Berta Wilhelmi
Berta Wilhelmi (Heilbronn, Alemania, 1858 – Granada, Espainia, 1934ko uztailaren 29a) Espainiako enpresaburu, hezitzaile, filantropo eta feminista izan zen.
Berta Wilhelmi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Heilbronn, 1858 |
Heriotza | Granada, 1934ko uztailaren 29a (75/76 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | filantropoa, hezitzailea eta enpresaburua |
1890ean Granadako Adiskideen Elkarte Ekonomikoak saritu egin zuen Granada probintziako Lehen Eskola Koloniei buruzko memoriagatik .
1892ko Kongresu Pedagogikoan parte hartu zuen, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde borrokatuz.
Gaixoei laguntzen aritu zen, eta zentro erosoak sortu zituen, gaixoak hartu eta sendatzeko. 1919an, Alfaguarako (Granada) Antituberkuloso Patronatua jarri zuen martxan.
Biografia
Heilbronnen (Alemania) jaio zen 1858an. 12 urte besterik ez zituela, Granadara (Espainia) joan behar izan zuen, familiarekin batera. Haren gurasoak Fernando Wilhelmi eta Carolina Henrich ziren. Heilbronnen paper-fabrikaren jabeak izan ziren, sute baten ondorioz suntsitu zuten arte. Hori izan zen, hain zuzen ere, familia Granadara joateko arrazoia.[1]
Granadara iristean, Granadako Bonba pasealekuan antzeko paper-fabrika eraikitzea erabaki zuten. Fabrika bertan egon zen denbora gutxirako, 'El Blanqueo' eremua, gero Pinos Genil deitu zena, askoz hobea zela ikusi baitzuten. 'El Blanqueo' oso egokia zen, ibarreko eremu horretan zurzuri sailak baitzeuden, oso erabilgarriak paper-orea egiteko. Handik aurrera, familia Pinos de Genil herrian hasi zuten bizimodu berria.
1892-1893 urteetan, Berta Wilhelmiren aita, Fernando, Alemaniaren kontsul izendatu zuten Granadan.[2]
Bizitza pertsonala
1876an Fernando de Dávila Zearekin ezkondu zen, bera baino 20 urte zaharragoa, Granadako Ponce de León familiakoa.[3] Hiru urte geroago erditu zituen lehen bi seme-alabak: Luis eta Berta. Ez dakigu zehazki noiz amaitu zen lehen ezkontza, baina 1912an berriro ezkondu zen Eduardo Domínguezekin, familiak Pinos Genilen zuen komuneko paperaren fabrikako arduradunarekin.
Berta Wilhelmi Irakaskuntza Erakunde Librearekin harremanetan hasi zen hainbat gertaeraren ostean. Esate baterako, dohaintzak egin zizkion Irakaskuntza Erakunde Libreari, erakunde horretako Lehenengo Eskola Koloniaren antolaketan parte hartu zuen, eta haiek 1892an antolatutako Biltzar Pedagogikoan parte hartu zuen. Obra horiek guztiak autorearen karrera osatzen zuten bitartean, harreman estua izan zuen Fernando de los Ríosekin 1911tik aurrera eta Hermenegildo Giner de los Ríosekin.
Berta Wilhelmi, bere beste lagun batzuekin batera (Hermenegildo Giner, Joaquín Maurell edo José Aguilera), Alderdi Erradikalekoa zen. Bertaren ideologia erradikala aldatu egin zen Fernando de los Ríosekin zuen harremana estuagoa izan ahala; izan ere, 1919an Fernando PSOEn afiliatu zen , erdiko ezkerreko alderdian, eta ondorioz, Berta ere jarrera politiko horretara hurbildu zen.
1890ean, 1889an Granadako Lehenengo Eskola Koloniari buruz egin zuen Memoriagatik saria eman zion Granadako Adiskideen Elkarte Ekonomikoak.[4] Proiektu horretan parte hartu zuten pertsonak, jarritako helburuak lortu ziren eta nola gauzatu ziren ikus daiteke. Memoria hori B.I.L.E.-k argitaratu zuen 1891n.[5]
1896ko martxoaren 6an, Berta Wilhelmiren aita hil zen.[6] Aita paperezko fabrikan zuen bazkide Luis Lemmék,[6] 5 urte lehenago hil zenak, Berta utzi zuen oinordeko; beraz, hortik aurrera bera arduratu zen fabrikaz.[7]
1912an, lehen eskola mistoa sortu zuen Pinos Genilen, eta liburutegi herrikoia ere bai, 600 liburutik gora eman baitzizkion Udalari.[8]
Azken senarrarengandik (Eduardo Domínguez) banatu ondoren, azken urteak Berta alabarekin eta Emma Wilhelmi ilobarekin eman zituen.
1931n, garuneko infartu bat izan zuen, eta ezin izan zuen lanean jarraitu. 1934ko uztailaren 29an hil zen.
Berta Wilhelmi lana
Granadara iritsi zenetik, bere bizitzako ibilbidea behartsuenei laguntzen eman zuen: haurrak, helduak eta adinekoak.
Eskolak eraiki zituen, bai neguan bai udan, haur talde txikiekin. 'Osasun-zentro' txikiak ere sortu zituen, bere jabetzako etxeak edo apartamentuak erabiliz, tuberkulosia zuten gaixoentzako beharrezko material guztiez hornitzeko.[1]
Bertaren helburua hezkuntza birsortzea zen, garai hartako burgesia aurrerakoienaren ezaugarri zen ildo filantropikoarekin jarraitu ahal izateko. Autorearen filantropia-izaera hori Pestalozzi, Froebel, Basedow…-en lanetan zuen interesaren ondorio zen; izan ere, autore horien iritziz , filantropia ezagutza sentikorra ingurune naturalarekin lotzea zen.
Berta Almuñecarren (Granada) dagoen Lehen Eskola Kolonia antolatzeaz arduratu zen, zuzendari lanetan Cayetano del Castillo eta Conde de las Infantas jaun txit gorenaren laguntzarekin; Vicente Fernández Capada, Diputazioko lehendakari; Rafael Ruiz Victoria, Granadako Udaleko alkate; Berta Wilprámi de Dávila eta Antonio González Prats Lehen Memoria honen egile.[4]
Berta Wilhelmik Lehen Kolonia honen Memorian idatzi zuenez, Almuñécar (Granada) lokalizazio gisa zergatik aukeratu zuen azalduz:
“Koloniako egoitzarako proposatu zen Almuñécar puntua onartu egin zuen Batzordeak, probintziako beste edozein itsasertzek baino baldintza hobeak zituelako. Haurra, hein handi batean, bere bizitza garatzen duen ingurunearen lana denez, ezerk ezin du eragin hobea eta indartsuagoa izan, haren baldintza guztietan aldaketa erradikal bezain onuragarria baino”.[4]
Eskola-kolonia horien helburua haur pobreenen osasuna eta higiene-baldintzak hobetzea zen. Kolonia horien jarduera, helburu eta emaitza guztiak memoria batzuetan jaso ziren, eta haiekin lortu zuen saria 1890ean. Horietan honako hauek nabarmentzen ziren: zelaiko edo hondartzatik hurbil zegoen aire puruaren garrantzia, bizikidetza, eskola komun batean modu desberdinean ikastea, haur gutxiagok arreta espezializatuagoa eskaintzea, etab.[1]
Lehen kolonia hori laguntza handia izan zen behartsuenentzat, eta, horregatik, Habsburgoko Maria Cristina erregeordeak proiektu horretan ahalik eta laguntza gehien ematea erabaki zuen.[7]
1892an, Berta Wilhelmik Granadako hirugarren Oporretako Elkartea zuzendu zuen, eta 19 haur joan ziren bertara.[9]
Eskola mistoa eta Pinos Genilen sortutako liburutegia 1913an inauguratu ziren.[10] Liburutegia mantentzen da, nahiz eta helduentzako liburutegia, haurrentzako liburutegiari atxikia egon, guztiz koadernatuta zeuden 600 liburuki zituen liburutegi hura, galdu egin da. Gaur egun, ez dago liburu haietatik ezer.
Tuberkulosiak jotako pertsonei ere lagundu zien, 1919an El Purcheren etxean, Las Acaciasen, egindako proiektu txiki baten bidez. Tuberkulosiak jotako zortzi gaixo jaso zituen bere etxean, José Blasco Reta medikuaren laguntzarekin, eta Alfalgurako Patronatua sortu zuen. Tuberkulosiaren aurkako Patronatu honek 1923an Granada probintzian Alfalgurako erietxea eta anbulatorioa inauguratu zituen. Alfalguran ere ospitale bat sortu zuen, eta gaur egun hondatuta dago.
1924an, Patronatuak prebentzio gune bat antolatzeko asmoa izan zuen, haurrak hartzeko. Proiektu honek arrakasta handia izan zuen eta Medikuntzako II. Biltzar Nazionalean aurkeztutako Memorian aurkeztu zen.[11]
1926an, Bertaren semea, Luis Dávila, hegazkin-istripu batean hil zen. Abiazioko pilotua zen eta haren omenez pabiloi bat inauguratu zen, Erietxeko parkean, bere izenarekin. Pabiloi horretan 10 haur artatzeko lekua zuen.
Kultura- eta hezkuntza-eraikin bat ere bazuen: Berta Wilhelmi auzoko kultura-lizeoa, Alhambratik kilometro batera. Lizeo horretan, besteak beste, antzerkia, yoga, tangoa, narrazio eta adierazpen ikastaroak antolatu dira.
1984an, Berta hil eta 50 urte geroago, Saloiko pasealekuan (Granada) zegoen familia-etxea bota zuten. Etxe barruan zutabeko iturri bat zegoen, familiak Granada hiriari emandakoa. Berta Wilhelmi iturria Gran Via Kale Nagusiaren amaieran dago eta Hospicio Etorbidearen hasieran.[12]
Egilearen konexio feminista
Feminismoak, Espainian, 1800. urtearen amaieratik 1900. urtearen hasiera arte, sendotze-aldi bat izan zuen, harik eta 1918an ANME (Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala) sortu zen arte, berdintasunaren aldeko borrokan eragina izan zuena.
Concepción Arenal, Emilia Pardo Bazán edo Rafael Torres Campos eta Berta Wilhelmi gogortzen ari zen espainiar feminismo minoritario horren parte ziren. Emakumeen eskubideak onartzea eta emakumeei gizonei ematen zitzaien hezkuntza bera ematea zuten helburu.[7]
Berta Wilhelmik, Emilia Pardo Bazánen urratsei jarraituz, hitzaldia eman zuen 1892ko Biltzar Pedagogikoan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna defendatuz:
“Bi sexuen arteko berdintasuna, bizitzeko beharrezkoak diren baliabideak bilatzeko eskubideari dagokionez… nork bere burua gobernatzeko eta gizarte-gaietan parte hartzeko eskubidea”[13]
Jarrera feminista argia eta irmoa zuen: emakumeak gizonak bezala tratatzea eskatzen zuen:
“Emakumeak berezko eskubidez lanbide guztiak betetzea eskatzen badu, zientziaren lorpenetan parte hartzeko, gizarte-arazoak konpontzen laguntzeko, bidezkoa dena eskatzen duela uste dugu: gizateria erdia birgaitzeko eskatzen du”.[14]
Haren ustez, XX. mendean emakumeek gizonekiko zuten gutxiagotasun-egoeraren azalpena kristautasuna zen, baina zera uste zuen, parametro sozial horiek alda zitezkeela gizakia eboluzio-prozesu baten mende egoteagatik.[15]
1892an, Espainiako eta Portugalgo Biltzar Pedagogikoan, Bertak bere Memoria eta emakumeak lanbide guztietarako duen gaitasunari buruzko datu estatistikoak azaldu zituen.
Kongresu horretatik aurrera, Berta Wilhelmiren helburu bakarra emakumearen irudia bistaratzea zen, bi sexuak gizartearen aurrean parekatzearen garrantzia eta datu estatistikoen bidez defendatzea emakumea gai dela gizakiaren jarduera berak egiteko. Egun hartan hitz egin bazuen ere, baztertu egin zuten autorearen proposamena, hau da, emakumeari hezkuntza-eremu guztietan gizakia bezala garatzeko behar diren bitartekoak eskaintzea.[15]
Erreferentziak
- Ballarín Domingo, Pilar. (1990). Feminismo, educación y filantropía en la Granada de entre siglos: Berta Wilhelmi. Universidad de Granada ISBN 978-84-338-1209-4. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- Del Castillo Tejada (Cayetano). Imprenta Española, 1893, ed. La Tercera Colonia Escolar granadina. Memoria presentada por su director D…., a la Sociedad de Colonias Escolares de Vacaciones. p. 15.. .
- Linares, Juana G.. (sábado, octubre 18, 2008). «La Naranja del Azahar: Berta Wilhelmi (1858-1934)» La Naranja del Azahar (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- Wilhelmi de Dávila, Berta (1891). La Primera Colonia Escolar Granadina: memoria presentada por su directora Bertha Wilhelmi de Dávila á la Real Sociedad Económica de Amigo del País:. p. 5-6.. .
- «Boletín de la Institución de Libre Enseñanza - Bilatu» www.bing.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- (Gaztelaniaz) Deporte, Ministerio de Cultura y. (2003). «Biblioteca Virtual de Prensa Histórica» prensahistorica.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- Ballarín Domingo, Pilar. (1990). Feminismo, educación y filantropía en la Granada de entre siglos: Berta Wilhelmi. Universidad de Granada ISBN 978-84-338-1209-4. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- «El Defensor de Granada: diario político independiente» El Defensor de Granada: diario político independiente 1880-1984] (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- Tejada, Castillo; Del, Cayetano. (1893). La tercera colonia escolar granadina : memoria / presentada por su director D. Cayetano del Castillo Tejada á la Sociedad de Colonias Escolares de Vacaciones, noviembre de 1892. .
- Inauguración de una escuela. 26 de marzo de 1913.
- Linares Díaz, D (1933). «II Asamblea Antituberculosa médico-social. Celebrada en Madrid, 15-18 de junio de 1931». En Actas. Plus Ultra. Madrid, ed. Preventorios y escuelas al aire libre. p. 141.. .
- Soto, Javier. «Fuente Pilar de Berta Wilhelmi en Granada - 24623 - Biodiversidad Virtual / Etnografía» Biodiversidad Virtual Etnografía.
- (Gaztelaniaz) «Ana Mª Solo de Zaldívar - Profesora Amparo Quiles Faz - ANA MARÍA SOLO DE ZALDÍVAR Ana María Solo de» StuDocu (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- Flecha, Consuelo (1996). La aptitud de las mujeres para todas las profesiones” .Boletín de la Institución Libre de Enseñanza, nº 388, 1893 en Las primeras universitarias en España. (1996). p. 101.. .
- Ballarín Domingo, Pilar. (1990). Feminismo, educación y filantropía en la Granada de entre siglos: Berta Wilhelmi. Universidad de Granada ISBN 978-84-338-1209-4. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).