Berriozar
Berriozar[3] ([beri.os̻aɾ], lagunartean Berrio izenez ezaguna) Nafarroa Garaiko erdialdeko udalerri bat da, Iruñeko merindadeko Iruñerria eskualdekoa. 9.625 biztanle ditu, eta itsas mailatik 428 metro gorago dago.
Berriozar | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||||||||||
Berriozar urrutitik ikusia. | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||||||||||
Merindadea | Iruñea | ||||||||||
Eskualdea | Iruñerria | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Nafarroa | ||||||||||
Izen ofiziala | Berriozar | ||||||||||
Alkatea | Raul Maiza (EH Bildu) | ||||||||||
Posta kodea | 31013 | ||||||||||
INE kodea | 31903 | ||||||||||
Herritarra | berriozartar | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°50′10″N 1°40′17″W | ||||||||||
Azalera | 2,71 km² | ||||||||||
Garaiera | 428 metro | ||||||||||
Distantzia | 4 km (Iruñetik) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 10.919 (2023: 154) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 4.044,07 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 15,14 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 45,17 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 83,35 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 4,61 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 16,65 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1][2] | % 13,10 (2018: %4) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.berriozar.es/eu/ |
Iruñerriko Mankomunitatea arduratzen da zaborra biltzeaz, ur horniduraz eta bestelako zerbitzuez, Iruñeko metropolitar guneko beste hainbat herritan bezala.
Geografia
Berriozar Iruñerriko eskualdearen ipar-mendebaldean dago, Iruñearen ipar-mendebaldean. Mugakide ditu Berriobeiti eta Ezkabarte iparraldean, Antsoain ekialdean, eta Iruñea hegoaldean.
Hiru auzo ditu: Alde Zaharra, Auzo Berria eta Zortziko.
Ingurune naturala eta klima
Iruñerriko eskualde osoak bezala, Berriozarrek ere klima mediterraneoaren eta atlantikoaren arteko trantsizioko klima dauka. Udak bero eta lehorrak izaten dira, eta neguak hotzak eta euritsuak. Urteko batez besteko tenperatura 12,1 °C da, eta batez besteko prezipitazioa 907 mm. Hilabeterik beroena uztaila da, (20,6 °C), eta hotzena urtarrila, (4,8 °C). Euriari dagokionez, hilabeterik euritsuena abendua da (106,2 mm) eta idorrena uztaila (41,8 mm). Urteko hezetasunaren batezbestekoa % 70 da.
XX. mendean hasitako hiritartze handiaren ondorioz, jatorrizko landarediaren gehiena erabat galdu da. Herriaren inguruetako basoetan arteak ikus zitezkeen, eta gaur egun, ordea, Ezkaba mendira mugatzen dira. Horrez gain, zuhaixkak eta birlandaturiko espezieak eta degradaturiko baso hektareak daude.
Historia
Berriozar herriari buruzko lehen aipamena 1268. urteko liburu batean agertzen da. Bertan, herriak zortzi etxe dituela esaten da. Dena den, litekeena da garai horren aurretik ere, Berriozarren etxeren bat izatea, eta bertan jendea bizitzea, gerrarik ez zegoen garaietan; bestela, Iruñeko hiribildu babestuaren babesera jotzen zuten.
1389. urteko uzta txarrek eraginda, herriko nekazariek ez zuten Karlos II.a erregeari zergak ordaintzeko ondasun nahikorik lortu eta urte hartatik aurrera, herria Ezpeletako Beltranen (Ezpeletako Baroia) jabetza bihurtu zen. Ondoren, baroiaren jabetza Ablitasko etxearen eskuetara igaro zen, hark izendaturiko alkate batek herrian agintzen zuela. Ablitasko etxearen eskubide hori 1815 arte gorde zen, Fernando VII.a Espainiakoak boterea bereganatu zuen arte.
XIX. mendean hainbat gerrate eta izurriteri egin behar izan zieten aurre Berriozarko biztanleek. Izurri eta gaixotasunekin batera biztanleria jaitsi, eta aurreko mendeetako hazkunde motela eten egin zen. XX. mendearen erdialdetik hasita, herrira ehunka etorkin iritsi ziren Nafarroa Garaiko herrietatik aurrena, eta Espainiako hainbat probintziatatik ondoren. Biztanleri hazkunde handiarekin batera, herriaren hirigintza erabat aldatu zen, Auzo Berria eta Zortziko auzoa eraiki zirela. Auzo horiek Iruñerriko gune lauan daude, Iruñetik gertu. Hazkunde demografikoarekin batera, herriaren izaera aldatu egin zen, nekazarien herria izatetik, Iruñerriko bizigune izatera.
Berriozarko udala 1991n eratu zen. Izan ere, urte horretan, Berriozar eta Antsoain herriak Antsoain Zendeatik bereizi ziren. Gainerako herriek, (Aitzoain eta Oronsuspe bere auzoa, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza), Berriobeiti udalerria osatu zuten.
Armarria
Berriozarko armarria bitan banatuta dago. Ezkerreko aldean, kolore urdinean, belardi baten gainean dagoen bildots zuri bat ageri da. Eskuineko aldean, berriz, kolore zuria eta zortzi mihi gorri dira, binaka jarriak. Bi aldeak inguratuz zerrenda gorri bat dago, eta horren inguruan baita urre koloreko Nafarroako Erresumaren kateak ere.
Ekonomia
Iruñearen inguruko herri gehienetan gertatu bezala, hainbat enpresa hiriaren kanpoaldera joan dira, eta industrialdeak eraiki dituzte bertan. Besteak beste, Eroskik eraikitako merkataritza-gunea eta Iruñeko barazki, fruta eta janarien merkatu handia, MerkaIruña, Berriozarren daude. Eroski-Iruña merkataritza-gunea gune-metropolitarraren mendebaldean dago, eta Eroskiren supermerkatua eta beste hainbat denda daude bertan, guztira 25.000 metro koadro inguruko azalera dauka.
Eroskik Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren baimena jaso zuen 2008. urtean zeukan azalera komertziala handitu eta merkataritza-gune txiki bat eraikitzeko, supermerkatuaren ondoan.
Industrialdeak
- Berriaintz industrialdea
Demografia
1992. urtea baino lehenagoko daturik ez dago, Berriozar Antsoainen menpeko herria zelako.
Berriozarko biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 1.330 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %15,40 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren gainetik).
Politika
Udaletxea
Berriozarko udaletxea Kaleberriko 12. zenbakian dago, baina XX. mendearen amaieran eraikin berria altxatzeko proiektua aurkeztu zen. Eraikin berria Euskal Herria Plazan egongo da. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Kaleberri, 7
Udal hauteskundeak
Berriozarko alkatea Nafarroa Bai taldeko Xabier Lasa da 2007ko maiatzeko hauteskundeez geroztik. Talderik bozkatuena Nafarroa Bai izan zen, guztira hiru zinegotzi eskuratuz, bigarrenik, UPNek ere hiru zinegotzi lortu zuen baina 135 boto gutxiago, hirugarrenik, Eusko Abertzale Ekintza ageri da hiru zinegotzirekin. Ondoren PSN dator bi zinegotzirekin, eta azkenik,CDN eta Nafarroako Ezker Batua zinegotzi banarekin. Alkatetza Nafarroa Baik eskuratu zuen, gehiengo osorik izan ez arren, alkatetzarako aurkeztutako taldeen artean botorik gehien lortu zuen alderdia izan zelako. UPNk zinegotzi bat galdu zuen PPra igarota. Baliogabeko botoak hamazortzi izan ziren (emandako guztien %0,46) eta boto zuriak 42 (%1,08). Abstentzioa, berriz, %34,87koa izan zen.
2011n hauek izan ziren aurkeztutako zerrendak: NaBai 2011 (4 zinegotzi eta Lasarentzat alkatetza), Bildu (3; gobernu akordioa sinatu zuen NaBairekin), PSN (2), UPN (2), I-E (1), PP (1) eta CDN (0).
2015eko udal hauteskundeetan, berriz, Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk eskuratu zuen boto eta zinegotzi gehien. Emaitzen ondoren, Euskal Herria Bilduko Raul Maiza hautatu zuten alkate.
Berriozarko udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu* | 6 / 13 |
3 / 13 |
|||
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE)) | 2 / 13 |
2 / 13 |
|||
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | 2 / 13 |
2 / 13 |
|||
Izquierda-Ezkerra** | 2 / 13 |
1 / 13 |
|||
Geroa Bai (2015) / Nafarroa Bai (NaBai) (2011) | 1 / 13 |
4 / 13 |
|||
Nafarroako Alderdi Popularra (PPN) | 0 / 13 |
1 / 13 |
|||
*2011ko hauteskundeetan Bildu gisa aurkeztu zen koalizioa. **2011ko hauteskundeetan Nafarroako Ezker Batua aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean |
Alkateak
1979tik kontzejuko presidenteak José Luis Campo (AMO), José María Barrena eta Estela Vasco (biak PSNkoak) izan ziren.
Hauek izan dira Berriozarko azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[4] |
Alfonso Alonso[5] | 1991 a | 1995 | PSN |
Jose Luis Campo[5][6][7] | 1995 | 1999 | Batzarre |
Jose Manuel Goldaracena[8][9] | 1999 | 2000 b | EH |
Benito Rios Ochoa[8][9] | 2000 | 2003 | PSN |
Benito Rios Ochoa[10][9] | 2003 | 2007 | PSN |
Frantzisko Xabier Lasa Gorraiz[11][12] | 2007 | 2011 | NaBai |
Frantzisko Xabier Lasa Gorraiz[13][14] | 2011 | 2015 | NaBai 2011 |
Raul Maiza Gonzalez[4][15] | 2015 | 2019 | EH Bildu |
Raul Maiza Gonzalez[4] | 2019 | Jardunean | EH Bildu |
a 1991. urtean Berriozar Antsoain Zendeatik banandu eta udalerri bihurtu zen.
b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
Garraioa
Udalerri honetan Eskualdeko Hiri Garraioaren 3 linea daude:
Eskualdeko Hiri Garraioa Berriozar | |||||
|
|
Kultura
Udalaren kultura etxeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan.
Musika
Berriozarren oinarrizko musika eskola bat dago. Horrez gain, udalerriko Musika Banda, 1985. urtean sortu zena, Jose German Villafranca zuzendari eta musikariaren eskutik. 2005. urtetik Zizur Nagusiko musika bandarekin anaiturik dago.
Jaiak eta ospakizunak
- San Isidro, maiatzaren 15ean.
- San Esteban, abuztuaren 26an.
Ondasun nabarmenak
- Doneztebe eliza zaharra: herrigune historikoan dago. Oinarri laukizuzeneko eliza, prisma itxurako dorre bat eta Ebanjelioaren ondoan kapera txiki bat eraikia dituena, azken hori eliza zaharberritu zenean erantsi zen. Erretaula nagusia eliza barruko jabetzarik garrantzitsuena da.
- Doneztebe eliza berria: gaur egungo herrigunean dagoen eliza modernoa da.
- Ezpeleta jauregia: Herriko alde zaharrean kokatzen den XV. mendeko jauregia da. Ezpeletako baroiaren jabetzakoa izandako eraikin honek erabilera pribatua dauka gaur egun.
- Garbilekua: Berriozarko alde zaharrean dagoen egitura da, 1745ean eraiki zen. Garbitzera joaten ziren herriko emakumeen topagunea zen.
- Berriozarko udaletxea: 2009an inauguratua.
- Bestelakoak: Udalerriaren alde zaharrean, estilo barrokoko eraikin bakanen batzuk geratzen dira.
Berriozartar ospetsuak
- Julián Fernández (1952), politikaria. Andaluzian jaioa, bizitza gehiena Nafarroa Garaian eman du.
- Txentxo Jiménez (1957) politikaria. Andaluzian jaioa, hamar urte zituelarik etorri zen Nafarroa Garaira bizi izatera.
- Pernando Barrena (1965), itzultzailea eta politikaria.
- Kutxi Romero (1975), abeslaria, musikagilea eta poeta.
- José Luis Pérez Gómez (1975), kazetaria.
- Ernesto Prat (1978), idazlea.
- Sergio Sayas (1979), politikaria.
- Jaione Dorai (1985), kazetaria eta euskara teknikaria.
- Marta Untzue (1988), futbolaria.
- Santiago Samanes (1995), futbolaria.
- Jon Mariezkurrena (1999), esku huskako pilotaria, pilota arloan Mariezkurrena II.a deituraz ezaguna.
- Eneko Aguilar (2000), futbolaria.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
- Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
- (Gaztelaniaz) «Plaza Eguzki» Revista Berriozar 2016-05-12 (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
- (Gaztelaniaz) «Fallece el ex alcalde de Berriozar Jose Luis Campo» Gara 2011-03-23 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «Fallece José Luis Campo Valle, ex alcalde y ex concejal de Berriozar» Diario de Navarra 2011-03-23 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «EH perderá la alcaldía de Berriozar tras negarse a condenar un asesinato» El País 2000-09-04 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «Otra vez en Berriozar» El Diario Vasco 2007-04-01 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «ETA.- Hallados entre 100 y 200 kilos de explosivos en el registro de un local en Berriozar» Europa Press 2007-03-31 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «NaBai rompe con ANV en Berriozar por "discrepancias" sobre la forma de entender la gestión municipal» Europa Press 2008-12-09 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «El PSE rompe con NaBai en Berriozar al permitir que ANV lance el txupinazo» El Diario Vasco 2009-07-30 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «Manu Ayerdi, Juan Carlos Longas y Xabi Lasa, nuevas incorporaciones de Nafarroa Bai 2011 al Parlamento» Europa Press 2011-04-02 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «NaBai y Bildu se reparten el poder en Berriozar» Diario de Navarra 2011-06-26 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
- (Gaztelaniaz) «EH Bildu y Geroa Bai conformarán el equipo de Gobierno municipal en Berriozar -» Pamplona Actual 2015-06-23 (Noiz kontsultatua: 2020-07-21).
Ikus, gainera
- Nafarroa Garaiko udalerrien zerrenda
- Berriogoiti
- Berriobeiti
- Iruñerria
- Iruñeko merindadea
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Berriozarreko udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Berriozarri buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Gipuzkoako errepidearen ikuspegia Google Street View-n.