Bedita Larrakoetxea

Bedita Larrakoetxea Agirrezabala (Zeanuri, Bizkaia, 1894ko ekainaren 24aOñati, Gipuzkoa, 1990eko uztailaren 16a, bataioan Benito Juan, Bedita Jon gisa euskaratua) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen. Laterandar ordenako fraidea, Euskaltzain ohorezkoa izendatu zuten 1979an[1].

Bedita Larrakoetxea
Bizitza
JaiotzaZeanuri, 1894ko ekainaren 24a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaOñati, 1990eko uztailaren 16a (96 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta itzultzailea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaCanons Regular of the Lateran (en) Itzuli

Literaturaren Zubitegia: 344

Bizitza

Arratian, Zeanurin, Undurraga Goiko auzoan Altxagutxi etxean jaio zen. Gurasoak Francisco Antonio Larrakoetxea eta Josefa Agirrezabala Etxezarraga ziren, eta zazpi seme-alaben familia osatu zuten.

Letrango ordenako fraide ordenatzeko asmoz, Altsasura joan zen 1907 urtean, non bi urtetan ikasketak burutu zituen; gero Oñatin egin zituen apaiz ikasketak eta Gasteizen eman zuen Meza Berria 1917an.

Iruñean irakasle ikasketak egin zituen. 1928an hasia zen Kornuallesko agustindarren egoitza batean ingelesa lantzen. Ondoren, oñatin irakasle lanetan jardun zuen udal eskolan eta Rodrigo Mercado Zuazola gau-eskolan. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, haur talde baten arduradun joan zen Britainia Handira. Handik Uruguaira joan zen eta Argentinara gero, non Salta hirian, Belgrano izeneko institutuan aritu zen irakasle. 1972an itzuli zen Euskal Herrira.

Euskal-Esnalea eta Euzkadi aldizkarietan hasi zen idazten. 1934an Kirikiño saria jaso zuen Agirrezabala'tar Tomas talogintzan txapeldun lanagatik. Testu liburuen sorkuntzan jardun zen. Baina Larrakoetxearen lan nagusia Shakespeareren obra guztiaren itzulpena izan zen, ingelesetik zuzenean, bizkaiera aski garbizalean. Guztira, haren 38 lan euskaratu zituen, prosaz emanda. Euzko Gogoa aldizkarian argitaratzen hasi zen Macbet (1957, Macbeth) lehenbizi, Lear Errege (1958, King Lear) gero, eta Ekatxa (1959, The Tempest) hurrena. Ondoren, sei liburukitan bilduta W. Shakespearen Antzerki guzi-guztiak euskaraz eman zituen argitara (1974-1977).

Garai hartako euskara landuaz gain, Arratiako hizkeraren baliabide asko erabili zituen eta ahozkotik oso hurbil dauden zenbait pasarte sortu zituen; tarteka, hitzak ere asmatu zituen, maileguetara ez jotzearren.[2]

Oñatiko agustindarren egoitzan bizi izan zen, eta hantxe hil zen, 1990ko uztailaren 16an.

Lanak

Itzulpena

  • William Shakespeare: Macbeth (1957, Euzko Gogoa)
  • William Shakespeare: Lear Errege (1958, Euzko Gogoa)
  • William Shakespeare: Ekatxa (1959, Euzko Gogoa)
  • William Shakespeare: Komediak-A (1974, Eset)
  • William Shakespeare: Komediak-B (1974, Eset)
  • William Shakespeare: Odol-antzerkiak-A (1976, Eset)
  • William Shakespeare: Odol-antzerkiak-B (1976, Eset)
  • William Shakespeare: Dramak (1977, Eset)

Narratiba

  • Idelekura-bidean: Ipuia. Euskal Esnalea aldizkarian argitaratua, 17. urtea, 280. zki. (1927ko jorrailla), 92-93 orr.

Kazetaritza artikuluak

  • Arrese ta Beitia'tar Felipe: Gure olerkariak. Euskal Esnalea aldizkarian, 16. urtea, 273. zki. (1926ko irailla), 167-173 or.
  • Itz Oroigarriak. Euskal Esnalea aldizkarian, 18. urtea, 295-296. zki. (1928ko uztailla-dagonilla), 113, 177 orr.
  • Agirrezabala'tar Toma Talogintza Txapeldun. 1936. Yakintza aldizkarian, 21. zki. (1936ko loreila-garagarrila), 163-166. or.
  • Olabide'k apaizei ekarritako laguntza. Euzko gogoa aldizkarian, 9. urtea, 5-6. zki. (1958ko iraila-gabonila), 529-540 or.

Sariak eta ezagutzak

1935. urtean Kirikiño saria irabazi zuen. 1979an, euskaltzain ohorezko izendatu zuten. Laurogeiko hamarkadan, Zeanurin eta Oñatin, zenbait omenaldi ere egin zioten. Oñatiko Udalak, 1988an, Bedita Larrakoetxea hil aurretxoan eta haren omenez, udal euskaltegiari haren izena jartzea erabaki zuen. Alde batetik, Oñatiko komentuan irakasle eta Oñatiko Udal Irakastegian eta gau eskolan ere irakasle ibili zelako; eta bestetik, euskara goratzeko hainbeste lan egindakoa zelako.

Erreferentziak

  1. Arana Martija, Jose Antonio. (1990). «Bedita Larrakoetxea Agirrezabala (1894-1990)» Euskera (Euskaltzaindia): 343-345..
  2. Ikus. Karlos del Olmo itzultzailearen ekarpena: https://web.archive.org/web/20150402140408/http://31eskutik.com/2015/02/16/bedita-larrakoetxea-eta-shakespeare/, 2015eko martxoaren 30ean eginiko kontsulta

Kanpo loturak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.