Bidasoko gudua

Bidasoko gudua edo Larrungo gudua Espainiako Independentzia Gerran Larrun mendian (Nafarroa Garaiaren eta Lapurdiren arteko mugan) gertaturiko gudua da, 1813ko urriaren 7koa.[1]

Bidasoko gudua
Iberiar Penintsulako Gerra
Bidasoko guduaren margolana
Data1813ko urriaren 7a
LekuaLarrun  Lapurdi
43°18′33″N 1°38′8″W
Koordenatuak43°18′35″N 1°42′12″W
EmaitzaAliatuen garaipena
Gudulariak
Frantziako Lehen Inperioa Erresuma Batua
Portugalgo erresuma
Espainiako erresuma
Buruzagiak
Soult mariskala Wellingtongo markesa
Indarra
62.000 soldadu 89.000 soldadu
Galerak
1.650 erori
17 kanoi
1.600 erori
Larrun mendia

Aurrekariak

San Martzialgo guduaren ondorioz, Soulten armadak Hego Euskal Herrira sartzeko egindako saiakerak amaitu ziren. Irailaren hasieran Donostiako setioa ere bukatutzat eman zuten. Iruñeko zitadelan zegoen napoleondar goarnizioak baino ez zuen eutsi, eta urriaren 31rako ez zuen etsi. Wellingtonek zubi-burua sortu nahi zuen Bidasoa zeharkatu eta mendietan kokaguneak jartzeko.

Armadak

Frantziar defentsa

Frantziar armadak beretzat zuen Ipar Euskal Herriko lurraldeak defenditzera prestatu zenez, Soultek mugaren ondoan mantentzea agindu zuen. Hori zela eta 48 kilometroko frontea ezarri zuen Pirinioetan. Lekua defenditzeko erraza bazen ere, kokaguneen arteko komunikazioak zailak ziren.

Kostaldea lerroaren kokagune indartsuena bilakatzeko, Soultek Honoré Reillek zuzendutako 10.550 laguneko armada plazaratu zuen hantxe. Bertan Antoine Maucune eta Pierre Boyerren dibisioak zeuden. Bere lerroa 13 kilometro zituen, Bizkaiko golkotik barnealdera. Bere atzealdean, Bordagainen, lubakiak egin zituzten. Eugene-Casimir Villatten 8.500 laguneko erreserbazko dibisioa 8 kilometrotara zegoen, Donibane Lohizuneko portuan hain zuzen ere.

Bertrand Clauselek zuzendutako 15.300 laguneko armada erdigunean plazaratu zuen. Nicholas Conroux, Jean Maransin eta Eloi Taupinen dibisioek osatuta zegoen. Bere eskuinaldean, Bidasotik gertu, La Bayonette izeneko gotorlekua, erdialdean Larrun mendia eta ezkerraldean, Ainhoatik gertu, Ugarana ibaia zituen.

Amaiurretik Ugaranaren ibilbidea jarraituz eta itsasorainoko erasoaldia saihesteko, Soultek Jean-Baptiste Drouet d'Erloni 19.200 lagun eman zizkion bere ezkerraldeko hegala babesteko. D'Erlonek Maximilien Foy, D'Armagnac, Abbe eta Daricauren dibisioak zituen. Honen lerroa Ainhoatik Donibane Garazira zihoan, tartean Amaiur eta Orreagako pasabideak izanik[2]

Britainiar planak

Wellingtonek, 25.000 espainiarrez gain, 64.000 laguneko anglo-portugaldar infanteria eta artilleria zuen. Zalditeria mendietan erabilgarria ez zenez, erretagoardian kokatu zuen.

Bere zubi-burua egiteko, Wellingtonek Txingudiko badia zeharkatu behar zuen. Konpantzia parean ibaiak 910 metroko zabalera eta 6 metroko sakonera ditu. Frantziarrek ez zuten kontuan hartu ze marea handiak dauden bertan baina aliatuen ezkutuko informazio zerbitzuak urriaren 7an itsasbehera handia izango zutela esan zuen.

Zeharkatzeko plana zehatza zen oso: behekaldean ingeniariek soropilez estalitako harresia eraiki zuten. Honek Andrew Hayren 5. dibisioa estaliko zuen ibaia zeharkatu baino lehen. Wellingtonek bost bateria eta hiru 18 librako setiatzeko kanoiak ere kokatu zituen laguntzeko.

Gudua

Goizeko 7:25tan 5. dibisioak erasotzen hasi zen. Ustekabean harrapatu zituzten frantziarrak, Maucunen 4.000 soldadu besterik ez zituztenak 6 kilometroko luzera duen ibaiaren atala defenditzeko. Laster ailegatu ziren Hayren gizonak Hendaiara eta handik eskuinalderantz jo zuten Kenneth Howarden 1. dibisioa laguntzeko. 8:00tarako, Howarden gudarosteak, Thomas Bradforden portugaldar brigada eta Lord Aylmerren britainiar brigadak ibaia zeharkatu zuten Behobiako hondatutako zubitik gertu. Bere eskuinaldetik hiru brigada espainiarrak pasa ziren. Britainiarrek Teilatubaitako (frantsesez Croix des Bouquets) kokagunea eta espainiarrek Kalbarioko mendia lortu zituzten. Iparraldeko ertze osoa lortzeko 400 erori baino ez zituzten izan[3]

Goiz hartan Soultek Henry Clintonen 6. dibisioak Amaiur erasotzen miatu zuen. Dibisio honen portugaldar brigadak Urdazubiko burdin lantegiak eraso zituen, 150 soldadu galduz. Britainiar brigadak zalantzak zituztela ikustean, Soultek erasoa iruzur bat besterik ez zela konturatu zen. Orduan kostalderantz jo zuen baina berandu zen Reille laguntzeko.

Eguneko borroka gogorrena Clauselen atalean gertatu zen. John Colborneen brigadak, Charles Altenen dibisoi arinarena zena, La Bayonette gotorlekua eraso zuen. Ustekabean harrapatuta, napoleondar armadak maldan behera eraso zuten 95. errejimentua menderatzeko. Baina 52. Oxfordshire errejimentua agertu eta atzera bota zituen frantziarrak.

Bitartean, James Kempten brigada eta Francisco Longarren espainiar dibisioak Larrun eraso zuten. Nahiz eta Pedro Gironen andaluziar dibisoi biek tontorra eraso, ezin zuten konkistatu. Hurrengo egunean frantziarrek kokagunea utzi zuten inguraturik ez izateko.

Emaitza

Kostaldean armada inperialak 390 hildako eta zauritu izan zituen, 60 lagun eta 8 kanoi galtzeaz gain. Clauselen atalean, 600 hildako eta zauritu izan zituen, 600 lagun eta 9 kanoi galtzeaz gain. Britainiarrek 573 eta portugaldarrek 242 erori izan zituzten[4] Espainiarrekin batera, guztira 1.600 erori izan zituzten aliatuek[5].

Ondorioak

Biktima handienak, Irun, Bera, Azkaine, Ainhoa eta inguruko herritarrak izan ziren, milaka soldaduren gehiegikeriak eta lapurretak jasan behar izan zituzten eta.[6]

Erreferentziak

  1. Oman, Charles. (1902). History of the Peninsular War. .
  2. Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin, 281 or. ISBN 0-141-39041-7..
  3. Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin, 285 or. ISBN 0-141-39041-7..
  4. Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book. Greenhill, 459-460 or. ISBN 1-85367-276-9..
  5. Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin, 286 or. ISBN 0-141-39041-7..
  6. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/larrun-edo-bidasoako-gudua-izan-zen-tropa-frantses-eta-aliatu-espainiar-eta-angloportugaldarren-artean

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.