Baso-saguzar
Baso-saguzarra (Barbastella barbastellus) vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. Ezaugarri nagusiak, sudur motza, begi handiak eta belarri handiak izatea ditu[1].
Baso-saguzar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Chiroptera |
Familia | Vespertilionidae |
Leinua | Plecotini |
Generoa | Barbastella |
Espeziea | Barbastella barbastellus (Schreber, 1774)
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,258 m |
Kumaldiaren tamaina | 1 |
Eguneko zikloa | gaueko |
Mundu mailan, 3 espezie baino ez dira Barbastella generoaren barruan sailkatzen (denak eurasiarrak), eta bakarra dugu Euskal Herrian: baso-saguzarra edo Barbastella barbastellus. Gainontzeko saguzarretatik erraz bereiz daiteke, oso iluna baita eta behealdera fusionatutako, muturreraino heltzen diren belarri txikiak baititu. 2 kume erdi ditzakeen Euskal Herriko espezie bakarra da.
Deskribapena
Tamaina txikiko saguzarra da Barbastella barbastellus. Belarriak oso bereizgarriak dira espezie honetan: tamaina ertainekoak, beltzak eta behealdera fusionatuak dira. Aurrerantz proiektatzen dituenean, muturreraino heltzen direla ikus dezakegu. Tragoa, zorrotza da, barne ertza zuzena eta kanpo ertza goialdean ahurra eta bekaldean ganbila direlarik. Egitura hau, zeharki zuzendua dago belarriaren barnealderantz. Belarriaren kanpoaldean, gingil bat aurkezten du, hau beti agertzen ez bada ere.
Hankak, erlatiboki handiak dira. Buztanak, gorputzak eta buruak batzen duten luzera bertsua izan ohi du, eta uropatagiotik 2 mm inguru irteten da. Ileak kolorazio oso iluna du (beltz-marroixka) eta dentsoa da. Indibiduo batzuetan, ileen puntak zurituta ager daitezke. Patagioa, aurpegia eta belarriak ere ilunak ditu. Bi ugatz-guruin ditu eta ez du dimorfismo sexual ageririk. Hortz-formula da.
Ekokokapena
Bilaketa fasean, bi CF-FM seinale igortzen ditu. Laburrak izaten dira eta maximoa 32-37 kHz-tatik 41-43 kHz-tara doa. 110-120 ms-ko tartean igortzen ditu. Ehizarako intentsitate baxuko deiak erabiltzen ditu, sitsak saguzarraren presentziaz jabetu ez daitezen eta horiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko[2].
Landaretza dentsoa den gunetan, Myotis eta Plecotus generoko espezieekin nahastu daiteke. Hau saihesteko, dei sozialei erreparatu behar zaie.
Banaketa
Bere banaketak, banda handi bat osatzen du Eurasiatik iparraldeko Afrikaraino heltzen dena. Eskandinavia, Britainia Handia, Maroko, Kanariak, Kaukasoko mendilerroa eta Turkia besarkatzen du espezie honen hedadurak[3].
Euskal Herrian, kolonia egonkorrak eta negutarrak topatu dira. Negutarrak Itxina eta Arkamoko kobetan aurkitu dira eta egonkorrak Nafarroan zehar barreiaturik[4].
Habitata
Baso-ingurune eta ingurune malkartsuei loturiko espeziea da baso-saguzarra. 2000 m-tan aurkituriko indibiduoek eta 1300 m-tan kolonien presentziak, tenperatura baxuak ondo jasaten dituela adierazten dute.
Zuhaitz zuloetan eta azalaren azpiko hutsarteetan bizitzea gustuko du, eta hibernatzeko tenperatura baxuak nahiago ditu. Udan, eraikinen arrakaletan, kontraleihotan, zuhaitz zulotan, habia artifizialetan, koben sarreretan… aurkitu izan da.
Elikadura
Ibai eta ur masen inguruan, basoen ertzetan, eta baita baso barruan ere, altuera txikian ehizatzen du. Hala ere, lurzoruan pausaturiko intsektuak ehizatzen ere behatua izan da (gleaning terminoaz ezagutzen da hau).
Elikagai iturri nagusia sitsak dira (gorotzen bolumenaren %73-94). Bigarren postuan euliak ageri dira (Diptera, Calliphoridae, Tipulidae, Nematocera… bolumenaren %4-17). Trichoptera, Neuroptera, Homoptera, Hymenoptera, Coleoptera taxonetako animaliak eta armiarmak (Araneae) ere topatu izan dira espezie honen gorotzetan[5] [6].
Ugalketa eta ontogenia
Bigarren urterako lortzen dute heldutasun sexuala; emeek lehenengo urtean ere lor dezakete. Parekatzea udazkenean eta neguko gordelekuan burutzen dute. Ondoren, arrek, koloniatik alde egiten dute eta talde txikitan biltzen dira.
Bi kume erditzen dituen Euskal Herriko saguzar bakarrenetarikoa da. Ekain aldera erditzen dute, eta kolonian bertan egiten dute.
Espeziearen bizi luzetasuna 5-10 urte bitartekoa izan ohi den arren, 22 urteko aleak ere ezagutzen dira[7].
Bizimodua
15 indibiduotik berako koloniak eratzen ditu, handiagoak behatu badira ere. Kolonia batzuk sedentarioak diren bitartean, beste batzuk 10-75 km-tako migrazioak egiten behatu dira udako babeslekuetatik negukoetara, 300 km egiten ere ikusi izan dira. Negua beste hainbat espezierekin batera igaro dezakete kobazuloetan, kolonia handiak osatuta.
Gau hasi eta berehala aktibo bihurtzen dira; kasu batzutan gautu aurretik ikusi izan dira hegan. Ez dira gordelekutik 5 km baino gehiago urruntzen, normalean.
Espezieen arteko elkarrekintzak
Ez dago saguzar espezie honetan espezializatzen den harraparirik. Egagropiletan ere, urrien topatzen den kiropteroa dugu (%3).
Nabarmenak dira belarrian izaten dituzten bolatxo laranjak: akaroak (Spinturnix puntactus, Bewsiella fledermaus eta Paraperiglischrus rhinolophinus), dipteroak, trematodoak edota nematodoak izan daitezke. Gehienetan akaroak dira saguzarra endoparasitatzen dutenak.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Parsons, S.; Jones, G.. (2000). «Acoustic identification of twelve species of echolocating bat by discriminant function analysis and artificial neural networks» J Exp Biol. (203): 2641-2656..
- Goerlitz HR, ter Hofstede HM, Zeale MRK, Jones G, Holderied MW. (2010). «An Aerial-Hawking Bat Uses Stealth Echolocation to Counter Moth Hearing» Current Biology 20 (17): 1568-1572..
- Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
- Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
- Sierro A. (1999). «Habitat selection by barbastelle bats (Barbastella barbastellus) in the Swiss Alps (Valais)» Journal of Zoology (248): 429-432..
- Zeale MRK, Butlin RK, Barker G, Lees DC, Jones G. (2011). «Taxon-specific PCR for DNA barcoding arthropod prey in bat faeces» Molecular Ecology Resources (2): 236-244..
- Abel G. (1970). «Zum Höchsalter der Mopsfledermaus (Barbastella barbastellus) .» Myotis (8): 38..