraiki zenez geroztik zoruaren baldintzetan izandako aldaketa batzuk direla-eta (aipagarriak dira metroko Jubilee Line linearen hedapenerako tunelgintza-obrek eragindakoak), dorrea zertxobait makurtuta dago ipar-mendebalderantz. Bestalde, tenperaturaren gorabeheren ondorioz, urtero milimetro gutxi batzuetako kulunkadura izaten du ekialdera eta mendebaldera.
Erlojua
Erlojua eta erloju-aurpegiak Augustus Puginek diseinatu zituen. Erloju-aurpegiak 7 metroko diametroa duen marko batean muntatuta daude, eta opalozko 312 pieza ere daude bertan ipinita, beirate bateko egituraren antzera. Beirazko osagaietako batzuk kendu egin daitezke, erlojuaren orratzen ikuskapen-lanak egiteko. Erloju-aurpegien ingurua urre-kolorekoa da,
Erloju-aurpegi bakoitzaren azpialdean, urre-koloreko letretan, latinezko idazkun bat dago, honela dioena: DOMINE SALVAM FAC REGINAM NOSTRAM VICTORIAM PRIMAM. Euskaraz, hauxe esan nahi du: "Oi, jauna, salbu eduki ezazu gure erregina, Viktoria Lehena".
Blitzean, alemanen bonbardaketek Westminsterreko jauregian jo zuten, eta 1941eko maiatzaren 10ean, bonba-erasoaldi batek bi erloju-aurpegi eta dorrearen teilatuaren atal batzuk kaltetu zituen, Komunen Ganbera deuseztatzeaz gain. Sir Giles Gilbert Scott arkitektoak bost solairuko bloke berri bat diseinatu zuen. Solairu horietako bi hartzen ditu gaur egungo Komunen Ganberak, zeina 1950eko urriaren 26an erabili baitzen lehenbiziko aldiz. Pairatutako bonbardaketak bortitzak izan ziren arren, Blitzean zehar erlojuak doitasunez funtzionatu eta jo zituen kanpaiak.
Informazio praktikoa
- Metro geltokia: Westminster