Begoña Sopelana

Begoña Sopelana Basauri (Iurreta, Bizkaia, 1944ko ekainaren 23a - ib.1999ko irailaren 12a) bizkaitar maistra eta soziologoa. Euskal kooperantea. Emakume aitzindaria[1] lankidetzan, 20 urte eman zituen koperante El Salvadorren.[2]

Begoña Sopelana

Bizitza
JaiotzaIurreta, 1944ko ekainaren 23a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza1999ko irailaren 12a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta soziologoa

Bizitza

Iurretan jaio eta lehen eskolatzea herrian egin ondoren, 15 urte zituela, Magisteritza ikasten hasi zen. 1962an diplomatura eskuratu zuen arren, 1968ra arte administrari lanak egin zituen. Irakaskuntzan jarduteko grinak, ordea, hezkuntza proiektu batean parte hartzera bultzatu zuen.

Kooperante lana

1968an egin zuen lehen bidaia El Salvadorrera zenbait boluntariorekin, hezkuntza proiektu batean parte hartzera. Eskolak eman zituen moja ikastetxe batean eta A.M.A. mediku kontsultategian ere aritu zen lanean. Bi urtez boluntariotzan jardun ondoren, Iurretara itzuli eta soziologia ikasketak egin zituen.

El Salvadorreko esperientzia hark eragin sakona utzi zion, eta 1977an jesuitek bultzatutako "Fe y Alegria" Gobernuz kanpoko erakundean eman zuen izena, biztanle marjinatuentzako eskolak antolatzeko asmoz. Garai hartan Begoñak 1980ean erail zuten Monseñor Romerorekin lan egin zuen.

Romerok eskatuta Begoña Boliviara joan zen, Andeetako paraje hartan martxan zeuden herri irrati eskolak ikusi eta aztertzera El Salvadorren bideragarri izan zitezkeen. Handik itzultzean, ostera, giro nahasia aurkitu zuen, gerra giroa. 1978. eta 1979. urteetan hasi zen, etengabe, elizetan zeuden gerrako errefuxiatuei laguntzen. Horretan jarraitu zuen 1984. urtera arte. Hezkuntza zuen xede, umeena ez ezik, baita nagusiena ere, helburuen artean bertako maisu-maistrak prestatzea baitzen.

1987an, gerraoste gogorrean, Las Vueltas herria eraikitzen jardun zuen herritarrekin batera, hutsetik hasita. Sei urte eman zituen Las Vueltasen. Irakurtzen eta idazten irakatsi zien hango biztanleei. Sasoi hartan Begorekin idazten eta irakurtzen ikasi zuten gazteak gerora irakasleak izatera heldu ziren, berak irakatsitakoari jarraipena emanez. Era berean, emakumeen jabekuntza eta lan komunitarioa bultzatu zituen.

Itzulera

1993an Iurretara itzuli zen. Osasun arazoak zituen, baina ez zuen inoiz eten El Salvador eta Honduras herrialdeekiko haria. Hirugarren Mundua eta Pakea Gobernuz kanpoko erakundearen bidez mantendu zuen lotura azkeneraino.

Argitalpena

  • De la locura a la esperanza - Hondamenetik esperantzara [3]liburua aurkeztu zuen 1993an Gakoa argitaletxeak gerra hurbiletik bizi izan zuen Begoña Sopelanaren eskutik.

Omenaldiak

  • 2012ko azaroaren 14an, El Salvadorreko Las Vueltas, analfabetismo gabeko herria aldarrikatu zuten. Adierazpen horri "Begoña Sopelana" izena jarri zioten.[4][5]
  • 2015ean monumentua inauguratu zuten Begoña Sopelana kooperante iurretarraren omenez, El Salvador-eko Las Vueltas herrian.[6]

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.