Baztanga
Baztanga, nafarreria edo pikota (latinez, variola) Orthopoxvirus[1] generoaren barnean kokatzen den Variola birusak sorturiko gaixotasun infekzioso eta kutsakorra da. Haren zientzia izena latinetik dator, "zikina" edo "zikinduta" esan nahi du eta gaixoari aurpegian eta gorputzean agertutako koskorrei egiten die erreferentzia.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Baztanga | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | gaixotasun biriko kutsakorra, larruazaleko gaixotasuna, Poxviridae inkezio-eritasuna, Erauzitako gaixotasuna eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Variola birusa |
Sintoma(k) | betealdia, Negela, buruko mina, tripako mina, oka, baba, Pustula, sukarra orbaina |
Azterketa medikoa | miaketa fisiko, Mikroskopio elektroniko passive hemagglutination test (en) |
Asoziazio genetikoa | Zerrenda
|
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | metisazone (en) eta tecovirimat (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | B03 |
GNS-9-MK | 050.9 eta 050 |
GNS-10 | B03 |
GNS-9 | 050050 |
DiseasesDB | 12219 |
MedlinePlus | 001356 |
eMedicine | 001356 |
MeSH | D012899 |
Disease Ontology ID | DOID:8736 |
Milaka urtetan zehar nafarreri izurrite asko egon dira, baina nazioarteko txertatze programa arrakastatsu baten ondoren, gaixotasuna errotik kentzea lortu da. Izan ere, modu naturalean emandako azken kasua Somalian izan zen, 1977an, eta 1980rako Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi zuen gaixotasun hau mundutik desagertu izan zela, lur planetatik desagertutako lehenengo gaixotasun infekzioso garrantzitsua izanik. Gaixotasun honen ezaugarri garrantzitsuena haren hilkortasuna-tasa altua zen, %30 ingurukoa, haurren arteko tasa bereziki altua izanik. Gaixotasunari aurre egiten ziotenek orbanak zituzten gorputz osoan zehar, eta kasu batzuetan itsu ere gelditzen ziren.
Gaixotasunaren hasierako sintomek sukarraren eta gorakoen koadroak eragiten zituzten. Gero, ahoan zauriak sortu, eta hurrengo egunetan larruazaleko erupzioak ohikoak ziren. Egun batzuen buruan, larruazaleko erupzioak likido dentsoz betetako protuberantziak bihurtzen ziren, erdian hondoratze bereizgarri bat azaltzen zen. Gaixotasunaren bilakaerarekin, protuberantziak pustula bihurtzen ziren, geroago zarakarrak, eta hauek erortzean orbain bereizgarriak uzten zituzten larruazalean. Gaixotasunaren transmisioa pertsona gaixoekin modu zuzenaren (kontaktu fisikoa) edo ez-zuzenaren (kutsatutako objektuen bidezkoa) bidez hedatzen zen.
Gaur egun, biosegurtasun maila altuenetariko laborategi batzuetan gordetako erreserbak aurkitu daitezke. Hala ere, azkenaldian beldurra dago ez ote den birusa arma biologikotzat erabiliko[2].
Historia
Baztangaren jatorria ezezaguna da, baina oso garai goiztiarrean haren existentziaren ebidentziak daude. Ikerketa batzuen arabera gaixotasun honek K.a. 10000 inguruan giza populazioetan sortu omen zen. Dena den, birusaren aztarnak aurrenekoz Egipton K.a. III. mendeko momietan aurkitu dira[3].
XVIII. mendeko Europan kalkulatzen da 400 000 pertsona inguru hiltzen zirela urtero baztangaz jota[4], eta bizirik iraun zutenen herenak itsutasuna garatzen zuela. XX. mendean bakarrik, baztangak 300 milioi pertsona hil zituela estimatzen da[5], eta 500 milioi lagun inguru azken 100 urteetan[6].
1776an hasi zen Edward Jenner[7] gaixotasun haren aurkako txertoa lortzeko lanean. Behiekin lan egiten zutenek nafarreria ez zutela pairatzen konturatu zen: abereok gaixotasunarekiko erresistentzia zuten eta haien zornea pertsona batzuei inokulatuz gero, ez zirela infektatzen ikusi zuen. Horrela, 1798an, txertoa lortu zuen.
1959an Osasunaren Mundu Erakundeak baztangaren erauzketa lortzeko mundu osoko txertaketa plana abiarazi zuen[8], eta honi esker, 1980an baztanga betirako desagertu zen. Hala ere, Errusiak eta AEBek birusa laborategietan gordeta daukate.
Baztanga motak
Gaixotasuna sortzen duen birusaren arabera, bi baztanga mota daude:
1.- Variola major: baztanga mota arruntena eta arriskutsuena da. Sukar handiagoa eta erupzio hedatuagoa izaten da. Lau Variola major azpimota daude[9].
- Klasikoa: Kasuen % 85-90ean gertatzen dena.
- Eraldatua (edo modifikatua): txertatuak izan direnek jasaten dute eta arina izaten da.
- Lisoa (edo gaiztoa): Oso arraroa eta arriskutsua izan daiteke. Toxemia ugariaz karakterizatzen da. Bereziki haurretan ematen da.
- Hemorragikoa: Marjinala. Txertoak ez du babesten. Odoljarioak bereziki larriak izan daitezke.
2.- Variola minor: oso gutxitan gertatzen da eta ez da arriskutsua.
Historikoki, Variola major-en heriotza-tasa % 30ekoa da; hala ere, Variola major lisoa eta hemorragikoa hilgarriak dira. Variola minor-raren heriotza-tasari dagokionez, % 1ekoa da.
Baztanga desagertu baino lehen, bi baztanga mota horiek ezin ziren bereizi, ezaugarri klinikoei dagokienez, baina egun bereiz daitezke. Garai batean baztanga motarik ohikoena Variola major zen. Variola minor gero agertu zen.
Transmisioa eta garapena
Baztanga kutsatzeko, gaixoarekin kontaktu zuzena izan behar da, honek erabiltzen dituen arropa edota maindireen bidez kutsa baitaiteke. Horregatik, gehienetan familiarrak eta ingurukoak jotzen ditu aurrena.
Gizakia baztangaren eramaile naturala da; beraz, animaliek ez dezakete transmititu. Hala ere, gaixotasunaren fase zehatz batzuetan bakarrik transmiti daiteke. Baztangak fase hauek ditu:
- Inkubazio epea: 7- 17 egun irauten du. Gaixoak ez ditu ingurukoak kutsatzen. Baztangaren birusaz kutsatu eta egun batzuetan inkubatzen egoten da, hots, gaixoak ez du sintomarik.
- Lehenengo sintomak: 2-4 egun bitartean irauten du eta batzuetan kutsatu egin dezake gaixoak. Hasierako sintomak agertzen dira: sukarra, nahigabea, buruko mina, baita gorputzean mina ere, eta batzuetan goragalea. Sukarra 38-40°C artean izaten da. Momentu horretan, kutsatua bere eguneroko bizitzan ohi bezala segitzeko gaixoegi sentituko da.
- Lehenengo erupzioa: 4 eguneko iraupena du eta oso fase kutsakorra da. Hasierako erupzioa agertuko da, hots, puntu gorri batzuk mihian eta ahoan. Puntu gorri horiek zauri bihurtzen dira, irekitzen baitira eta birusaren kantitate handi bat jariatzen baitute ahoan eta eztarrian. Aldi berean, larruazalean erupzioa agertzen hasten da. Hasieran aurpegian eta gero beso, hanka, esku eta oinetaraino hedatzen da: prozesu osoa 24 orduan gertatzen da. Erupzioarekin batera, sukarra jaitsi eta gaixoa hobeto sentitzen da.
Hirugarren egunean, erupzioei koskor bat agertzen zaie. Laugarrenean, koskorrak likidoz betetzen dira eta askotan, koskorraren erdialdea beherantz joaten da. Ezaugarri hori garrantzitsua da baztanga mota bereizteko. Momentu horretan, sukarra igo egiten da eta ez da jaisten, koskorraren gainean kortika sortzen den arte.
- Erupzioa pustulekin: bost egun irauten du eta fase kutsakorra izaten da. Koskorrak pustula bihurtzen dira. Pustula horiek altuak, gehienetan biribilak eta gogorrak izaten dira, larruazalaren azpian zerbait egongo balitz bezala.
- Pustula eta kortika: bost egun irauten dute eta hori ere fase kutsakorra da. Pustulak pixkanaka kortika bihurtzen dira. Erupzioa agertu eta bi astera, zauri gehienak kortika bihurtuta daude.
- Kortiken erorketa: sei egun dirau eta kutsakorra da. Kortikak erortzen hasten dira eta larruazalean markak (zuloak) uzten dituzte, orbandu egiten baitira. Kortika gehienak erupzioa irten eta hiru astera erortzen dira. Gaixoak transmititzeko arriskua du, kortika guztiak erortzen diren arte.
- Kortiken erorketa: behin kortika guztiak erorita, ez da kutsatzeko arriskurik izango.
Baztangaren ondorioz heriotza gehienak inkubazio fasean izaten ziren. Variola major-reko liso, klasiko eta modifikatuaren kasuan, 5-7 egunen buruan. Hemorragikoa zutenak, aldiz, lehenago hiltzen ziren. Variola minor-ean, azkenik, txertatugabeak soilik hitzen ziren.
Lehenago aipatu bezala, Variola major-retan erupzioaren erdialdea beherantz joaten da, Variola minor-retan ez bezala.
Variola major motak bereizteko sintoma horietaz aparte, beste batzuk ere badaude:
- Baztanga hemorragikoaren kasuan, erupzioa baino lehen hemorragia gertatzen da.
- Baztanga lisoetan, aldiz, erupzioa ez da besikulara iristen. Sukarra ez da jaisten erupzioa agertzean eta txertoak ez du bizia ziurtatzen.
- Baztanga modifikatua immunitate-sistemak senda dezake.
- Baztanga klasikoa, berriz, oso erraz bereizten da: erupzio simetrikoa du eta lesio guztiek berdin eboluzionatzen dute.
Mekanismoa
Birusaren transmisioa bereziki aerosolen bidez ematen da. Izan ere, 1970an Meschede-ko ospitale batean (Alemanian) baieztatu izan zen hipotesia[10]. Behin arnastuta, Variola birusa ahoko, eztarriko eta aire-traktuko muki-mintzari atxikitzen da. Hemendik, nodulu linfatikoetara migratu eta eta bertan ugaltzen hasten da. Hasierako hazkuntza fasean, birusaren biderketa modu lokalean ematen da, zelula batetik bestera transmitituz, baina 12. egun aldera, kutsatutako zelulen lisia modu masiboan ematen da, eta odolean aurki daitekeen birus kopurua handitzen da hedapen sistemikoa emanez. Prozesu honi viremia deritzo. Honen ondorioz, birusaren bigarren ugalketa prozesua ematen da hezur-muin, gongoil linfatiko, eta barean bezalako organoetan.
Tratamendua
Gure sistema immunologikoak normalean ezin dio aurre egin baztangari; gainera, gaixotasun horren aurka ez dago tratamendu zehatzik. Horregatik, norbaitek baztanga daukala pentsatzen bada, prebentzio neurri batzuk hartzen dira:
- Gaixoa bere etxean bakarrik uztea: ezin da erietxera eraman, ez dagoelako tratamendurik eta kutsatzeko arrisku handia dagoelako.
- Gaixoaren ezagunak isolatzea: horrez gain, harekin kontaktu zuzena izan dutenak txertatu behar dira.
- Gaixoarekin agian kontaktua izan dutenak ere isolatzea, oso erraz kutsatzen delako; aurrekoan bezala, horiek ere txertatu behar dira.
- Desinfektatzea: gaixoak erabilitako arropek birusa transmiti dezaketenez, kontuz erabili behar dira; beraz, ondo garbitu behar dira.
Hala ere, baztanga saihesteko, onena txertoa da. Erupzioa agertu eta lehen eta laugarren egunen artean hartu behar da txertoa: horrek sendatu egin dezake edo infekzioaren arrisku txikitu.
Txertoa
Baztangaren aurkako txertoak, besteak ez bezala, ez dauka Variolae vaccine izeneko birusa, laborategian sortutako antzeko beste birus bat baizik.
Txertoa jaso duenari txertoa jarri dioten lekuan pustula bat sortuko zaio aurrena eta, gero, orbandu eginen zaio: horrek immunizatuta dagoela esan nahi du eta 10 edo 20 urte bitartean iraun dezake. Haren arrisku larrienetakoa kontaktua da, ukituz gero, gaixotasuna transmititzeko arriskua baitago.
Nahita edo nahigabe birusa airean deskargatutakoan, gaixotu litezkeen pertsona guztiak txertatu behar dira, aurretik txertatuak izan badira ere; jarraian, gaixoekin kontaktua izango duten guztiak, medikuetatik hasi eta gaixoen gorpuak manipulatu beharko dituztenak arte. Lehenago jaso ez dutenek txertoa hartzeko lehentasuna izango dute.
Hala ere, txerto horrek alde txarrak ere baditu, honako kasuetan direnek ezin baitute hartu:
- Dermatitis atopikoa daukatenek.
- Larruazaleko beste edozein gaixotasun daukatenek, hots, barizela, herpesa…
- Sistema immunologikoa ahula bide dutenek, hala nola, minbiziaren aurkako tratamenduagatik, edozein transplanterengatik, GIBa dutenek edota esteroideak hartzen dituztenek.
- Haurdun dauden emakumeek.
- Txertoari alergia diotenek
- 12 hilabete baino gutxiagoko haurrei
Gainera, txertoa hartu ondoren, emakumeek lau hilabete itxaron behar dute haurdun geratzeko.
Antibiralak
Cidofovir-ra eta Brincidofovir-ra eraginkorrak izan birusaren aurka in vitro ikerketetan[11]. Bi hauek Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) aurkako tratamenduak dira eta birusaren DNA polimerasa inhibitzen dituzten nukleosido analogoak daramate. Dena den, ageriko arrazoi bioetikoengatik, ez da frogatu gizakiengan baztangaren aurkako eraginkortasuna duenik.
Tecovirimat antibirala, berriz, segurua izan daiteke pertsona osasuntsuetan erabiltzeko. Botikak birusaren F13 fosfolipasa du helburu, eta birusaren hedapena blokeatzen du in vitro eta in vivo[12]. Aurreko kasuan bezala, ez da eraginkortasun zuzenik frogatu gizakietan baztangaren aurka, baina hala eta guztiz ere, AEBko Elikagai eta Sendagaien Administrazioak onartu du baztangarako tratamendu gisa.
Arrisku biologikoa
Baztanga munduan emandako lehen arma biologikotzat ematen da[13]. XIV. mendean armada tartarikoak baztangaz hildakoen gorpuak katapultatzen zituen herri setiatuetara[14]. 1754-1767 urteen artean emandako frantziarren eta indiar-amerikarren arteko gudan erabili izan zen arma gisa, non frantziar soldaduek baztangaz kutsaturiko arropak sakabanatzen zituzten indiarren artean hauek kutsatzeko asmoarekin[15].
Gaur egun baztanga desagerrarazita dago. Dena den, Errusian eta AEBetan dauden biosegurtasun maila altuenetariko laborategi batzuetan gordetako erreserbak aurkitu daitezke. Hainbat ikertzaileen ustetan, gerra hotzaren ondorioz Sobietar Batasuneko armadak eta AEBko defentsa zerbitzuek baztangaren birusa eraldatu izan omen zuten arma biologikotzat erabiltzeko. 1991ko Sobietar Batasunaren desegiteak tentsioa leundu egin zuen, baina azken denboraldian emandako gatazka belikoen ondorioz beldurra dago ez ote den birusa arma biologikotzat erabiliko. Izan ere, 2021-2022ko urtean Errusia-Ukrania krisian aipatu izan da arma biologikoen erabilera eman daitekeela[16][17].
Xenpelar bertsolariaren familiaren zoritxarra
XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat jotzen den Xenpelar bertsolaria baztangak harrapatuta hil zen. Bera bakarrik ez, familiako lau kide hil ziren bi hilabeteko epean 1869an. Errenteriako kalean bizi ziren, senar-emazteak eta hiru alabak. Azkeneko alaba izan eta hiru urte beranduago, emaztea baztangak harrapatu eta 1869ko urriaren 25ean hil zen. Xenpelar bera ere kutsatu eta hilabete eta erdi geroago hil zen, abenduaren 8an,[18] 34 urte zituela. Arreba Maria Luisa haurdun zegoela, Joxepa Antoni lau urteko alabatxoa senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen azken hilabetean. Xenpelar hil zen egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz. Gaitzerdi, Xenpelarren hiru alabatxoak ez ziren hil. Aita Zavalak jaso zuenez, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urtarrilaren 17ra baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian. Arreba Maria Luisa (Maria Luisa Petriarena Rekondo Xenpelar) eta horren alaba Joxepa Antoni ere (Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar), biak ziren bertsolariak.[19][20][21]
Erreferentziak
- (Ingelesez) Babkin, Igor; Babkina, Irina. (2015-03-10). «The Origin of the Variola Virus» Viruses 7 (3): 1100–1112. doi: . ISSN 1999-4915. PMID 25763864. PMC PMC4379562. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- (Ingelesez) Agwunobi, John O. (2007-04-14). «Should the US and Russia destroy their stocks of smallpox virus?» BMJ 334 (7597): 775–775. doi: . ISSN 0959-8138. PMID 17431262. PMC PMC1851995. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- (Ingelesez) «History of Smallpox | Smallpox | CDC» www.cdc.gov 2021-02-21 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- Hays, J. N.. (2005). Epidemics and pandemics : their impacts on human history. ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-369-4. PMC 606929770. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- (Ingelesez) Henderson, Donald A.. (2011-12). «The eradication of smallpox – An overview of the past, present, and future» Vaccine 29: D7–D9. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- Henderson, Donald A.. (2014). Smallpox : the death of a disease. Prometheus Books ISBN 978-1-61592-230-7. PMC 869303726. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- (Ingelesez) Riedel, Stefan. (2005-01). «Edward Jenner and the History of Smallpox and Vaccination» Baylor University Medical Center Proceedings 18 (1): 21–25. doi: . ISSN 0899-8280. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- Smallpox and its eradication. World Health Organization 1988 ISBN 92-4-156110-6. PMC 19521677. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Ingelesez) Research, Center for Biologics Evaluation and. (2020-12-22). «Smallpox» FDA (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- Wehrle, P. F.; Posch, J.; Richter, K. H.; Henderson, D. A.. (1970). «An airborne outbreak of smallpox in a German hospital and its significance with respect to other recent outbreaks in Europe» Bulletin of the World Health Organization 43 (5): 669–679. ISSN 0042-9686. PMID 5313258. PMC 2427800. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Ingelesez) Baker, Robert O; Bray, Mike; Huggins, John W. (2003-01-01). «Potential antiviral therapeutics for smallpox, monkeypox and other orthopoxvirus infections» Antiviral Research 57 (1): 13–23. doi: . ISSN 0166-3542. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Ingelesez) Meyer, Hermann; Ehmann, Rosina; Smith, Geoffrey L.. (2020-01-24). «Smallpox in the Post-Eradication Era» Viruses 12 (2): 138. doi: . ISSN 1999-4915. PMID 31991671. PMC PMC7077202. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Ingelesez) Alibek, Ken. (2004-10-01). «Smallpox: a disease and a weapon» International Journal of Infectious Diseases 8: 3–8. doi: . ISSN 1201-9712. (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- (Ingelesez) Janoff, Edward N.; Lynfield, Ruth. (2003-10). «Smallpox: remembrance of things past, or the coming plague?» Journal of Laboratory and Clinical Medicine 142 (4): 211–215. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- (Ingelesez) Henderson, Donald A.; Inglesby, Thomas V.; Bartlett, John G.; Ascher, Michael S.; Eitzen, Edward; Jahrling, Peter B.; Hauer, Jerome; Layton, Marcelle et al.. (1999-06-09). «Smallpox as a Biological Weapon: Medical and Public Health Management» JAMA 281 (22): 2127. doi: . ISSN 0098-7484. (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- (Ingelesez) «What are Russia’s biological weapons claims and what’s actually happening?» the Guardian 2022-03-11 (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- (Gaztelaniaz) Wong, Edward. (2022-03-11). «EE. UU. enfrenta una teoría de la conspiración sobre armas biológicas impulsada por Rusia y China» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- PERURENA, Patziku: "Senperelarrekoaz" (33-34 orriak). In: Etorrerakoak. Tafalla: Txalaparta, 1998. 33. orria.
- PEREZ, Elixabete. (2011). Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar 1835-1869. Bidegileak bilduma,. Eusko Jaurlaritza, 9 or..
- Zavala, Antonio. (1993). «Xenpelar eta bere ingurua / Antonio Zavala (bizitzaren egille eta bertsoen biltzaille)» eimakatalogoa.eus: 37-41. (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
- Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale Elkartea. «Juan Frantzisko Petriarena "Xenpelar" - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-23).