Bernard Dubourdieu

Bernard Dubourdieu, okzitaniera arautuan Deubordiu,[1] (Baiona, Lapurdi, 1773ko apirilaren 28a - Vis uhartea, Kroazia, 1811ko martxoaren 13a) itsasgizona eta Frantziako Itsas Armadako kapitaina izan zen. Hil zenean, frantziar-italiar ontzidiaren buru zen, Lissako Gudua izena (Lissa Vis uharte kroaziarraren italierazko izena da) hartu duen gerra-ekintzan, Napoleondar Gerren barruan.

Bernard Dubourdieu

Bizitza
JaiotzaBaiona, 1773ko apirilaren 28a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaVis (en) Itzuli, 1811ko martxoaren 13a (37 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
JarduerakOfficer of the French Navy (en) Itzuli
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Graduacapitaine de vaisseau (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakNapoleondar Gerrak

Erdietsitako graduak

Kondekorazioak

Frantzian:

Italian:

  • Burdinazko Koroaren Ordenako zalduna (1810ean).[4]

Biografia

Hastapenak ontzidian

Baionako maisu upelgile baten semea bazen ere, itsasgizona izan nahi zuen eta 16 urterekin merkataritza-ontzidian sartzen da itsasmutil, Lisboara zihoan L'Alliance brigantinan. Bere bokazioa baieztatuko da 1791ean Baionako Hidrografia-Eskolan sartu zenean, "irakurtzen, idazten eta aritmetikaren lehen lau erregelak" zekizkiela probatu eta gero.

Merkataritza-ontzidiaren baitan Ofizial karrerarako prestatzen zuen eskola honetatik ateratzerakoan Itsas armadan sartzeko aukera izan zuen, orduan bere kidegoa osatzeko hainbeste ofizial zibili sarbidea errazten ari zitzaielako. 1792ko uztailean Itsas armadan ontziratu zen lemari eta itsasoaren ezagupen onagatik nahiz lanerako prestutasunagatik berehala lortu zuen "ofizialgai" gradua. L'Entreprenant (74 kanoi) itsasontziari lotuta egon zen Tolonen, non ez zen bat ere giro Iraultzaren ondoren. 1793an Topaze fragatara (32 kanoi) pasatu zen eta Casteddu eta Napoliko kanpainetan esku hartu zuen Latouche-Tréville amiralordearen agindupean. Espedizio horien ostean Tolonera itzuli eta bertan egoera erabat aldatu zela ikusi zuen: ingelesek hiria hartua zuten, "Luis XVIIren izenean".

Harrapatua izan zenez ihes egiten saiatu zen baina lortu ez eta Gibraltarrera lekualdatu zuten. Han, lau hilabete atxilotua izan eta gero eta behin eta berriro saiakerak eginda gau batean hogei bat soldadu eta marinel frantziar bildu zituen. Ingelesen txalupa baten jabe egin eta horren laguntzaz Vicomte du Temple (10 kanoi) ontzi armatua okupatu zuten, eskifaia eta guzti. Gaueko giroak lagun portutik atera eta hilabetez ontziratuak egon eta gero Yeu uhartera eta gero An Oriantera heldu ziren 1794ko abenduaren 31n. Ekintza honengatik "monitore ofizial" titulua eta Convention Nationale delakoaren zorionak eskaini zizkioten 1795eko otsailaren 1ean.

Behin-behineko "itsasontzi-iragarle" gradua erdietsita zenbait itsasontzitan aritu zen, bereziki La Réjouie korbetan, non Bretainiako kostaldeko kontrol-lanean ibili zen. 1796an behin betiko gradu hori eman zioten.

1797an Cayennera (Frantziapeko Guyanan, Ameriketan) La Gaieté korbetan itsasoratu zen. Bidean HMS Arethusa ingeles fragatarekin topo egin eta bi orduko borrokaldi baten ostean galdu egin zuten. Hankan zaurituta, Bernard Dubourdieu beste behin ere preso hartuta egon zen. Oraingoan 17 hilabete pasatu zituen espetxeratuta eta 1799an askatu zuten.

Egipto eta Italian

Serpentin cutterrean hasi zen lanean eta 1800eko hasieran La Régénérée fragatan maniobra-ofizial lanak egiteko ontziratu zen; berarekin, L'Africaine beste fragata baten laguntzaz, Rochefortetik atera zen Egiptora elikagaiak, munizioak eta errefortzuak eramatera. Bidaia honetan zehar bigarren fragata hori britainiarrek hartu zuten; La Régénérée ordea Alexandriara heldu zen. Kléber jeneralak, frantsesen "Ekialdeko armadaren" komandante nagusiak, zenbait ardura emango dio, bereziki portuaren pasabidearen ikerketa.

Ber lana ontzat hartuta eta Kléberren ostean etorri zen Ménou jeneralaren begikoa izanda, "itsasontzi-lotinanta" gradurako promozionatu zuen 1801eko apirilean eta L'Écrevisse itsasontziaren nagusia bohurtu zen; honekin Metropolira bidalketa inportanteak helarazteko ardura eman zitzaion. Adriatikoko kostaldera heldu bazen ere, han korbeta britainiar batekin topatu zen. Berriro ere preso hartuta, oraingo honetan berehaka askatu zuten, Dalmaziako kostaldeko Dubrovniken (orduan "Ragusa" deitua), preso-elkartrukatze bat dela medio.

Anartean Taranto Pugliako portu garrantzitsuan suertatzen ziren mugimenduen kontrolatzaile nagusiaren funtzioa bete zuen.[5].

Matinik uhartean

Berriro Tolonen, Aréthuse fragataren bigarren ofiziala izan eta gero, azkenean 1801eko amaieran Martinikan (Matinik kreoleraz) dagoen La Coureuse korbetaren agintea hartu zuen. Urtebetez Sainte-Lucieko estazioaren aginean agindu zuen, Antilletan zehar ibili zen eta Amienseko Bakea 1803ko maiatzean apurtu eta gero kostaldeak defendatzeko lanetan jardun zuen. 1804ko maiatzaren 4an, Saint-Pierreko arradako komandantea zelarik HMS Blenheim ontzi britainarraren 3 txaluparen kontra berebiziko borrokaldia izan zuen; bat hondoratu eta beste biak kontrolatzea lortu zuenez gobernadorea zen Villaret de Joyeuse almiranteak zorionak eman zizkion.

Zenbait hilabete beranduago, 1804ko irailean, izugarrizko zirimola baten erdian non Saint-Pierreren aurrean hogei bat ontzi hondoratu ziren, Dubordieuk naufrago batzuen salbamenduan parte hartu zuen eta bere burua ere uretara bota zuen hori lortu nahian. Koloniako prefetak ausardiazko ekintza hau txalotu zuen, Itsas armadako ministroari gomendiozko eskutitza igorriz.

Hexagonoan bueltan

1806ko uztailaren 5ean fragata-kapitaina bihurtuta, frantses metropolira itzuli eta 1807an Pénélope fragataren agintea hartu zuen Bordelen. 1808ko hasieran Thémis fragatarekin itsasoratuta, Tolonerako bidaia egin zuen eta harako bidean 13 ontzi britainiar atzeman zituen, tartean 2 kortsario, 300 preso hartuta. Gerra-ekintza honek itsasontzi-kapitain gradua lortzea ekarri zion 1808ko ekainean. Bere agintea mantendu eta Ganteaume almirantearen buruzagitzapean Korfura elikagaiak eta munizioak eramatekp espedizioan esku hartu zuen.

1808ko otsailaren 17an La Pénélope eta La Pauline fragatekin itsasora atera zen HMS Proserpine britainiar fragata (44 kanoiduna) hartu nahirik; horretarako Tolonetik itsasorantza jota horren blokeoa eragin nahi zuen. Ingeles ontzia otsailaren 18an topatu zuen Sicié lurmuturraren parean eta borrokaldia hasi zen. Kontuan hartuta orduan frantses armada bere portuetan itxita zegoela, britainiar itsasontzi bat atzeman eta Tolonera eramatea kolpe moral handia izan zen. Tokiko itsas prefetaren oniritziaz Dubourdieu Ohorezko Legioko Zalduna bihurtuko da 1809ko martxoaren 9an.

Italiako erregeordearen esanetara

1810ean Decrès Itsas armadako Ministroak Eugène printze eta Italiako erregeordearen aginduetara jarri zuen, Adriatikoan eskuadra bat egiteko zioaz. Anconan basea zuen eta etengabe Lissa uhartea (egun Vis, Kroazian) britainiarrei hartzeko guran aritu zen, uharte hori Italiako kostaldeetako itsas trafikoa kontrolatzeko leku gakoa zelako. 1810eko urriaren 22an Anconatik ontzirekin aterata (Favorite, Uranie eta Corona fragatak, Bellona eta Carolina korbetak eta 2 brick) Viseko portuan sartzea lortu eta ingelesen biltegiak suntsitu, kai barruko itsasontziak sutan jarri eta Anconara itzuli zen 6 ontzi eta 300 preso hartuta, bere atzetik zebilkien ingelesengandik ihes eginda.

Arrakasta militar berri honen ostean Venezian beste itsas-dibisio bat eratzeko ardura eman zioten eta geroago honen agintea hartuzearena, behin betiko Vis uhartea kontrolatzen saiatzeko eta bertan itsas base bat ezartzeko. 1811n Eugène printzeak kontralmirante gradurako proposatu zuen.

Lissako Bataila

Dubourdieu itsasontzi-kapitainaren dibisioa, Favorite, Danaé eta Flore fragata frantsesek (40 kanoi), Corona italiar fragatak (40 kanoi), Bellona eta Carolina korbetek (32 kanoi) eta beste zenbait ontzi italiar txikik osatua, Anconatik atera zen martxoaren 11ko arrastirian, beraiekin uhartea okupatzeko italiar infanteriako bataloi bat zeramatelarik. 1811ko martxoaren 13an uhartearen aurrean, berau defendatzeko prest dagoen William Hoste kapitain britainiarraren dibisioarekin -HMS Active fragata (38 kanoi), HMS Amphion , HMS Cerberus (32 kanoi) eta Volage korbetak (22 kanoi) eratua- borrokaldia hasteko zorian dago.

Goizeko 6etan Dubourdieuk bere ontziak bi lerrotan antolatu eta erasoan hasi ziren. Britainiarrek lerro bat osatuta bere zain zeuden. Goizeko 8ak aldera La Favorite baionesaren ontziburuak, oso aurreratuta besteengandik, ingelesekin topo egin zuen; Amphion ontziburu britainiarra abordatzeko helburua zuen. Baina La Favorite-k, isolatuegi, 4 ontzi britainiarren tiroak jaso zituen eta goizeko 9ak eta 10ean bere zubi nagusia non eskifaia eta infanteria abordajearen zain pliatzen ziren, metrailazko tiro batzuk jaso zituen. Hala hil zen Bernard Dubourdieu.

Gogor jota eta hildako ugari zegoela, fragata uharteko hego-ekialdeko puntan hondoratu zen; borrokaldia dela eta sua hartua zuen. Batailak segitu zuen baina berehala dibisio franko-italiarra britainiarren menpera jausi zen: Bellona-k eguerdian eta Corona-k 14:30ak aldera amore eman zuten. Besteek ihes egitea lortu bazuten ere, Frantziak bataila honetan 3 fragata eta 700 bat gizon galdu zituen, britainiarren 190 bat bizitza alferrik galdu zirelarik.

Napoleonek bere alarguntsari kontraalmirante bati zegokion 2500 liberako pentsioa eskaini zion. Beren hiru semeetako bat, Louis Dubourdieu, almiranteorde eta Tolongo itsas-prefeta izan zen.

Ikus, gainera

Bibliografia

  • (Frantsesez) Édouard Even, Le capitaine de vaisseau Bernard Dubourdieu (1773-1811) vaillant marin bayonnais de la République et de l'Empire, Marins et Océans III. Economica, Paris 1992.

Kanpo loturak

Erreferentziak

  1. Miquèu Grosclaudek Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons hiztgian (Radio País, 1992, Paue) borda hitzaren eratorritzat sailkatu zuen.
  2. Bernard Dubourdieu kontralmirante gradurako proposatu zuten 1811n, baina Lissako Guduan hil zenez, hortxe amaitu zen bere karrera.
  3. Dubourdieuren "Ohorezko Legioa" txostena Frantziako Artxibategi Nazionalean dago, Parisen. Ikus "Léonore basea" : http://www.culture.gouv.fr/documentation/leonore/accueil.htm
  4. Eugène de Beaurnais Italiako erregeordeak Vis uhartean egindako espedizio ausartagatik.
  5. Italiako Erresuma orduan Napoleonen agindupean zegoen.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.