Belle Époque

Belle Époque (frantsesez /'bɛle'pɔk/ ahoskatua; Garai polita, euskaraz) 1870etik 1914ra Mendebaldean nagusitu zen oparotasun garaiari deritzo. Esamoldea Lehen Mundu Gerraren aurretik asmatu zen, XIX. mendeko azkenengo hiru hamarkadetatik gerraren hastapenetara doan aldia izendatzeko. Hasiera 1871ko Frantzia-Prusia Gerraren amaierak markatzen du, eta geroztik bakeak 1914ra arte iraun zuen; alegia, Lehen Mundu Gerra hasi zen arte.

Pazkoko desfilea New Yorkeko Bostgarren Etorbidean, 1890.

Izendapenak Europako gizartean izandako errealitate berria eta aldakorra aurkezten du. Giza jardunaren alderdi guztietan aldaketa sakon anitz gertatu ziren, erritmo biziz: aurrerapen teknologikoa, kapitalismoaren sustapena, inperialismoaren hedapena, balore berrien onarpena, berrikuntza kulturalak eta aurrerapen eta zientziarako fede itsua nabarmendu ziren.

Oro har, Belle Époque oreka- eta egonkortasun-garaia izan zen Mendebaldean. XIX. mendeko gatazka odoltsuak behin-behinean baztertu egin ziren, eta Europan ia 45 urteko bake garaia egon zen. Intentsitate apaleko gatazka armatuak egon ziren arren –esaterako, 1904ko Errusia-Japonia Gerra eta gatazka inperialak (Boxerren matxinada)–, joera nagusia bakeari eustea izan zen. Hala ere, ez zen benetako bakealdia izan, europar potentziek euren industria militarrak abian jarri baitzituzten, gerra noiz hasiko zain. Berez, bake armatuko fase horretan, estatuek bideratutako ahaleginek Lehen Mundu Gerra eragin zuten.

Testuinguru politikoa

1871n amaiera eman zitzaion gerra franko-prusiarrari; hots, Alemaniako II. Reicharen eta Frantziako II. Inperioaren arteko gatazka armatuari. Prusia garaile izan zen eta lurralde frantziar aberatsak jaso zituen, Alsazia eta Lorrena. Hala ere, alemaniarren garaipenaren ostean, mendekua hartu nahiak frantziarren gogoan iraun zuen, baina Bismarckek diplomazia-sistema bat garatu zuen Frantzia isolatzeko eta balizko mendekua saihesteko. Era horretan, Bismarckek aurreikusitako aliantza-sareak ia mende erdi batez bakea ziurtatzea lortu zuen Europako oholtzan. Hark diseinatutako diplomaziak indarrean iraun zuen Europan Belle Époque osoan zehar. 1893an Errusiak eta Frantziak elkar hartu zuten, bietako bat erasotua izanez gero laguntza militarra bermatzeko konpromisoa berretsiz.

1900 aldera nazioarteko eragin handiko estatua Britainia Handia zen, zalantza izpirik gabe. Britainiak kokaleku ugari zituen mundu osoan sakabanaturik: Ipar Amerikan, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan (boterea zuen Argentinaren gainean), kolonia ugari Afrika eta Ekialde Ertainean, eta oraindik ere jabetza ugari mantentzen zituen Australasian. Bigarren maila batean, europar potentziak ageri ziren: Frantzia, Belgika, Herbehereak, Portugal, Italia eta Danimarka. Alemania, kolonien banaketara berandu iritsi zen arren, bere boterea handitzeko irrikitan zegoen, bere industrian oinarrituz.

Bien bitartean, Estatu Batuak bere boterea bikoiztu zuen. Espainiar Inperioaren gainbeheraz baliatuz, Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam eskuratu zituen. Lurralde-atxikipenez gain, Estatu Batuak politika arloan gero eta pisu handiagoa lortu zuen, itsas armada hobetuz amerikar kontinentean bere nagusitasuna bermatzearren.

Austria-Hungaria inperioa ahultzen zihoan, bere barne-antolaketan zeharo zaharkituta baitzegoen.

Euskal Herrian

1872an piztu zen Bigarren Karlistaldia Hego Euskal Herrian, eta hiriburuetan liberalak nagusi ziren. Donostian eta Bilbon karlistek egindako setioak pairatu zituzten. Gerraostean, kultur jarduera handiko garai bat hasi zen donostiarrentzat: Danborrada eta Euskal Festak (1896)[1]. Arkitekturari dagokionez, 1872an bertan Santa Katalina zubi neoklasikoa eraiki zuten, 1882an Donostiako Kasinoa (gaur egungo Udaletxea), 1887an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikina, Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia Antzokia (1912). Halaber, Londres hotela (1873-1902), La Perla bainuetxea (1908), Kontxako badiaren baranda famatua bera,

Egungo erdigune osoaren bokazioa eliteen eta burgesiaren bizileku eta atsegin izatea zen eta, beraz, herritar xumeak beste auzo batzuetan bizi ziren. Elektrizitatea eta kaleetako argiztapena ere heldu zen (1899), baita tranbiak ere luze gabe, automobilekin batera. Lehen Mundu Gerra, aldiz, garapen eta aberastasun handiko aldia izan zen Donostiarako, «Belle Époque» bete-betean. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia ugari agertu ziren: Mata Hari, Leon Trotski, Maurice Ravel eta abar.

Euskal kostaldeko beste leku batzuk ere bizi izan zuten dizdirazko urte burges haiek, Biarritzen Bonheur saltoki handia luxua eta modaren tenplu bihurtu zen 1894an. Urte bat lehenago Bizkaia Zubia edo zubi esekia zabaldu zuten Getxo eta Portugalete artean. Izan ere, lehenengoa izan zen Bizkaiko burgesiaren gune nagusia, bertan egon ziren Igeretxeko Bainuetxea (1913) eta, aurretik, La Perla izenekoa (1887-1912). Zarautzen Gipuzkoan izan zen aristokraziaren gune nagusietakoa, eta hortik gertu, Zestoako bainuetxearen inguruan ere loratu ziren hotelak eta azpiegiturak. Hendaiako kasinoa ere garai hartakoa da (1884).

Hizkuntza eta kulturarekin lotuta, baita arlo politikoan ere, Euskal Pizkundea deiturikoa abiatu zen 1876an, Euskal Lore Jokoak ekimen nagusi moduan. Bultzatzaile ezagunen artean, Anton Abadia, Seber Altube, Sabin Arana, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Andima Ibinagabeitia, Sorne Unzueta, Julio de Urquijo eta Iokin Zaitegi daude. Anglo-Vasco-Navarro trenbidea, azkenik, martxan ipini zuten 1889an Bergaratik Lizarraraino, hiru probintzia zeharkatuz. Probintzien arteko garraiobide hark 31 urtez funtzionatu zuen.

Argazki galeria

Erreferentziak

  1. Lore Jokoen tradizioan kokatuta; horien bultzatzaile aritu ziren, besteak beste, Jose Manterola, Jose Zapirain Irastorza (Txapillo), eta Toribio Altzaga.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.