Bizikleta bide
Bizikleta bidea[1] edo bidegorria[1][2][3][4] bizikletaz eta bestelako zikloetan ibiltzeko azpiegitura publikoa da. Bide horiek txirrindularientzat soilik nahiz bestelako garraio moduekin batera (oinezkoek edo autoek, adibidez) erabili ahal izateko modukoak izan daitezke. Halaber, horretarako propio sorturiko bideak edo errepide zabalagoen zatiak izan daitezke. Oro har, bizikleta bidea bizikleten joan-etorria arautzeko seinale egokiak dituen kale edo errepide bateko edozein lerro izan daiteke.
Euskal Herrian bizikletentzako lehen bideak 1950eko hamarkadan sortu baziren ere, 1980ko hamarkadatik aurrera orokortu ziren, eta horietako askok zoladura gorriak zutenez, bidegorri hitza sortu zen haiek izendatzeko. Hala ere, bidegorri horiek ezaugarri jakin batzuk zituzten (gainerako garraio moduetatik bereizitakoak, espaloi gainean eraikitakoak askotan, bi noranzkoetakoak), bizikleta bide guztientzako balio ez dutenak. Gaur egun bizikleta bide asko oraindik asfalto gorriz egin ohi da.
Motak
Bizikleta bideak haiek eraikitzeko erabili den tokiaren arabera sailka daitezke. Horren arabera, hurrengo motak daude:
- Bizikleta-erreia: galtzadan sortutakoa eta gainerako ibilgailuekin espazioa partekatzen duena edo esklusiboa dena.
- Bizikleta bazterbidea: bizikleten joan-etorrietarako egokitutako bazterbidea.
- Bizikleta espaloia: espaloien gainean sortutakoa.
- Bizikleta pista: beste mugikortasun moduentzat dauden lerroetatik bereizitako ibilbidea duena.
- Bizikleta zidorra: parkeetan edo hiritartu gabeko eremuetan sortutako bizikleta bidea, askotan oinezkoekin partekatzen dena.
Bizikleta bideen beste ezaugarri garrantzitsu bat bideen esklusibotasuna da. Bide esklusiboetan bizikletak eta motorrik gabeko beste ziklo batzuk soilik ibil daitezke; bide partekatuetan bizikletek motordun ibilgailuekin edo oinezkoekin partekatu behar dute espazioa. Euskal Herrian XX. mendean bide esklusiboak sortu ziren gehien bat, baina gero eta ohikoagoak dira bide partekatuak. Esaterako, bide berde deritzotenak, antzinako trenbide zaharrak baliatuta sortu direnak, oinezkoek eta txirrindulariek partekatzen dituzte. Hirietan ere, kale estuetan, lerro partekatuak sortu dira motordun ibilgailuen abiadura murriztuta eta bideak galtzada partekatuaren gainean margo bidez markatuta.
Bizikleta bideek bi noranzko izan ditzakete, edo noranzko bakarrekoak izan daitezke. Noranzko bakarrekoak gehienetan hirietan daude, motordun ibilgailuentzako bi noranzko dituzten kaleetan, eta kalearen albo bakoitzean noranzko bakarreko bizikleta bide bat egoten da. Noranzko biko bizikleta bideak oro har galtzadatik kanpo egon ohi dira, eta noranzko bakarrekoak galtzadan. Noranzko bakarrekoetan txirrindulariek gainerako ibilgailuen zirkulazio logika jarraitzen dute, haien noranzko berean mugitzen baitira; noranzko bikoetan, berriz, kontrako noranzkoan doazen bizikletek ez dute logika hori betetzen eta, beraz, egoera arriskutsuagoak jasan ditzakete.
Irudiak
- Gasteizko Santa Luzia auzoko bidegorri bat.
- Gorostitza auzoko mendiko bidegorria.
- Hiriko bidegorria. Amara Berrin. Donostian.
- Bizikleta bide bat errepide baten ondoan, Gasteizen.
- Bizikleta bideak egiteko, batzuetan errepidea zen zati bat hartzen da; Gasteizko oinezkoentzako ibilbide honetan espaloia zen zati bat hartu zen bidegorri bezala erabiltzeko.
- Bidegorri bat errepide baten ondoan Bergara aldean.
Erreferentziak
- Euskalterm hiztegian Bizekleta-bide eta bidegorri agertzen dira, Ingurumena Hiztegi Entziklopedikoa, 2011 (noiz kontsultatua: 2021-8-17)
- «Bidegorri». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-08-16.)
- «IKASBIL - Aldizkari Digitala: "Euskal bidegorriak, bidaiatzeko beste modu bat"» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
- «IKASBIL - Bideoa: Bidegorriak, gero eta gehiago. Ana Zuazagoitiak, "Bizikleteroak" elkarteko kideak, Euskal bidegorri-sareaz eta bizikletaren erabileraz hitz egin digu.» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-26).
- «OpenStreetMap-en bizikletentzako mapa Donostia-DonibaneLohitzune-Sara-Lesaka-Andoain ingurua» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2019-08-09).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Bizikleta-bideak ikusteko mapa OpenStreetMap-en.
- Arabako Bizikleta bideen sarea
- Bizkaiko bizikleta bideen sarea
- Gipuzkoako bizikleta bideen sarea
- Nafarroako bizikleta bideen sarea
- lavelodyssee.comRascoffetik (Bretainia) Hendaiara bizikletaz 38 etapatan.
- Utzi pasatzen bizikletari, artikulua argia.com webgunean