Behi piriniotar
Behi piriniotarra, Euskal Herrian abelgorri izenaz ere ezaguna (nahiz eta oro har euskaraz abelgorri behi aziendaren sinonimoa izan, nahiz eta arrazaren kolorea beste bat izan), bertako behi arraza bat da.
| ||||||||||||||
Sailkapen zientifikoa | ||||||||||||||
| ||||||||||||||
Sinonimoak: Abelgorria, Pirinioetako abelgorria. Euskal behia. Aurer. Auger | ||||||||||||||
Nahiko onartua dago adituen artean behi piriniotarraren arbasoa betizu arraza dela.
Etimologia
Oro har, euskaraz behi aziendari deitzen zaio abelgorri, baina deitura hori Behi piriniotarrak bereziki izendatzeko ere erabili izan da. Euskal behia edo euskal arraza ere ohiko izenak izan dira, bereziki Ipar Euskal Herrian.[1] Behi hauen ohiko izena baserrietan "abelgorriak" izan da.
Egun bearnotar behiak ofizialki aparteko arrazatzat hartzen bada ere (edozein moduan ere behi hauek oso antzekoak dira Pirinioetako behiekin konparatuz), garai batean ekotipo berberaren baitan egon ziren zalantzarik gabe, eta horregatik bearnotar behiak zein behi piriniotarrak izen berberak hartu dituzte euskaraz.
Garai bateko betizuak zein arraza zaharreko behi piriniotarrak Aurer deitzen zituzten Erronkarin eta Auger Aezkoan.
Banaketa eremua
Behi piriniotarrak Pirinio mendietan du jatorria. Haragitarako aziendatzat erabilia izan da, baita lanerako aberetzat ere, nekazaritzako jarduerari lotuta, baina baita basogintzan ere, egurra menditik ateratzeko esate baterako. Egun berriro zabaltzen ari da bere hedapen esparrua eta abelburuen kopurua, nahiz eta azken 150 urtetan murriztuz joan ziren, desagertzeko zorian izan arte.
Euskal Herrian oso zabalduta dago arraza, eta baita Burgosen, Kantabrian, Aragoian, Katalunian eta Okzitanian. Arrazarren gune txikiagoak daude Sorian, Errioxan eta Extremaduran. Txileko Piedras Blancas eskualdean ere arrazako samaldak daude.
Arrazaren historia Euskal Herrian
Garai batean behi piriniotarrak Euskal Herriaz gain, Oska eta Lleidaraino heltzen ziren Pirinioetako hegoaldean, eta Iparraldeko isurialdean barrena ere hedatzen ziren. XX. mendeko 60. hamarkadan behi piriniotarrak ordea ia desagertuta ziren. Abagune hartan erabakigarria izan zen Nafarroako Foru Aldundiako bi albaitarien parte hartzea arraza salbatzeko.
Bereziki Teofilo Etxeberria Belzunegi nabarmenduko da lantegi honetan.
Aezkoan, Zaraitzun, Deierrin, Luzaiden, Ollaranen, Ameskoetan, Gesalatzen zein Goñin bildutako azken Pirinioetako behiekin lanean hasi ziren.
Teknikari nafarrek egindako lanaren esker arraza salbatzeaz gain, berriro indartu da bere antzinako eremuan barrena berriro zabalduz.
Pirinioetako arrazako behi horiek, betizuen nahiko antzekoak ziren. Pirinioetako lehenengo behiak gutxi garatuta ziren eta buru estua eta ez oso luzea zuten. Adarrak aurrerantz eta gorantz haziak. Bular mehe eta bizkar sartua. Ipurdi-gain mehea eta masail laburrak. Errape txikia eta “otso ilez” delakoak estalita. Hezurdura mehea zuten eta pisua bizirik 325 kilo inguru behi helduetan.
Antzinako Pirinioetako behiek urte guztia mendian ematen zuten, eta izutiak izaten ziren gizakien aurrean, baina baita oldarkorrak ere zokoratuz gero.
Euskal baserrietan behi piriniotarrak haragitarako, esnetarako eta zamari gisa erabiliak izan dira.
Hala ere arrazarekin azken hamarkadetan egindako “hobekuntzak” eta hautaketa prozesua eta gero, Pirinioetako behien ezaugarriak nabarmen aldatu dira abere gehienetan, eta bakar batzuk baino ez dira garai bateko ezaugarriak mantentzen dituztenak.
Baliteke Pirinioetako behiek eta Austria zein Alemaniako beste zenbait behi arraza (Gelbuieh behiak esate baterako), Europako beste hainbat behi arraza horailak ahaztu gabe, elkarrekin lotura estuak izatea.
Dena den, beste aldetik, behi piriniotarrak nahiko bereizita daude behi arraza hauengandik.
Pirinioetako behi zaharren ezaugarriak
XX. mendearen hasieran Frantzian argitaratutako liburu batean (“Abelgorri arrazak”) P. Difflothek honako hau zioen Pirinioetako behiei buruz.
“Euskal arraza goi mendietan bizi da, eta oso ezaugarri bereziak dauzka beste behien aldean. Aitzin-aitzinekoa, eta bere jatorria “Espainia aldeko Nafarroan” dago (Nafarroa Garaia). Txikia da, soila, oso urduria eta gogorra. Lanean eraman handikoa eta ibilera arinekoa, oso egokia da hango inguruetan, nekazariek abelgorriak erabiltzen dituztelako baserriko zeregin guztietan. Gari kolorekoa da, eta adarrak oso bereziak:sendoak, ebakidura zirkularrekoak, tenteak eta atzerantz makurtuak. “gurpil moduan” esaten denez. Buru irmoak eta begietako kemenak bereziagoa egiten dute behiaren morfologia, eta beste horrenbeste esan daiteke bere irudi dotoreaz eta daukan ibilera bizia, hanka indartsu eta lerdenak dituelako, eta giltzaduretan altzairuaren malgutasuna”.
Euskal Herriko antzinako behi piriniotarra eta hari lotutako Pirinioetako beste behi arrazak
Baiezta dezakegu Pirinio mendikatean barrena aurkitzen ditugun zenbait behi arraza antzeko arbaso berberak dituztela, edo beste modu batean esanda, enbor berberetik datozela. Lehen esan bezala, antza betizuak lirateke antzinakotasun handiena mantendu dutenak, gainontzeko arrazak garatuagoak daude. Pirinioetako bi isurialdetan honako arrazak topa ditzakegu orain, elkarrekin oso lotuta[1].
Euskal Herrian
- Betizu.
- Nafar kasta.
- Behi piriniotarra. Egungo barietatea.
- Behi bearnotarra.
- Landetako behia
Euskal Herritik kanpo
- Lurdako behi arraza: Pirinioetako behi zaharren ondorengo zuzena.
- Behi baretoarra: Lurdakoa baina txikiagoa da, hezurtsuagoa, biziagoa eta kementsuagoa. Kolorez ere gorriagoa da.
- Ahurtiko behia: sendoagoa, zabalagoa eta forma erregularragokoa. Kolore argiagoak. Batzuetan krema kolorekoa.
- Ossauko behia: ile eta larru latzagoak. Txikiagoak eta kolore gorri iluna.
Hegoaldeko isurialdean, Hego Euskal Herrian, Aragoin eta Katalunian honako aldaerak daude edo zabalduagoak egon direnean izan dira behi piriniotarran. Bizkaikoa, Baztangoa, Aezkoakoa, Zaraitzukoa, Auritzekoa eta Auritzberrikoa.
Koloreari dagokionez, gorri gorritik kremara aldatzen zen, lekuaren arabera. Oro har, gero eta mendebalerago behiak gero eta gorriagoak, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gero eta ekialderago ordea, gero eta zuriagoak.
Leku gehienetan kolore gorriago zuten abelburuak garbiagotzat, indartsuagotzat eta gorputzera hobeagokotzat jotzen zuten abeltzainek.
Egun, Pirinioetako behi gehienek oso antzeko ezaugarriak dituzte, nahiz eta zenbait ganadutegik arraza zaharreko abelgorriak mantentzen dituzten oraindik ere.
Antzinako ezaugarriak dituzten abere horiek mantentzea funtsezkoa da gordekin genetikotzat, arraza bere osotasunean gero eta urrutiagoa baitago antzinako Pirinioetako arrazaren ezaugarrietatik.
Arrazaren ezaugarriak
- Burua: Tarteko tamaina du. Adarrak aurrerantz irteten dira, oinarri zirkularrekoak, lira itxurakoak eta kiribilduak. (betizu eta Landetako behien kasuan bezala)
- Kopeta eta sudur aldeko profila subkonkaboa; begi irtenak, aurpegi motza, mutur zabala eta maila-hezur sendoak.
- Lepo gihartsua, buruari eta enborrari egoki lotuta; goiko lerroa zuzena eta azpikoan daukan kokotsa arrazaren antzinatasunaren zantzu dira.
- Bizkarretik gerrialdeko lerroa zuzena dauka, eta isatsa goi-goitik sortzen zaio. Saihets aldeak kanporantz konkortuta daude. Ipurgaina luzea dauka, horizontala eta hezurtsua. Izatar eta masailak oso garatuak eta jaitsiak. Sabelaldea proportzioak gordetzen, abelgorri hauek belar meharretan eta askotan larre kaskarretan bazkatzen dutelako.
- Hezurdura mehe eta trinkoa. Hankek ondo kokatuta eta apatxak egoki garatuak, gogorrak eta higagaitzak leku gaitzetan ibiltzeko.
- Behi piriniotarrak kolore bakarrekoak dira; gari kolorea tonu ezberdinekin, zuritik-gorrira. Koroa du betinguruetan (eper begia deritzona) betzizuak bezala. Galtzarbetan, iztar eta muturrean ez du beste koloretako ilerik.
- Mukosa arrosak edo haragi kolorekoak.
Bibliografia
- Teofilo Etxeberria: Raza vacuna pirenaica, Diputación Foral de Navarra argitaletxea, (1975) .
- Laffitte, V. La raza bovina pirenaica, Diputación de Guipuzcoa argitaletxea. (1927).
- "Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak", Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Argitaletxea Bizkaiko aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
Erreferentziak
- "Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak", Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Argitaletxea Bizkaiko aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
Ikus, gainera
- Behigorri, behiak euskal mitologian sakontzeko.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Espainar Estatuaren bertako etxeko abereen gida