Behe-nafarrera
Behe-nafarrera edo behe nafarrera euskararen euskalki bat da, ia Nafarroa Beherea osoan eta Nafarroa Garaiko iparraldeko herri batzuetan mintzatzen dena, Luis Luziano Bonapartek XIX. mendean egindako sailkapenaren arabera.

Alabaina, hizkuntzak aldatuz doaz, eta hizkuntza aztertzeko tresnak hobetuz; hala, bada, Koldo Zuazoren sailkapenaren arabera, eremu horren zatirik handienean nafar-lapurtera egiten da.
Bi multzo
Bi talde bereizten dira:
- Ekialdeko behe-nafarrera
- Mendebaldeko behe-nafarrera
Ezaugarriak
Ezaugarri fonologikoak
- Goranzko diptongoak ditu (bokal itxi batez hasi eta bokal ireki batez amaitzen direnak: mendian /mendjan/ ahoskatzen da) eta zenbait triptongo eta kuatriptogo (lau bokal elkarren segidan: joanen > joain /jwajn/ ahoskatua).
- /tt/ fonema markatua.
- /h/ ahoskatzen da.
- Errotazismoa: beste > bertze; esan > erran.
Ezaugarri morfologikoak
- Aldaketak deklinabidean: -ra > -rat, -lat; -tik > -tikan; -en > -n; -raino > -dino.
- Nominatibo plurala (-ak) eta ergatibo plurala (-ek) bereizten dira.
- *-iro- erroa erabiltzen da aditzetan, ahalezkoa adierazteko: erran diro ("erran dezake").
- Baldintzazko perpausetan, ba- aurrizkia erabili beharrean, baldin ba erabiltzen da.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.