Belar elikagarriak
Belar elikagarriak edo sukaldeko belarrak —edo belarrak, besterik gabe, adiera zabalean (belar aromatiko, usain-belar, sukaldaritza-belar edo ongailu-belarra)— elikadurarekin loturiko giza kontsumoan erabiltzen diren tamaina txikiko landare belarkarak dira. Ez dute zerikusirik belardiko landareekin, eta elikagai, sendagai, edo lurrin gisa prozesatu eta kontsumi daitezke horien hosto, kimu edo begiak. Zurezko enborrik garatzen ez duten zurtoinak izateak batzen ditu morfologikoki, baina era askotakoak izan daitezke. Nutrizioan duten balioarengatik kontsumitzen diren barazkiak eta beste landare batzuk eta ez dira kategoria honetan sartzen ohikoan.[1][2][3] Horien artean, kalitatez hobeak kontsideratzen direnei, belar on esaten zaie.[4]
Lagunarteko hizkeran, belarra da elikagaiak prestatzeko edota osasuna babesteko balio duen landarea eta, areago, kasu batzuetan arbola-hostoa ere (ezkia, ereinotza), erabiltzen den atala, hostoa edo zaina denean.[5]
Belarra eta espezia terminoek antzeko esanahia duten arren, bigarrena erabiltzen da hostoak eskuarki ez diren baina xede horixe duten landareen beste atal batzuk adierazteko: haziak, fruituak, sustraiak, azala, etab. Belar elikagarriak fresko eta osorik kontsumitzen dira normalean; espeziak, lehortu eta xehatu edo eho egin ohi dira, erabili aurretik.
Bereizketa horiek, dena den, sotilak dira eta autore eta erabilera batetik bestera aldatu egiten dira. Landare bat modu desberdinetan har daiteke, erabilitako atalen eta hauen erabileraren arabera. Horrela, martorri haziak espezia dira eta hostoak, berriz, belar aromatiko; ereinotz, ezki eta beste landare batzuetako hostoak kontsumitzen dira, belar aromatikoak izan gabe.
- Ereinotza edo erramua
Sailkapena
Codex Alimentarius-ek —Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) baterako programak— jan-edanak apailatzeko belarrak honela definitu ditu: "Janariak ontzeko belarrak, landare belarkaren hosto, lore, zurtoin eta sustraiak dira, eta aski kantitate txikitan erabiltzen dira janari-edariei gustua (zapore eta usaina) emateko, ongarri gisa. Fresko daudela edo modu naturalean lehortuta erabiltzen dira.”[6]
Multzo hori hiru azpimultzotan banatuta dago:
- belarrak (landare belarkarak);
- zurezko landareen hostoak (zuhaixka eta zuhaitzen hostoak);
- lore jangarriak.
Belar finak
Belar finak, oro har, entsalada lurrintzeko edota eltzekariak aromaz dotoretzeko erabiltzen diren baratzeko aromatiko guztiak dira. Halaz ere, adiera hertsian lau dira landare usaintsu tradizionalak sukaldaritza frantsesean:
- estragoia (Artemisia dracunculus),
- perraitza (Anthriscus cerefolium),
- perrexila (Petroselinum crispum) eta
- tipulina (Allium schoenoprasum)
Autore batzuek gaitun txikia (Sanguisorba minor) ere hartzen dute halakotzat.
Euskal Herriko belar ezagun batzuk
Hona hemen gure artean ohikoak ziren eta aspaldi honetan sartu diren ezagunenetako batzuk: ailorbea (Trigonella foenumgraecum), aingeru belarra (Angelica officinalis, Angelica archangelica), albaka anis-usaina (Ocimun basilicum, anise), albaka arrunta (Ocimun basilicum), albaka hosto-txikia (Ocimun basilicum, minimum), albaka kanela-usaina (Ocimun basilicum, cinnamom), albaka kanfor-usaina (Ocimun kilimandscharicum), albaka kizkurra (Ocimun basilicum, crispum), albaka more kizkurra (Ocimun basilicum, purple ruffles), albaka morea (Ocimun basilicum, purpurascens), albaka zitriko-usaina (Ocimun basilicum, citriodorum), anis mendaduna (Agastache anethiodora), azitrai arrunta (Satureja hortensis), azitrai fina (Satureja thymbra), azitrai negutarra (Satureja montana), basaberakatz edo basabaratxuria (Allium sativum, opbioscordon), beltxata edo albetxea (Nigella sativa), berakatz edo baratxuria (Allium sativum), berbena limoi-usaina (Mentha sativa), bergamota (Monarda didyma), borraja (Borago officinalis), bortusai edo erruda usaintsua (Ruta graveolens), curry belarra (Helichrysum angustifolium), egilits apaina (Calamintha grandiflora), egilits arrunta (Calamintha officinalis), ereinotz edo erramua (Laurus nobilis), errefau mina (Armoracia rusticana), erromeroa (Rosmarinus officinalis), binagrera edo estragoia (Artemisia dracunculus), ezkai edo xarbot arrunta (Thymus vulgaris), ezkai edo xarbot laranja-usaina (Thymus citriodorus “Fragantissimus”), ezkai edo xarbot limoi-usaina (Thymus citriodorus), ezkai edo xarbot urrekara (Thymus citriodorus “Aureus”), ezkai edo xarbot usaintsua (Thymus herba-barona), ezkai edo xarbot zitrikoa (Thymus pallasianus), gaitun txikia (Sanguisorba minor), gaituna (Poterium sanguisorba), garraiska (Melissa officinalis), garraiska erletarra (Monarda didyma), garraiska urrekara (Monarda didyma), ilena (Calendula officinalis), intsusa (Sambucus nigra), isipu belar anis-usaina (Agastache foeniculum), isipu belarra (Hyssopus officinalis), izpiliku fina (Lavandula angustifolia), izpilikua (Lavandula spica), kamamila (Chamaemelum nobile), katu belarra (Nepeta cataria), korala (Salvia elegans), aneta (Anethum graveolens), lima kaffir (Citrus hystrix), limoi belarra (Cymbogon citratus), menda (Mentha sp.), menda berde kizkurra (Mentha spicata “Crispa”), menda berdea (Mentha viridis), menda limoitsua (Mentha piperita citrata “Lemon”), menda sagartsua (Mentha suaveolens), menda zitriko-usaina (Mentha X piperita citrata), mendafina (Mentha X piperita, piperita), mendaro arrunta (Origanum vulgare), mendaro mina (Origanum onites), mendaroa (Origanum marjorana), mendi-apioa (Levisticum officinalis), mihilua (Foeniculum vulgare), milorria (Achillea millefolium), mingarratz, uztao, lapaitz edo uhagoa (Rumex acetosa), mitrea (Myrtus communis), oregano hosto-txikia (Origanum microphyllum), oregano kizkur urrekara (Origanum vulgare “Aureum crispum”), oreganoa (Origanum vulgaris), perraitza (Anthriscus cerefolium), perrexil kizkurra (Petroselinum crispum), perrexil laua (Petroselinum hortense filicinum), perrexila (Petroselinum crispum), poligondoa (Polygonum odoratum), salbia arrunta (Salvia officinalis), salbia gorria (Salvia officinalis “Purpurea”), sandaloa (Mentha aquatica), tipulatxa (Allium ascalonicum), tipuleta (Allium fistulosum), tipulin txinatarra (Allium tuberosum), tipulina (Allium schoenoprasum), txarpoila (Carum carvi), txortaloa (Mentha pulegium), zilantroa (Coriandrum sativum).
Belar-zerrendak
- Marko Gavio Apiziok, De re coquinaria Erromako klasikoko lanean, gaur egungo sukaldaritza mediterraneoan ohikotzat jo daitezkeen zenbait belar proposatzen ditu: baratxuria, anisa, ezamihilua, apioa, kaparrondoa, kardamomoa, kipula, tipulatxa, tipulina, azafraia, kuminoa, mihilua, ereinotza, jengibrea, menda, albaka, oreganoa, perrexila, ziapea, ezkaia...
- Capitulare de villis vel curtis imperialibus izeneko frankoen VIII. mendeko dokumentuan beste zerrenda klasiko bat agertzen da, eta han aipatuak dira: Iris germanica (lirioa), zitoria, Rosa canina (basa-arrosa), ailorbea, erruda, Saussurea costus, Tanacetum balsamita, txarpoila, Polygonum bistorta, binagrera, txikoria, usagaria, lapa-belarra, txortaloa, mendi-apioa, mendabeltza, mota-belarra, katu-belarra, lo-belarra, malba zuria eta arrunta, txiribia, baratze-kardua, apoperrexila, tartikua, Sempervivum tectorum, Salvia sclarea...
- Karlomagno enperadoreak (742–814) bere belardi eta lorategietan ipiniko ziren 74 belarren zerrenda osatu zuen. Erdi Aroko Europa hartan ere, osasunaren eta sendabelarren arteko lotura hertsia zen: The Forme of Cury tratatuak belarren erabilera biziki bultzatu zuen, are entsaladan ere; makila handiko bermea erakusteko, idazlanaren hastapenean, "Erregearen Gortean, fisikan eta filosofian Maisu zirenek aldeko oniritzia eta aholkua emana zeudela" adierazi zuen.
Erreferentziak
- Diccionari de la llengua catalana. .
- Herb | culinary and medicinal plant. .
- herb. .
- Rakarcha, Sarayut; Maknoi, Charun; Tanming, Wattana; Thammarong, Woranart; Panyadee, Prateep. (2020). «Dimetra (Oleaceae), a new genus record for Lao PDR» Thai Forest Bulletin (Botany) 48: 184–186. doi: . ISSN 2465-423X. (Noiz kontsultatua: 2023-03-25).
- Agirre, Edorta. (2014). [«Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa» calameo.com Elikaduraren Hiztegi Entziklopedikoa. ].
- FAO. (2018). DRAFT AND PROPOSED DRAFT REVISION OF THE CLASSIFICATION OF FOOD AND FEED: CLASS A: PRIMARY FOOD COMMODITIES OF PLANT ORIGIN. TYPE 05: HERBS AND SPICES. DRAFT REP18/PR.. .
Bibliografia
- Mireille Gayet, Grand traité des herbes aromatiques. Éditions le Sureau, 2012, 232 p. (ISBN 978-2-36402-019-1
- María Mestayer de Echagüe. (2005). La cocina completa. Espasa Calpe ISBN 84-670-1990-5. PMC 432959125.
Kanpo estekak
- Espeziak, belar usaintsuak eta hongailuak Wikiliburuak: Iñigo Esnaola Arraiza, Sukaldaritza liburua. 2022
- Belar usaintsuak, Wikiliburuak: Iñigo Esnaola Arraiza, Sukaldaritza liburua. 2022.
- Amantala ta mantela. Philosphia & Oilo sophia. Edorta Agirre. (2022). Pamiela, ISBN 978 84 9172 259 5..
- Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa. Edorta Agirre. (2014) calameo.com(Noiz kontsultatua: 2019-01-05).