Biblioteca Nazionale Marciana

Biblioteca Nazionale Marciana(1537-1553) Veneziako San Marko plazan kokatuta dagoen liburutegi errenazentista da. San Marko basilikaren ondoan eta Duxaren jauregi parean eraiki zuten liburutegia eta Jacopo Sansovinok eskultore eta arkitektuak diseinatu zuen. Bertan, antzinaroko hainbat testu, eskuizkribu eta dokumentu gordetzen dituzte. Italiako liburutegi garrantzitsuenetako bat da.

Biblioteca Nazionale Marciana
Kokapena
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Veneto
Italiako hiri metropolitarraVeneziako Hiri Metropolitanoa
Italiako udalerriVenezia
Koordenatuak45°26′00″N 12°20′21″E
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1468ko maiatzaren 31 (egutegi gregorianoa)
Izenaren jatorriaMarko Ebanjelaria
Arkitektura
ArkitektoaJacopo Sansovino
Estiloapizkundetar arkitektura
Azalera5.582 m²
Ondarea
Objetu kopurua1.000.000 item (en) Itzuli, 13.122 item (en) Itzuli, 696.339 item (en) Itzuli eta 1.500.000 item (en) Itzuli
Bisitariak urtean17.708
Kontaktua
Helbideapiazzetta San Marco, 7 - 30124 Venezia, Piazzetta San Marco, 30124 Venezia eta Piazzetta San Marco 7, 30124 Venezia
E-postamailto:b-marc@cultura.gov.it eta mailto:biblioteca@marciana.venezia.sbn.it
Telefonoatel:+39-041-240-7211 eta tel:+39 0412407211
Webgune ofiziala

    Testuingurua

    Venezian XVI. mendeko bigarren laurdenean hartu zuen indarra eraikinen gauzatzeak, Erromako arpilaketaren ostean, 1527. urtetik aurrera. Gertaera honek Veneziako arkitektura indartu zuen eta hiria geroz eta indar handiagoa hartzen hasi zen. Horrez gain, Jacopo Tatti (1486-1570) hirira iritsi zen. Jacop Tatti eskultore florentziarra zen eta Andrea Sansovino eskultorearen ikaslea izan zen. Maisuarekin erakutsitako eskertzeko, honen abizena bereganatu zuen, eta Japoco Tatti izatetik, Jacopo Sansovino izatera pasa zen. Eskultoreak bere karrera Erroman eta Florentzian hasi zuen, zenbait eraikin ere egin zituen eta ospea hartu zuen bere lanketa onagatik. Hori dela eta 1523. urtean Veneziara joateko deitu zioten, bertan eskultore gisa has zedin lanean, baina zenbait arkitektura lan gauzatzeko ere eskatu zioten. Venezian ibili zen lanean 1529. urtetik bere bizitzaren amaierararte, eskultore eta arkitektura lanak gauzatzen.[1]

    1537an Veneziarrek, San Marko plaza osatzeko, liburutegia eraikitzeko eskatu zioten Sansovinori. Horregatik esaten da Veneziako San Marko enparantza Sansovinorena ere badela. Piazzetaren ekialdean, iada Duxaren jauregia zegoen,eta eraikin berri honek mendebaldeko tramua apaindu zuen, fatxadarekin. Liburutegi hau Bessarion kardenalaren liburu eta dokumentu klasikoak gordetzeko sortu zen. Bessarionek izan ere egundoko eskuizkribu eta dokumentu bilduma baitzuen, eta Veneziako udalari donazioa egingo ziola esan zuen, baina hauek gordetzeko moduko liburutegi duin batean gordetzearen baldintzapean.

    Analisia

    kanpoaldea

    Eraikina Jacopo Sansovinok eraiki zuen eta arkitektoa izatez gain, eskultorea ere bazen, horregatik bere eraikinek izaera oso eskultorikoa izan ohi dute. Izaera eskultorikoa fatxadan igartzen da, honek dituen sartu-irten guztiekin izaera plastikoa areagotzen baita. Espazio huts eta beteen arteko jokua egiten du, eta gainera horma dagoen gune guztietan erliebeak gehitzen dizkio Jacopo Sansovinok.

    Antzinako Erromako diseinua imitatuz eraiki zuen liburutegi honen fatxada. Vitrubioren tratatuan oinarritu zen, honek esaten baitzuen liburutegi batek ekialderantz orientatuta egon behar zuela, goizeko argia ondo aprobetxatzeko. Fatxada hau bi solairutan antolatuta dago. Puntu erdiko arkuteriz osatuta daude bi mailak eta orden toskaniarra darabil beheko solairuan eta goikoan berriz orden joniarra, orden gainjarketa klasikoa erabiliz. Bi pisuak gangatuta daude. Beheko solairuan koloma bana atxikitzen zaio pilare bakoitzari. Arkuen gainean friso dorikoa dago, hau doriar ordenean erabiltzen den friso mota da, triglifo eta metopaz apaindua dagoena. Triglifoa, antzinateko Greziako egurrezko tenpluek eduki ohi zituzuten pieza batzuk ziren, teilatua eusteko. Doriar ordenean forma hau harrira pasatuko zuten, tenplu horiei erreferentzia eginez. Metopak triglifoen tarteko xaflak dira eta hauek erliebe eskultura izan ohi dute.

    Goiko solairuan “serlianoa” deituriko arkua erabili zuen Sansovinok. Arku serlianoak hiru atal ditu, arku zentrala eta bao arkitrabatuak alboetan. Baoek kolomak dituzte, kasu honetan, bi koloma bao bakoitzean. Sebastiano Serlioren izenagatik hartzen du serliano izena. Serlioren Tutte l'opere d'architettura et prospetiva tratatuan agertzen zen, Vitrubioren printzipio arkitektonikoak bildu eta zabaltzeko sortu zuena. Antzinako Erromako eraikinetan aurkitzen zen arku serlianoa. Apaingarria izateaz gain funtzionala zen goiko pisuko kanoi ganga eusteko. Arku eta dintelaren arteko hutsuneak,(Enjuntak ere deituak) goi erliebean landutako eskulturez beteta daude . Hauek figura etzanak irudikatzen dituzte antzinako Erromako garaipen arkuek bezala, arkuaren giltzarriak ere irudi zoomorfo edo antropomorfoekin landuak daude, giltzarriei garrantzia emateko eta hauek apaintzeko. Giltzarriak arkua burutzen duen erdiko dobela da. Bigarren pisuaren gainean friso joniarra dago, hau da, friso jarraia . Frisoak aingeru eta girlandak ditu solairuarteko leihoen inguruan antolatuta, hauek bertikaltasuna ematen diote eraikinari. Erromako Farnesina jauregiko frisoan inspiratuta dago. Teilatua balaustrada batekin dago koroatua eta justu kolomekin lerrokatuta dauden oinarrien gainean eskultura bana dago jarria. Iskinetan obelisko bana dago. Honek plastikotasun handia ematen dio arkitekturari, horrez gain erritmo bat markatzen du eta izaera eskultorikoa gehitzen dio arkitekturari.

    Balaustradako eskultura eta obelisko bat

    Garai honetan, arkitekturan, Vitrubio erreferntea zen. Errenazimenduan Vitrubioren idatziak ziren Erromako arkitekturaren inguruan ezagutzen ziren idazlan bakarrak. Erromatarrek utzitako arrastoak ziren beste erreferentea. Sansovinok dena den ez zuen antzinako erromatar arkitektura bere horretan kopiatu. Elementu hauetatik habiatuta estetika klasikoko eraikin berri bat sortu zuen, errenazentista.

    Erroman ikusitakoa liburutegian aplikatu zuen Sansovinok. Pilareei koloma bana atxikitzea garai klasikoetan egiten zen, baino Sansovinok eraikin garaikideetatik ikasiko zuen, besteak beste, Sangalloren Farnese jauregiko patiotik. Bi koloma basamentu baten gainean jartzea ere motibo erromatarra da, kasu honetan bigarren pisuko arku “serlianoak” osatzen dituztenak. Orokorrean, eraikinaren programa eskultorikoa erromatarra da ere. Autoreak Erromako jatorria zuen eta bertako eraikin eta eskulturen eragina jaso zuen, gainera eskultorea izanik, horiek izango zituen eredu gisa harria lantzen ikasterakoan. Motibo hauek Erromako arkitekturan ohikoak den monumentaltasuna ematen diote eraikinari. Hala ere, Sansovinoren eraikinak Erromakoak baino dekorazio eskultoriko oparoagoa du. Erromako arkitektoak ez bezala, Sansovinok fatxada elementu tridimentsionalen sekuentzia bat bezala kontzebitzen zuen, hots, plastikotasuna bilatzen zuen. Horregatik, plastikotasuna sortzen duten motibo erromatar zehatz batzuk aukeratu zituen eraikin honetarako.

    Sala di lettura

    Barnealdea

    Eraikinaren barnealdeari dagokionez, gela nagusia kanpanilerantz zuzenduta dagoen iskinean dago. Campanilea kanpai dorrea da italieraz. Bertan, Leihoak margotutako nitxoekin tartekatzen dira. Kanpoko arku serlianoaren inposta lerroa errespetatzen da. Inposta lerroa, arkua abiatzen den gainazala da, hortik sortzen da kurbatura. Sabaiko gangan, friso dekoratiboak gurutzatzen dira karratuak sortuz. Karratu bakoitzak marraztutako fondo bat dauka. Gela nagusiaren aurrean atari bat dago. Bertan, pinturarekin batera elementu arkitektonikoak daude: pilarek daude eta lehioak edikuluetan sartuta. Edikuluak tenplu klasiko itxuradun eraikin txikiak dira, normalean hormari atxikituak egoten direnak eta frontoia izaten dute askotan. Gela honek kanpoko fatxadaren eta areto nagusiaren arteko trantsizioa egiten du. Eraikinaren barnekaldea Tiziano, Tintoretto eta Veronese-ren margolanekin apaindua dago, baita Alessandro Vittoriaren eskulturekin ere.[2]

    Erreferentziak

    1. J. MILICUA.:Historia universal del arte. Renacimiento (II) y Manierismo. Bartzelona. Planeta argitaletxea. 1988. (60-62)
    2. C. GISPERT Historia del arte. Renacimineto y manierismo I. Bartzelona. Océano-Instituto Gallach argitaletxea.1997.1189or.

    Bibliografia

    • CENDOYA, I.: Errenazimentua Europan. Bilbo, Udako Euskal Unibertsitatea, 2004, 67-68 or.
    • GISPERT, C.: Historia del arte. Renacimineto y manierismo I. Bartzelona, Océano-Instituto Gallach argitaletxea,1997, 1189or.
    • JULIÁN, I., JUNQUERA, J.J. eta MORALES y MARÍN, J.L.: Historia universal del arte. El Renacimiento. Madril, Epasa calpe argitaletxea, 1996, 433- 434or.#
    • MILICUA, J.: Historia universal del arte. Renacimiento (II) y Manierismo. Bartzelona, Planeta argitaletxea, 1988, 60-62 or.
    • WOLGANG, L.: La Arquitectura Del Renacimiento En Italia. Madril, Estudios. Biblioteca Básica de Arquitectura, 1985.
    • WOLGANG, L.: Architecture in Italy, 1500-1600. Yale, Yale Unibersity Press, 1995.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.