Arkale
Arkale Oiartzungo udalerrian dagoen mendia eta eremua da. Gailurra harkaitzek osatzen dute, non Erdi Aroko Beloaga gaztelua kokatzen den.
Arkale | |
---|---|
Mota | mendi |
Geografia | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Oiartzun, Gaintxurizketa |
Eskaladarako gune aproposa da. Inguruetan 1939-40 urteetan eraikitako Vallespín izeneko gotorlekua dago.
Esan izan dute Arkaleko harkaitzetan zegoen gaztelu hau Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela. Beste batzuek erromatarren garaian Arditurri meategien eta Oiassoko kaien arteko bidea zaintzeko zerbait gotortua eraiki zutela. Erdi Aroan, Nafarroako erregeek zeukaten Beloaga gaztelua Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200ean eskuratu zuen arte, Semenez Arradakoak idatzitako kronikan jasota.[1]
Ezaugarriak
Arkaleko harkaitzek mendi-gandor moduko bat osatzen dute –hego-ekialdetik ipar-mendebaldera doan arku bat marraztuko balu bezala– Irundik Oiartzunera joateko irispidea itxiz. Beraz, Gipuzkoako gune estrategiko bat da. Goialdea 266 metroko kotan dago; hortik pendizean jaisten da iparraldera eta hegoaldera, aldapa gutxiagoko eremuak aurkitu arte, 230 metroko kotaren inguruan; hortik bailarara bide leunagoa dago. Haustura sakonak eta koskak dituzten harkaitzek osatzen dute katearen ardatza, eta hori, noski, defentsa natural nabarmena da.
Gainaldean, lau angeluko bi esparru ikus daitezke, zeinek, altuera desberdinetan, osatzen baitituzte gailurraren defentsa-egiturak. Bertan dauden haitz naturalez baliatzen dira zati batean, eta gera daitezkeen hutsuneak harlanduzko horma sendoz itxita daude. Horma horiek nabarmenagoak eta handiagoak dira hegoaldean, non azaleratzen diren haitzek plataformak agerian uzten baitituzte.
XIX. mendean liberalek okupatu zuten Arkaleko gotorlekua kokatu zeneko Erdi Aroko gazteluaren hondakinak dira; gotorleku horren hondakinak dira ikusten diren hondakin gehienak. Urrutitik ikus daitezke horma sendo horiek. Goiko plataformak turuta formako irteera bat dauka mendebal aldera; badirudi irteera horrek gaur egun desagertuta dagoen eremu hori ixten zuen tiratzaile-gune batera eramaten zuela, bai eta munizio-biltegi batera ere; azken hori erraz ezagut daiteke, oso itxia eta hermetikoa delako.
Ipar-hegoalderantz zeharkatuz mendia, behealdean, non aldapa txikiagoa den, bi sarrera daude, harkaitzean irekita dauden bi aho, mendia gurutzatzen dutenak eta bi behategi-postutara eramaten dutenak: bat amaituta dago, bestea induskatuta baina amaitu gabe. Barruko korridoreek arrapalak, eskailerak eta gelatxoak dituzte. Zati batzuetan, hormak hormigoiz gaineztuta daude. Galerietako batean, sarrerako arkuan armadako ingeniari-kidegoko armarri bat dago. Behatokiko iparraldeko irteeran, behategi-postuetako bat hormigoiz egina dago –bunker bat dirudi– eta landarez itxita zati handi batean; beste irteerak leize-zulo bat dirudi, indusketa ondoren ez baitzaio azken ukiturik eman eta ez baitu beharrezko egitura militarrik.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- Arrizabalaga, Mikel. (2016). «Urkabetik Beloagako gaztelura» www.berria.eus (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).