Behe Erdi Aroko krisialdia
Behe Erdi Aroko krisialdia Europan XIV. eta XV. mendeetan izandako zenbait krisiri deritzo. Krisi horiek hiru esparrutan garatu ziren, haien ondorioak orokorrak izan ziren arren, aurreko mendeetako goraldia eta hazkundea etenez: populazioaren beherakada, ezegonkortasun politikoa eta gorabehera erlijiosoak.
Zenbait gosetek eta izurritek (1315-17ko gosete handiarekin hasita, eta, batez ere, 1348ko Izurri Beltza) populazioa ia erdira murriztu zuten, Erdi Aroko Beroaldia bukatu eta Izotzaldi Txikia hasten zelarik. Populazioa galtzeaz gain, ezinegon soziala eta gerra zabaldu ziren. Horiekin batera, lurzoruaren degradazioak, gehiegizko populazioak eta epidemiek ekarri zuten gosete kopurua izugarri handitzea mende horietan (95 zenbatu dira Britainia Handian eta 75, berriz, Frantzian). Frantzian, halaber, Ehun Urteko Gerrak heren batera murriztu zuen populazioa.
Herri xehearen matxinadak eta nobleen arteko gerrak zabaldu ziren. Erregeen artean ere gatazka garrantzitsuak izan ziren (Ehun Urteko Gerra, esaterako). Erromako Elizaren Batasuna hautsi zen Mendebaldeko Zismarekin eta Erromatar Germaniar Inperioak ez zuen berreskuratu lehengo boterea Frederiko II.aren heriotzaren ondoren (1250).
Demografia
Zenbait historialariren arabera, Europak gehiegizko populazioa zeukan XIV. mendearen hasieran. Ordurako, mugak ez ziren hedatzen ari eta barreneko kolonizazioa bukatzen ari zen. Hala ere, populazioaren ratioak altuak ziren.
Erdi Aroko Beroaldia XIII. mendearen amaierarako bukatu zen, eta Izotz Aro Txikia hasi. Negu gogorrago horiek uzta murritzagoak ekarri zituzten oro har. Europako iparraldean, azken berrikuntza teknologikoak, hala nola golde astuna edo hiru alorreko sistema, ez ziren hegoaldean bezain eraginkorrak, iparraldean buztin moduko lurzorua pobreagoa baitzen. Elikagaien urritasuna eta prezio gero eta altuagoak ohikoak ziren Izurria baino mende bat lehenago ere. Garia, oloa, saralea eta, horrenbestez, abereak eskastu ziren. Horren ondorioz desnutrizioa zabaldu zen eta horrek ekarri zuen askoren immunitate sistema ahultzea. 1315etik 1317ra bitarte, gosete handia batek jo zuen Europako iparraldea, eta bertan populazioa akaso %10 baino gehiago murriztu zen.
Ekonomia
Gobernu gehienek neurriak hartu zituzten elikagaien esportazioa galarazteko, merkatu beltzeko espekulatzaileak salatzeko, laboreen prezioak kontrolatzeko eta eskala handiko arrantza debekatzeko.
Bitartean, herrialde franko gerran zeuden, eta horretarako erabiltzen zuten ogasunean bildutako gehiena, inflazioa handituz. Ehun Urteko Gerraren garaian, gainera, Ingalaterrako eta Frantziako noble handi ugarik zehapenak eta errentak igo zizkien laborariei, haien bizimoduak okerrera eginen zuelako beldurrez.
Europako ekonomia gurpil zoro batean sartu zen: goseak eta gaixotasunek ekarri zuten laborarien produktibitateak behera egitea, eta, hortaz, laboreen produkzioa murrizten zen, prezioak altxaraziz. Bizi kalitatea amildu zen, dietak mugatuagoak izan ziren eta europarren osasun egoera txarragoa izan zen oro har.
Matxinadak
XIV. mendea baino lehenago ere baziren matxinadak, baina tokian tokikoa gertatzen zen. Behe Erdi Aroan txiroek jasan behar izan zituzten lazeria berriek ekarri zuten erreboltak, orain, Europa osoan barna hedatzea.
Izan ere, lehenago baino handiagoa zen aberatsen eta pobreen arteko tartea. XII. mendean nobleziaren kontzepzio berria sortu zen; hari jarraikiz, nobleek janzkera, portaera, mintzaira, dieta eta hezibide desberdinak hartu zituzten. XIV. menderako, nobleak oso desberdinak ziren beheragokoen aldean.
Nobleen bizimodu berri hori garestiagoa zen, eta, hari eutsi ahal izateko, errentak igo zizkien laborariei. Erregeek ere diru gehiago behar zuten haien gerrak finantzatzeko. Horretarako txanponetan urre eta zilar gutxiago jartzeko praktika zabaldu zen. Horrek inflazioa ekarri zuen, eta, amaieran, zergen egoera ere bai.
Interpretazioak
Krisi sistemikoa
Azalpen neomalthusiarrak eta marxistak krisi sistemiko bezala konsideratzen dute. Izan ere, ekonomia feudalak berrikuntza esanguratsua egin ezin zuenez, ekoizpenak mugarekin topatzean, populazioaren hazkundea eten egin zen.[1]
Krisi eraldatzailea
Historialarien interpretazio berri baten arabera, Behe Erdi Aroko krisia suntsiketa eraldatzailea zen. Izan ere, krisi horren aurrean, tokian tokiko hutsune administratiboa betetzeko eta arazoak konpontzeko, estatuak esku-hartze gehiago egin zuen gobernu zentralaren ordezkarien bitartez, bere boterearen eragina eta gainerako lurraldeen gaineko kontrola areagotuz. Honela, uniformetasun politiko eta juridikzionala handiagotu zuen. Krisiaren ostean, estatu zentralak tokiko administrazio feudalak ordezkatzen zituenean, batasun politiko, juridikzional eta geografikoa eratu zen, eta jarraian lurraldeen eta merkatuen integrazioa bultzatuko zen, negoziorako kostua murriztuz eta garapen ekonomikoa piztuz. Are gehiago, hirien jerarkizazioa, berrikuntza teknologikoa, lan-eskuen mugikortasuna eta berrikuntzen hedapen geografikoa ere sustatuko ziren.[1]
Erreferentziak
- Epstein, Stephan R.. (1998). The Late Medieval Crisis as an `Integration Crisis`.. London School of Economics & Political Science, 46/98., 1-40 or..