Belarraren ahoa
Belarraren Ahoa Harkaitz Canok idatzitako eleberri bat da, 2004an Alberdania argitaletxeak plazaratua. Liburu honetan, ukronia bat proposatzen da. Narrazioak alegia moral baten forma hartzen du. Argitaratu eta hurrengo urtean, urte hartako Euskadi Saria irabazi zuen.[1]
Belarraren ahoa | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Harkaitz Cano |
Argitaratze-data | 2004 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Belarraren ahoa |
Argitaletxea | Alberdania |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Narrazioa |
Orrialdeak | 104 |
ISBN | 84-96310-20-5 |
Sariak | Euskadi saria - Euskarazko literatura, 2005ean |
Datu gehigarriak | |
Haria
Adolf Hitlerrek II. Mundu Gerra irabazi du eta Europa osoaren jabe izatea lortu du. "Gizon Txikia" -nobelan izendatzen den bezala- bere itsas armadarekin AEBtara bidean da. Beste pertsonaia bat, Charles Chaplin, The Great Dictator filmaren egilea, itsasontziko ziega batean torturatzen ari dira. Filma estreinatu zenetik, Charles Chaplin da Hitlerrek munduan gehien gorroto duen gizakia. Gizon Txikiak "Marko Polo kodea" aplika diezaioten agindua eman du: bere eskuekin torturatuko du zinemagilea.
New Yorken lehorreratzen dira tropa naziak, lau aste itsasoan eman ondoren. Hitlerrek plan osoa buruan dauka: Liberty Islanden erresistentzia gutxi izango dute, eta hiria osorik bereganatzen dutenean, AEBtako armada ez da hiria bonbardatzera ausartuko. Denak lasai dirau eta tropek aurrera egiten dute hirian barna, musika banda batek, Hitlerrek hala aginduta, Richard Wagneren musika jotzen duen bitartean. Komedianteak, bien bitartean, ziegako leihotxo biribila puskatu eta uretara salto egiten du. Ur koipetsuetan barrena igeri eginez, lurrera ailegatzen da, zeharo akiturik. Jatorri frantseseko agure konkordun batek etxean ezkutatuko du...
Urte asko lehenago, 1886. urtean, frantziarrek estatubatuarrei estatua bat oparitu zieten: Lady Liberty, Askatasunaren Estatua. Estatuaren altzairuzko atal guztiak Frantziatik AEBtara ontzi handi batean eraman zituzten. Lady Libertyren koroan berriz, polizoi bat zihoan gorderik: Olivier Legrand. Behin, portuko zamalari honi, estatuaren barnean ezkutatuta AEBtara alde egitea gogotu zitzaion. Bere lagunak utzita, Lady Libertyren koroako kiribilduretan moldatu zuen ohea, eta lau asteren buruan ikusi zuen, berriro ere, lurra. Bidai haren bizitza guztirako oroigarri bezala, bizkarrean konkor handi bat gelditu zitzaion.
Itzulpenak
Harkaitz Canok berak egin zuen Belarraren ahoaren gaztelaniazko bertsioa eta 2006an Alberdania argitaletxeak argitaratu zuen El filo de la hierba izenburuarekin.
Erreferentziak
- «Harkaitz Canoren 'Belarraren ahoa' eleberriari euskal literaturako Euskadi Saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-10-30).