Bernardino Rivadavia
Bernardino Rivadavia (Buenos Aires, 1780ko maiatzaren 20a - Cádiz, Espainia, 1845eko irailaren 2a) argentinar politikaria izan zen. 1826-1827 bitartean Río de la Platako Probintzia Batuetako presidentea, alegia Argentinako Errepublikako lehen presidentea, izan zen.
Bernardino Rivadavia | |||
---|---|---|---|
1826ko otsailaren 8a - 1827ko ekainaren 27a ← Juan Gregorio de las Heras (en) - Vicente López y Planes (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Buenos Aires, 1780ko maiatzaren 20a | ||
Herrialdea | Argentina | ||
Heriotza | Cádiz, 1845eko irailaren 2a (65 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Benito Rivadavia | ||
Ezkontidea(k) | Juana del Pino | ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Colegio Nacional de Buenos Aires (en) | ||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria eta diplomazialaria | ||
Lantokia(k) | Buenos Aires | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Alderdi Unitarioa | ||
Biografia
Ingelesen aurka borrokatu zen Buenos Airesen 1806an, eta Argentinako independentziaren aldeko batzordeko idazkari egin zuten 1810ean. 1811n batzordeko buruzagi nagusi bihurtu zen, eta haren aginduetara eratu zen La Platako gudarostea, desegin ziren espainiarrek ezarritako gorteak, prentsa-askatasuna aldarrikatu eta esklabotza kendu zen.
1814an Europara jo zuen, Río de la Platako Probintzia Batuen alde, britainiarren laguntza eske. Sozialismo utopikoaren ideiak ezagutu zituen Europan, eta Amerikan ildo horretako neurriak bideratzeko erabakia hartu zuen. 1821ean itzuli zen Argentinara, gobernuko ministro gisa. Gizarte-alorrean, Elizaren pribilegioak murriztu eta laborariak lurren jabe egitea erraztu zuen; politikan, hauteskunde-bidezko ordezkaritza bat abiarazi zuen, eta kultura-alorrean Buenos Airesko Unibertsitatea sortu zuen.
Río de la Platako Probintzia Batuetako lehendakari egin zuten 1826an, batasunerako konstituzio berria aldarrikatu ondoren. Halaz ere, 1827an utzi behar izan zuen kargua, batasun berri haren joera zentralistaren aurka, Buenos Airestik kanpoko herrialdeetan altxatu ziren federalisten eta geroko Uruguaiko lurrak beretzat nahi zituen Brasilen aurkako gerretan buru ezin emanik zegoela. Europara joan zen, eta 1834an itzuli bazen ere, betikoz utzi behar izan zuen ondoren sorterria, epaiketa baten ondoren. Brasila joan zen, lehenengo, eta Espainiara ondoren.
1880. urtean aldarrikatu zuen Argentinako gobernuak haren oroimena, eta ordudanik da maiatzaren 20a, Rivadaviaren jaioteguna, jaieguna Argentina osoan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bernardino Rivadavia |