Beribilez
Beribilez 1931n Jean Etxepare Bidegorrik Baionako Lasserren Etchean argitaraturiko liburua da.
Beribilez | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Jean Etxepare Bidegorri |
Argitaratze-data | 1931 |
Generoa | Bidaldi liburua |
Jatorrizko izenburua | Beribilez |
Jean Etxepareren (1877-1931) bigarren liburua
Jean Etxepare idazle aipatua da, euskal letretan. Buruxkak (1910) bildumako egilea, eta hainbat agerkaritan idazle sarria XX. mendeko lehen herenean zehar. Gizarte-kokapenari begira esan daiteke Jean Etxepare euskal idazle ikasia dela, medikuntzako profesionala, eta dituen kezkak estamentu horri dagozkionak direla, herriaren aurrerabide orokorraz ere dituen kezkak barne. Ildo horretatik, burges txikiaren etika eta hobespenak argi daude, adibidez, Beribilezen Tolosako eta Zarautzeko deskribapenetan, eta baita Donostiako goi-burgesiaren kritikan ere, ikusiko den bezala.
Pertsona autonomoaren pentsaera dugu Etxeparerena: apaizen tutela saihestu nahi duen burges txikiarena. Euskal identitate ezezagun bat sasoi hartan, agian, gaur egun ere eredu baliagarria euskaldun ikasiak izan nahi dutenentzat, XXI. mendeko lehen heren honetan 2008ko krisia gorabehera. Aspaldi da iraultza industriala bipolarizazio soziala aldatzen hasi zela Europan eta klase ertainak sortzen, nahiz eta Euskal Herria eskualde berantiarra izan horretan. Idazlea ez da dogma bati atxikia, esan nahi baita bilaketa pertsonal baten kronika ere jaso litekeela Beribilezen; beraz, zer komunikatua eta mamia duen izkribu baten aurrean gaude.
Beribilez (1931)
Bidaia-liburuaren generoa aukeratu du Jean Etxeparek; generoaren ezaugarriekin bat bidaia-liburu hau hainbat elementuren gordailua izan daiteke: Etxeparek badaki bidean jasotako estimulu kitzikagarriei esker anitz gauza aipa daitezkeela. Izan ere, liburua itxuraz bakuna da, barnean zehar-aipamen asko dituena. Jean Etxeparek sakontasuna bilatzen du ageriko kontakizunaren azpitik, Beribilezen hasierako aurkezpenean dioen bezala:
« | Ikusi ala adituez zer derasakegu geroztik ahoz edo lumaz, mami hazkurritsu zerbait dakarkenik? Gauzen itxuraz, axalaz baizik ez gitazke mintza, izaitez nolako diren ezin dukegulakotz gure lasterkan zilatu | » |
[1].
Beribilez izenburuko bidaia-kontakizun honetan iraultzen du azken helduaroko ikusmoldea, handik gutxira hil egingo baitzen. Idazlearen ikusmolde horretan hainbat aspektu daude hezurmamituta: Argentinatik etorritako etorkina den aldetik; Bordeleko unibertsitateko doktorea den aldetik; medikua den aldetik; gizonezkoa den aldetik; euskaltzalea den aldetik; Iparraldeko bizilaguna den aldetik; burges txikia den aldetik; humanista den aldetik…
Loiolara bisitan 1928an
Inportantea izan daiteke gogoratzea Beribilez historia orokorraren barruan. “Zaku barne-handia”-k –idazleak liburua deskribatzeko erabili zuen esamoldea- edukian hainbat elementu jasotzen ditu: janzkera, gastronomia, arkitektura, folklorea, emakumeen heziketa, turismoa, aurrerakuntza, generoa, dantzak, exotismoa… Elementu horiek testuinguru historikoan kokatuta aztertzea etekintsua da, historiografiak dioenarekin kontrastatuta.
Helburu nagusia Loiolako Santutegia bisitatzea da, bidaia honetan. Jesuitak pasio askoren sorburu eta jasaile izan dira, gure artean ez ezik nazioartean ere. Agian, jesuitak dira euskal esportagai intelektualik handiena; badirudi, behintzat, idazleak eta lagunek irudipen hori dutela. Loiolako kapitulu hori zentrala da liburuan, eta estetikoki landuena. Masa-turismoaren hastapenetan egiten den auto-ibilaldia estuki lotuta dago erromesaldi tradizional batekin.
Beribilez polemikoa
Liburua ez da oso luzea: 1931ko lehen argitalpenean 103 orrialde dauzka. Hala ere, liburu konplexua da, kritikariak ez baitira ados jarri nola irakurri behar den. Baten ustez bidaia konbentzionala dena familian egina (Mari Jose Kerejeta[2]), beste baten ustez jesuiten kontrako aldarria da (Piarres Xarriton[3], Kepa Altonaga[4])…; hau da, topikoz beteriko huskeria modukoa da liburua, ala sakonean errebolta baten estalkia? Muturreko ikuspuntu horiek behar dute kontrapisu patxadatsu bat, alegia, behar dute Beribilezen irakurketa sakonagoa, desadostasun horien funtsa ala funsgabekeria zertan datzan erakusteko. Beraz, liburuak merezi du begirada patxadatsuagoa jasotzea kritikaren aldetik.
Liburuaren iturburua eta sinopsia
Liburuaren argudioaren sinopsia emango dugu, hasteko. Beribilez da autoz eginiko bidaia baten kontakizuna. Bidaia bi autotan egin zen, Jean Etxepare tartean zela beste sei lagunekin, beraren andrea eta amaginarreba bertan izanik. Bidaia abuztuaren erdian egin zuten, 1928an ziur aski, asmo nagusia Loiola bisitatzea zutela. Kanboko bizilekutik abiatu ziren goizean: joatea Iruñetik egin zuten, etortzea Donostiatik, Kanbora gauez itzultzeko. Liburuan herriz herri ematen da ibilbidearen partea, eta han-hemenka bestelako jakingarriak tartekatzen dira: historia, filosofia, gastronomia, arkitektura, laborantza, kosmologia… Dena da egun beteko joan-etorria. Izatez, modernitate kutsu nabarikoa zen autoz egindako ibilaldia, XX. mendeko lehen herenean. Idatziz jasotako automobil-bidaia honen jatorria dira idazleak berak arinago eginiko antzeko bidaia batzuk. Beribilezeko hitzaurrean aipatzen dira Jean Etxeparek egingo zituen bidaien aurrekariak, hots, Piarres Broussain haren euskaltzale lagunak Hegoaldera egin ohi zituen bidaiak. Irakurri kasurako idazleak Piarres Broussain lagunari idatzitako gutunean:
« | Du 6 au 14 courant, j´ai fait, presque toujours sur l´impériale des autos, un magnifique voyage en Espagne (Guipúzcoa et Biscaye). Les plages n´y sont ni aussi belles ni aussi riantes que chez nous, mais par contre, ce qu´ils appellent leur corniche, de Deva à Lequeitio est de toute beauté. Impressionnant et inoubliable également, le trajet de Lequeitio à Guernica. J´ai visité aussi Cestona, Azpeitia et surtout le monastère de Loyola qui m´a vivement intéressé: Je vous ai manqué de deux jours à Durango, hôtel Mista. Je le tiens d´une petite bonne aux yeux noirs qui m´a dit de vous textuellement: "Ah! ¡Qué muchacho más simpático!". Ce qui exprime le nec-plus-ultra de la sympathie chez les Espagnoles | » |
Piarres Broussain abertzalea zen, bestalde, eta Hegoaldeko joera politikoak hurbiletik jarraitzen zituen. Jean Etxepare ere joera horien jakinaren gainean zegoen, hain zuzen, bederen, hizkuntza kontuetan: ezagutza horri zor dizkio boladan zegoen neologismoetarako joera eta gipuzkerarekiko hobespen moduko bat, itxura guztien arabera. Gipuzkeraren aldeko joera hori lotuta zegoen ahaldun gipuzkoarrengan hizkuntzarekiko sumatzen zuen axolarekin, Iparraldekoen artean usatu gabea . Segidako orrialdean mapa bat dago atxikita ibilbidearekin. Liburuan aipatzen diren mugarri nagusiak daude bilduta: A Kanbo. B Itsasu. C Luhuso. D Ortzaize. E Donibane Garazi. F Arnegi. G Luzaide. H Orreaga. I Auritz. J Agoitz. K Iruñea. L Irurtzun. M Lekunberri. N Betelu. O Tolosa. P Azpeitia. Q Loiolako Santutegia. R Zestoa. S Zumaia. T Zarautz. U Donostia. V Pasaia. W Irun. X Donibane Lohizune. Y Senpere. Z Kanbo.
Mapan, zuriz markatuta daude geldialdiak etiketekin, hau da, automobila aparkatu zuten tokiak. Beribilez eginiko ibilaldia Kanbotik Kanbora 1928ko abuztuan. Beribilezen 1931ko lehen argitaraldian orduko errepideekiko fidelagoa den mapa dago.
Erreferentziak
- Etchepare, J. (2010). Beribilez. Klasikoen Gordailua. http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/E/EtxepareJBideBeribilez.htm [2011-10-08]
- Kerejeta, M. J. (1987). “Jean Etchepare” in: Etxepare, J. Beribilez. Bilbo. Euskal Idazleen Elkartea.
- Xarriton, P. (1991a). “Jean Etchepareren euskal lanak” in: Hegats 4 Ekaina.
- Altonaga, K. (2006). Etxepare Aldudeko medikua. Leioa. Euskaltzaindia/EHU. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/66692.pdf [2016-05-21]
- Xarriton, P. (1995). Fonds Lacombe. "Les lettres du docteur Jean Etchepare". 45. gutuna 1921-IX-29
Bibliografia
- Altonaga, Kepa: (2006) Etxepare Aldudeko medikua, Euskaltzaindia-EHU)
- Casenave, Jean (2002). De l´article de presse à l´essai littéraire: Buruchkak (1910) de Jean Etchepare. Madrid. UNED.
- Gartzia Trujillo, Sebastián (2016) “Jean Etxepare” in Gartzia Trujillo, Sebastián, Hamaika euskal literato eta Jainkoa. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Kintana, Jurgi (2009): Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940), Pamiela.
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare eta Pío Baroja", Fontes Linguae Vasconum 125:85-112.
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, Jean Etxepareren Beribilez (1931): bidaia eta ideologia, EHU/Université Bordeaux-Montaigne III (kotutelan eginiko tesia)
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Gizartea Jean Etxepareren idazlanetan: adabakiak", EGAN 2018 3/4:123-148.
- Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare Bidegorri zubigile", Euskera 63: 365-391.