Duna
Duna harea-muinoa da, haizeak lurzoru finkatugabea multzo erregularretan pilatuz eratua. Landaredi gabeko zoru hareatsuetan eta hareazko basamortuetan eratzen dira batik bat.[1] Dunak mugikorrak dira haizearen eraginez etengabe lekualdatzen badira, eta finkoak landarediak lekuz aldatzea galarazten dienean.[2]
Duna mota desberdinak daude: barjan izenekoek ilargierdi forma dute, batetik bestera tarte handia izaten da eta muturrak mugimenduaren norabiderantz bideratuak dauzkate; beste batzuek hogeita hamabost gradu inguruko malda dute haizebean dagoen aurpegian eta, aitzitik, txikiagoa izaten da hondarra igotzen den aurpegiko malda, hots, haizealdekoa. Hondar hedadura handietan barjanak multzoka eta lerrokatuta azaldu ohi dira: zeharkako duna esaten zaie horiei. Zeharkako duna batzuen multzoari hondarrezko itsaso esaten zaio, eta hori izaten da ergen ohizko egitura, alegia, gailurrak lerrokatuta egoten dira baina sakongune handiz elkarrengandik bereiziak, eta sakongune horietan azpiko haitza agerian geratzen ere da batzuetan.
Beste duna mota bat parabolikoa da; horren adibide garbia dira kostaldeko dunak. Kasu horretan, ordea, dunaren antolamendua kontrakoa da, haizea datorren norabiderantz baitauzka muturrak. Malda handirik gabeko dunak dira, nahiko geldiak, baina haizea zakarra bada sakongunea aurrerantz higitzen da, dunak luzatu egiten dira, eta urkila itxurako dunak sortzen dituzte, beso luzekoak alegia. Luzetarako duna da hirugarren mota: indar handiko haizeek jotzen duten hondar gutxiko basamortuetako ordokietan eta goi ordokietan izaten dira horrelakoak. Berez, urkila itxurako dunen gehieneko garapena dira; izan ere, horrenbeste mugitzen dira, ezen hondar pilaketak sortzen baitituzte haizearen norabidean eta elkarren artean, deflazioak eraginak.
Etimologia
Duna hitzak antzinako nederlanderan du jatorria, eta esanahi bera du: dûna, “hondarrezko muinoa”.
Eraketa
Landarediak finkatu gabeko harea ugari dagoen tokietan eratzen dira dunak, basamortu eta hondartzetan batez ere. Hondar aleak haizearen norabidean mugitzen dira, eta hondarrak oztoporen bat topatzen duenean, duna osatzen da. Hori gertatzen denean, hondar aleak bertan itsatsita geratzen dira, eta bata bestaren gainean metatzen; azkenik, muino bat osatzen dute. Prozesu hori ez da amaitzen harik eta muinoak oztopoaren garaiera gainditzen duen arte. Une horretan zatikiak gailurrera iristen dira baina, haizeak sortzen duen zurrunbiloaren ondorioz, muinoaren atzeko aldetik erori eta bertan metatzen dira oreka maldaren arabera.
Atzeko malda aurrealdekoa baino nabarmenagoa izaten da, ez baitago haizearen eraginaren mende. Haizearen eraginez hondar aleak aurreko isurialdetik atera, malda igo eta atzeko isurialdera erortzen dira; era horretan, dunak aurrerantz egingo du haizea gelditzen den arte, edo alearen garraioa galaraziko duen oztoporen bat, landareak esaterako, bidean aurkitzen duen arte. Bazterretako aleak errazago higitzen direnez gero, duna aurrerantz doan heinean, ilargierdi itxura hartzen du.
Duna motak
Dunak mota askotakoak izaten dira, hainbat eragileren arabera: hondar hornitzearen, haizearen lastertasunaren, haizearen norabide aldaketaren edo hondarra higitzen den gainaldearen arabera.
Tamainaren arabera
Tamainaren arabera, hiru hondarrezko metatze mota bereiz daitezke:
- Ripple izenekoak: bost zentimetro eta bi metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta bost zentimetro bitarteko garaiera duten metatzeak dira.
- Dunak: hirurehun eta seiehun metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta hamabost metro bitarteko garaiera izan ditzakete.
- Megadunak: hirurehun metro eta hiru kilometro bitarteko tarteak, eta hogei metro eta laurehun metrotatik gorako bitarteko garaierak dituzten metatze handiak dira.
Hiru egitura eoliko horien arteko desberdintasunak, hain zuzen, garraioaren eta hondar metatzearen mekanismoen arteko balantzen ondorio dira.
Zeharkako dunak
Haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan eta hondar ekarpena handia denean sortzen dira. Eremu handiak betetzen dituzte, uhin formakoak izaten dira, eta gailur bihurgunetsuak eta haizearekiko elkarzutak izaten dituzte. Uhinetik uhinera tarte erregularrak izaten dira eta batzuen eta besteen artean deflazio guneak izaten dira; horietatik mugitzen dira zatiki finak.
- Zeharkako dunen eraketa
- Zeharkako dunak haizearekiko perpendikularrak dira, eta horrek aurrerantz mugiten ditu
Ilargierdi formakoak edo barjanak
Haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan baina hondar ekarpena mugatua denean sortzen dira. Barjana dunak ilargierdi baten forma duten metatzeak dira, haizearen norabidearen kontrako aldean irekitzen direnak. Duna horien forma bi faktoreren eta faktore horien orekaren mende dago: haizearen indarra batetik eta, bestetik, hondar malda, 33 edo 34 gradu bitartekoa izaten dena. Zeharkako profila, beraz, disimetrikoa du; hau da, alde batean malda gutxiko aurpegi ganbila du eta bestean, berriz, desnibel handiko aurpegi ahurra eta, horrez gainera, gailur kurbatu eta zorrotz batek banatzen ditu bi aldeak. Duna horiek, gutxi gorabehera, bakandurik egoten dira eta norabide berean edo antzekoaren arabera mugitzen dira beti; batzuetan, gainera, kate luzeak edo koloniak osa ditzakete. Tamaina handiko barjanek laurehun metroko diametroa eta hogeita hamar metroko garaiera izan dezakete, baina izaten dira ehun metrotik gorakoak ere.
- Barjanaren egitura.
- Mesquite duna, Heriotzaren harana, Kalifornia.
- Barjana, Namib basamortua, Namibia.
Luzetarako dunak
Hondar ekarpena mugatua den lekuetan sortzen dira, haizeen konbergentzia gertatzen denean. Luzetarako dunak, bestalde, seif izenaz ere ezagutzen dira eta nagusi den haizearekiko paralelo diren gailur estu eta luzez osatzen dira. Kilometro askotan zehar heda daitezke, eta zenbaitetan ehun kilometrotik gorako luzera izaten dute; garaierari dagokionez, berrehun metro ere irits dezakete. Ez dago adostasunik duna horien eraketari buruzko teorien artean: batzuen ustez, hondarraren pilaketa hutsetik sortzen da duna, oztopo baten atzean eta haizearen norabidean; besteen ustez, berriz, barjan aldez suntsitu horien (adarren) koaleszentzia adierazten dute duna hauek. Beste iritzi berriagoen arabera, aire jarioak helize formako mugimenduak egiten dituenean, eta mugimendu horiek hasierako hondar metatzeetako tarte edo barrutietan gertatzen direnean sortzen dira duna mota horiek. Australia erdialdean lur hedadura handiak hartzen dituzte; hala ere, hedadura ikusgarrienak Sahara basamortuko iparraldeko erg handietan, eta Arabiar Penintsulan aurki daitezke.
- Luzetarako dunen eraketa.
- Rub al-Khaliko dunak Terra (EOS AM-1) satelitetik ikusiak. Gehienak luzetarakoak dira. Haizeak ezkerretik jotzen du.
- Luzetarako dunak Hareazko Itsaso Handian, Egipto hego-mendebaldean, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusiak. Duna batetik bestera 1,5-2,5 kilometro daude.
Izar formako dunak edo piramidalak
Haizearen norabidea aldakorra den lekuetan sortzen dira. Oinarriek zenbait puntatako izar baten itxura dute, eta punta horiek bat egiten dute gailurrean. Izar itxurako dunak oso garaiak izaten dira: inguruko ordokiaren mailatik gora ehun metro ere izan daitezke. Duna erradial mota hau Iparraldeko Afrikako eta Saudi Arabiako eskualde askoren bereizgarri da. Barruko egituraren arabera, hiru norabide edo gehiagoko haizeek sortuak direla jakin da. Harrigarria bada ere, duna hauek finko iraun dute mendeetan zehar, eta basamortuan bidaiatzeko benetako bide erakusle izan daitezke.
Duna parabolikoak
Haize bortitzek jotzen dutenean sortzen dira. Basamortuetan ez ezik, hondar kopuru handiko eta landaredi eskaseko hondartzak dauden kostaldeetan ere izan ohi dira. Obalo itxura izaten dute, haizearen norabide nagusian deflaziozko sakonuneak sortzen direlako, eta handituz doazen arku itxurako profilak eratzen direlako. Goitik ikusita, duna parabolikoen profilak barjanen profilen antzekoak dira.
Duna garaienak
Duna | Garaiera oinarritik | Garaiera itsas mailatik | Kokapena | Oharrak |
---|---|---|---|---|
Federico Kirbus duna | ~1.230 metro | ~2.845 metro | Bolsón de Fiambalá, Fiambalá, Catamarca probintzia, Argentina | Munduko garaiena[3] |
Cerro Blanco duna | ~1.176 metro | ~2.080 metro | Sechura basamortua, Nazca probintzia, Peru 14.868°S 74.838°W | Munduko bigarren garaiena |
Badain Jaran dunak | ~500 metro | ~2.020 metro | Badain Jaran basamortua, Alashan ordokia, Barne Mongolia, Gobi basamortua, Txina | Munduko duna finko garaienak eta Asiako garaienak[4] |
Rig-e Yalan duna | ~470 metro | ~950 metro | Lut basamortua, Kerman, Iran | Munduko leku beroenetik hurbil (Gandom Beryan) |
Big Daddy/Dune 7 (Big Mama?) |
~383 metro | ~570 metro | Sossusvlei dunak, Namib basamortua, Namibia | Namibiako Ingurumen eta Turismo Ministerioaren arabera, munduko garaiena[5] |
Mount Tempest | ~280 metro | ~280 metro | Moreton uhartea, Brisbane, Australia | Australiako garaiena |
Star duna | >230 metro | ~2.730 metro | Great Sand Dunes National Park and Preserve, Colorado, AEB | Ipar Amerikako garaiena |
Pilat duna | ~105 metro | ~130 metro | Arcachongo badia, Akitania, Frantzia | Europako garaiena |
Ming-Sha dunak | ? | 1.725 metro | Dunhuang oasia, Taklamakan basamortua, Gansu, Txina | |
Medanoso duna | ~550 metro | ~1.660 metro | Atacama basamortua, Txile | Txileko garaiena |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Hiztegi terminologikoa: duna. Euskalterm, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-29).
- Botanika Saila (Aranzadi Zientzia Elkartea). Zarauzko dunetako landaredia. aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-8-29).
- Tallest Sand Dunes in the World, Surf The Sand, sand-boarding.com
- Hogan, Jenny, Mystery of world’s tallest sand dunes solved, newscientist.com
- Big Mama highest dune, met.gov.na
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Barandiaran, Mariaje; Irazabalbeitia, Inaki, Dunak; harea-muino ezezagunak, Elhuyar aldizkaria, 1986/12/01, zientzia.eus
- Urdaibai: Hondartzak eta dunak, urdaibai.org
- (Ingelesez) Coastal dunes, geography-site.co.uk
- (Ingelesez) Types of dunes, pubs.usgs.gov
- (Ingelesez) World’s record-breaking sand dunes, foxnews.com