Begoñako basilika

Begoñako basilika Bilboko izen bereko auzoan dagoen basilika da, Bizkaiko zaindaria den Begoñako Andre Mariaren omenez egina.

Begoñako basilika
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBegoña eta Bilbo
Koordenatuak43°15′31″N 2°54′50″W
Map
Altitudea12 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Eraikuntza1511 - 1621
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaBilboko elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
247
Webgune ofiziala

    Egungo apaiza Jesús Francisco Garitaonandia da.

    Historia

    Nahiz eta lehen beste eraikinak izan, egungo basilika XVI. mendekoa da, Sancho Martínez de Aregok diseinatua. Bere hiru nabeen eraikuntza XVII. mendean bukatu zuten, hau da, 1511an hasi zenetik mende bat iraun zuten. Eraiki zuten bitartean gotiko estiloa garatu zuten eta Gil de Hontañónek egindako aurrealdea beste zatiak ez bezalakoa da.

    XIX. mendean, basilikak Bilboko harresia osatu zuen. Izan ere, Tomas Zumalakarregi jeneral karlista bertatik hurbil zauritu zuten. Gudak erabat kaltetu zuen eraikina. Hori zela eta dorrea zein fatxadaren zati bat José María Basterrak zaharberritu zuen 1902 eta 1907 bitartean.

    1942ko abuztuaren 16an, falangistek bonba bat jarri zuten basilikaren ateetan karlistak hiltzeko asmotan. Zenbait zauritu izan ziren.[1] Juan José Domínguez falangista ezagunak heriotza-zigorra jaso zuen ekintza hori egiteagatik.[2]

    Kalteak zaharberritzeko lanek 1993ko irailetik 1994ko ekainera iraun zuten, eta lanotan hormak garbitu zituzten. Kanpandorreak 24 kanpai ditu, eta astunena tona batekoa da. Kanpaiak 1922an Suitzako Sumiswalden egin zituzten eta zapi doinu ezberdin jotzen dituzte.

    Salbe eta basilika

    Bilboko Salbe auzoaren izena hortik portura zetozen marinelak basilikaren lehendabiziko ikuspegia zutelako datorkio. Bere bidaia bukatuta zegoela eskertzeko, Begoñako Andre Mariari Salbe bat esaten zioten.

    Jaiak

    Basilikaren jai nagusiak abuztuaren 15ean (Mariaren Jasone) eta urriaren 11n (Begoñako Andre Maria) ospatzen dituzte. Bilboaldean eta Bizkaia osoan hara erromes joateko ohitura dago. Horrela, San Joan Laterangoaren basilikaren lotuta dagoenez, induljentzia edo barkamena lortzen dute.

    Freirak, basilikako emakume laguntzaileak aspaldian

    Trentoko kontzilioa (1545-1563) baino lehenago Begoñako elizan ongi dokumentatuta daude XVI eta XVII. mendeetan eta itzal handiko familietako emakumeak ardurekin izan zirela basilikan. 1546an, esate baterako, Marina Butroe izendatu zuten, ordura arte Meazabaleko Santo Domingon (Agirletan) serora izandakoa. Zaindu behar zituen, besteak beste, Ama Birjinaren jantziak eta bitxiak, elizako apaindurak eta edalontzi sakratuak. Gainera, limosnak batu eta kudeatzeko ardura zeukan. Zeregin horietan beste emakume bat jarri zioten laguntzaile. Bizilekurako etxe bat eman zioten, ortu eta guzti.[3]

    Trentoko Kontzilioaren osteko Eliza misoginoarentzat emakumeak tenpluen arduradun eta kultuan laguntzaile ikustea mingarria zen. Trentokoa eta gero 1617an Calahorrako gotzainak debekatu egin zituen. Bizkaiak helegitea aurkeztu zuen eta kontua luzatu zen, gorabehera askorekin. 1662an beste erasoaldi bat abiatu zen, baina serorek euren postuei eutsi zieten.[3]

    Azkenean, 1698an behin betiko debekua eman zuen Calahorrako Pedro Lepe gotzainak. Bilboko eliza nagusietako azken serora ezaguna Felipa Villachica da, 1700. urtean Begoñako freira zena. Debekuak debeku, elizetatik desagertu zen karguak ermitetan iraun egin zuen.[3]

    Galeria

    Erreferentziak

    1. (Gaztelaniaz) Amestoy, Alfredo. (2002-9-1). «El falangista que fusiló Franco» (html) El Mundo.
    2. Suárez Fernández, Luis. Franco. Los años decisivos: 1931-1945. Bartzelona: Editorial Ariel, 221-4 or. ISBN 84-344-1332-9..
    3. Ortega, Hektor; Pikaza, Ane. (2022-01-01). «'Gomutan, Bilboko historiaren atal ezezagunak': Freirak, emakumeak Bilboko elizetan.» www.bilbao.eus (Bilbao.eus, Council Publications, Periódico Bilbao,): 42. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Bilbo
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.