Begoña Lolo
Begoña Lolo Herranz (Madril, 1958ko irailaren 4a) madrildar musikologoa, ikertzailea, akademikoa eta Espainiako katedraduna da.[1] Espainiako Historiako Sari Nazionala jaso zuen 2000n.[1] San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako zuzendaritza-batzordean sartu zen lehen emakumea izan zen.[2]
Begoña Lolo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1958ko irailaren 4a (65 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Goi Mailako Errege-Musika Kontserbatorioa Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikologoa, piano-jotzailea eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
Kidetza | Historiaren Errege Akademia San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia |
Biografia
Madrilen jaio zen 1958an.[3] 1985ean Geografia eta Historian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.[4] Hurrengo urtean, goi-mailako titulu hauexek lortu zituen: Musika Pedagogia, Musikaren Teoria, Akonpainamendua eta Pianoa Madrilgo Goi mailako Errege Kontserbatorio Nagusian.[3][4]
Gainera, Artearen Historia ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta 1989an bikain cum laude lortu zuen La música en la Real Capilla de Madrid: José de Torres y Martínez Bravo ca. 1670-1738 doktore-tesiarekin, José Peris Lacasak zuzendua.[3][4] Unibertsitate horretan musikologiari buruz irakurri zen lehen tesia izan zen.[3]
Ikertzaile gisa, aitzindaria izan da Música y corte en tiempos de los Borbones eta Cervantes en la Música ikerketa-ildoetan.[1] 1997 eta 2002 bitartean Musikologia Aldizkariko zuzendaria izan zen eta 1998tik 2003ra, Espainiako Musikologia Elkarteko lehendakariordea eta bere argitalpenen zuzendaria.[1][3][5] Hogeita hamar artikulu baino gehiago argitaratu ditu hainbat aldizkaritan, hala nola Ritmo, Scherzo, Recerca musicològica, Revista de Musiología eta Cuadernos de música iberoamericana.[4] Halaber, hamabost liburu argitaratu ditu, hala nola Historia de la música «española» eta Sobre el real origen de la música, Las relaciones F-Pedrell a través de “La vida breve” eta Paisajes sonoros en el Madrid del s. XVIII. La tonadilla escénica, besteak beste.[4]
2006an Madrilgo Unibertsitate Autonomoko (UAM) Musikaren Historiako katedraduna bihurtu zen.[3] Historia eta Musika Zientzietako Doktoretza Programako zuzendari ere izendatu zuten, eta Hezkuntza Ministerioaren kalitateko doktoretza aipamena lortu zuen bere zuzendaritzapean.[1][2][3] UAMen ere Musikaren Ikerketa eta Sustapenerako Goi Mailako Zentroko zuzendari izendatu zuten.[2] Irakasle bisitari gisa aritu da Bordeaux-Montaigne Unibertsitatean, Tor Vergata Erromako Unibertsitatean eta Guanajuato Unibertsitatean.[3]
2009an, Sant Jorgeren Arte Ederren Kataluniako Errege Akademiako, 2012an Espainiako Historiako Errege Akademiako eta 2014an San Miguel Arcangelen Arte Ederren Kanarietako Errege Akademiako kide izendatu zuten.[1][3][6] 2016. urtean, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako akademiko oso hautatu zuten, eta bere sarreran El Quijote como fuente de inspiración en la creación musical hitzaldia irakurri zuen, Cervantes eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin egindako lanaren inguruko ikerketa-ildoa.[2][7] 2015. eta 2016. urteetan, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Quijote y Cervantes proiektuetako batzorde aholku-emaileko kidea izan zen.[1]
2020an, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako zentsore-kargua hartu zuen lehen emakumea izan zen, erakundearen historiako 260 urteetan.[2] Hurrengo urtean, Madrilgo Errege Antzokiko patroi izendatu zuten, Reina Sofia Goi-mailako Musika Eskolako Paloma O’Shea presidentearekin, Ikasleen Egoitzako Alicia Gomez-Navarro zuzendariarekin eta Cristina Álvarez enpresaburuarekin batera.[6]
Aintzatespenak
1993an Emili Pujol Musikologia Historikoko Ikerketa Saria jaso zuen, ikerketa-lanarengatik.[2]
2000. urtean, Espainiako Historiako Sari Nazionalaren saria jaso zuen, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak emana, himno nazionalari buruz egindako lanarengatik, Carmen Iglesias Ikasketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroko zuzendariak zuzendutako Simbas de España lanaren barruan.[1][2]
2005ean Guanajuato hiri mexikarreko ohorezko lagun izendatu zuten, Cervantesen lana eta musika aztertu eta zabaltzeagatik.[1][3]
Erreferentziak
- «Premiados - Premio Nacional de Historia de España» www.culturaydeporte.gob.es.
- «Casi tres siglos después, la Academia de San Fernando abre la puerta a una mujer» Mundoclasico.com.
- Lolo Herranz, Begoña - Real Academia Canaria de Bellas Artes de San Miguel Arcángel. .
- «Begoña Lolo Herranz» filosofiadelamusica.es.
- «Lolo Herranz, Begoña» CEEH.
- «Intensa jornada en el Teatro Real» Mundoclasico.com.
- «El Quijote como fuente de inspiración en la creación musical» www.realacademiabellasartessanfernando.com.