Basamortu

Basamortua lurralde lehorra da, prezipitazio urrien ondorioz landare- eta animalia-populazio txikia duena.[3] Landarediarik ez izatean, lur azala denudazio prozesuen mende geratzen da. Landare urritasuna bi arrazoi nagusirengatik gerta daiteke: zenbait lekutan tenperatura landareak hazteko egokia da, baina ura urria, eta beste zenbait leku, berriz, hotzegiak dira, udan ere tenperatura 0 gradu azpitik mantentzen baita. Horrela, bada, basamortu beroak eta hotzak bereiz daitezke.[4] Denera, basamortuek munduko lurren herena hartzen dute.[5]

Txileko Atacamako basamortua, Lurreko basamortu berorik lehorrena.[1][2]

Izena

Euskaraz, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ageri denez, lurralde mota horretarako izen egokiena basamortu da, baina baditu hainbat sinonimo: eremu, gaur egun gehienbat beste adiera batekin erabilia; desertu, maila jasorako soilik; eta, gutxi erabiliak, basaleku, lekaro eta mortu.[6]

Geografia

Basamortu guztien ezaugarria euri-eskasia da. Ez da erraz esaten non hasten den eta non amaitzen den basamortua, baina, zenbaiten ustez, benetako basamortuak urtean 250 mm (250 litro metro karratuko) euri baino gutxiago jasotzen duten lur-eremuak dira.[7]

Sailkapena

Basamortu hotza: Antartika
Tropiko inguruko basamortua: Sahara (Aljeria)
Patagoniako basamortua (Argentina), Ande mendien haizebean sortua
Namib Ozeano Atlantikoaren ertzean. Kostan lainoa ugaria bada ere, ia ez du inoiz euririk egiten
Basamortu kontinentala: Gobi (Mongolia). Neguak oso hotzak dira

Basamortuak sailkatzeko hainbat modu daude, ia munduan dauden basamortuak adina. Urtean eremu horietan egiten duen euri-kantitatearen, tenperaturaren, hezetasunaren edo beste hainbat faktoreren arabera sailka daitezke basamortuak. 1953an, Peveril Meigs estatubatuar ikerlariak Lurreko basamortuko eremuak hiru mailatan sailkatu zituen, eremu horietan egiten zuen euri kantitatearen arabera:[7][8]

  • Eremu guztiz aridoak: urtean 25 mm baino gutxiago jasotzen dutenak. Batzuetan urteak igarotzen dira euri tantarik ikusi gabe. Adibidez Namib eta Arabiako basamortua.
  • Eremu aridoak: 25 mm euri baino gehiago eta 200 milimetro baino gutxiago jasotzen dutenak. Adibidez Mojave.
  • Eremu erdi-aridoak: urtean 200-500 mm euri jasotzen dutenak. Erdi-basamortuak direla esaten da maiz; estepa izenez ere ezagutzen dira.

Oro har, kokapen geografikoaren eta gailentzen den eguraldiaren arabera sailkatzen dira basamortuak. Monique Maingueten arabera, bost basamortu mota daude:[9]

  • Basamortu hotzak. Prezipitazioak oso txikiak dira eta egiten duen hori izoztu egiten da. Eremu horiei tundra esaten zaie, urte-sasoi labur batean bada ere zerotik gorako tenperaturak baldin badaude eta landaredia zertxobait loratzen bada. Urte osoko tenperaturak zero ingurukoak edota zeropekoak baldin badira, lurzorua ia-ia bizirik gabe geratzen da eta, orduan, basamortu polar deritze. Artikoko eta Antartikako basamortu polarrak izotzez eta elurrez estalita daude beti. Oso euri gutxi egiten du, eta batez besteko tenperatura -10 °C ingurukoa da, baita hilik epelenean ere. Noizbehinka, elurrezko dunak izaten dira. Tenperatura-aldaketek uraren izozte-puntua gainditzen dute sarri, eta etengabeko izozteek eta urtze-aldiek arrasto bereizgarriak uzten dituzte lurzoruan.[7]
  • Basamortu tropikal edo subtropikalak, negu nabaririk gabekoak: Sahara, Arabiakoak, Australiakoak, Sindh... Eskualde horietako haize nagusien jatorria ekuatorearen ingurukoa da, baina ekuatorean eguzkiak airea berotu ahala igo eta euri asko sortzen duen bezala, aire hori tropiko aldean hondoratzen den heinean, bero eta idorra bihurtzen da. Basamorturik handienak urtean zehar antizikloiak mantentzen diren kontinenteetan eratzen dira, antizikloiek itsas haize hezeen bidea oztopatzen baitute. Basamortu hauen gune gogorrenetan nekez egiten du euririk, gehienez ere zenbait urtetik behin jasaren bat. Zerua beti urdin dagoenez eta itsasoa urruti, tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu. Munduko egunik beroenak (50 graduz goitikoak) Saharako zenbait lekutan gertatzen dira, baina gauez tenperatura nabarmen eror daiteke, eta maiz iristen da zeropera.[4]
  • Latitude baxuetako euri-itzaleko basamortuak, negu epelekoak. Basamortu horiek mendilerro handien haizebeko euri-itzalean eratu dira; adibidez, Sonorakoa Estatu Batuetako Mendi Harritsuen ekialdean, eta Argentinako Patagoniakoa Andeen ekialdean. Horietara iristeko, itsas haize nagusiek mendikate garaiak zeharkatu behar izan dituzte, eta bidean zuten hezetasun guztia galdu egiten dute. Behin idortu egin direla, mendi-magaletan behera airearen tenperatura oso azkar igotzen da, eta haize bero eta idorra da basamortu horietara iristen dena. Euri-itzaleko basamortuetan tenperatura oso aldakorra izan daiteke urtean zehar, udan oso beroa eta neguan oso hotza. Haize beroak dena idortzen du eta, adibidez, Sonoran 125 milimetroko prezipitazioak bota ditzakeen arren (txikiak dira, baina ez horrenbeste), lurrunketa potentziala (izanez gero lurrak galduko zuen ura) 2.500 milimetrokoa da, eta lehortea erabatekoa da.[4]
  • Kostaldeko basamortu beroak. Eskualde tropikaletako mendebaldeko kostaldetan daude, 15 eta 30° inguruko latitudeetan. Eskualde horietan haize alisioak dira nagusi (ekialdekoak), eta hauen eraginez itsas azaleko ur beroa kostatik urruntzen da, eta hondoko ur hotzak azaleratzen dira. Horrela, itsaslaster hotz baina joriei esker, munduko arrantza-lekurik oparoenak diren itsasertzetan (Txile, Namibia edo Mauritania) munduko basamortu idorrenak ditugu (Atacama, Namib, edo Saharako mendebaldeko ertza). Basamortuok aurrekoak baino freskoagoak dira (urtean zehar 18 gradu inguruko tenperatura izan ohi dute) eta laino ugarikoak. Hala ere, itsasoa oso hotza denez, aireari ur-lurrun gutxi pasatzen dio, eta kostako lainoek oso ur gutxi uzten dute lehorrean, haizea kontinentean barneratu ahala idortu egiten baita. Hain zuzen, Txileko Atacaman badira azken mendeetan euririk izan ez duten eremuak.[4]
  • Basamortu kontinentalak. Latitude ertainetan sortuak, besterik gabe itsasoaren urruntasunaren ondorioz. Erdialdeko Asian daude gehienak (Gobi, Taklamakan, Karakum...). Horietan gertatzen dira tenperatura gorabeherarik latzenak urtean zehar. Gobiren kasuan prezipitazioak ez dira hain txikiak, baina gehienbat neguan erortzen dira, landareentzako hotzegi denean, eta udan lehorte latza egoten da.[4]

Badira, azkenik, beste zenbait basamortu txikiago, ezaugarri lokalen eraginez sortu direnak: lurzoruaren gazitasunagatik, hare-metakin sakonak daudelako, edo beste edozein kausa dela medio, oso landaredi urriko lekuak, ez direnak halabeharrez klima idorretan gertatzen.[4]

Meteorizazio prozesuak

Basamortuetan gorabehera termiko handiak izaten dira, bai egunean, bai urtean zehar, eguneko tenperaturak oso beroak baitira, eta gauekoak, berriz, hotzak. Eguneko tenperatura-anplitudea 20 eta 30 °C artekoa izan daiteke, eta are handiagoa arroken azalean. Egunez zerua oskarbi egon ohi da, eta eguzki-erradiazio gehiena lurreraino iristen da; eguzkia sartu orduko, ordea, basamortua oso azkar hozten da, lurraren irradiazioak espaziorantz ihes egiten duelako.[10] Saharan, esate baterako, 38 graduko gorabehera neurtu izan da ordu gutxitan: -0,5 °C gauean eta 37,5 °C egunez.[11]

Tenperatura gorabehera horiek harkaitzen azala suntsitzea eragiten dute. Haitzak beroaren eroale txarrak dira eta gainazaleko geruza fin batean kontzentratzen da eguzkitik datorren energia; horrela oso tenperatura handietaraino berotzen da haitzen gainazala. Gauean zehar arrokaren gainazala oso bizkor hozten da. Eguneko berotzearen eta gaueko hoztearen ondorioz, arroka hedatu eta uzkurtu egiten da; behin eta berriz errepikatzen den prozesu horrek harriaren exfoliazio xehea eta pikor desintegrazioa eragiten ditu. Horren ondoren agerian gelditzen diren geruzak zertxobait hedatu eta bolumen handixeagoa hartzen du, xaflak eratzen dira eta tipula baten gisako geruza esferikotan banatzen da.[12] Meteorizazio kimikoa ere gerta daiteke, ihintza edo lainoa izanez gero. Haloklastismoz ere kraskatzen ahal dira harkaitzak, pitzaduretan ur gazia sartu eta gatza kristaltzen bada.[5] Era horretan eratu dira harpe asko labarren oinetan.

Haizearen eragina

Reg, Mauritaniako Adrar goi-ordokian

Neurri desberdinetako materialak sortzen dira meteorizazio fisiko eta kimikoaren ondorioz. Haizeak basamortuko eremu zabalak erraztatzen ditu, baina tamaina jakin batetik beherako gaiak garraiatzen ditu bakarrik; gehieneko neurri hori haizearen lastertasunaren araberakoa da. Zenbat eta handiagoa izan gaia, orduan eta indartsuagoa izan beharko du gai hori garraiatzeko haizeak. Beraz, zenbait alderdik beren osagai finak (lupetza eta harea) galduko dituzte, eta lurraren gainean zatiki lodienak besterik ez dira geratuko; deflazio eoliko izena ematen zaio prozesu horri. Era horretan sortzen dira hamadak (goi-ordoki harritsuak) eta reg-ak (gainalde harritsuak).[13] Haizeak zatiki finak oso urrun garraia ditzake: adibidez, Sirokoak Frantziaraino,[14] eta baita ekialdeko Europaraino ere,[15] eraman dezake Saharako hautsa. Haizeak daramatzan hondar pikorrek labar, muino eta harrien oinarriaren aurka jotzen dute. Abrasio horrek zuloak eta erretenak eratzen ditu harkaitzetan, eta perretxiko formako erliebeak sortzen ditu.[16]

Harea metatzen den guneetan haizeak lur azaleko zatikiak zorutik gertu dauden geruzetan zehar mugitzen ditu. Harea-pikorren higiduraren eta oztopoen ondorioz, dunak sortzen dira; dunak hareazko muinoak dira eta egitura desberdinak izan ditzakete haizearen intentsitate eta errejimenaren arabera. Barjanak ilargi formako dunak dira, bakandurik egon ohi direnak. Luzetarako dunak, berriz, ehun kilometrotik gorako luzera izan dezakete, eta hareazko itsasoak (erg) era ditzakete.[17] Erga handia denean, dunek beren morfologia galtzen dute, batzuk besteekin elkartzen baitira, eta hala, era askotako topografiak sortzen dira; horien artean aipatzekoak dira oinarri makurreko duna lerroak (draa), uhin formako lerroak eta sare itxurako lerro hareatsuak.[13] Arabiako Rub al-Khali (660.000 kilometro koadro)[18] eta Saharako Ekialdeko Erg Handia (140.000 kilometro koadro)[19] dira munduko hareazko itsasorik handienak. Lurreko basamortu azaleraren % 30 besterik ez da hareazkoa.[5]

Uraren eragina

Landare gutxi dagoenez, euri jasek erraz higatzen dituzte mendi mazelak. Mendien oinetara iristean, baserrekak zabaldu eta daramatzaten jalkinak bertan pilatzen dira; horrela eratzen dira glazisak. Glazis horien erdian zutitzen dira higatutako erliebeak, uharteak itsasoan bezala. Hori dela-eta, inselberg izena ematen zaie. Jasa handia baldin bada, ibai lehorren (uadien) uberketan kontzentratzen da ura. Uadiak, hilabeteak edo urteak agorturik egon direnak, bat-batean urez betetzen dira. Uholde zakarrak lupetza, harea, errekarri eta era guztietako garraiatzen ditu ibaian behera, baina ez du ibai-ohea hondeatzeko energia nahikorik. Horren ordez, ibai bazterrak higatzen ditu. Uraren emaria eta lastertasuna gutxitu ahala, jalkinak sedimentatzen dira. Beraz, uadien oheak oso zabalak eta sakontasun txikikoak dira, eta hondar eta legarrez estalirik egoten dira.[5][20]

Gehienetan, uadietako ura ez da itsasoraino iristen; arro endorreikoak izaten dira. Batzuetan ura lurpera iragazi edo lurrundu egiten da. Beste batzuetan, sakongune batera isuri, eta aldi baterako aintzira bat sortzen du (sebkha, chott, salar). Aintzira agortzen delarik, gatz geruza batek estaltzen du zorua.[5]

Basamortu handienak

Munduko basamortu bero handienak

Lurreko eremu orografiko handiena osatzen dute: munduko basamortuen azalera guztira 50 miloi kilometro koadro da, gutxi gorabehera Lurraren lehorreko gainazalaren herena (% 34). Basamortu eremuak gehienbat Asia mendebalde eta erdialdean daude, bai eta Afrika iparraldean (Kantzer tropikoaren bi aldeetan) eta Australian (Kaprikornio tropikoaren iparraldean eta hegoaldean) ere, baina Ameriketan ere badira.

Hamar basamortu handienak[21]
Izena Kontinentea Eremua (km²)
1 Antartika Antartika 14,200,000
2 Artikoa Ipar Amerika, Europa, Asia 13,900,000
3 Sahara Afrika 9,100,000
4 Arabiako basamortua Asia 2,600,000
5 Gobi Asia 1,300,000
6 Patagoniako basamortua Hego Amerika 670,000
7 Victoria Basamortu Handia Ozeania 647,000
8 Kalahari Afrika 570,000
9 Arro Handiko basamortua Ipar Amerika 490,000
10 Siriar basamortua Asia 490,000

Bizia basamortuetan

Baldintzak

Mojave basamortuko ibaia agorturik

Ur-eskasia da basamortu bero edo epel guztien ezaugarria, eta zenbait oasi salbu, gehienetan ez dago ur iraunkorrik. Hortik aurrera, ordea, oso desberdinak izan daitezke ingurune-baldintzak. Ikusi dugunez, zenbait basamortutan tenperatura nahikoa konstantea da urtean zehar, beste batzuetan aldaketa bortitzak jazotzen dira, batzuetan euri gutxi egiten du, eta urtetik urtera ere diferentzia txikiak izaten dira, baina beste batzuetan munduko gorabehera handienak gertatzen dira prezipitazioetan. Hori nabarmena da kontinente-erdiguneko basamortu tropikaletan, edo hauen ertzeko alde erdi-idorretan (Sahelen, adibidez). Esan bezala, aire tropikal idorrek markatzen dute eremu hauen izaera, baina atmosferako konbekzio-korronte tropikalen hedapena asko aldatzen da urtetik urtera. Hortaz, eskualde elkor hauetan urtetako lehorteak eta aldizkako uholde bortitzak tartekatzen dira, gainera edozein urtarotan gertatzen ahal direnak. Atmosfera eta hidrosferaren arteko elkarrekintzek (el Niño bezalako fenomenoek) zeresan handia dute honetan.[4]

Salar de Uyuni (Bolivia), gehienetan agorturik egoten den aintzira gazia

Basamortuak lehenengoz ikusten dituenarentzat harrigarria da urak zenbat aztarna uzten dituen hain leku idorrean. Izan ere, landare gutxi dagoenez eta prezipitazioak jasa handietan izaten direnez, euria egiten duenean ibaiak berehala hazten dira, eta sekulako higadura sortzen dute. Arroilak, trokarteak, deltak, meandroak, eta geomorfologiako liburuetan ageri diren modelatze-forma nagusiak basamortuetan dira beste inon baino nabarmenago. Eta zer esanik ez, bertan aintzira ugari dira, nahiz eta aldizka soilik eduki ura, eta gehienetan gazia.[4]

Eurien eskasiak eragin handia du, halaber, lurzoruetan. Hain zuzen, landareak urriak direnez ez da ia orbelik sortzen, eta lurzoruek oso humus gutxi izan ohi dute. Gainera, euria egiten duenean lurrak ezin guztia xurgatu, ur gehiena azaletik isuri eta lurzorua garraiatzen du. Atertzean, berriz, eguzki gogorrak lurra egosi egiten du, eta ura lurrundu ahala geruza sakonetan disolbatu dituen gatzak lurrazalean hauspeatzen dira, batez ere haranen hondoetan. Karea hauspeatzen denean, kalitxe izeneko geruza eratzen da, beste batzuetan berriz, gatz arrunta izan ohi da, edo igeltsua. Landaredi eskasiak ere haizeei bidea libre uzten die, eta hauek beste inon baino eragin urragarriagoa dute, hareazko pikor asko garraiatzen baitute.[4]

Dinamika

Ohiz kanpoko loraldia Heriotzaren haranean (Kalifornia) 2005eko negu euritsuaren ostean

Basamortuetan biodibertsitatea handia izan daitekeen arren, landareen biomasa eta kopurua txikiak dira, eta honek ere animaliak dentsitate txikietara mugatzen ditu. Denborarik gehienean ur-eskasiak mugatzen du landareen hazkundea, eta euria egiten duenetan ere, landareak hain urriak direnez, ur gehiena galdu egiten da, berriro lurrunduta, edo lurpera sartuta. Horrela, eremu elkor hauen urteko emankortasuna 100 g/m² azpitik egoten da, eta batzuetan 10 g/m²-ra ere ez da iristen. Pentsa dezagun gure inguruko basoen emankortasuna 1.500 g/m² ingurukoa izan daitekeela, eta oihan tropikalena edo nekazaritza alorrena azken honen halako bira iristen dela. Era berean, landareak hain urriak direnez, basamortuek mantenugaiak birziklatzeko gaitasun eskasa dute.[4]

Emankortasuna, hala ere, oso aldakorra izan daiteke. Zenbait eremu idor edo erdi-idorretan hazi-bankua oso ugaria da, eta euria bota bezain laster lurra belarrez estaltzen da. Larre efimero hauetako biztanle guztientzako garrantzitsuena ahalik eta azkarren ugaltzea da. Eguzki gogorrari eta lurzoruko mineral ugariei esker, landareak egun gutxitan loratzen dira, eta aste pare batean hazitan daude gehienak. Horiekin batera, intsektuak sortzen dira nonahitik, eta aintzira eratu berrietan igel zein arrainak ageri dira, eta egun gutxiren buruan ugaldu.[4]

Okavangoren delta (Botswana), sakongune endorreikoa Kalahari basamortuan

Beste zenbait basamortutan, aldiz, unerik egokienean ere gauzak askoz zailagoak dira. Hau da, esate baterako, Atacamako basamortuaren erdian dagoen Cordillera de la Sal izeneko mendikatean gertatzen dena. Eremu honetako substratua gatz purua denez, noiz edo noiz euririk egiten badu ere, lurzoruko ura gaziegia da landareentzat. Hori dela eta, kilometro asko egin daitezke inongo bizidunen aztarnik aurkitu gabe. Zenbait basamortuk badute basotik zerbait. Australiako gehienak, edo Kalahari, esate baterako, ia osora zuhaitzez estalita daude. Kalaharin prezipitazioak 500 mm ingurukoak dira, ez oso baxuak, baina lurzorua oso hareatsua denez, ura azkar galtzen da, eta baldintza gogorrak dira bizidun gehienentzat. Hala ere, sustrai luzeko zuhaitz eta sastraka batzuk bertan bizi dira, lurpeko ur gazikara ustiatzeko gai baitira. Horrelakoetan ere emankortasuna nahikoa baxua da.[4]

Basamortu askotan ibaiak daude. Kasu gehienetan euri-garaian bakarrik daramate ura, eta ibai iraunkorren aldean oso dinamika berezia izan ohi dute. Aldizka, kilometro askotara nonbait euria egin duelako, inongo susmorik hartu gabe eta zerua urdin-urdin dagoela, bat-batean ibaia haziko da, urarekin adarrak, animalien gorpuak, haziak, eta inon diren hondakinak garraiatuz. Gehienetan, uren ibilera ez da asko luzatzen, eta urak lurpean galdu edo lurrundu egiten dira, ibaiak zeramatzan material guztiak kilometro batzuk beherago utzirik. Beste ibai batzuek iturburu iraunkorrak izan ditzakete. Hori gertatzen da batez ere mendikateen haizebeko basamortuetan, ibaiak mendian sortu, baina itsasora iritsi baino lehen lurrundu egiten baitira. Horren antzeko kasua gertatzen da Okavango ibaia Kalahari basamortura iristean. Berrehun kilometroko delta zabal eta aberats batean amaitzen da ibai handi honen ibilbidea.[4]

Landareak

Kalabaza (Cucurbita foetidissima) Chihuahuako basamortuan (Mexiko Berria). Kalabazak basamortu hareatsu gehienetan agertzen dira. 40 metrora irits daitezkeen sustraiak dituzte, ur sakona aprobetxatzeko[4]

Zaila dirudien arren, landare asko moldatu da basamortuetako baldintza gogorretara. Adibidez, Namiben 3.500 landare espezietik gora dago. Horretarako, bi arazo nagusiri egin behar diete aurre: beroari eta ur-eskasiari.[4]

Landareek bide ugari erabiltzen dituzte ura lortzeko. Batzuek oso sustrai sakonak dituzte, lur hareatsuetan ura azkar hondoratzen baita. Esate baterako, basamortu gehienetan aurkitzen diren kalabazen sustraiak 40 metroko sakoneraraino iristen dira. Badira estrategia bat baino gehiago konbinatzen dituzten landareak ere. Adibidez, Larrea tridentata izeneko landareak bi eratako erroak ditu, sakonak eta azalekoak, bazter guztietatik ura xurgatzeko.[7] Beste landare batzuek (likenek, hainbat kaktusek) ihintza edo lainoa dute ur-iturri nagusia. Gainera, landare asko oso zukutsuak izaten dira, dagoenean ahalik eta ur gehiena metatzeko. Honek herbiboroei sortzen ahal dien tentazioa saihesteko, landare hauetako asko arantzatsuak dira eta beste batzuk toxikoak. Noski, lurzoru gazietatik ura xurgatzeko ezinbestekoa da potentzial hidriko altua, hots, landareen barne-inguruneak oso kontzentrazio altua edukitzea.[4]

Behin eskuratuta, basamortuko landareentzat funtsezkoa da ura aurreztea. Horretarako hostoak txiki eta kutikula lodikoak izaten dira, maiz urtaro lehorrean galdu egiten direnak. Landare askok estrategia hori muturreraino eraman dute, eta hostorik ez dute; horien ordez, fotosintesia egiteko gai diren zurtoin eta adarrak dituzte. Horrez gain, estoma gutxi izaten dute, maiz epidermisaren zuloguneetan kokatuak edo ilez inguratuak, ur-galera murriztearren. Dena dela, fotosintesirako beharrezkoa den karbono dioxidoa estomen bidez xurgatzen denez, ezin dira ur-galera guztiak ekidin. Zenbait landarek KMA (krasulazeoen metabolismo azidoa) izeneko truko metaboliko interesgarria asmatu dute: estomak gauez soilik zabaltzen dituzte, karbono dioxidoa ur-galera txikiena den tenorean eskuratzeko.[4]

Welwitschia Namib basamortuan. Euri urrietatik eta lainotik lortzen du landare honek ura[22][23]

Beste landare batzuek, berriz, lehorteari aurre egin ordez ihes egiten diote. Hori da landare efimeroek erabiltzen duten estrategia: euria egiten duenean oso agudo hazi, loratu, eta urtetako lehortea jasan dezaketen haziak barreiatu. Hori lortzeko, noski, txikiak izan behar, hazkunde azkarrekoak, eta horretarako sustrai azalak izaten dituzte, ura ahalik eta azkarren xurgatuko dutenak. Gainera, jasa txikiegi batean aukera guztiak xahutzeko arriskua saihestearren, erauntsi bakoitzean hazi batzuk soilik hozitzen dira.[4]

Gehiegi ez berotzea zaila da basamortuko landareentzat, zenbaitetan airearen tenperatura 50 gradura iristen baita, eta lurrarena 70era. Gainontzeko lekuetako landareek estomak irekita ura galduz erregulatzen dute tenperatura, baina hori luxu garestiegia da hemen. Basamortuko landareek kolore argia izan ohi dute, hosto etzanak, forma liraina (bertan izan denak badaki zeinen itzal eskasa ematen duten), adar irekiak haizea ibiltzen uzteko, eta lurretik urrun zabaltzen direnak.[4]

Basamortuetan gertatzen den beste fenomeno berezia alelopatia da, hots, zenbait landarek besteentzat kaltegarriak diren substantziak isurtzea. Horrela, horien lehia murriztu egiten dute.[4]

Animaliak

Dromedarioek bi aste egin ditzakete edan gabe, eta beren pisuaren %20 galdu. Izerditan urik ez galtzearren, gorputzaren tenperatura igotzen uzten dute, batzuetan tenperatura normala baino 7 °C gorago[4]

Ura eskuratzea animalien arazo nagusietakoa da baina. landareak ez bezala, animaliak behintzat mugitu egin daitezke. Hortaz, mugikorrenak oasiz oasi edo putzuz putzu joaten dira edatera. Hegaztien artean aipagarriak dira gangak, paparreko lumak putzuan bustitzen baitituzte, gero txitoen egarria asetzeko. Putzuak agortzen doazen heinean, gero eta bidaia luzeagoak egiten dituzte urketara, eta eskualdeko azkena agortzean, bertatik aienatu behar izaten dute. Hori dela eta, basamortuetan hegazti errari asko dago. Ugaztun handiek (gameluek, txakalek, elefanteek...) ere ibilaldi oso luzeak egiten dituzte edateko.[4]

Animalia txikiagoek edo hain mugikorrak ez direnek askotan ez dute putzurik eskuragarri. Batzuek ihintza edan dezakete, beste batzuk (zenbait kakalardo, adibidez) dunen gailurretara igotzen dira, eta lainotik ura edatea lortzen dute, eta beste zenbait, azkenik, sekula edan gabe bizi daitezke. Hau da karraskari askoren kasua: janaritik lortzen duten urarekin aski dute.[4]

Lehorraldia arrautza-fasean igarota, Triops australiensis-a azkar garatzen da eurien ondoren

Ura hain baliagai mugatua izaki, animaliek oso zuhur erabili behar izaten dute. Hortaz, basamortuetako animalia gehienek eguna harripeetan, kobazuloetan edo, besterik gabe, lurpean igarotzen dute, eta gauez bakarrik ateratzen dira. Urte sasoi gogorrenetan sorgorraldian sartzen dira, eta zenbait anfibio edo arrain urtetan egon daitezke horrela, euria itzuli arte lokatzetan ehortzirik. Bestalde, basamortuetako intsektuek argizari asko izan ohi dute exoeskeletoan, larruazal irazgaitzak asko murritz baitezake ur-galera. Baina, nola gutxitu arnasketaren bidez galtzen dugun hezetasuna? Kakalardo askoren espirakuluak (arnas aparatuak) elitro edo hegalen azpian zabaltzen dira. Ostrukak, aldiz, biriketan duen odolaren zirkulazio sistema bereziari esker, askatzen duen airea gorputza baino hiruzpalau gradu hotzago egoten da, eta hezetasuna %85ekoa baino gehiagokoa ez da izaten (animalia gehienen kasuan %100ekoa da). Horri esker arnasketaz galduko lukeen uraren laurdena aurrez dezake.[4]

Xerus inauris basamortuko urtxintxa

Gernuaren bidez ere ur ugari galtzen dute animaliek, baina gizakiaren kasuan honen urea-kontzentrazioa %4koa den bitartean, basamortuetako biztanle askorenak %15 inguruko kontzentrazioa izan ohi duenez, askoz ur gutxiago galtzen dute. Zenbait arratoik zuzenean alaninazko kristal solidoak iraizten dituzte. Hori energetikoki garestia da, baina uretan oso merkea.[4]

Gorputzaren tenperatura egokitzea izaten da beste arazo nagusia. Horretarako, animalia gehienek itzala bilatzen dute, baina hau ez da beti posible. Ugaztun askok odolaren zirkulazio sistema berezia dute, burmuinak freskoago mantentzen laguntzen diena. Adibidez, orixaren gorputz-tenperatura 46 gradura irits daiteke, arazorik gabe. Basamortuko urtxintxek, berriz, buztana erabiltzen dute guardasol gisara. Intsektu gehienek ere eguna sorraldian igarotzen dute, harriperen batean, eta ilunabarrean hasten dira jarduten. Txitxarrek, ordea, eguneko ordurik beroenak kantari igarotzen dituzte. Horretarako, egunsentian zuhaitz edo sastraketako sapa edaten dute, eta egunaren beroan, harrapariek itzaletan abaroa bilatzen dutenean, izerdituz tenperatura airearena baino baxuago manten dezakete. Ur-eskasia hain garrantzitsua denez, basamortuetako animalia gehienak ez dira mokofinak, baizik eta dieta jeneralista duten oportunistak.[4]

Basamortua eta jendea

Zaila dirudien arren, basamortuetan betidanik bizi izan da jendea. Gehienbat ehiztari eta fruitu-biltzaile nomadak ziren hasieran, oasiz oasi ibiltzen zirenak. Kalahariko khoikhoiek, edo Australiako aborigenek oraindik bizimodu horri eusten diote. Baina, horrez gain, basamortuen inguruko eremu erdi-idorrak izan dira hainbat zibilizazioren sorleku, hauen artean zaharrena Mesopotamiako sumerrena. Ez dago argi zergatik izan diren eremu erdi-idorrak hain emankorrak kulturei dagokienez, baina ziurrenik ingurunea hain gogorra izateak sari handia eskainiko zien lehen abeltzain edo nekazariei.[4]

Gatz-karabana Saharan zehar, Agadez eta Bilmako gatz meatzeen artean

Aipatutako herri horiez gain, beharbada irudirik esanguratsuenak Sahara, Arabia edota Gobiko abeltzain eta merkatari nomadenak dira. Herri horiek (tuaregak, beduinoak eta mongolak) basamortuan batetik bestera mugitzen dira beren abelburuekin, euri urriek eragindako belardien bila. Mugimendu horiei esker, herri horiek merkatari bilakatu dira. Dena den, horien bizimodua ezingo litzateke moldatu oasietan eta ibai-alboetan bizi diren nekazariekin dituzten harremanik gabe. Nekazari horiek ura agertzen den lekuan kokatzen dirav eta, ureztatze-teknikak erabiliz, gauza dira oinarrizko nekazaritza sortzeko.[7]

Dena den, basamortuetako zibilizazio gehienek bide bera jarraitu dute: eremu egarrituen dinamika ongi ulertu ez, eta basamortuen ume izatetik basamortuen guraso izatera pasatu dira. Izan ere, asko izan dira ingurune hauskor horiek neurriz gain ustiatu, eta basamortuaren hedapena bultzatu dutenak. Batzuetan gehiegizko abeltzaintza izan da erruduna, aziendak bazkatzeko zuhaitzak mozten baitziren. Beste batzuetan nekazaritza eta, batez ere, ureztatzearen ondorioz lurrak gazitzea izan da akatsa. Arrazoiak arrazoi, basamortuen gehiegizko ustiatzeak gerrek baino zibilizazio gehiagoren hondamena ekarri du.[4]

Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren arduradunen arabera, lurrazalaren %30 ari da basamortu bilakatzen, neurri batean edo bestean. Lurrazalaren %6, gainera, oso basamortutze larria ari da jasaten; 'berreskuratu' ezin diren lurraldeak dira.[24] Basamortutzearen hedapena eta abiadura ulertzeko adibiderik onenetako bat Somalia da. Joan den mendearen amaieran Somalia leku erdi-idor baina aberatsa zen, elefante-talde itzelek eta antilope kontaezinek hagitz famatzen zutena. Bertara iristen zirenek Tanzania edo Kenyako sabanen pare jartzen zuten Somaliako lurren aberastasun eta emankortasuna. Gaur egun, doi-doi mende bat igaro delarik, herrialde horretako lurrik gehienek ez dute nekazaritzarako balio, gosea endemikoa da, zuhaitzak aspaldi desagertu ziren, eta hauekin batera basabereak. Egoera larria bizi dute somaliarrek, eta nekez berreskuratuko dute galdutako aberastasuna.[4]

Tamalez, prozesu hori ez da eten, areagotu baizik. Gaur egun informazio nahikoa dugu eremu idorrak modu egokian kudeatzeko, baina eskualde hauskor horiek izaten dira maiz populazio-hazkunde handiena jasaten dutenak eta, beraz, ingurunea ustiatzeko premiarik larriena dutenak. Berotegi-efektuak kalteak areagotu besterik ez du egiten. Basamortuak oso interesgarriak dira, baina hauen gehiegizko hedapena da munduan gertatzen ari den hondamendi ekologiko larrienetako bat.[4]

Beste planetetako basamortuak

Goian Namibeko luzetarako dunak, behean Titangoak

Lurrean ez ezik, beste planetetan ere badira basamortuak. Agian ezagunenak Marteko zoruak dira; Lur planetako basamortuen tankera dute. Izan ere, Marte basamortu erraldoia zela aspaldi erakutsi zuten irudiek. Baina, azken ikerketen arabera, Titanen, Saturnoren ilargirik handienean, Sahara eta Namib basamortuetako hareazko dunen antzekoak aurkitu dituzte.[7]

Titango duna horiek 150 metro baino altuagoak eta ehunka kilometro luze dira. Titango lurrazalaren zati handi bat hartzen dute, hain zuzen ere. Duna horien konposizioa ez da oraindik ezagutzen, baina litekeena da hidrokarburoz osatuta egotea.[25] Geometrikoki, zabaleraren nahiz luzeraren aldetik, Namibeko eta Arabiako Rub al-Khaliko dunen oso antzekoak direla ikusi dute ikertzaileek.[7] 2016an, Cassini-Huygens zundak duna horien argazkiak atera zituen.[25]

Erreferentziak

  1. Driest Place: Atacama Desert, Chile. extremescience.com (Noiz kontsultatua: 2018-9-1).
  2. Amos, Jonathan. Chile desert's super-dry history. BBC News (Noiz kontsultatua: 2018-9-1).
  3. Ingurumen hiztegi entziklopedikoa: basamortu. Euskalterm, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-30).
  4. Elosegi, Arturo. Eremu egarrituak. Elhuyar aldizkaria, 2000/08/01 , CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-31).
  5. Désert. Encyclopédie Larousse en ligne, larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2018-9-2).
  6. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua, 2016ko irailaren 30eko bertsioa.
  7. Kortabitarte Egiguren, Irati. Basamortuan barrena. Elhuyar aldizkaria, 2006/06/01 , CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-31).
  8. Animals at the extremes: The desert environment. open.edu (Noiz kontsultatua: 2018-9-7).
  9. Monique, Mainguet, L’Homme et la sécheresse, Elsevier Masson
  10. Inzunza, Juan. Meteorología descriptiba. Capítulo 3: Radiación solar y terrestre. met.igp.gob.pe (Noiz kontsultatua: 2018-9-2).
  11. Rementeria Argote, Nagore. Mila eta bat Sahara. Elhuyar aldizkaria, 2006/06/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-27).
  12. Meteorizazioa. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-2).
  13. Haizea, higaduraren eta moldatzearen eragile. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-2).
  14. Malric, Philiphe. Languedoc-Roussillon: encore un coup du Sirocco. Midi Libre, 2014/04/04, midilibre.fr (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  15. Une étonnante neige orange surprend les skieurs en Europe de l'Est. Ladepeche, 2018/03/26, ladepeche.fr (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  16. Haizeak sortutako mailaketa eta erliebeak. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  17. Dunak: sedimentazio eolikoaren eredu. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  18. Ar Rub’ al Khali Sand Sea, Arabian Peninsula. earthobservatory.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  19. Erg Oriental, Algeria. earthobservatory.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  20. Pariona, Amber. Wadis and Desert Fluviatile Sediments. Developments in Sedimentology, Volume 14, 1970, Pages 29-56, sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).
  21. The World's Largest Deserts. geology.com (Noiz kontsultatua: 2013-05-12).
  22. Bornman, Chris H.; Botha, C. E. J.; Nash, Linda J.. Welwitschia mirdhilis: Observations on movement of water and assimilates under fohn and fog conditions. Madoqua, Volume 1973 Number Series 2 Issue 2, Jan 1973, p. 25 - 31, the-eis.com (Noiz kontsultatua: 2018-9-4).
  23. Henschel, Joh R.; Wassenaar, T. D.; Kanandjembo, Angie; Soderberg, Keir. Roots point to water sources of Welwitschia mirabilis in a hyperarid desert.  Ecohydrology, August 2018, researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2018-9-4).
  24. Roa Zubia, Guillermo.. Atzaparrak luzatzen ote ditu basamortuak?. Elhuyar aldizkaria, 2006/06/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-7).
  25. Dyches, Preston. Titan's Dunes and Other Features Emerge in New Images. saturn.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-9-3).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.