Urki iletsu

Urki iletsua (Betula pubescens) 20 metro inguruko zuhaitza du, Betula generokoa. Europa osoan da nahiko ugaria eta Euskal Herrian, eragin handia izan du toponimian eta urkiekin zerikusia duten abizen ugari daude (Urkiaga, Urkidi, Urkizu, Urkiola...). Urki dilindaria ez bezala, hau beti hazten da ura dagoen ingurunetatik gertu. Duela gutxi arte, urki honen izen zientifikoa Betula alba zen.

Urki iletsu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFagales
FamiliaBetulaceae
GeneroaBetula
Espeziea Betula pubescens
Ehrh.
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakbirch leaf (en) Itzuli eta downy birch (en) Itzuli

Ezaugarriak

10-30 metroko altuera du zuhaitz honek eta itxura konikoa edo piramidala. Adakera 70 cm-ko diametrokoa da. Enborrak azal gris-arrea du, teselarik gabea. Nahiko motza izaten da eta adar gutxikoa. Adarrak enborrarekiko horizontalki hazten dira eta ez dira dilindariak. Urteko adaxkak eta ernamuinak iletsuak dira eta guruin erretxinatsuak izan ditzakete ala ez. Neguko kimuak lehorrak dira, ez dira likatsuak.

Hostoak

Hostoak
Urki zuria

Urkiaren hostoak 4-6 x 3-5 cm-koak dira, erronboidalak edo obalak, oinarri moztuarekin eta ertz zorrotzarekin. Batzuetan apikulatuak, ertza irregularki horzduna edo zerraduna. 5-7 pare nerbio dituzte eta azpialdean nerbioen galtzarbean ileak ditu (hortik dator, hain zuzen ere, 'pubescens' izen espezifikoa), kolore zuri itxura emanez.

Loreak

Urkiaren loreak monoikoak dira eta zuhaitza, hostoak ateratzen aurretik loratzen da. Urkien infloreszentzia amentu motakoa da. Amentu motako infloreszentziak anemofiliara edo airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude eta horregatik agertzen dira adarretatik zintzilik udaberri hasieran, hostoak garatzen hasi aurretik.

Urkiek hiru loretako multzoak garatzen dituzte amentuetako ertzetan. Amentu arrak terminalak dira, 3-6 cm-koak eta arre-hori kolorekoak. Hauen brakteak helduaroan erabat obalatuak dira, biribilduak, kolore marroikoak (hori edo laranjak ere izan daitezke). Perianto sinple eta murritza dute, braktea baten galtzarbean kokatutako hiru lorez eraturikoa, bi brakteolak babesturik daudenak. Lore bakoitza bi lobuluz eraturik egon ohi da eta sesilak, mintzakarak, eta kalizdunak dira. Kaliz bakoitzak bi harizpi bifido ditu.

Amentu pistilatuak zilindriko-obalatuak dira, ziliatuak, berdeak eta 1,5-3,5 cm-koak. Lore hauek, aldiz, biluziak dira eta hirunaka agertzen dira brakteen galtzarbean. Obarioa konprimitua da, bi gelaxkaz osaturik dago eta bi estilo mehez osaturiko koroa du. Obulu bakarra dute.

Fruituak

Fruituak samaren antzeko akenioak dira, amentu emetik eratortzen dira eta amentuaren itxura dilindaria mantentzen dute udazken bukaera arte, berdetik marroi bihurtu eta askatzen hasten direnean. Hauek ere haizearen bidez barreiatzen dira (anemokoria).

Amentu emeek askatzen dituzten fruitu hauek, loreek zituzten brakteak mantentzen dituzte eta fruituak honela, bi albo-hegaltxo moduko mantentzen ditu. Hegaltxo edo braktea hauek 4-5 x 3,5-4,5 mm-koak dira, ziliatuak eta hiru lobulu dituzte: bi alboko eta erdiko bat. Fruituak akenio isolatuak dira, dortsalki konprimituak, oboideak, glabroak, oso txikiak tamainaz eta lehorrak. Hegotxoen artean hazi bakarra gordetzen dute. Heltzen direnean, multzo osoa (brakteak eta fruituak) haizearen bidez zabaltzen dira.

Banaketa

Betula pubescens iparraldeko espeziea da eta populazio subartikoak tamainaz askoz txikiagoak dira elurraren pisua jasan ahal izateko. Ia Europa osoan eta Asiako erdialde eta iparraldean zehar banatzen da. Iberiar Penintsulan Kantauriar mendikatean eta Erdialdeko Sisteman da bereziki arrunta baina ia edonon aurki daiteke.

Ekologia

Zonalde hezeetan hazten da, zohikaztegietan, basoetan eta orokorrean, ura dagoen edozein lekutik hurbil. Eguzki zein itzal baldintzak ondo jasaten ditu baina tenperatura epeletan soilik hazten da. Bereziki menditarra da eta nitrogenoan txiroak diren lurzoruetan hazten da, azidoak (pH 3,5-5,5). Itsas mailatik 1800 metroko altitudera aurki daiteke.

Fenologia

Apirila-maiatza bitartean loratzen da eta fruituak uda hasieran heltzen dira.

Erabilera

Barne azala gosete garaitan egosi eta lehortu egiten zen, eta zereal modura erabili ogia egiteko. Landare sapatik urki-garagardoa egin daiteke. Bere hostoekin tea egin daiteke. Medikuntzan ere erabilia izan da, propietate diuretiko eta laxatiboak izanagatik. Azkenik, enborra oso gogorra, iraunkorra, erretxinatsua eta iragazgaitza da eta kanoak, teila estaldurak eta abar egiteko erabili da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Epirrita autumnata tximeleta zuhaitz honen enborrean mimetizatzen da. Gainera, Formica lugubris inurria, Betula pendula-ren landare zorriez elikatzen da, nolabait ere zuhaitzari mesede eginez.

Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.