Beotibarko kantua
Beotibarko kantua XIV. mendeko gudu baten harira konposatu zela kontatzen du guduaren narratzaileak, Esteban Garibai, gertaerak izan eta bi mende eta erdira. Beotibarko gudua 1321. urtean gertatu zen, gipuzkoarren eta nafarren artean (Gipuzkoa artean Gaztelaren parte zen). Gipuzkoarren garaipena izan zen, eta bertsotan ezarri zen garaipen hori, belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu zena.
- Esteban Garibai (1533-1599)
- Klaudio Otaegi (1836-1990)
- Lurdes Iriondo (1937-2005)
- Aire Ahizpak
Beotibarko kantua | |
---|---|
Lurdes Iriondoren, Benito Lertxundiren, Numen (musika taldea)en eta Aire Ahizpaken musika-lana | |
Egilea(k) | Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi, Numen (musika taldea) eta Aire Ahizpak |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | herri-kanta |
Hizkuntza | euskara |
Deskribapena | |
Honen parte da | Altabizkar / Itzaltzuko bardoari (albuma) |
Hitzak | Klaudio Otaegi |
Hitzak
Hala jaso zuen kantua Esteban Garibaik 1571an Compendio historial de las Crónicas y universal historia de todos los reynos de España liburuan.
"Mila urte ygarota
ura vere videan.
guipuzkoarroc sartu dira
Gaztelu-co echean,
nafarroquin batu dira
Beotibarre pelean..."
Koldo Mitxelenaren iritziz[1], hitzak modernoegiak dira 14. mendeko genuinoak izateko, bereziki "gipuzkoar" forma, eta hobeto ematen dute Garibairen beraren garaiarekin.
Lehen bi lerroak errefrauen bere libururako ere gorde zituen Garibaikː Mila urte igarota, ura bere bidean. Denboraren iragateak ere ezin alda ditzakeen gauzak egon badaude eta. Esamolde hori eta antzekoak, hainbat bider agertu dira harrezkero euskarazko olerkigintza eta kantugintzan. Adibidez, Agosti Xahok jasotako Jaon Satordin kantuan[2]:
Ehun urthe igarota
Hura bere bidean
Jaon Satordin mintzatu da
Iruñeko hirian
Beotibarko beste kantuak
Klaudio Otaegik Beoitibarko gudua izeneko beste olerki bat konposatu zuen 19. mendean, berak adierazi eskuizkribu baten oinarrituta, baina ustezko beste idazki horren arrastorik ez da aurkitu[3]. Testu horretan gipuzkoarren etsaiak ez dira nafarrak baizik eta zehaztu gabeko "etsaiak".
Lourdes Iriondok abestu zuen bere lehen albumean (1974)[4] baita Benito Lertxundik ere Altabizkar / Itzaltzuko bardoari albumean (Elkar, 1981) Beotibar izenburu sinpleagoarekin, eta eraldaketa esanguratsu batekinː "Beotibarko harkaitzetan / etsaiak gure oinetan" idatzi zuen Otaegik, baina Lertxundik kantatuː "Beotibarko harkaitzetan / frantsesak gure oinetan".[5] Noski, ez bertsio batean ez bestean ez da esaten etsai haiek benetan nafarrak izan zirela. Otaegi eta Lertxundi, biak gipuzkoarrak dira.
Numen taldeak bertsio musikala grabatu zuen 2003an[6] eta Aire Ahizpek ere Otaegiren kantuaren beste bertsio bat kantatu zuten geroago.[7]
Lurdes Iriondoren hitzak (1974)[8] | Benitu Lertxundiren hitzak (1981)[5] |
---|---|
Beotibarko zelaiak, lehen illunak, gaur alaiak.
Beotibarko harkaitzetan etsaiak gure oinetan. Arro asko sartu ziran, umil asko irten dira Oñaz, agintari haundia, zuretzat gure bizia. Nora zoaz Oñaz jauna, etsai jendearengana? Elur-maluta ugaria, ugariago etsaia. Larrean emaztetxoak, begiak malkoz bustiak. Zatoz lehenbailen etxera, bestela galdu zera. Aurrera, mutil maiteak, etxera doilorkumeak: hil hemen edo garaitu, esaten du Oñaz jaunak. Nor gelditzen da atzean, Oñaz ikusita aurrean? Hil hemen edo garaitu esaten du Oiñaz jaunak. Joan dira hemendik betiko, ez dira inoiz etorriko. Gure euskaldun mendiak ez besterentzat utziak. |
Beotibarko zelaiak, lehen illunak, gaur alaiak.
Beotibarko harkaitzetan frantsesak gure oiñetan. Arro asko sartu ziran, umil asko irten dira Oñaz, agintari haundia, zuretzat gure bizia. Nora zoaz Oñaz jauna, frantses jendearengana? Elur maluta ugaria, ugariago etsaia. Larrean emaztetxoak, bagiak malkoz bustiak: zatoz lenbailen etxera, bestela galdu zera. Aurrera, mutil maiteak, etxera doillorkumeak: hil hemen edo garaitu, esaten du Oñaz jaunak. Nor gelditzen da atzean, Oñaz ikusita aurrean? Zu zera nere nagusi, zurekin hil edo bizi. Joan dira hemendik betiko, ez dira iñoiz etorriko. Gure euskaldun mendiak ez besterentzat gaziak. |
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (1969). Textos Arcaicos Vascos. Madril: Minotauro, 66 or..
- Xaho, Agosti. (2006). Agosti Chahoren kantutegia. Susa ISBN 84-95511-78-9..
- Klaudio Otaegi olerkaria (1836-1890). Etor ISBN 84-85527-81-X..
- Iriondo, Lurdes. (1974). «Lurdes Iriondo» www.badok.eus (Artezi) (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
- Lertxundi, Benito. (1981). «Beotibar (hitzak)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
- Numen. (2003). «...Jarrai beza kondairak» www.badok.eus (Goi Music) (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
- AIRE AHIZPAK - Beotibarko gudua. (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
- Irionso, Lurdes. (1974). «Beotibarko gudua (hitzak)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
Bibliografia
- Xabier Irujo eta Larraitz Ariznabarreta (2021), Beotibar Zazpi mende geroago (1321-2021), Buenos Aires: Ekin.