Bide baltikoa
Bide baltikoa (estonieraz, Balti kett, letonieraz, Baltijas ceļš eta lituanieraz Baltijos kelias) 1989ko abuztuaren 23an osatu zen giza kate erraldoi baten izena zen, 650 kilometro bete zituena. Ia bi milioi pertsonak parte hartu zuten, eskuak elkar hartuta, giza kate horretan, hiru errepublika baltikoak (Estonia, Letonia eta Lituania, garai hartan Sobietar Batasunaren menpe) zeharkatu zituena.
Bide baltikoak errepublika baltikoen independentzia eskatu nahi zuen, eta sobietar okupazioaren bukaera. Nazioarteko arreta ere erakarri nahi zuen, eta Molotov-Ribbentrop itunaren 50. urtemugan antolatu zen (itun horren bitartez sobietarrek hiru errepublika baltikoak berenganatu eta okupatu zituzten, 1940ean).
Historia
Mikhail Gorbatxov SESB-ren presidentziara iritsi zenean (1985ean) nolabaiteko irekitze politikoa egon zen, perestroika izenarekin ezagutua. Errepublika baltikoetan (1940ean SESB-ra anexionatuak) irekitze eta distentsio politiko horrek lehenengo protesta independentista jendetsuak ekarri zituen: 1987an manifestazio handiak egon ziren, eta agintari sobietarrek atxiloketa ugari agindu zituzten. Urte hartan Sajudis herri-mugimendu independentista lituaniarrak Lituaniako Kontseilu Gorenerako hauteskundeak alde handiz irabazi zituen, eta hortaz baliatuta Lituaniako independentzia osoa eskatu zuen [1]
Giza katea
Bide baltikoak hiru hiriburu baltikoak (Vilnius, Riga eta Tallinn) lotu zituen. Parte hartzaileek 1989ko abuztuaren 23ko arratsaldeko 19:00etan eskuak elkarri eman zizkioten, 15 minututan [2]. Horietako askok euren bandera nazionalak eramaten zituzten, batzuetan xingola beltzez dekoratuak, sobietarren biktimen (fusilatuak eta deportatuak) omenez. Estonia eta Letoniaren arteko mugan buruzagi abertzaleek hileta-zeremonia bat burutu zuten, non gurutze beltz erraldoia piztu zuten [3].
Giza katea toleratua izan zen, eta agintari sobietarrek ez zuten inongo debeku berezirik ezarri.
Asteazkenean antolatu zenez (1989ko abuztuaren 23an), lantegi askok itxi egin zuten egun hartan. Milaka autobus antolatu ziren, horietako asko doan. Estoniak jai-eguna izendatu zuen abuztuaren 23a hura [4].
Ondorioak
Bide baltikoaren arrakastak Letonia, Estonia eta Lituaniaren independentzia prozesuak azkartu zituen. Protesta baketsu horien irudiak mundu osora iritsi ziren, eta nazioarteko komunitateak aldeko jarrera bat hartu zuen kausa independentistarekiko. 1991ean, hots, bi urte geroago, hiru errepublika baltikoek burujabetza osoa lortu zuten.
Bide baltikoa Errekorren Guinness Liburuan agertzen da, inoizko giza katerik luzeena bezala. Ideia horretan oinarrituta, Kataluniako mugimendu independentistak Bide baltikoaren antzeko giza katea antolatu zuen 2013ko irailaren 11an. Gurean, Gure Esku Dago erakundeak antzeko giza kateak antolatu zituen 2014an eta 2018an.
Erreferentziak
- Lithuania's Independence Movement (1988 - 1991)
- Conradi, Peter (18 August 1989). "Hundreds of Thousands to Demonstrate in Soviet Baltics", Reuter News
- Lodge, Robin (23 August 1989). "More than Two Million Join Human Chain in Soviet Baltics", Reuter News
- Lodge, Robin «More than Two Million Join Human Chain in Soviet Baltics» Reuter News, 1989-08-23an