Belgikako historia

Erromatar Garaia

K. a. 57an, Julio Zesarrek Galiaren ipar-mendebaldea konkistatu zuen; bertan belgae izeneko herri zelta bizi zen. K. a. 22an, Zesar Augustok Galia Belgika erromatar probintzia sortu zuen, Sena eta Rhin ibaien artean; Durocortorum Remorum (egun Reims, Frantzia) zen hiriburua.[1] Erromatarrek galtzada garrantzitsuak eraiki zituzten probintzian zehar, hala nola Boulogne-Kolonia eta Reims-Treveris artekoak, eta latina bilakatu zen administrazioaren hizkuntza. Kristautasuna IV. mendearen hasieratik aurrera hedatu zen; Tongres izan zen lehenbiziko apezpikutegia.[2]

Erdi Aroa

IV. eta V. mendeetako migrazioetan, frankoak kokatu ziren eskualde hartan, eta bertan eratu zuten lehenbiziko erresuma frankoa. Txilderikok Tournain ezarri zuen hiriburua; haren seme Klovis I.ak bataioa hartu zuen 496 aldean, eta Parisera lekualdatu zuen gortea.[3]

843an sinatutako, Verdungo Hitzarmenaren arabera, Luis Errukitsuaren hiru semeen artean banatu zen Karolingiar Inperioa. Egungo Belgikaren lurraldeei dagokienez, Lotario I.ak jaso zituen Eskalda eta Rhinen arteko lurrak (Lotaringia), eta Karlos Burusoilak Flandria. 923ean, Lotaringia Ekialdeko Frantziari lotu zitzaion. XI. eta XII. mendeetan, lurraldea zenbait konderri eta jaurerri feudaletan banaturik zegoen: Flandriako, Namurko, Hainauteko, Luxenburgoko eta Loongo konderriak, Brabanteko eta Linburgoko dukerriak eta Liejako Printzerria. Flandria Frantziako Erresumaren parte zen, eta gainerako lurraldeak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende zeuden.[4]

X. mendetik aurrera, merkataritza bideak sendotuz joan ziren. Haien ondoan hiri berriak sortu eta zaharrak suspertu ziren. Urteko feriek garrantzi handia hartu zuten. XII. mendetik hara, produktu batzuk kanpora saltzen hasi ziren, hala nola Flandesko ehunak eta Valoniako metalurgia-lanak. Hiri batzuek, Gantek, Brujasek eta Ypresek adibidez, hiri gutuna eskuratu zuten. Zistertar abadia ugari eraiki ziren urte horietan: Orval (1132), Ten Duinen (1139), Villers (1146), Aulne (1147), Ter Doest (1174), Val-Saint-Lambert (1191). XIV. mendea izan zen Flandesko hirien garairik oparoena. Bertan ekoitzitako oihalak ontziz eramaten ziren Baltikorantz, Hansaren portuen bitartez. Leku estrategikoan kokatua, finatza gune garrantzitsu bihurtu zen Brujas, eta bertako portuak berealdiko ontzi-trafikoa zeukan.[4]

XIV-XV. mendeetan, Borgoinako dukeen esku gelditu ziren egungo Belgikako lurralde guztiak, Liejako eta Stavelot-Malmedyko printzerriak eta Tournai izan ezik. Frantzia eta Inperio Santuaren artean estatu indartsu bat eratzea zen haien asmoa. Urte horietan, 1400-1450 bitartean batez ere, ekonomia, kultura eta arte loraldia gertatu zen Borgoinar Herbehereetan. Filipe Onberak gauzatu zuen lurralde horien guztien bateratze administratiboa. Hiri handiek, ordea, beren autonomia gorde nahi izan zuten, politika zentralista horren aurka. XV. mendearen amaieran, Brujasen gainbehera hasi zen, eta Anberes bilakatu zen Flandesko merkataritza-hiri nagusi.[4]

Aro Modernoa

1477an amaitu zen Borgoinar Herbehereen independentzia, Maria Borgoinakoa Maximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu zenean. Maria eta Maximilianoren iloba Karlos Habsburgokoak oinordetu zituen lurralde horiek, Espainiako Koroa eta Inperio Santuarekin batera. 1521ean Tournai eta egungo Herbehereetako probintzia batzuk ere bereganatu zituen. Eskuratu berriko eskualde horiek eta Borgoinar Herbehereek osatutako estatu multzoari Espainiar Herbehereak (edo Hamazazpi probintziak) izena ematen zaio. Hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Pizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma Protestantea errotzeko gune egokienetako bat.[5] Karlos Habsburgokoak aurre egin bazion ere, kalbinismoa azkar hedatu zuen Espainiar Herbehereetako iparraldean.[4]

Filipe II.a Espainiakoa izan zen Karlos Habsburgokoaren oinordekoa. Hamazazpi probintzietako nobleziak ez zuen gogo onez hartu haren jatorri atzerritarra, ezta haren nagusikeria ere. Protestanteen aurka Filipek abiarazi zuen politika bortitzak haserrea areagotu zuen. 1568an espainiarren aurkako matxinada piztu zen, Gilen Isila buru zela. Hasieran espainiarrak nagusitu baziren ere, iparraldeko probintziek borrokari eutsi zioten, eta Zazpi Herbehere Batuen Errepublika independentea (Probintzia Batuak ere deitua) eratu zuten 1581ean. Hegoaldeko hamar probintziak (ipar-mendebaldeko Frantzia, egungo Belgika, Liejako probintzia izan ezik, eta Luxenburgo) Espainiako Koroaren mendean geratu ziren. Horiek horrela, hegoaldeko probintzietako herritar ugari erbesteratu egin zen Zazpi Probintzietara edo beste herrialde batzuetara.[4]

XVII. mendean Espainiak etengabeko gerrak izan zituen, bai Frantziaren aurka, bai Probintzia Batuen aurka. Horren ondorioz, Hegoaldeko Herbehereak guduzelai bilakatu ziren, eta herrialdea suntsiturik geratu zen. Miseria garaia izan zen, artean Inperio Santuaren mende zegoen Liejako Printzerrian izan ezik. Gudu horietan Zeelandako Flandria, Ipar Brabante eta Maastricht aldea konkistatu zituzten Probintzia Batuek, eta Artois, Frantziar Flandria eta Hainauteko hegoaldea bereganatu zituen Frantziak.[4] 1714an, Espainiako Ondorengotza Gerraren ostean, Habsburgotar monarkiak eskuratu zituen Hegoaldeko Herbehereak; handik aurrera, Austriar Herbehereak izena eman zitzaien. 1794an, Frantziako Iraultzako Gerretan, Frantziako Errepublikak beretu zituen; frantsesen nagusitasuna 1815ean amaitu zen, Napoleon erabat azpiratua izan zenean.[6]

Belgika independentea

1815ean, Herbehereetako Erresuma Batua sortu zuten Napoleonen aurkako aliatuek, Probintzia Batuak, Austriar Herbehereak eta Liejako Printzerria bateraturik, hizkuntza eta erlijio berezitasunak kontuan hartu gabe, eta Gilen Orangekoa ezarri zuten errege. 1830ean, ordea, hegoaldeko valoniar eta flandriar katolikoak matxinatu eta Herbehereetatik bereizi ziren (Belgikako Iraultza). Monarkia konstituzionala ezarri zen, Leopoldo I.a errege zela. Leopoldo I.a 1865ean zendu zuen, eta Leopoldo II.a semea izan zuen ondorengo. Afrikako kolonizazioaren eragile nagusietako bat izan zen Leopoldo II.a; Kongoko Estatu Burujabea haren jabego pribatua izan zen, eta hilketak, bahiketak eta torturak erabili zituen bertako aberastasunak beretzeko. 1908an, Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren izugarrikeriak ezagutu zirelarik, gobernuaren esku utzi behar izan zuen erregeak lurralde hura, harrezkero Kongo Belgikarra izena hartu zuena.[7]

XX. mendea

Gaur egungo hizkuntza-mugak; (1) berdez, ''Flandria''' (2) gorriz, ''Valonia''' (3) urdinez, eremu germanofonoa, Valonia barruan dagoena (4) Bruselako hiriburua non frantsesa eta nederlandera ofizialak diren.

Leopoldo II.a 1909an hil ondoren, Alberto I.a tronuratu zen. Herrialde neutrala bazen ere, Lehen Mundu Gerraren hasieran, 1914ko irailean, Alemaniak Belgika inbaditu zuen, Frantziari erasotzea herburu zuen Schlieffen planaren barnean. Gerrako mendebaldeko fronteko bataila nagusietako batzuk mendebaldeko Belgikan gertatu ziren. Gerra ondoan, Versaillesko Itunaren bitartez, Eupen eta Malmedy bereganatu zituen,[8] eta baita erdialdeko Afrikako Ruanda-Urundi kolonia ere.[9] 1932an onartu zen lehenbiziko hizkuntza legea, herrialdea hiru eremutan banatu zuena: Valonia (frantsesa ofiziala), Flandria (flandesera ofiziala) eta Brusela (elebiduna).[10]

Alberto I.a 1934an hil zen mendi istripu batean, eta haren seme Leopoldo III.a izan zen ondorengoa. 1940eko maiatzaren 10ean, Alemania Naziak herrialdea inbaditu zuen. Erregeak kapitulatzeko agindua eman bazuen ere, Parisen erbesteraturik zegoen gobernuak errefusatu zuen amore ematea. Alferrik izan zen, eta hilaren 28an baldintzarik gabe errenditu zen Belgika.[11] 40.000 belgikar baino gehiago hil zituzten naziek, horietako erdiak juduak. 1944ko irailaren eta 1945eko otsailaren bitartean, Aliatuek herrialdea askatu zuten. Belgikar herriak naziekin kolaboratu izana egotzi zion Leopoldo III.ari, eta 1951n Baudouin semeari utzi behar izan zion erregetza.[12]

1948an, Benelux izeneko ekonomia eta aduana batasuna eratu zuten Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok. Hiru urte geroago, hiru herrialde horiek, Frantziak, Italiak eta Mendebaldeko Alemaniak Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa sortu zuten, Europar Batasunaren ernamuina.1960an, burujabetasuna onartu behar izan zion Belgikar Kongori (egun Kongoko Errepublika Demokratikoa).[13]

1990eko hamarkada

1991ko hauteskundeetan, Vlaams Blok alderdiak (Flandriar Blokea, atzerritarrak kanporatzea aldarrikatzen zuen talde xenofobo bat) sei aldiz halakotu zuen legebiltzarkideen kopurua Parlamentuan. Eskuin muturraren gorakada zela, batetik, eta ekologistena, bestetik, lehen ministroak kargua utzi zuen. Lau hilabete geroago, 1992an, Jean-Luc Dehaenek hartu zuen kargua, demokratakristauen eta sozialisten koalizo gobernu baten buru.

1990. urteaz gero Belgikak garrantzi handiko papera bete zuen Europako erakundeetan, eta Europar Batasunaren lehendakaritza lortu zuen 1993ko bigarren erdian. Urte hartan bertan garrantzi handiko bi gertaera izan ziren: Belgika estatu federal bilakatu zen, hiru eskualde edo estaturekin, eta Balduin I.a erregea hil zen. Haren anaia Alberto II.ak hartu zuen erregetza. Bestalde, langabezia tasa inoiz baino handiagoa zen (% 14,1). Dehaenek langabeziari aurre egiteko plana prestatu zuen sindikatuekin; 1994ko maiatzean langabezia tasa % 9,8 zen. Alderdi sozialistako hiru ministrok kargua utzi zuten ustelkeriaz akusaturik.

1994an agerian geratu zen jendearen mesfidantza gobernu koalizioarekiko: ekaineko Europarako hauteskundeetan eta urriko udal hauteskundeetan sozialistek botoak galdu zituzten, eta bien bitartean Vlaams Blok Anberesko bigarren alderdia izatera iritsi zen. 1995eko maiatzaren 21ean egin ziren Belgikako estatu federaleko legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak. Boto emaileek, diputatuez gainera, Brusela, Flandria eta Valoniako hiru biltzar berrietako 75 kideak hautatu zituzten. Dehaenek aise irabazi zuen hauteskunde nazionaletan, eta gobernuburu izendatu zuten ostera.

1996an Vlaams Bloken presioak eta eskandalu larri batzuek zalantzan jarri zuten Belgikako estatuaren izatea bera. Marc Dutroux kasuaren ikerketak, pedofiliako akusazioaren pean, kinka larrian jarri zituen sistema politikoa, poliziala eta judiziala, frogatuta geratu baitzen haien gaitasunik eza, elkarren lehia eta bezerokeria. Urte hartan bertan, Guy Coeme, lehendakariorde ohia eta Defentsako ministroa, espetxean sartu zuten alderdi sozialistako beste zazpi agintarirekin batera iruzur, engainu eta ustelkeriaz akusatuta.

1996ko ekainean, Vlaams Blok alderdiko kide eta Europako parlamentuko diputatu Fran Van Heckek, Belgikaren zatitzea Bruselan gauzatzeko asmoa azaldu zuen. Vlaams Blokek Flandria Herbehereekin lotzea proposatzen du. Giza eskubideen aldeko elkarteek xenofobiaren gorakada salatu zuten 1997an, poliziak Said Charmi droga trafikatzailea balaz josita hil zuelako. Lekuko batzuen arabera poliziak hilarazi zuen. Hil horretan bertan egindako inkesta baten arabera, belgikar frankofonoen % 74 ez dator bat Belgikako gizartearen helburuekin. Azken urteetan, liskar handiak izan dira bi belgikar komunitateen artean: hainbat gobernuk behin eta berriz eman behar izan du dimisioa, batzuen eta besteen interesak adostu ezinez, eta estatuaren beraren batasuna kolokan jarri izan da sektore askotatik.

Erreferentziak

  1. Gallia Belgica. Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  2. La principauté de Liège: Les premiers évêques. perso.infonie.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  3. Pfister, Christian. Clovis. 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  4. Histoire avant l'indépendance. vivreenbelgique.be (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  5. Erlijio gerrak. Historia Unibertsala, Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-18).
  6. War of the Spanish Succession. historyworld.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
  7. El Genocidio de Leopoldo II. ikuska.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  8. Robert H., George. Eupen and Malmedy. foreignaffairs.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  9. Samson, Anne. Ruanda and Urundi. 1914-1918-online. International Encyclopedia of the First World War, encyclopedia.1914-1918-online.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  10. Beljika burujabearen hizkuntza politika. soziolinguistika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  11. May 28: Belgium surrenders unconditionally. This Day in History, A&E Television Networks, history.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  12. Vanderstappen, Tom. Leopold III: The Belgian king who was forced to abdicate after the Second World War. 2019 The Brussels Times, brusselstimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  13. The Congo, Decolonization, and the Cold War, 1960–1965. Office of the Historian, Bureau of Public Affairs, United States Department of Statehistory.state.gov (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.