Montori

Montori ([montoʁ̞i]) edo Berorize[3] ([beʁ̞oʁ̞i̻]e) Zuberoako ekialdeko udalerri bat da, Basabürüko Ibarrezkerrekoa, Bearnorekiko mugan kokatua. Euskararekin batera tokiko hizkuntza den okzitanieraz Montòri da, eta ofizialki frantsesez Montory.

Artikulu hau Zuberoako herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Montorio (argipena)».
Montori
 Zuberoa, Euskal Herria
Montoriko eliza.
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Zuberoa
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaOloroe-Donamaria
KantonamenduaEuskal Mendialdea
Izen ofiziala Montory
AuzapezaRoger Lapeyrade[1]
(2014-2020)
Posta kodea64470
INSEE kodea64404
Herritarramontoriar / beroriztar
Ezizenahiganautak
Kokapena
Koordenatuak43°05′49″N 0°49′04″W
Map
Azalera20,45 km2
Garaiera239 - 800 metro
Distantzia17 km (Maule-Lextarretik)
Demografia
Biztanleria310 (2018:  −2)
Dentsitatea14,91 biztanle/km²
Zahartzea[2]% 27,72
Ugalkortasuna[2] 15,91
Ekonomia
Jarduera[2]% 74,86 (2011)
Desberdintasuna[2]% 0,84 (2011)
Langabezia[2]% 3,13 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 62,18 (2010)
Erabilera% 30,3 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera1800. urtea
Webguneahttp://www.commune-montory.fr

Protestantismoak historikoki herrian izan duen eraginagatik «higanautak» ezizena ezarri zitzaien Berorizeko herritarrei.[4]

Izena

Herriaren izen zaharra Berorize da. Ipar Euskal Herriko toponimia nagusia aztertu duen Jean-Baptiste Orpustan adituaren ustez, baliteke jatorria belar hitzean edo beltz-haritz konposatuan izatea, eta Donamartiri herriaren izen zaharrarenari (Sant Martin de Beloriz) lotua da.[5]

Erdi Aroan burgu berria sortu zutenean Montory (1323) edo Montori (1337, 1383[6]) izena jarri zitzaion, orduan Zuberoan ofiziala zen okzitanieran. Orpustanen arabera toponimo honetan elementu erromaniko eztabaidaezina (mont) eta euskarazko balizko elementua ((h)iri, "jaun baten domeinua" zentzuan) leudeke. "Larrori" (eta akaso "Orhi") bezalakoekin lotzen du eta "mendiaren domeinua" esan nahiko luke.[7] Geroago Montoury (1563[8]) edota Notre-Dame de Montory (1654[9]) formak ere dokumentatzen dira.

Oinarri zientifiko sendorik gabeko beste etimologia batzuk ere eman dira: 1881eko iturri batek Montori hitza latinezko promontorium hitzetik eratorria zelako hipotesia argitaratu zuen,[10] eta Lemoine doktoreak mont gaskoi hitza eta horreum latinezkoa ("etxalde" zentzuan) aipatzen ditu osagaitzat.[11]

Okzitanieratik

Montòri okzitanieratik euskarara mailegatutako toponimoa dela ikusteko, Montaury frantsesezko grafiaren mozorropean hizkuntza honekin zerikusia duten beste leku batzuetan ere ageri den toponimoa dela esan behar da:

Okzitanieraren eraginaren beste zantzu bat Euskaltzaindiak ontzat hartu ez zituen herriaren izenaren Muntori aldaera, erabilera zabala izan duena,[14][15] eta Jentilizioa dira. Lehenaz esan behar da Montòri okzitanieraz horrelaxe ahoskatzen dela, /mun'tori/, o atonoak /u/ ahoskera izaten duelako. Jentilizioaz araututako montoriar eta beroriztar formekin batera euskaraz montories[16] eta muntories[17] ere erabili direla aipatu behar da, okzitanieratik mailegatu diren bokales, baiones, arrokiages...bezalakoak direnak.

Geografia

Topografia

Beguze mendia

Herri barnea udalerriaren erdialdean dago, 267 mtan. Bere inguruetan, ordea, mendi ikusgarri batzuk daude. Inportanteenak hauexek dira:[18]

Hiru mendi nagusi horien inguruetan ibilbideak daude; Xynthia ekaitzak kalteak sortu zituen, bereziki Beguzekoan.[23] Metro batengatik (796 m baitu) udalerriko punturik gorena hegoaldeko muturrean dago, Edre menditik hurbil eta beste behin Landarekiko mugan.

Udalerriko iparraldean Erretzütik ekialdera dauden muinoen artean Zehebiagako hegia (480 m) dago, Barkoxerekiko muga markatzen duena.[24]

Hargibele mendia.

Hidrografia

Udalerria zeharkatzen duten erreka guztiek Oloroeko uhaitzean amaitzen dute baina ibaiadar desberdin batzuen bidez:

  • iparraldean Joosera doazen Urgarai (fr. Ourgaray) eta Bètlòc[25] (fr. Belloc) errekak daude.
  • Zuberoako ardatza den Ühaitzara doazenak dira nagusi:
    • Etxeberri errekastoa zuzen doa Atharratzera.
    • udalerriko hegoaldean Batasse deiturikoa jaio, herri barnetik pasatu eta gero Mehexe ibaiadarrarekin bat egin eta mendebalderantz jotzen du; Aphanize sortzen laguntzen dute, dagoeneko Astüeko lurretan.
  • ekialdean Larrigau eta bere ibaiadarra den Lacòsta (fr. Lacoste) Landarantz doaz, eta Vert ibaian amaitzen dute beren ibilbidea.[26]

Udalerri mugakideak

Norabide gehienetan Zuberoako udalerriak ditu auzokide:

Sarraltzüne galdua

Ekialdean eta hegoaldeko muturrean egun okzitaniarrak diren lurrak ditu mugakide, Bearnoko Baretoseko Landakoak hain zuzen ere. Hala ere, udalerri honetako mendebaldean dagoen Sarraltzüne, Sarraltzune edo Sarantzüne (oc. Eth Barlanés,[27] fr. Barlanès) ibarra zuberotarra -eta euskalduna- izan zen[28] eta mendeetako gatazka bizi izan zen zeini zegokion erabakitzeko.[29]

Auzoak

Herri barneaz gain biztanleria bost auzo sakabanatutan banatua da (hiruk, mendi nagusien izen bana dute):[30]

  • Beguze.
  • Erretzü.
  • Haut de la Côte: ipar-ekialdean.
  • Hargibele.
  • Gastu edo Gastou: hegoaldean.

Garraiobideak

Errepide nagusia departamendu mailako RD-918 da; Atharratze-Sorholüzerekin (mendebalderantz) eta Biarnorekin (ekialderantz] lotzen du. RD 59 herri barnean hasi eta iparralderantz jotzen du, Barkoxerantz eta RD 759 hegoalderantz doan azken horren segida da, Hauzerekiko lotura egiteko; Hauze-Montori errege bide historikoaren ordezko berriagoa da. Errepidez Oloroe-Atharratze-Maule autobusa herritik pasatzen da.

Paue-Oloroe-Maule (POM) tranbiak geltokia izan zuen udalerri honetan baina 1901etik 1931ra baino ez zuen zerbitzua eskaini; Landa-Atharratze zatia 19054ean zabaldu zen eta hasieran Montori zen geltokirik gabe geratzen zen herri bakarra, herri barnetik urrun pasatzen baitzen. Geltokiaren eraikina orain pribatua da.[31]

Historia

Beti Zuberoari lotua, 1086an Guy-Geoffroy Gaskoiniako dukeak herrialde honen gainean zituen eskubideak Zentulo V.a Biarnokoari pasatu zizkion; Gilen Erramun Zuberoako 3. bizkondeak kontran egin arren Zentulo V.ak herrialdea inbaditu eta Montoriri Oloroeko forua (okzitanieraz for d'Auloron) eman zion, eta errege-burgu berria (horregatik herriaren izen berria, Berorize zaharraren ondoan) sortu zuela esan ohi da; hala ere, datu hau historia eta kondairaren artekoa da.[32]

Zuberoa ingelesa

1307an Zuberoa ingelesen menpean geratu zen. Zenbait errege epaitegi antolatu zituzten, errege burguak ziren Barkoxe, Hauze, Atharratze (orduan "Iriberri" edo Vilanava) eta Montorin; jurat izenekoek kudeatutako administrazio berezia zuten, Maule errege-hiriak bezala.[33] Ehun Urteko Gerraren inguruko aldietan Montoriri buruzko datu batzuk jasotzen dira:

  • 1323an Foulque Lestrange Guienako seneskalak Ingalaterrako erregearen izenean Atharratzekoaren moduko pribilegio karta bat eman zion.
  • 1337an Eduardo III.a Ingalaterrakoak Zuberoako etxeetako errolda eta bakoitzari dagozkion zergen kontakizuna egin zuen Censier Gothique de Soule izenaz ezagutzen den okzitanieraz idatzitako dokumentuan. Berorizen euskal eta bearnoar auzokideak zituzten 78 etxe zeuden; etxe horien izenetatik 70 bat gaur egun arte gorde dira.
  • 1474an Montori, Hauze eta Athereik baroierri bat sortu zuten, Lüküzeko jaunaren kontra ari zen Roger Agramondarren buruaren menpean zegoena. Berorizek bere "etxe noblea" zuen, okzitanieraz "jauregi" esanahia duen Sala (fr Salle) izena zeramana.
Montoriko eliza.

Erlijio Gerrak

Erlijio Gerren garaiak oso gogorrak izan ziren eskualdean. 1564rako herrian protestanteak ziren nagusi, G. Etxart herriko auzokidea zen artzaina eta 1568aren inguruan eliz katolikoa tenplu protestante bilakatu zen Montorin; katoliko zuberotarrak Nafarroa Beherera joan ziren hango erlijiokideekin batera Joana III.a Albretekoa erregin protestantearen kontra borrokatzera baina porrot militarra izan zutenez Zuberoara itzuli eta mendekua hartzeko Agramondarren menpeko Montori erasotu eta arpilatu egin zuten. Biztanle askok Biarnora ihes egin behar izan zuten eta erlijioa aldatu nahi izan ez zuen jurat bat hil zuten.

XVII. mendearen hasieran oraindik geratzen ziren protestante batzuk herrian Iruri, Zalgize, Maule eta Montorin; herri honetan tenpluari ere eusten zioten.

1638an Jean-Armand du Peyrer Iruriko kondeak Montori, Hauze, Atherei, Liginaga eta Astüek osatutako baroierria Agramondeko dukerriari erosi zion. 1661ean, Matalas apaizaren matxinadan, Mithikileko apaiza Montorira joan zen; kanpoko boterearen kontra eta Zuberoaren askatasunaren aldeko borrokan aritzeaz gain katolikoen alde eta protestanteen aurka ere ari zen, aliantzen jokoaren arabera. 3000 lagunekin herrian sartu eta 15 familiabururen kontrako neurri errepresiboak hartu zituen katoliko bihurrarazteko. Matxinadak porrot egin eta gero 1663an Estatu-Kontseiluaren agindu batek Iruriko kondeari arestian aipatu bost herrien gaineko kontrola mantentzeaz gain Atharratze, Onizegaina, Aloze, Ozaze, Ziboze,Etxebarre, Lexantzü eta Ligi ere eman zizkion.[34] Montorin ezagutzen den azken artzain protestantea P. d'Assimont (1679an) da.[35]

Mundu Gerrak

Lehen Mundu Gerran Montoriko 48 herritar hil ziren[36] eta beste 8 zaurituta itzuli ziren herrira (1911n udalerriak 830 biztanle zituen).

Bigarren Mundu Gerran zazpi montoriarrek, Indotxinako Gerran hiruk eta Aljeriako Independentziaren Gerran beste batek bizitza galdu zuten.[37]

Nazien okupazioaren kontra aritzeko Zuberoan hiru talde armatu nagusi ibili ziren, armada sekretua edo maki izenarekin.[38] 1944ko abuztuaren 22an erresistentziako buruetakoa zen Julio López aragoitarra Berorize eta Landaren arteko mugatik oso hurbil hil egin zuten. Bertan oroitarria jarri zuten[39] eta Jean Louis Davantek eginiko Xiberoko Makia pastoralean (2001ean Sohütak taularatua) López pertsonaia inportanteetakoa zen, 22. jelkaldiak Montoriko güdüka; Julio Lopez-ena izena zeraman eta Davantentzat elkartasunaren ikurra zen.[40][41] López hil zuten zonaldea oso egokia zen mugalarien lanerako; iheslariak Haut de la Côte auzoan (udalerriaren ipar-ekialdean) edo Barkoxeko mugan (Gaztelondo auzoan) hartu eta sarritan aldatzen zituzten bideetatik Hauze edota Urdatxeraino laguntzen zituzten; mugalarietako bat desagertu egin zen, inork ez daki zer gertatu zen harekin, eta haren emaztea Ravensbrück kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Handik bizirik baina oso ahul itzuli zen. Oro har 27 izan ziren Alemania, Polonia eta Austriara preso eraman zituzten beroriztarrak; zortzi STO (Service du travail obligatoire, "Derrigorrezko lanaren zerbitzua") naziek antolatu zuten sisteman sarrarazi zituzten (eta beraz, Alemaniara behartuta gerrarekin zerikusia zuten lanetan aritzeko eraman) eta beste bik Pirinioak zeharkatu eta alde egin zuten.

1940ko azaroan Bréhain herritik (Mosela departamendua, Lorrena) berrogei erbesteratu heldu ziren Montorira; batzuk herrikoen etxeetan bizi izan ziren eta familiei etxeko zein nekazaritzako lanetan laguntzen ibili zitzaizkien; beste batzuk beraientzat prestatu ziren herri barneko etxe batzuetan egon ziren.[42]

Lurrikara eta Beihl kontsula

1967ko abuztuaren 13an "Eretako lurrikara" izenarekin ezagutu zena gertatu zen, Baretoseko herri horretan epizentroa izan zuelako; Montorin ere kalteak izugarriak izan ziren, etxeen %60a inguru suntsitu zituelako; Richter eskalako 6,5 magnitudekoa izan zen. Etxea galdu zutenentzat "lau milioiko etxeak" deitu zirenak eraiki zituzten.[43]

Berorize Burgosko Prozesuarekin zerikusia duen gertaera oso bitxi baten kokalekua izan zen. Epaiketa hasi baino bi egun lehenago ETAk (Juan Jose Etxabe eta Txikiaren taldeak) Eugen Beihl, Alemaniako Errepublika Federalak Donostian zuen kontsularen bahiketa prestatu zuen. Herri zuberotar honetako apaizetxean zeukaten gordeta; ihes egitea lortu zuen gau batean eta herriko taberna batera sartu zen Alemaniako kontsula zela eta elizaren ondoko etxe batetik ihes egin zuela esaten. Han zeuden herritarrek zer egin eta berriro apaizetxera eraman zuten. Egun batzuk geroago, Eguberrian, ETAk Wiesbadenen (Hessen, Alemania) askatu zuen.[44][45] Roger Idiartek Basabürüan Montori izena duen kanta egin zuen, azkaindarrak egin zituenen artean ezagunenetakoa,[46] gertaera hari eskainia.[47]

Ekonomia

Laborantza eta abeltzaintza dira nagusi: ardiak esnekietarako eta behiak (Akitaniako blonda) haragirako.

Herri honetan ia galdu den aktibitate bat udako "bortüetako etxalde" edo cujalar (okzitanieraz; fr. cayolar), mendietako etxaldeak alegia. XX. mendearen hasiera arte ugariak ziren, batez ere Montori-Sarraltzüne muga aldean eta udalerriaren hegoaldean: Maillordoki, Bagoule, Bitola, Légassègue, Ordabürü, Chuste, Aizuburia, Couylarou, Aiguntze eta Izarbe. Gaur egun denak oso egoera txarrean daude. Beste aldetik, zenbait artzainek oraindik badituzte (lehengo garaietan baino askoz gutxiago badira ere) txotx izeneko zatiak Santa Grazi eta Basabürüko beste herri gorenetako etxaldeetan; beste batzuek bere ardiak Aspe eta Aussau Biarnoko ibarretara bidaltzen dituzte, hango artzainek zaindu ditzaten.[48]

Udalerrian nekazaritza eta abeltzaintzara emandako 2500 hektareetatik 680 bat komunalak dira, 1800 bat pribatuak, eta beste 20 bat (Hauze eta Santa Graziko lurretako mugan dagoen Barlamont izeneko eremua) Montorik, Barkoxek eta Landak partekatuak.[49]

Gazta egiteko Les Fermiers Basco Béarnais kooperatibak dituen hiru lantegitatik bat Montorin dago.[50] Ahuntzak dituzten bi artzain daude; lehena arestian aipatutako kooperatibarekin ari da eta bigarrenak, Patrap etxaldekoak, bere gaztak Les chèvres de Gastou izendapenarekin saltzen ditu.

Bi enpresa txiki daude, lurretik zein animaliengandik ateratako ekoizpenak egiteko: ahatekien Les confits d'Arguibelle Arainti etxaldean[51] eta barazki biologikoak saltzen dituena.

Beste garai batzuetan, herri honetako ekonomiarako garrantzia izan duten elementuen artean baziren harrobiak, artilea, lihoa, eztia, gaztainak edota esku-langile mota batzuk.[52]

Baso komunala

Herriak baso komunalak ere baditu (583 ha); udalerriko iparraldean (Casterar, Malaxandi, Latalhada, Bigné) eta hegoaldean (Le Bouch, Gastou, Huncharie) dauden esparruez gain egun Landarenak diren lurretan daude handienak, Santa Graziko mugetaraino heltzen baitira: Edre, Seguro, Liziaga, Légacègue, Maillordoki, Ordaburu, Chuste, Bagoule, Bitola, Couylarou, las Bartas, Isiburia, Aiguntze, Lakurde eta 1542 m dituen Arbuti mendikoa.[53]

Turismoa

Hotel bat (Auberge de l'Étable) eta lau landetxe.[54] Etxe berriak eraikitzen ziren bitartean 1967ko lurrikaran etxea galdu zutenentzat egin ziren txalet prefabrikatuetan (Histouye izeneko tokian) gaur egun Les Chalets de Soule oporlekua dago[55]

Demografia

1377ko Censier gothique de la Soule dokumentuan Montorin dagoeneko 76 Ostau ("etxe" okzitanieraz) zeudela aipatzen du.

Maule-Lextarren notarioa zen Pierre Casaliveteryren Journal liburuan 1460-1481 urteetarako 11 su kontatzen ditu eta 1540-1548 aldian 125, beraz hazkunde demografiko handia izan zen.[56]

XIX. mendean 1.200 biztanle izatera iritsi zen, baina ordutik etengabeko gainbehera izan zuen populazioak bi mendez. XXI. mendearen hasieran 300 pertsona baizik ez ziren bizi Montorin.

Montoriko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE

Politika

Herriko Etxea.

Auzapez zerrenda

AgintaldiaAuzapezaAlderdiaLanbidea
1800-1821Pierre Lhande
1821-1826Pierre Dastugue
1826-1835Casamajou
1835-1840Mathieu Goiti
1840-1843Jean-Pierre Casamajor
1843-1848Félix Jauregiber
1848-1852Salenave
1852-1855Jean-Pierre Casamajor
1855-1865Pierre Lhande
1865-1870Pierre Casabonne
1870-1874Cabana-Salenave[57]
1874-1881Pierre Cabana
1881-1884Jean-Pierre Capdevielle
1884-1892Dominique Althabe
1892-1900Jean-Pierre Capdevielle
1900-1904Dominique Althabe
1904-1908Dominique Gorge
1908-1929Pierre Bizkubi
1929-1935Édouard Pontaut
1935-1941Pierre Honthaas
1941-1944Delegazio berezia[58]
1944-1945Pierre Honthaas
1945-1953Pierre Capdevielle
1953-Pierre Honthaas[59]
1983-2001Pierre Bozom
2001-2008Roger Lapeyrade
2008-2014Roger Lapeyrade
2014-2020Roger Lapeyrade

Herri elkargoak

Kultura

Aspaldikoa da (1913ko Les trois empereurs, campagne d'Austerlitz[60]) herri horrek taularatu duen azken pastorala eta gainera frantsesez izan zen; Napoleon Bonaparteri eskainia, aurreko batean ere (1896ko Bonaparte, deuxième campagne d'Italie (1900)) pertsonaia bera protagonista zen beste bat taularatu zen.[61]

Azken urteetan maskaradak bisitatzen dituen herrien zerrendan ez da egoten, euskarak Berorizen bizi duen egoera kaskarraren seinale.[62]

Kantuaz den bezainbatean, elizako abesbatzaz gain, Landako Arguibelle bearnotar taldean eta Errejentak nahiz Xiberoko Kantariak zuberotar taldeetan badira beroriztar batzuk. Euskal dantzetan aritzen denik ere bada; orain herrian talde osorik ez da, baina 1960ko hamarkada arte ospe handiko taldeak izan ziren.[63]

Grang'Expo izeneko aretoan erakusketak antolatzen dira: Zuberoako eskolei buruz,[64] herrialdeko herri-medikuntzaz...[65]

Hizkuntzak

Montoriko egoera linguistikoa berezia da; Aturri aldeko zenbait herriren moduan xarnegua da, hots, euskaldunak eta gaskoiak nahasten diren lekua. Zuberoan bada okzitaniera tokiko hizkuntza nagusia den herririk, Pettarrean (Ozaraine-Erribareita, Jeztaze) baina Montoriko egoera bestelakoa da: joera bat nabari den arren (mendebalde, iparralde eta hegoaldean euskaldunak, ekialdean eta ipar-ekialdean gaskoiak), zaila da muga linguistiko argirik marraztea.[66][67] XX. mendearen erdialdea arte baziren familia euskaldun hutsak, okzitanieradun hutsak eta bi hizkuntzetako kideek osatutakoak; frantsesa jakin gabe euskara-bearnera elebitasuna nahiko normala zen herri honetan.[68] Azken belaunaldiekin, ordea, frantsesa erabat nagusitu da; euskara egoera ahul da, eta leku gehienetan bezala okzitanieraren familia barruko transmisioia ia erabat eten da. Erreferentzialtasun publikoari dagokionez bederen, euskarak indar handiagoa du, eta karrika nahiz auzo izen elebidunak (frantsesa/euskara) erakusten dituzten kartelak ipini dira;[69] aldiz, beste herri batzuetan ez bezala, herriko jaietako programa jakinarazten duen kartela frantses hutsez ageri da, hala nola Herriko Etxearen webgunea.[70]

Herri honetan egiten den euskal hizkera hegoaldeko zuberera da.[71][72] Egun euskara egoera kaskarrean badago ere, izugarrizko aberastasuna izan du; adibide bat aipatzearren, mendebaldeko haizea izendatzeko itxasaidia, ebi aizia, pekaizia, Baiuna haize, aizebeltza eta manex haize hitzak bildu dira.[73]

Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz iheslari batzuk herrian kokatu ziren; azken urteetan ingeles batzuk hara bizitzera joan dira, eta horrek Berorize bost hizkuntzatako herria bihurtu du.[74]

Hiztegia eta toponimia

Euskara-okzitaniera elkarbizitza historiko honek ondare linguistiko-kulturalean izugarrizko aberastasuna ekarri du eta herrian garatzen ziren jarduera tradizionalekin zerikusia duten hainbeste elementuk bi hizkuntzatako izenak dituzte: hiatzüna (eu) = arguèta (oc),[75] txakostia (eu) = escalèta (oc),[76] aska (eu) = bassiot (oc),[77] eskua (eu) = plec (oc)...[78]

Toponimian ere, bi hizkuntzetan jatorria duten leku-izenak udalerri osoan zehar erabat barreiatuta daude. Adibideak:

  • Euskaran jatorria duten toponimo batzuk:[79] Etxeberri, Rekalt, Baigorri, Elizalt, Sagaspe, Bordazarre, Goiti, Haltzondo, Urrutigoiti, Harzuri, Laxagaborda, Ibarrola, Pikabia...
  • Jatorria okzitanieran duten toponimo batzuk:[80] Salanava (Sallenave), Supervièla (Superville), Latalhada (Lataillade), Maisonava (Maysonnave), Carrèra (Carrère), Miranda (Mirande), Caishau (Cachau), Sent Martin (St-Marty), Palhet (Paillet)...

Jaiak

Herriko festak abuztuan izaten dira, 15ean zentratuta; 1945etik herrian jai batzorde indartsua egon izan da. Garai batean egun ia desagertu diren Zuberoako artzainen herri-kirolen (barra jaurtiketa, jauziak...) erakustaldiak bazeuden ere, 1947tik eta ia urtero "Landestar erako zezenketa" (okzitanieraz corruda landesa) antolatu izan da eta beraz 2007an 60. urteurrena ospatu zuten.[81] 1967ko abuztuaren 13an lurrikara gertatu zenean Montori jaietan zegoen.

Desagertu diren ospakizun edo tradizioen artean hauexek daude:

Gastronomia

Berorizeko sukaldaritza tradizionala eskualdeko ekoizpenetan oinarritutakoa da: garbura (batez ere Biarnoan prestatzen den barazki zopa), Zuberoako piperrada, uso, basurde edota ehiztatutako beste animaliekin eginikoak...[85]

Ekipamenduak

Administrazioa

Herriko Etxea apaizetxe zaharrean dago. Postetxea ere bada.[86]

Osasun zerbitzuetarako beroriztarrek Atharratze edo Eretara joan behar dute.

Hezkuntza

Hezkuntza beroriztarren kezka historikoa izan da. 1789an, Frantziako Iraultzaren garaietan, zuberotarrak Maulen batzartu ziren beren eskaerak egiteko; Montorik herrialdeko hiriburuan kolegio bat eraikitzea eskatu zuen, gazteen hezkuntza hobetzeko. 1833an derrigorrezko hezkuntza ezarri zenetik udalerri bakoitzak gutxienez eskola bat mantentzeko beharra izan zuen; inspektore baten txostenaren arabera Atharratze-Sorholüzeko Kantonamenduan Atharratze-Sorholüzen bi maisu zeuden eta Berorizen ere bai. Orduan herriak 1300 biztanle zituen.[34]

Gaur egun Zuberoako herri askotan eskolarik ez badago ere, Montorin bi gela dituen Lehen Mailako eskola publikoa dago; jantoki eta haurtzaindegi zerbitzua du. 2009-2010 ikasturtean 33 ikasle zituen; bi irakasle eta jantoki eta haurrak zaintzeko arduradun banak lan egiten zuten bertan.[87] Ez dago eredu elebidunik; euskara ikasgai gisa eskaintzen da.[88]

Kirola

Eskolan dagoen plaza libreaz gain pilotaleku estalia dago, ezker pareta motakoa. Jai Batzordeak pala txapelketa bat antolatzen du eta petanka elkarte bat dago. Errugbi zelaia ere badu, ez ordea talderik.[89] Herri barnean desagertu zen beste plaza libre bat egon zen.

Ehiza eta arrantza ere askok praktikatzen dute.

Ondasun nabarmenak

Ondare zibila

  • Lurrikara baino lehen "Iturriko Plaza" zena erabat berriztatu behar izan zuten. Aurreko garaiko etxe bakarra geratu zen, Bigarren Mundu Gerran familia iheslari judu bat bizi izan zen lekua; familiak geroago bere esker ona adierazi zion Montoriri eta plaza beraiei eskainita dago, plaka bat ere ezarri zelarik.
  • Udal ikuztegia ere zaharberrituta dago.
  • Udal putzua, Casanavako iturria (gaskoi izena; frantsesez: Casenave) izenaz ere ezaguna, orain ez da erabilgarria. Erreuma eta arnasketa aroazoak sendatzeko ezaugarriak zituen; 1910eko hamarkada arte Casanava etxea bainuetxe txiki bat izan zen eta bezeroak bere uretan bainatzera etortzen ziren. Lehen Mundu Gerraren ostean mediku bat bainuetxea berpizten saiatu zen baina arrazoi ekonomikoengatik ezin izan zuen. Iturrian herriko biztanleek 1960ko hamarkada arte edateko ura hartzen zuten.[90]
  • Udalerrian harrizko zubi batzuk daude: Ibarrola, Capchuberro, Lavath (fr Labat), Pintou.[91]
  • Jatorriko familien etxaldeek bordak izaten zituzten; horietako batzuk etxe bihurtu ziren, batez ere familiako kideren bat Amerikatik itzultzen zenean non bizi eskaintzeko.

Ondare erlijiosoa

  • Trantsizio estiloko (erromaniko eta gotikoaren artean) XII. mendeko eliza du herriak, Igokundeari dedikatua. XVIII. mendeko erretaula du. Antzinean, Donejakue Bidearen geralekua zen. Barnealdea 1967ko lurrikararen ostean erabat berriztatu behar izan zuten.
  • Elizaren ondoan bi hilarri daude eta bide baten ertzean beste bi; azken hauek hilketa batzuk suertatu ziren lekuetan ezarri zituzten.[92]

Montoriar ospetsuak

  • Pierre Vissler antzerki munduko aktore, pailazo eta teknikaria Montorin bizi da.[93]
  • Monique Kihl eta Mathieu Schmitt bikotekide eta margolariak ere han bizi dira.[94]
  • Cédric Maly nabarmendu daiteke musikarien artean; Xiberoko Kantariak eta beste talde batzuetako kidea da.[95]

Kartografia

  • IGNren 1446 ET (Tardets-Sorholus.Arette) mapa, 1:25000 eskalakoa.

Erreferentziak

  1. Okzitaniera arautuan Lapeirada ("harrizko galtzada"); Miquèu Grosclaude: Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons, Radio País, 1992, Paue, 198-199.or.
  2. Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  3. Euskaltzaindia: 92. araua: Zuberoako herri izendegia. Izendegi horretan, Montori ageri da izen nagusitzat.
  4. «Ziberoko herrien epixtola», Herria, 2063. zenbakia, 1990.
  5. Jean-Baptiste Orpustan: Toponymie basque, Presses Universitaires de Bordeaux, 1991; 87. eta 156.or.
  6. Contrats de Luntz, Biarnoko Luntz notarioak XIV. mendean idatzitako testuak.
  7. Orpustanen aipatu lana, 155-156.or.
  8. Aveux de Languedoc, Archives de l'Empire, 45.or.
  9. Oloroe-Donamariako elizbarrutiko XVII. mendeko idazkiak.
  10. Anberesko sozietate geografikoaren buletina, 1881.
  11. Lemoine, J: Toponymie du Pays Basque et des Pays de l'Adour.
  12. UPPAren webgunea.
  13. Auzoaren kokapena.
  14. Muntori, Etxahun Barkoxeren bertsoetan.
  15. Udalbideren webgunean.
  16. Montories Sü Aziaren webgunean.
  17. Muntories Euskaltzaindiak berak proposatuta; ikus 1057.or.
  18. Izenak Euskaltzaindiaren Euskal Herriko mendi-izenak lanean erabilitakoak dira; ikus 34.or.
  19. Annuaire des falaises.
  20. Montory.chez.com.
  21. Agor en Bearn CDa Agorilaren webgunean.
  22. Les mines de fer.
  23. Ibilbideak udalaren webgunean.
  24. Zehebiagako hegia Ibarrettoaren mugaldean, Allande Sokarros, Berria.
  25. Miquèu Grosclaude: Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons, Radio País, 1992, Paue. Ikus 54.or.
  26. Berorizeko fitxa Sandre webgune ofizialean.
  27. Gasconha.com.
  28. Txomin Peillen, Agur Zuberoa, Biba Xiberua! Elkartea, Urretxu-Zumarraga, 2001; ikus 9-10.or.
  29. Mugako zuberotarrak, Philippe Etxegorri, 2007; ikus 4.or..
  30. Les hameaux Herriko etxearen webgunean.
  31. Le tram.
  32. Jean-Baptiste Orpustan: Toponymie basque, Presses Universitaires de Bordeaux, 1991; 155.or.
  33. Le Censier gothique de la Soule.
  34. Histoire de Montory.
  35. Historique Vivons notre Village - Montory elkartearen webgunean.
  36. Liste des soldats de Montory morts pour la France.
  37. Guerre de 1939 - 1945 et Indochine.
  38. Txomin Peillen, Zuberoaren Askapena.
  39. Julio Lópezen oroitarria.
  40. Xiberoko Makia Herri Musikaren Txokoan.
  41. Pastoralaren testua EITBn.
  42. Le Monument aux Morts.
  43. Le séisme de 1967.
  44. Allande Sokarros Berrian.
  45. Mugalaris: memoria del Bidasoa, Anjel Rekalde.
  46. Jean Louis Davantek eginiko biografia; ikus 3.or.
  47. Basabürüan Montori, Han-hemenka kantari, 45.or.
  48. Les bordes et cayolars.
  49. L'agriculture.
  50. Herriko Etxearen webgunea.
  51. Les confits d'Arguibelle.
  52. Ikus Montory autrefois Herriko Etxearen webgunean.
  53. La fôret communale.
  54. Aktibitate ekonomikoak Herriko etxearen webgunean.
  55. Les Chalets de Soule
  56. Journal de Pierris Casalivetery, Jean Jaurgainek Archives historiques de la Gascogne izenekoetan (1909) transkribatu eta argitaratutakoak eta Manex Goihenetxek Histoire générale du Pays basque sortaren 3. liburukiko (Elkarlanean, 2001, ISBN 2-913156-34-7) 24.orrialdean jasoa.
  57. Casabonne auzapezaren dimisioagatik.
  58. 1941eko ekainetik 1944ko irailera Vichyko gobernuaren prefetak izendatutako delegazioak udalbatza ordezkatu zuen; kideak Jean Bizkubi, Jean Souleguieu eta Louis Althabe izan ziren. 1944an aurreko auzapezak kargua berreskuratu zuen.
  59. Orain arteko auzapezen zerrenda Herriko Etxearen webgunetik aterata.
  60. Pastoralak Xiberoan Sü Aziaren webgunean.
  61. Jean Haritxelhar: Frantziako historia pastoraletan, Antso Jakituna Fundazioa, 2008. ikus 19.or.
  62. Maskaradak aipatu webgunean.
  63. Dantzari taldeak.
  64. Vallée de soule, ikus 16.or.
  65. Soule-Xiberoa.
  66. Euskararen mugimenduak Biarnoko mugan mapa, Philippe Etxegorriren Mugako zuberotarrak lanean, 2007; 5.or.
  67. Okzitaniera Euskal Herrian Allartean blogean.
  68. Les langues parlées Herriko etxearen webgunean.
  69. Kartel elebidun bat ikusgai.
  70. 2010eko jaietako kartela.
  71. Philippe Etxegorrik eginiko mapa.
  72. Montori Pedro Irizarren Morfología del verbo auxiliar suletino 2002ko lanean aztertzen diren herrietako bat da; ikus, besteak beste, 44.or.
  73. Gotzon Aurrekoetxea: Haizeen izendapenak ahozko hizkeran in Txillardegi. Lagun giroan, UEU, Bilbo, 2000; ikus 105.or.
  74. La population.
  75. Hiatzüna adibide gisa.
  76. le bois
  77. Le pèle-porc.
  78. Plec edo eskua.
  79. IGNko mapan grafia frantximantean ageri dira.
  80. Lehen okzitaniera normalizatuko grafiak agertzen dira, Miquèu Grosclauderen Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons lanean eta Gasconha.comen oinarrituta; parentesi artean IGNko frantsestutako grafia
  81. Amusements, loisirs et fêtes.
  82. La chasse au biset.
  83. Les cavalcades.
  84. Les coutumes religieuses.
  85. Qualité de vie.
  86. Le bureau de poste.
  87. L'école.
  88. Zuberoako Herri Elkargoaren webgunea.
  89. Loisirs.
  90. Ondare zibila.
  91. Ponts en pierre.
  92. Ondare erlijiosoa Herriko etxearen webgunean.
  93. Vissler EKEren webgunean.
  94. Schmitt Pqev.orgen.
  95. Maly Pléyades Événements enpresaren webgunean.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.