Bertrand Tavernier
Bertrand Tavernier (Lyon, 1941eko apirilaren 25a - Sainte-Maxime, 2021eko martxoaren 25a) frantziar zinemagile, gidoilari, ekoizle eta kritikaria izan zen. Frantziako zinemaren ikur nagusietako bat eta Europako zuzendari entzutetsuenetako bat izan zen.[1]
Bertrand Tavernier | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Bertrand René Maurice Tavernier |
Jaiotza | 6th arrondissement of Lyon (en) eta Lyon, 1941eko apirilaren 25a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Lyon |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Sainte-Maxime, 2021eko martxoaren 25a (79 urte) |
Hobiratze lekua | Q110358187 |
Heriotza modua | berezko heriotza: pankreatitisa |
Familia | |
Aita | René Tavernier |
Ezkontidea(k) | Colo Tavernier (1965 - 1980) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Henrike IV.a lizeoa |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | film-zuzendaria, gidoilaria, zinema ekoizlea, idazlea, aktorea, zinema aktorea, telebista-aktorea eta errealizadorea |
Altuera | 1,8 metro |
Enplegatzailea(k) | Cahiers du cinéma |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Satyajit Ray |
|
Bizitza
Lyonen sortu zen Bertrand Tavernier, 1941eko apirilaren 25ean. 13 urterekin jada argi zuen zinemagilea izan nahi zuela. Hala, eta Parisen zuzenbidea ikasten hasi bazen ere, gaztetan gero eta denbora gehiago eskaintzen hasi zitzaion bere bokazioari. Maiz bisitatzen zuen Frantziako Zinemateka, eta, zenbait lagunekin, zinema aldizkari bat sortu zuen, baita Nickel Odeon zinekluba ere, bazter utzita zeudela sumatzen zuten genero batzuk sustatzeko. Filmen kritikak ere idazten zituen garai hartan. Zinemagintzan gero eta sakonago murgilduz joan zen apurka, eta, besteak beste, Jean-Pierre Melville zuzendariaren laguntzaile gisa egin zituen lehen urratsak.[1]
Gidoiak idazten aritu zen hasieran, eta 1974an egin zuen lehen filma, L´horloger de Saint Paul, Georges Simenonen eleberri batean oinarritua, Philippe Noiret eta Jean Rochefort protagonistak zirelarik; lehen film hark Louis Delluc saria eta Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia ekarri zizkion. Lan hartatik aurrera, ibilbide oparoa garatuo zuen, eta edozein gai landuta ere, beti eutsi zion zinemarekiko bere ikuspegi propioari.[1]
Gertakari historikoetan jarri zuen begirada hainbat lanetan, esaterako, bere opera prima-ren osteko lehen lanean: Que la fête commence (1975), Philippe Noiret eta Jean Rochefort aktoreekin ondu zuena, berriro ere. Film hartan XVIII. menderaino atzera egin bazuen, beste hainbat lanetan historia hurbilagoari erreparatu zion, eta gerrari behin baino gehiagotan. Lehen Mundu Gerrari begiratu zion, adibidez, 1996ko Capitaine Conan lanean —aurrez La Vie et rien d’autre-n egin bezala—; Bigarren Mundu Gerrari eta zinemagintzari Laissez-passer filmean (2002); eta Aljeriako gerrari, berriz, La guerre sans nom (1991) dokumentalean. Edonola den, askotariko gaiak eta generoak landu zituen 30 lanetik gorako filmografian —film beliko eta historikoez gain, thrillerrak, komedia dramatikoak, edo musika ardatz duten lanak sinatu zituen—, eta sarri erretratatu zituen garaiko gizartearen ajeak. Beti ere, pertsonaiak jarriz istorioaren bihotzean.[1]
Begirada horri esker, maiz lortu zuen kritikaren eta zinemazaleen harrera ona, eta zinemaren munduak ere behin baino gehiagotan egin zion aitortza. Berlinaleko lehen garaikurraren ostean, Cannesko Zinemaldiak zuzendari onenaren saria eman zion 1984an, Un dimanche à la campagne lanagatik; BAFTA sari bat lortu zuen La vie et rien d’autre-rekin; 1995eko Berlinaleko Urrezko Hartza L’Appât filmari esker; eta 1999ko Donostiako Zinemaldiaren Publikoaren Saria Ça commence aujourd'hui lanarekin; izan ere, hiru aldiz lehiatu zen Donostian, eta 1999an atzera begirakoa eskaini zion jaialdiak. Bost Cesar sari jaso zituen, eta Veneziako Mostrak ibilbide osoa saritu zion 2015ean.[1]
Filmografia
- 1964 : Les Baisers - Baiser de Judas atala
- 1964 : La Chance et l'Amour - Une chance explosive atala
- 1974 : L'horloger de Saint-Paul
- 1975 : Que la fête commence
- 1976 : Le Juge et l'Assassin
- 1977 : Des enfants gâtés
- 1980 : La Mort en direct
- 1980 : Une semaine de vacances
- 1981 : Coup de torchon
- 1983 : Ciné Citron
- 1983 : La 800ème génération - Film laburra
- 1983 : Mississippi Blues - Film laburra
- 1984 : Un dimanche à la campagne
- 1986 : Round Midnight
- 1987 : La Passion Béatrice
- 1989 : La Vie et rien d'autre
- 1990 : Daddy nostalgie
- 1991 : Contre l'oubli - Pour Aung San Suu Kyi, Myanmar atala
- 1992 : La Guerre sans nom
- 1992 : L.627
- 1994 : La Fille de d'Artagnan
- 1995 : L'Appât
- 1996 : Capitaine Conan
- 1999 : Ça commence aujourd'hui
- 2001 : Histoires de vies brisées : Les « double peine » de Lyon
- 2002 : Laissez-passer
- 2004 : Holy Lola
- 2009 : Dans la brume électrique (In the Electric Mist)
- 2010 : La Princesse de Montpensier
- 2013 : Quai d'Orsay
- 2016 : Voyage à travers le cinéma français - Dokumentala
Kritikari lanak
Sortzera ez ezik, ikertzera ere eraman zuen Tavernier zinemarekiko maitasunak. 1991n, Jean-Pierre Coursodonekin batera, 50 ans de cinéma américain lan erreferentziala eman zuen, Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren bost hamarkadatako historia ikuspegi kritiko batetik aztertzen duena. Halaber, Voyage à travers le cinéma français dokumentala osatu zuen 2016an, non bere gustuko filmak, zuzendariak, aktoreak eta musikariak agertu, eta 1930-1970 urteen arteko Frantziako zinemaren historia modu pertsonalean islatu zuen.[1]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- «Pertsonaien eta zinemaren aldeko, beti» Berria 2021-03-26 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.