Bidea (liburua)
Bidea (gaztelaniaz: Camino) Opus Dei sortzailearen José María Escrivá de Balaguer apaizaren liburu ezagunena da. Lan hau Escriváren jarraitzaileentzat oinarrizko obra da; bertan, bizitza kristaua aurrera eramateko aholkuak ematen dira. Zalantzarik gabe, haren lan ezagunena dela esan daiteke. Berez, saiakera ideologikoa ez da, aforismo bilduma baizik. Orokorrean, Escrivá de Balaguerreren lanek ez dute sakontasun teologiko handirik.
Bidea | |
---|---|
2002an liburuaren edizio kritikoa plazaratu zen. | |
Datuak | |
Idazlea | José María Escrivá (2013) |
Argitaratze-data | 1934 - 1939. Euskaraz 1964. |
Generoa | Aforismoak |
Jatorrizko izenburua | Camino |
Herrialdea | Espainia |
Orrialdeak | 864 or. |
Euskaraz | |
Izenburua | Bidea |
Itzultzailea | Manuel Lekuona eta Jose Agustin Orbegozo |
Historia
Liburuaren lehenengo edizioa Cuencan (Espainia) agertu zen, 1934an. Orduko izenburua Consideraciones Espirituales izan zen. Behin betiko edizioa, ordea, Valentzian, 1939an agertu zen. Geroztik, liburuak arrakasta handia izan du: 2008 arte, 43 hizkuntzatara itzulita zegoen eta 4.500.000 ale argitaratuta.[1]
Egitura
46 kapitulutan antolatuta dago. Aforismoak dira; beraz, oso egitura errazaz idatzitako testu laburrez osatua da. Halaber, tonua egunerokoa eta zuzena da. Esaldiak, bestetik, laburrak dira. Hona zenbait adibide:
"Ez dadila antzu izan zure bizitza. —Onuragarri izan zaitez. —Uztazu arrastoa. —Zure fedearen eta maitasunaren argiaz argi ezazu".
Bideak bizimodu kristauaren aspektuak azaltzen dituzten 999 puntu ditu, hala nola otoitza, lana, birtuteak...
Liburuaren iturriak
Egileak hainbat iturri erabili zituela aitortu zituen: Ebanjelioak, Joan Gurutzekoa, Teresa Ávilakoa, Katalina Sienakoa, Teresa Lisieuxekoa. Halaber, Espainiako klasiko batzuk: Miguel de Cervantes, Lope de Vega, Calderón de la Barca.
Dena dela, badago beste hipotesi bat, plagioarena. Ángel Gómez Moreno katedratikoak liburuaren pasarte asko XVIII. mendeko liburuxka batean, Francisco Javier Hernández jesuita aragoiarraren El alma victoriosa de la pasión dominante lanean aurkitu ditu. Lan honetan gero Bidean jaso ziren ideia asko jasota daude. Bere garaian horrelako lanak “ars bene meriende” izenarekin zabaldu ziren eta Hernándezenak arrakasta handia izan zuen nahiz eta denborarekin ahaztuta gelditu. Gómezek ez du "plagio" hitza erabiltzen baina bi liburuen arteko antzekotasun handiak aurkitu ditu.[2]
Bidea euskaraz
Liburuaren euskarazko lehenengo edizioa, Bidea izenburupean, 1964ean plazaratu zen. Itzulpenaren egileak Manuel Lekuona eta Jose Agustin Orbegozo izan ziren.