Beñat Garaio
Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz, 1990) arabar soziolinguista eta ikertzailea da. Euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza dira bere ikergai nagusiak. Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen 2022an, eta Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Gazte Saria 2023an.[1][2]
Beñat Garaio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gasteiz, 1990 (33/34 urte) |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea School of Oriental and African Studies, University of London (en) |
Tesi zuzendaria | Itziar Idiazabal Leire Diaz de Gereñu Lasaga |
Jarduerak | |
Jarduerak | soziolinguista |
Jasotako sariak | ikusi
|
Ikertzailea
Hezkuntzaren arloan lizentziatu zen, eta soziolinguistikan espezializatu zen Londresko SOAS Unibertsitateko (Ekialdeko eta Afrikako Ikasketen Eskola) "Language Support and Revitalization" masterrean, eta HIZNET Hizkuntza Plangintzaren graduondokoan.
EHUko ELEBILAB ikerketa-taldean egin du bere ibilbidea eta euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza izan dira jorratzen dituen gai nagusiak. Hainbat dira argitaratutako liburu eta artikuluak, abian jarritako proiektuak eta partaide bezala aritutako egitasmoak.[3][2]
2022an ELEBILAB ikerketa-talde horretan Cum Laude doktoratu zen, eta hurrengo urtean EHUk berak eta Euskaltzaindiak antolatzen duten Arte eta Giza Zientzien arloko Euskarazko Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen.[4] Tesiaren izenburua "Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen" zen, eta zuzendariak Leire Diaz de Gereñu Lasaga eta Itziar Idiazabal Gorrotxategi.[5]
Euskararen biziberritzearekin lotuta dauden hainbat ekimenetan parte hartu du, bai ikerkuntzan (Eusko Ikaskuntzaren e5 proiektuaren dinamizatzailea eta Soziolinguistika klusterra, besteak beste), bai antolakuntzan (HIGA!, EuskarAbentura eta Hitz Adina Mintzo). 2014az geroztik hirurogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu eta beste horrenbeste aurkezpen egin ditu. 2022 eta 2023an, hainbat erakundetarako proiektuak garatzen ziharduen, Biziherri IGB elkarte zibilaren bidez.
2023ko Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi zuen.
Tamalez, sari banaketaren ekitaldian bertan, Bilboko Euskalduna jauregian, ikerlarien lan baldintzak hobetu bitartean ikerketaren alorra utzi beharko zuela jakinarazi zuen eta ikerketarako baliabide gehiago behar direla aldarrikatu zuen.[2]
Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskoletako indarguneak
Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztertu zuen Garaiok bere doktore-tesian. D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen saiatu zen.
Garaioren ustez, ikasleek euskalduntzen lortu diren datu orokorrak ikusita 1980tik aurrera oso emaitza onak lortu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina euskararen ezagutzaren gorakadak ez du euskararen erabilera areagotu eta, hori gutxi balitz, ukaezina da azken hamarraldietako hezkuntza-lorpenen emaitzetan jaitsiera etorri dela. Irakaskuntza-erronka berriak agertu dira eta horiek sakon ezagutu eta kontuan izatea ezinbestekoa da euskararen irakaskuntzaren eta eleaniztasunaren tratamenduan. Gauzak horrela, testuinguru erdaldunetako eskola komunitateetan jatorri soziokultural anitzeko ikasleak biltzen dituzten eskoletako lorpenak sakonago aztertu zituen tesian, eta bi ikuspegitatik egin zuen. Alde batetik, aztertutako eskola-komunitateetako kide ezberdinen hizkuntza-jarrerak aztertu zituen, euskara ardatz duen eleaniztasunean oinarrituta. Horretarako, berariaz prestatutako galdetegiak erabili zituen. Bestalde, eskola horietako ikasleen euskarazko ahozko kontaketarako gaitasuna nolakoa den ere ikertu zuen, ipuin-kontaketaren bitartez. Euskararen biziberritzerako baldintzak onak ez ziren arren, bi aztergaietan emaitza onak lortzen zituen aztertutako ikastetxeetan. Emaitza onak zirela bi modutara argudiatzen zuen. Lehenik eta behin, onak ziren bai aurkitutako jarrerek euskararen biziberritzea sostengatzen dutelako, bai ikasleen ahozko gaitasunak eskatutako zeregina betetzea ahalbidetzen zuelako. Bigarrenik, emaitza onak ziren Euskal Herriko beste testuinguru euskaldunago eta homogeneoago batzuetako datuekin konparatuta, eskola horietan jasotako emaitzak beste eskola horien parean edo goitik ageri zaizkiolako.[6][5]
Sariak
- 2013: Sancho el Sabio Fundazioaren gazteen ikerketa saria, Gasteizko A ereduko ikasleen hizkuntza jarreren inguruko lan batekin
- 2017: Ikergazte kongresuko Poster-Aurkezpen Onenaren Saria Giza Zientzietan: “Urkixote eta euskararen aurkako gurutzada”: buru bakarreko etsaia?.[7]
- 2020: Ainhoa Morón Lasarekin batera Txilardegi-Hausnartu 3. saria "Tokiko komunikabideak hizkuntza biziberritzeko eragile: Ipar Euskal Herriko eta Yukatan penintsulako hiru kasu-azterketa apreziatibo" lanarekin.
- 2022: Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria (giza zientzietan).[8]
- 2023: Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi zuen "Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen" izenburuko proiektuarekin.[1] Sariak Maorieran biziberritzeaz proiektu bat garatzeko aukera eman zion, euskararen kasuan baliagarriak izan diren tresnak Zeelanda Berriko hizkuntzarako ere baliagarri bihurtzen saiatzeko. Euskara eta maoriera hizkuntza gutxituen arteko zubi lana egitea zen helburua, hizkuntza horiek biziberritzeko prozesua elkarrekin egiteko eta elkarrengandik ikasteko, eta indarrak batuz bi hizkuntzak suspertzeko erronkari aurre egiteko. Bide horretan, maori kulturaren ikuspuntu filosofiko akademikoa euskal eremura hurbildu nahi zuen. Proiekturako proposatzen zuen metodologia berritzailea erabiliz eta soziolinguistika anglosaxoiaren laguntzarekin duela urte batzuk Eusko Ikaskuntzak hizkuntza komunitatearen diagnostiko bat egiteko sortu zuen metodologia gehiago garatu nahi zuen. Metodologia hari jarraipena emanez, maorieraren diagnostiko bat egingo zuen eta bertako eragileak, indarguneak eta lorpenak identifikatu.[2]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Oliveira Lizarribar, Ana. (2023-07-21). «El gasteiztarra Beñat Garaio Mendizabal gana el Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- Iriarte Lasa, Sara. (2023-07-21). «Beñat Garaio ikerlariak jakinarazi du behin-behinean utziko duela ikerkuntza» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- «Beñat Garaio - ELEBILAB Ikerketa Taldea - UPV/EHU» ELEBILAB Ikerketa Taldea (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- «2022-10-26 Euskarazko Tesien VIII. Koldo Mitxelena sariak - Euskara - UPV/EHU» Euskara (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- Garaio Mendizabal, Beñat. (2022). Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen. Inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- Garaio Mendizabal, Beñat. (2022). «Teseo-tesis: "Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen"» www.educacion.gob.es (Euskal Herriko Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- Garaio Mendizabal, Beñat. (2017). “Urkixote eta euskararen aurkako gurutzada”: buru bakarreko etsaia?. (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
- «2022-10-26 Euskarazko Tesien VIII. Koldo Mitxelena sariak - Euskara - UPV/EHU» Euskara (Noiz kontsultatua: 2024-01-12).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Beñat Garaio Mendizabal Inguma.eus (17 dokumentu, 8 artikulu, doktore tesia, 3 hitzaldi...)