Bidarte

Bidarte Lapurdiko kostaldeko udalerri bat da, Lapurdi Itsasegia eskualdekoa. Kostaldeko N-10 errepidean eta Donibane Lohizune eta Biarritz udalerrien artean dago, Getaria udalerriaren iparraldean.

Artikulu hau Lapurdiko herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bidarte (argipena)».
Bidarte
 Lapurdi, Euskal Herria
Bidarte, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusia. Behean, ezkerrean, Getaria.


Armarria


Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Lapurdi
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaBaiona
KantonamenduaDonibane Lohizune
Izen ofiziala  Bidart
AuzapezaEmmanuel Alzuri (divers droite)
Posta kodea64210
INSEE kodea64125
Herritarrabidartar
Kokapena
Koordenatuak43°26′13″N 1°35′35″W
Map
Azalera12,15 km2
Garaiera0-80 metro
Distantzia- km (Baionatik)
Demografia
Biztanleria6.892 (2018:  225)
alt_left 3.474 (%46,6) (%44,8) 3.337 alt_right
Dentsitatea540,41 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 18,46
Ugalkortasuna[1] 57,34
Ekonomia
Jarduera[1]% 72,33 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0,64 (2011)
Langabezia[1]% 9,12 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 9,27 (2010)
Erabilera% 0,49 (2011)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.mairie-bidart.com

Geografia

Ingurune naturala

Uhabia ibaia Bidarten itsasoratzen da. Udalerritik igarotzen da, halaber, Uhabiara isurtzen den Zirikolatzeko erreka.

Udalerri mugakideak

Etxeak eta auzoak

  • Errege Etxettoko Hondartza[2]
  • Uhabiako Hondartza[2]
  • Arbonako Préventorium[2]
  • Senpau[2]
  • Izarbelgo Technopole[2]
  • Uhaldea[2]
  • Uronea[2]
  • Xutiketa[2]
  • Xuxuenia[2]

Hondartzak

Bidartek zazpi hondartza ditu:

Historia

Bidarte parrokiako XVI. eta XVII. mendeetako kontu liburuek eta XVII. eta XVIII. mendeetako mapek frogaten dute, herri honek portu bat zuela Uhabia ibaiaren bokalean. Itsas bazterreko ibaia sarbide bilakatua izan zen. 1000. urteaz geroztik, bidartarrak balearen ehizaz bizi ziren, 1500 inguru arte. 1607ko urtarrilean espainiar erresumako ontzidiko galeoi batzuk ondoratu ziren Bidarteko barran. XVII. mendeko bukaeran Bidarteko portuan 19 ontzi txiki eta ontziola bat zeuden. Baina XVIII. mende erdialdean portua desagertu zen, luhiziak, ekaitzak eta hondarketen ondorioz. Orduan marinel askok itsas zabaleko arrantzara jo zuten Donibane Lohizuneko portuan eta beste batzuk Marina Errealean sartu ziren, baita kortsarioak ere.

Herria

Gaur egun Bidarteko jarduera nagusia turismoa da, eta garai bateko espartingile trebeak ere oroitzapenen kutxan gordeta daude. Bidartek hainbat hotel ditu, kanpinak ere bai, eta bainuetxe bat, ur sendagarriak dituena.

Kantauri Itsasoa eskuzabala izan zen Bidartekin, hondartza zabal zabalak eman zizkion, eta itsasertz harroa, arimaren begientzako ikuskizun aldakorra.

Itsasoa ikusten gozatzeko, 1820an zaharberritu zuten Santa Magdalena ermita xumeraino paseo bat egitea iradokitzen dugu. Begiratoki aparta du itsaslabarra eta landazabala ikusteko, urrutian Matxitxako eta Pirinioak ere ikusten dira.

Herrigunea oso tipikoa da: enparantza, pilotalekua, eliza eta haren inguruko hilerria eta 1937an eraikitako Herriko Etxea, euskal arkitekturaren arabera egina. Udal armarriak adierazten du bidea hautatzean izan behar dugun irizpidea:

« Bidartean zuzena onena.  »

Santiago apostoluaren elizan egurrezko tailua gurtzen dute, Done Jakue Bidea burutuz Bidart zeharkatzen zuen erromes andanaren oroitzapenetan. Elizan jende gehiago sar daiteke lapurtarren asmakizun bati esker: elkarren gaineko galeriak gizonentzako. Egurrez estalitako gangatik zintzilik dago korbeta baten erreprodukzioa, bela zuriak eliztarren kantuekin puztuta. Oso orijinala da serbiar estiloko bataiontzia, Serbiako Natalia erreginaren oparia; izan ere, XX. mendearen hasieran Sachino jauregian bizitu zen erregina.

Hilarri artistiko batean hauxe jartzen du:

« Leku eder maitatu huntan

ama, maiz naiz pausatu zure oinetan.

 »

1938an Eusko Jaurlaritzak Espes baroiaren jauregia alokatu zuen, ospitale eta gerrako elbarrien errehabilitazio zentro izan zedin. Agian horregatik daude Eusko Gudarosteko gudari askoren hilobiak Bidarteko hilerrian.

Herriko plazan, pilotalekuaz gain, minigolfa ere badago. Ilbarritz auzoan, berriz, zaldi eskola dute, eta zaldiak alokatzen dituzte inguru erakargarri horietan ibiltzeko.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza eta herriaren ikuspegi panoramikoa.

Ekonomia

Beste garai batean ekonomiaren oinarria arrantza bazen ere, gaur egun, turismoa da herriaren diru-iturri nagusiena.

ESTIA eskola

Bestelako oinarri ekonomiko moderno bat antolatu xedez, 1995an Izarbel polo teknologikoa hasi zen eraikitzen, A-63 autobidearen bidesariaren alboan. Eremuak 15 hektarea inguru ditu, eta 15 eraikinez osatua dago, tartean enpresak, ingeniaritza-eskola, hiru laborategi, negozio eta enpresen inkubagailua, bai eta beste hainbat zerbitzu ere.

Estia eskola

Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskola (ESTIA) Izarbel teknogunean instalatu zen hasieratik, 1985ean Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak sortu zuen IDLS Eskolaren jarraipena/moldaketa izan zen. 1995ean, Bidarten, Eskola Nagusien Batzarrean sartu eta ingeniaritza titulua emateko eskubidea lortu zuen.[3] Lapurdin bertan goi mailako ikastegi bat sortzea Ipar Euskal Herritik Parisera lan bila joateko zegoen jario etengabea mozteko ekinbide bat izan zen. Hamar urtetan Antolaketa eta Informatika industrialean mila tituludun atera zituen. 2019an Polo teknologikoan 1100 langile baino gehiagok lan egiten zuten, horiei Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskolako (ESTIA) 900 ikasleak gehitu behar zaizkie, denetara Izarbelen 2.000 pertsona inguru daudelarik.[4] Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolekin, Cranfield, Wolverhampton eta Salfordeko Unibertsitateekin harreman estua du eskolak. Ikasleen jatorria askotarikoa da, ikasle euskaldunak %10 bat dira. Eskolan aztertzen dituzten ikerketa-gaien artean enpresen kudeaketa-ereduak eta energia azpimarratu daitezke.[5] Bertako IKAS iker-taldeanlan egin zuen Jean Michel Larrasket ingeniariak, kudeaketa askea eta ekonomia zirkularra lantzen.[6][7]

Demografia

Bidarteko populazioak goranzko joera nabarmena izan zuen XIX. eta XX. mendeetan. 1830eko hamarkadan izan zuen lehen goraldia, 700 biztanle inguru izatetik 1.200 izatera igaro zenean. 1920ko hamarkadan 2.000 biztanleen maila gainditu zuen. Hala ere, hazkunderik handiena mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran izan zuen: 6.000 biztanle izatera iritsi zen.

Bidarteko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE

Ondasun nabarmenak

Ilbarritz gaztelua

Sakontzeko, irakurri: «Ilbarritz jauregia»

Ilbarritz gaztelua 1895 eta 1897 urteen artean eraiki zuen Gustave Hugueninek (miarriztar arkitektoa) Albert de l'Espée baroiarentzat, pertsona batek inoiz izandako organorik handiena ostatatzeko. Organo hura (gaur egun Montmartreko Jesusen Bihotza elizan dago) 1903an jarri zen hor, eta haren ordez 1906an beste bat ezarri zen, pixka bat txikiagoa, baina baita landuagoa ere. Azken organo hori gaur egun Usurbilgo elizan dago.

Lau urtez han bizi izan eta gero, baroiak saldu egin zuen 1911n, eta Lehen Mundu Gerran ospitale bihurtu zen. Geroago, Espainiako gerra zibilaren ondorioz ihesean zetozen errefuxiatuak ostatatu zituen, 1940. urtetik aurrera alemaniar goarnizio baten basea izan zelarik. Han izandako lapurreta eta arpilaketek min handia egin zioten eraikinari, harik eta 1958. urtean berriztapen partziala egin zen arte. Berriz saldu zuten 1986an, eta itxita egon zen zenbait urtez, 1990. urtean inbentarioa egin zitzaion arte. Guztiz berritzeko proiektua ikerketa fasean dago.

Jasokundeko Andre Mariaren eliza

Jasokundeko Andre Mariaren eliza herriko parrokia nagusia da. 2001ean monumentu historiko izendatu zuten.

Santa Magdalena baseliza

Kantauri itsasora zabaltzen duen kokagune paregabean dago. Donejakue bideko erromesen atsedenlekua. Antzinatik marinelen gorpuak ehortzi izan ziren ermita honetan, eta han aurkituko ditugu Harismendy, Doussinague, Detchegaray eta Lissarrague familien izenak, besteak beste.

Herriko Etxea

Bidarteko herriko etxea Sauveur Atxoarena plazan dago.

Getariako talaia

Sakontzeko, irakurri: «Getariako talaia»

Arrantzaleei baleen presentziaz ohartarazteko erabiltzen zen XVIII. mendeko dorrea da.

Polo Teknologikoa

Argazki galeria

Azpiegiturak

Jaiak

Bidarteko bestak abuztuaren 15, 16 eta 17an ospatzen dituzte: arrantza lehiaketak, atxiki handia, musika kontzertuak, dantzak, suzko zezena.

Bidartar ospetsuak

Erreferentziak

  1. Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Géoportail - Institut géographique national (France). Géoportail. (Noiz kontsultatua: 2011/11/01).
  3. VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari. «Ramuntxo Kanblong. Euskaltzalea: Unibertsitateak asko lagun lezake Ipar Euskal Herriko garapena» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
  4. Arotzarena, Kriztof. (2018-10-09). «Bidarteko ESTIA ingeniadore eskola,2021erako, 1000 ikasle aterbetu behar lituzke» euskalirratiak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
  5. Dascon, Juhane. (2019-03-15). «'Mugaz gaindiko ikasleak eta enpresak harremanetan jartzeko balio du'» www.eitb.eus, Mezulari (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  6. (Frantsesez) MEDIABASK. (2018-03-19). «Jean-Michel Larrasquet s’est éteint» mediabask.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
  7. Arbelbide Lete, Nora. (2018-03-20). «Goi mailaren alde» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.