Berdeak (Euskal Herria)
Berdeak euskal alderdi politiko ekologista izan zen. Espainiako Los Verdes konfederazioan sartuta zegoen eta iparraldeko Euskal Herriko Berdeak - Les Verts du Pays Basque alderdiarekin senidetu zen. Eremua Hego Euskal Herria bazen ere, emaitzak Gipuzkoa eta Bizkaian lortu zituen. 2011n Equo alderdian integratu ziren.
Sorrera: | 1992 |
---|---|
Internazionala: | Europako Alderdi Berdea |
Ideologia: | Ekologismoa |
Eremua: | Hego Euskal Herria |
Egoera: | Desagertua |
Webgunea: | www.berdeak.org |
Historia
Berdeak alderdiaren oinarriak 1990ean sortutako Euskal Herriko Berdeak-Euskal Berdeak alderdian daude, Espainiako Los Verdes konfederazioan sartuta zegoela.
1992an, 1990eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan zerrendaburua zen Juantxo Domínguezek alderdia utzi eta, zenbait kidekin batera, Berdeak sortu zuen. 1992ko ekainaren 16an erroldatu eta egoitza Donostian jarri zuten. Egungo bozeramaleak Florent Marcellesi (Bilbon) eta Iñigo Agirre Arrieta (2007. urtetik Mutrikuko ziegotzia dena) dira.
Emaitzak
Lehendabizikoz 1993ko Espainiar Hauteskunde Orokorretan hartu zuten parte. 1994an Ezker Batuarekin batera Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan parte hartu eta 6 eserleku lortu zituzten, horietako bat Juantxo Domínguez.
1995ean berriro Ezker Batuarekin batera Udal eta Foru Hauteskundetan hartu zuten parte. Araban eta Gipuzkoan batzarkide bana lortu zituzten. Euskal Herriko Berdeak, oraindik Espainiako Los Verdes konfederazioan sartuta zegoela, ez zuen parte hartu.
1995ean Berdeak alderdiak Los Verdes birsortzeko Granadako Kongresuan hartu zuen parte. Los Verdes konfederazioa bihurtu eta Berdeak konfederazioa osatzea erabaki zuen. Euskal Herriko Berdeak horrela desagertu eta alderdikideak Berdeak sartu ziren.
1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan Ezker Batuarekin aurkeztu bazen ere, Berdeak 1999ko Udal eta Foru Hauteskundetan eta Europar Hauteskundetan bakarrik aurkeztu zen. Azken hauteskunde hauetan eserleku bat lortzekotan izan ziren. 2000ko Espainiar Hauteskunde Orokorretan bakarrik izan ziren.
1999an, notario-aktaren bitartez[1], Ezker Batuarekin izandako aliantza bukatu zuten. Ezker Batuak Ezker Batua-Berdeak izena mantendu bazuen ere, ez zituen Berdeak alderdiaren kideak izan. Hortik aurrera, saiatu ziren Berdeak izena kentzea[2].
2004an ez ziren Europar Hauteskundetan aurkeztu, Los Verdesek PSOErekin akordio bat sinatu zuelako.
2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan Berdeak eta Zezenketen Aurkako eta Animalien Aldeko Alderdiak sortu zuten koalizioak 4.049 boto (%0,30a) lortu zituen, eserlekurik ez.
2007ko Foru eta Udal Hauteskundetan, Berdeak bakarrik izan zen. Zenbait udalerritan, tartean Sopelan, Getxon eta Mutrikun, bertako zerrendekin batera joan zen. Foru Hauteskundetan %1,5a lortzeaz gainera, Mutrikun hiru zinegotzi (botoen %25a) eta Sopelan bat (botoen %5,7a) lortu zituzten. Getxon botoen %3,3a eta Bilbon %0,86a lortu zuten.
2008ko Espainiar Hauteskunde Orokorretan bere kabuz 6.434 boto (%0,57a) lortu zituzten eta 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan 5.531 (%0,54a).