Beirut
Beirut[1][2] (arabieraz: بيروت Bayrūt; Bibliako hebreeraz: בְּאֵרוֹת Be'erot; hebreeraz: ביירות Beirut; latinez: Berytus; frantsesez: Beyrouth; turkieraz: Beyrut; armenieraz: Պէյրութ Beyrut[3]) Libanoko hiriburua da, eta hango hiri eta portu nagusia. Mediterraneo itsasoaren ertzean dago. Gutxi gorabehera 1,8 milioi biztanle dituela kalkulatu da, Libanon ez baita zentsurik egin 1932tik. Ekialde Hurbileko hiri kosmopolitenetarikoa da. Beiruten kristautasunaren eta islamaren hainbat adarren jarraitzaileak bizi dira (kristau maronitak, musulman sunitak eta musulman xiitak dira nagusi). Garai batean Ekialde Hurbileko hiri oparoena izan eta gero, bonbardaketek erabat suntsitu zuten 1975eko Libanoko gerra zibilean, eta orduz geroztik banatuta geratu da: mendebaldeko Beirut musulmana, batetik, eta ekialdeko Beirut kristaua, bestetik.
Beirut بيروت بيروت Beyrouth | |||
---|---|---|---|
hiriburua | |||
Administrazioa | |||
Herrialdea | Libano | ||
Administrazioa Alkatea | Barrutia Abdel Mounim Ariss | ||
Ordu eremua | UTC+2 (udan +3) | ||
Izen ofiziala | بيروت | ||
Jatorrizko izena | بيروت | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 33°53′13″N 35°30′47″E | ||
Azalera | 100 km² | ||
Altuera | 0 | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 2.421.354 (2023) 1.988.105 (2017) | ||
Dentsitatea | 121.067,7 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Telefono aurrizkia | 01 | ||
Ordu eremua | UTC+02:00 eta UTC+03:00 | ||
Hiri senidetuak | Kairo, Istanbul, Amman, Atenas, Damasko, Dubai, Erevan, Los Angeles, Lyon, Marseilla, Mosku, Quebec Hiria, Trieste, Montreal, Buenos Aires, Mexiko Hiria, Bagdad, Tripoli, Karatxi, Rio de Janeiro, Île-de-France eta Dubai | ||
http://www.beirut.gov.lb/ www.beirut.gov.lb |
Beirut Libano osoko gune ekonomiko nagusia da, eta 21 unibertsitate ditu. Nazioarteko erakunde askok bertan dute egoitza; konparazio batera, Libanon dago Nazio Batuen Mendebaldeko Asiarako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen egoitza nagusia, bai eta Nazioarteko Langile Erakundearen eta UNESCOk arabiar mundu osorako duen lurralde-egoitzak ere. Arabiar Ligako Batzarren egoitza izan da.
Auzoak
Beirut 12 auzotan (quartier) banaturik dago:[4]
- Achrafieh
- Dar El Mreisse
- Bachoura
- Mazraa
- Medawar
- Minet El Hosn
- Moussaitbeh
- Port Beirut
- Ras Beirut
- Rmeil
- Saifi Village
- Zoukak El Blatt
Gero hauek sektoretan (secteurs) ere banaturik daude[5].
Historia
Feniziarren merkataritza hiria izan zen (Berytos, K.a. 2000. urtearen erdialdean). Erromatar kolonia bihurtu zen Augustoren garaian (K.a. 15).
Musulmanek konkistatu zuten 635ean eta gurutzatuek 1110. urtean. Saladinen osteek 1187an eskuratu ondoren, gurutzatuen eskuetan egon zen hiria denboraldi batez (1197-1291). Geroztik, musulmanen eskuetara itzulita, Egiptoko mamelukoak eta otomandarrak izan ziren Beiruteko jabeak. XVI. mendetik aurrera, Otomandar Inperioko hiria izan zen. Beirut nahitaezko portua zen Ekialde Hurbilerako bidaietan.
1920 eta 1941 urteen bitartean frantziarren mende izan zen, eta Libanoko hiriburu izendatu zuten (1941etik aurrera burujabea). Frantsesen kuartel nagusia izan zen Ekialde Hurbilean (1919-1946).
1970eko eta 1980ko hamarkadetan gerra zibilek eta Israelen inbasioak hondatu zuten hiria. Beirut izan da burujabetasunaren ondoren Libanok bizi izan dituen barne-gatazka guztien gune nagusia: kristau maroniten eta musulmanen arteko gerra zibilak (1958) Ameriketako Estatu Batuen bertaratzea ekarri zuen (1958-1964). 1973ko apirilean Israelgo soldadu talde batek Palestinako iheslarien buruzagi batzuk hil ondoren, Palestinako arazoak Libanoko krisia areagotu zuen; Israelen eragina gero eta handiagoa egin zen. 1975ean piztu zen Libanoko Gerra Zibila eta Beirut palestinar, falangista, druso eta xiita milizien arabera zatitu zen. 1978tik aurrera, indarkeria jaun eta jabe egin zen Beiruten.
Mendebaldeko kolonialismoak bultzaturiko politikaren eraginez, erlijioak eta ekonomia mailak guztiz zatitu zituen bi talde: kristauak eta musulmanak. Bien artean, Marra Berdea zeritzon banalerroa zegoen. Gatazkak bide eman zion Libanoko mugetatik haraindi jo zuen gerrari: Siriako armada 1978an sartu zen, arabiar Bake Taldearen izenean, eta borroka latzak izan zituen talde kristauen aurka.
1982an, lurraldea arriskuan zutelako aitzakian, Israelgo armada Beiruteraino iritsi zen, eta palestinarren iheslari esparruak xehakatu zituen. Milizien arteko guduek eta etengabeko bonbardaketek erraustu zuten Beirut. 1975eko apirilean lerro batek bitan banatu zuen Beirut: sortaldeko Beirut, kristauen esku, eta sartaldeko Beirut, musulman sunita, druso eta xiiten agintaritzapean. Urte bereko uztailean, Libanoko armada erregularrak bere gain hartu zuen hiri osoko kontrola; horrek ez zuen, ordea, inolako konponbiderik ekarri. Bi joera politiko nagusi egituratu ziren Libanon, Beiruteko bi aldeen arteko bonbardaketek etenik ezagutzen ez zuten bitartean: gehiengo musulmana (sunita), siriarren aldekoa, eta kristau maronita.
1989ko urriaren 22an, Libanon zeuden taldeek, arabiar herriek, nazioarteko komunitateak eta Siriak nahiz Israelek bake proposamena onartu zuten, eta urtebete geroago etsi behar izan zuten milizia kristauek. Geroztik armak isildu ziren Libanon, eta pixkanaka berreraikitzen ari dira hiria. 2019ko urritik, krisi politiko eta ekonomiko larri bat piztu zen, baita kaleko protestak ere. Covid-19aren infekzio tasa ofizialak nahiko apalak izan ziren 2020ko udaberrian, baina hala krisi sanitarioa nola politiko eta ekonomikoa nabarmen areagotu ziren 2020ko abuztuaren 4ko Beiruteko leherketa handien ondoren.
Klima
Datu klimatikoak (Beirut) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 25 | 31 | 36 | 37 | 42 | 40 | 37 | 37 | 37 | 38 | 33 | 29 | ' |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 13 | 13 | 18 | 20 | 24 | 28 | 31 | 32 | 30 | 27 | 23 | 18 | 23.1 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 7 | 7 | 12 | 14 | 18 | 21 | 23 | 23 | 23 | 21 | 16 | 13 | 16.5 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -1 | -1 | 2 | 6 | 10 | 13 | 18 | 17 | 16 | 11 | 5 | -1 | ' |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 191 | 158 | 94 | 56 | 18 | 3 | 0 | 0 | 5 | 51 | 132 | 185 | 893 |
Euri egunak (≥ 0.25 mm) | 15 | 12 | 9 | 5 | 2 | 0 | 0 | 0 | 1 | 4 | 8 | 12 | 68 |
Eguzki orduak | 155 | 140 | 186 | 240 | 310 | 360 | 372 | 341 | 270 | 248 | 210 | 155 | 2987 |
Iturria: BBC News [6] |
Herri eta hiri senidetuak
Beirut ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
- Պէյրութ Peyrut Libanoko armeniarrek hitz egin duten mendebaldeko armenierazko izena da. Ekialdeko armenieraz, berriz, Բեյրութ Beyrut da.
- Beirut's Official Webcite. .
- Beirut.gov.lb. Beirut's Official Website. .
- BBC News..
- City of Beirut. Twinning the Cities. .
- © 2005–2009 www.yerevan.am. Yerevan Municipality – Sister Cities. .
- (Ingelesez) Yerevan Municipality Official Website. (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
- Isfahan, Beirut named sister cities. .
- Sister Cities of Istanbul. .
- Lacity.org. Beirut, Lebanon. .