Beñat Hirigoien
Beñat Hirigoien, Galtxetaburu ezizenaz ere ezaguna (Monterey Park, Kalifornia, 1934 – Gamarte, Nafarroa Beherea, 1990eko abenduaren 24a)[1] kantari eta musikari baxenabartarra izan zen, kabalkadak antolatu eta jauziak berpiztu zituelako ezaguna, eta istorio-kontalaria ere bazen. Galtxetaburu memoria kolektiboan sartu da Garazi aldean (Baxenabarre); plaza erdian jarri, eskusoinua jotzen hasi eta zanpez bete ohi baitzuen plaza, denak hurbiltzen baitzitzaizkion berehalaxe dantzara.
Beñat Hirigoien | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Monterey Park (Kalifornia), 1934 |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Heriotza | Gamarte, 1990eko abenduaren 24a (55/56 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria eta musikaria |
Izengoitia(k) | Galtxetaburu |
Mixel Aurnage dantzari eta musikariaren arabera, «ezagutu nuen 12 urte nituelarik, 1975 inguruan. Herrian berean ezagutu dut, Uharte Garazin (Baxenabarre), herriko kabalkadan parte hartzen bainuen. Eta bera heldu zen jauzien ematera, eskusoinuarekin. Ni txistularia nintzen, oraindik arras gazte. Dantzaren eta musikaren aldetik, gero ohartu naiz, berantago, xehetasun batzuez. Pertsona gisa gizon maitagarria zen biziki, goxoa zen biziki». Bada, Aurnagek aipatzen dituen «xehetasun» horiek, hain zuzen, izan dira Galtxetabururen berezitasuna.[2]
Jauzi emailea
«Dantzaldietan baino gehiago, jauzien ematen ezagutu nuen Beñat, eta horrek nau gehiago markatu. Txistua ikasi ondoren, dantzari ere bilakatu nintzen Garaztarrak dantza taldean, eta zinez jauzi emaile gisa markatu nau», Aurnagek. Gainera, Galtxetaburuk zuen fama azpimarratu du. «Ez nituen sekula huts egiten Luzaideko kabalkadak bazkoz, eta han izarra zen Beñat. Hor ageri zen zerbait berezia; jauziak maite zituen, ez zen dantzaria, baina zinez ongi ematen zituen. Eta Luzaide xoratzen zen! Kolorea berak ematen zuen».[2]
Jauziak ongi emanak izatea zer den, hori bera aztertua du Aurnagek. Zeren, musikaria eta dantzaria izateaz gain, hizkuntzalaria ere bada, eta Baxenabarreko musikari, dantzari eta jauzien inguruko ikerketa lan bat egin zuen Faustin Bentaberriri buruzko lan sakona eginez, besteak beste. Galtxetaburuk jauziak emateko zeukan berezitasuna azpimarratu du Aurnagek. «Ofizioa ikasi zuen Ramuntxo orkestrarekin, eta harritzen nauena da —eta ez dut azalpenik— nolaz hasi zen jauziak horrela ematen: emekiago, biziki abiadura onean, orain baino aise erreposkiago». Barneko egitura «berezia» zuen: erritmoa, pultsazioa —milisegundoak dira—, etenak eta isiluneak, perpaus musikalak nola finitzen diren... «Badira manera batzuk horren egiteko, eta uste dut bakarrik entzunez ikasten dela hori».[2]
Inguruan zituen musikariekin ikasi zukeen. Izan ere, Faustin Bentaberri 1936an hil zen, ez hain aspaldi, funtsean, nahiz eta azken urteetan ez zen biziki ari izan. Gerla gertatu zen, eta kasik hamabost urtez ez zen kabalkadarik eta bestarik izan. Jauzien aldetik izan zen eten hori, eta Ramuntxo osatu zelarik, dantzak ematean, barnean baziren bizpahiru musikari lehenago Bentaberrirekin ibiliak zirenak. Eta Aurnagek ez du ulertzen berrabiatze horretan nolaz hasi ziren jauziak hain fite ematen; «franko fite». Musika biniloetan grabatzen hasi izanak eragina izan zezakeela aipatu du. «Grabaketan irabazteko minutu bat, adibidez, agian fiteago ematen zituzten».[2]
Bestalde, Ramuntxorekin eskusoinua sartu zuten orkestran; ordu arte ez zen. Eskusoinua bi gerlen artean sartu zen barnealdera, lehenago ez baitziren arrabita, atabala, txirula eta kobrezko eta airezko tresnak baizik. Hala, Galtxetaburu izan zen lehenengoetarik bat eskusoinua ibiltzen.[2]
Jauzien funtzioa eta estetika
Partiturak zeuzkan Galtxetaburuk, beste batzuei kopiatuak, eskuz. Baina badira idatzi ezin direnak, Aurnagen ustez «sentitzen» direnak. «Pultsazio hori ez da agertzen ahal paperean. Dantzan begiekin harrapatzen duzun zerbait da: hor, musikan, entzuten eta sentitzen duzu».[2] Galtxetabururen sentsibilitate handia azpimarratu du. Zuberoan eta Baztanen (Nafarroa Garaia) ibili zatekeela pentsatzen du, Maurizio Elizaldek ere horrela ematen baitzituen jauziak. Zuberoan oraindik ere horrela ari dira. Hortaz, eta eskusoinua hauspo bat denez, uste du hats hori erabiltzen lortu zuela erritmo egoki hori iradokitzeko.[2]
Hala, Galtxetaburuk atxiki zuen estetika hori aspalditik errotua dela oroitu du Aurnagek. Dantza mota horrek «duintasuna» ekartzen zuen, jauziak ez ziren dibertitzeko eginak: dantza solemneak ziren, seriostasun bat galdegiten zutenak. Eta luzaz atxiki dute alderdi hori. «Oinarrizko funtzioa zen funtzio solemne bat, erritual bat; horretarako ematen ziren emeki eta serioski». Moneinak, konparazione, beltzez bezti ematen ziren. «Bazen egoteko manera bat, seriostasun bat».[2]
Jauzien funtzioa aldatu bada ere, garai batez izandakoaren estetika atxiki zutela uste du Aurnagek. «Beñati esker, atxiki dugu jauzien estetika». Bihotzeko batez hil zen Galtxetaburu, baina ezagutu zutenek oraindik entzun dezakete zerabilen pultsazioa.[2]
Erreferentziak
- Galtxetaburu, dantza-jauziak plazetara itzuli zituen soinularia. .
- Leritza, Joana Ibargarai. «Herioak eramaniko isiltasuna» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-24).
Kanpo estekak
- Musika dantza denean / Cuando la música es danza, Mikel Elizegi (Youtube): Beñat Hirigoien jauziak esaten eta musika jotzen (audioa)
- AIKO Taldeak Beñat Irigoyen Galtxetabururen omenezko diskoa dakar