Errege Bardea

Errege Bardea[1][2][3] (gaztelaniaz: Bardenas Reales) edo Bardea[4][5][6] Nafarroako hego-ekialdeko eskualde natural zabala da, basamortu itxurakoa, 41.845 hektareako eremua hartzen duena. Landaredia urria denez, urak azkar eta sakon higatu ditu bertako buztinezko geruza marroixkak. Era horretan, sakan, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ikusgarriak eratu dira.[7]

Errege Bardea
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
Mendirik altuenaPunta de la Negra
Garaiera650 m
Motaparke natural eta naturagune babestua
Azalera41.444,06609 ha
Geografia
Map
Koordenatuak42°11′N 1°30′W
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
Leku geografikoaEbroko harana
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Nafarroako basamortua bezala ezagutzen da Errege Bardea.

Bardean ez da gune populaturik, eta ez dago inolako udalerrira adskribatuta.[7] Nafarroako Erriberako 19 herrik erabiltzen dute lurralde hori, Bardeako mugetan daudenak batzuk (Buñuel, Fustiñana, Cabanillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Alesbes, Caparroso, Melida, Santacara eta Zarrakaztelu) eta mugetatik urrun besteak (Corella, Cortes, Milagro, Martzilla, Funes, Azkoien eta Faltzes). Hauez gainera, Erronkari eta Zaraitzu ibarrek eta Olibako monasterioak ere dute Bardearako eskubidea. Horiek denek Errege Bardeako Komunitatea osatzen dute.

1999an, Nafarroako Gobernuak parke natural izendatu zuen, eta 2017an Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu.[8]2000an, biosfera erreserba izendapena eman zion UNESCOk.[9] Hiru natura erreserba daude parkearen barnean: Caídas de la Negra, Rincón del Bú eta Vedado de Eguaras. Azken hau, geografikoki Bardean egon arren, administratiboki Arguedas udalerriaren barnean dago. 1951tik, Espainiako Aire Armadak 2.222 hektareako tiro eremua dauka Bardean. 2016an, tiro eremua kentzeko eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak.[10]

Toponimia

Eremu horretako muinoen (cabezos) edo bestelako izenak hauexek dira: Alfarillo, Angarillones, Balcón de Pilatos, Bandera, Blanca, Cabezo del Águila, Cabezo Lobo, Cabezo Mocho, Caldero, Cornialto, Cortinas, El Abejar, La Estroza, Plano, Ralla, Rallón, Rincón del Bu, Tres Hermanos, Tres Montes, Trilluelos, Negra y sus Caídas eta Omias edo Umbrías.

Euskarazko izenak ditugu, aldiz, hauek dira: Beltxo (Belcho), Krutzeta (Cruceta), Landazuria eta Pizkerra/Bizkerra (Pisquerra), dirudienez Zaraitzu eta Erronkariko ibarretik mendeetan zehar joandako artzainek utzitako aztarnak direla.

Geografia

Kokapena

Bardea Nafarroako hego-ekialdean dago, Tuterako merindadean; ekialdean Zaragozako probintzia dauka. 45 kilometro ditu iparraldetik hegoaldera, eta 24 kilometro mendebaldetik hegoaldera. 280 eta 659 metro bitarteko garaiera dauka, eta 41.845 hektareako eremua hartzen du. Hamasei udalerri ditu mugakide, hamahiru Nafarroakoak (Valtierra, Arguedas, Zarrakaztelu, Santakara, Mélida, Arrada, Caparroso, Alesbes, Cadreita, Tutera, Cabanillas, Fustiñana eta Buñuel) eta hiru Zaragozakoak (Tauste, Ejea de los Caballeros eta Sádaba). Vedado de Eguaras Valtierrako udal mugartearen barnean dago.

Paisaia unitateak

Hiru alde nagusi bereizten dira Bardean:[7]

  • Iparraldean El Plano dago, Aragoi ibaiaren alubioi-terraza eskegi edo glazisa; gaur egun ibaia bera baino 130 metro gorago dagoena. Meseta horizontalaren forma dauka eta ez du higadura nabaririk jasan.
  • Haren hegoaldean eta hainbat ezponda eta labarrek bereizirik, Bardea Zuria dago. sakan, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ugariz jositako higadura-sakonune handia da, eta bere erliebe eta egitura bitxiak direla-eta Bardea guztiko lekurik ezagunena da. Udako lurrunketaren ondorioz azaleratzen den gatzaren koloretik datorkio izena.
    Parkea udaberrian.
  • Hegoaldean Bardea Beltza dago, goi-ordokiz eta muino lekukoz osaturik dagoena. Bardeako alderik altuena da (Loma Negra, 646 metro).

Klima

Bardeak estepako klima hotza du, BSk, Köppen sailkapenaren arabera.[11] Prezipitazioak urriak dira (batez beste 400-450 mm ur biltzen dira urtean) eta oso aldakortasun handia dago urte batetik bestera. Gainera oso egun gutxitan egiten du euria (urteko batezbestekoa 60 egunekoa da), egiten duenean jasa bortitzak bota ohi dituelarik. Haizeak, batez ere ziertzoak (ipar-mendebaldeko haizeak), oso maiz jotzen du eta, honen eta udako tenperatura altuen eraginez, ebapotranspirazioa oso handia izaten da. Ondorioz, uda beroa ez ezik lehorra izaten da, ur-defizit nabaria egoten delarik. Negua aldiz, lehorra baina nahikoa hotza izaten da, eta aski ohikoak dira izozteak.[7]

    Datu klimatikoak (Bardeak, El Yugo; prezipitazioa: 1991-2017, tenperatura: 1993-2017)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 17.5 20.2 26.6 31.2 35.6 39.7 39.8 41.2 36.8 32.1 22.2 18.2 41.2
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9.0 10.5 14.8 17.5 21.9 27.3 29.9 29.8 24.9 19.7 12.6 8.9 18.9
Batez besteko tenperatura (ºC) 5.4 6.1 9.3 11.6 15.5 20.0 22.0 22.1 18.4 14.4 8.8 5.5 13.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.4 2.5 4.9 6.6 10.1 13.7 15.4 15.9 13.3 10.4 5.7 2.7 8.6
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -6.2 -6.8 -7.3 -2.6 1.5 5.9 8.4 9.0 5.1 1.7 -3.7 -8.3 -8.3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 27.1 26.9 37.1 43.1 45.3 33.8 18.8 19.4 43.8 52.7 40.7 27.5 416.4
Eguzki orduak 139.5 170.8 226.3 249.0 282.1 318.0 350.3 313.1 252.0 192.2 147.0 130.2 2770.5
Hezetasuna (%) 80.5 74.6 67.6 65.5 63.0 57.2 55.4 56.0 62.1 71.7 79.1 81.7 67.9
Iturria: Nafarroako Gobernua[12]
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.

Geomorfologia

Errege Bardea Ebroko beheraguneak osatzen duen unitate geologikoaren iparreko ertzean dago.[13] Beheragune hau Tertziarioko alpetar orogenian sortu zen, Pirinioek eta Iberiar sistemak gora egitearen ondorioz, Ebroko blokea hondoratu zenean.[7]

Eozenoaren amaieraz geroztik (duela 38 milioi urte) eta Kuaternarioaren hasiera bitartean aipatu mendikate hauetatik higatu eta bertara garraiatu ziren materialez (buztin, igeltsu, hareharri, kareharri eta konglomeratuez) osaturik dago Bardea. Material hauek, Ebroko arroa osatzen zuten ibai eta lakuetan jalki ziren eta geruza sedimentario erdi-horizontalak eratu zituzten. Dena den, zenbait kasutan, geruza hauek Ebro ibaiak eta honen adarrek Kuaternarioan zehar eratutako ibai-terraza eta glazisen (ibai-terraza eskegien) azpian gelditu dira.[7]

Bardeako geomorfologiaz hitz egitean, ezinbestekoa da prezipitazio-erregimenak izan duen garrantzia aipatzea; izan ere, euri gutxi egiten du, baina egiten duenean, sekulako jasak izaten dira. Erauntsi horietako urak material bigunak (lupetzak eta buztinak) higatzean, sakanak eta trokarte estuak sortu dira. Ertz malkartsuak izaten dituzte, eta etengabe aldatzen eta hazten ari dira. Sakan handienak (Barranco Grande, Barranco de Cortinas) Bardea Zurian daude.

Bestalde, gogortasun handiko materialez (hareharri edo kareharriz) osatutako geruzen babesa dela-eta, higatu gabe gelditu dira buztinezko goi-ordoki eta muino lekuko batzuk. Hauek normalean taula-forma dute eta sarritan oso malkartsuak dira. Handiei “plana” deitzen zaie (Plana de la Negra, Plana de Alfarillo) eta txikiei “cabezo” (Sanchicorrota, Piskerra, Castildetierra, Rallón).[7][1]

Landaredia

El Planon eta Bardea Beltzean, artadia izanen zen jatorrizko landaredia, baina nekazaritzarako egokiak ziren lurretan hazten zenez, gaur egun ia guztiz desagertu da, El Plano eta Plana de la Negran antzinako basoaren lekuko den arte (Quercus rotundifolia) bakanen bat gelditzen bada ere. Bardea Beltzako laiotzetan erkametz batzuk ere daude.[14] Dena den, faktore klimatiko edo edafikoen gogortasuna dela-eta, zenbait tokitan ezin da arterik hazi. Leku horietan pinudiak, abariztiak edo askoz ere baldintza gogorragoak jasan ditzaketen beste hainbat komunitate daude.[7]

Pinudiak

Jasaten duten higadura handiaren eragina dela eta, artadiak irauteko gai ez diren leku malkartsuetan pinudia da komunitate nagusia. Gaur egun pinudia Bardea Beltzean eta Vedado de Eguarasen hazten da batez ere eta, artadiak ia guztiz desagertu direnez, Bardeako baso mota bakarra da. Bertako espezie nagusia Alepo pinua (Pinus halepensis) da. Pinu hau oso arrunta da eskualde mediterraneoko leku idorretan eta, lurzoru gazietan ezik, edozein lurzoru motatan hazteko gai da. Oso ongi jasaten ditu Bardeako lehorte eta beroak, baina oso sentibera da izozteekiko eta, ondorioz, leku epel samarretan soilik hazten da.[7]

Nahikoa baldintza edafiko gogorretako lekutan hazten denez, baso honek ez du oso zuhaitz-geruza jarraia osatzen, eta soilgune ugari izaten ditu. Soilgune hauetan sastrakadi mediterraneoan oso arruntak diren hainbat zuhaixka eta muluz osatutako zuhaixka-geruza hazten da; bertako espezie nagusiak, abaritza (Quercus coccifera), ena arrunta (Rhamnus lycioides), hego-ipurua (Juniperus oxycedrus), feniziar sabina (Juniperus phoenicea), legeltxorra (Pistacia lentiscus) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis) dira.[7]

Aipatu landare hauek, eskualde mediterraneoan hazten diren beste askok bezala, leku idorretan bizi ahal izateko oso aproposak diren zenbait moldaera izaten dituzte, hala nola ura galtzea ekiditen duten kutikula lodiko hostoak izatea (esklerofilia), oso hosto txikiak edukitzea edo hauek guztiz desagertu izana, hostoetan eta beste zenbait ataletan argia islatzen duten ile ugari izatea, eta abar. Belar-geruza aldiz, gramineoz eta beste hainbat landare belarkaraz osaturik egoten da; arruntenak Brachypodium retusum eta Koeleria vallesiana gramineo bizikorrak dira.[7]

Abariztiak

Zenbait kasutan ez da pinurik hazten edo hauek oso gutxi dira. Leku horietan abariztia da komunitate nagusia. Komunitate hau sastrakadi trinko eta altu samarra da, hosto gogorreko zuhaixkez osatua. Abaritza (Quercus coccifera) da espezie nagusia eta, harekin batera, legeltxorra (Pistacia lentiscus), feniziar sabina (Juniperus phoenicea), hego-ipurua (Juniperus oxycedrus), gartxu hostoestua (Phillyrea angustifolia), karraskila (Rhamnus alaternus), elorri-triska (Genista scorpius) eta beste hainbat zuhaixka eta mulu aurki ditzakegu.[7] Belar-geruza ez da oso garatua izaten eta albitza (Brachypodium retusum) da espezierik aipagarriena.[15]

El Planoko eta Bardea Beltzeko mazelen behealdean daude abarizti zabalenak, batzuetan pinudiekin mosaikoa eratuz. Aipagarriak dira Plana de Alfarillo-koak, eite handiko hego-ipuru eta feniziar sabina ugari dagoelako. Malda handiko zenbait eguteratan sastrakadia bakandu eta sabinak nagusitzen dira.[16][17]

Erromerodi eta ezkaidiak

Abariztia degradatu denean (suteen edo artzaintzaren eraginez, adibidez), edo lurzorua oso harritsua denean, erromeroz (Rosmarinus officinalis) eta lihoz (Linum suffruticosum) osatutako beste sastrakadi bat hazten da. Hau abariztia baino baxuagoa eta irekiagoa da eta Bardea Zuriko eta Beltzeko hainbat lekutan agertzen da. Gaur egungo landare-komunitate arruntena da, eta Bardeako eremu osoaren %26,5 hartzen du.[14] Erromeroa urte osoan zehar loratzen bada ere, udaberriaren amaieran du optimo fenologikoa, komunitate honetako gainerako landareek bezala.[15]

Flora-aberastasun handiko komunitatea da; ugaritasuna eta esanahi biogeografikoa kontuan harturik, hauek dira espezierik aipagarrienak: ezkaia (Thymus vulgaris), elorri-triska (Genista scorpius), estrepa zuria (Cistus albidus), Helianthemum origanifolium subsp. rotundifolium, Fumana ericoides, Fumana thymifolia, Atractylis humilis, Stipa parviflora, Centaurea linifolia eta Polygala rupestris. Soilguneetan Brachypodium retusum-en albitz-belardia agertzen da.[7][15][18] Azkeneko habitat horretan intereseko flora espezieak daude, konparazio batera, Narcissus dubius, Narcissus triandrus subsp. pallidulus eta Sideritis spinulosa.[8]

Ardiek larratzen dutenean, erromerodia ireki egiten da; ezkaia, elorri-triska eta astaizpilikua (Lavandula latifolia) gailentzen dira leku horietan. Zenbait laiotzetan (Plana de la Negra, Pisquerra, Cornialto), berriz, ezpela nagusitzen da erromerodian, eta astaizpilikua, Aphyllanthes monspeliensis, Aster willkommi, Bromus erectus, Carlina vulgaris eta Salvia lavandulifolia ere agertzen dira.[18][17]

Sastrakadi halonitrofiloak

Sastrakadi baxu eta irekiak dira, Bardeako eremuaren %10,3 hartzen dutenak.[14] Gorotzen metaketa edo/eta ebaporazio handiaren eraginez, nitrato-kontzentrazio handia duten lekuetan hazten dira, ardiak bazkatzeko erabiltzen diren lursailetan adibidez. Abelbide bazterrak, ezpondak eta bertan behera utzitako alorrak ere kolonizatzen dituzte. Artemisia belarzuria (Artemisia herba-alba) eta salsola (Salsola vermiculata) muluak dira espezie bereizgarriak.[7], Atriplex halimus eta Camphorosma monspeliaca-rekin batera. Euriteen ondoren urteroko landareak hazten dira hutsuneetan, esaterako, Filago pyramidata, Desmazeria rigida, Brachypodium distachyon, Centaurea melitensis eta Xeranthemum inapertum.[15][19][14]

Bardea Zurian, tiro eremuaren barnean zehazki, daude sastrakadi halonitrofilo zabalenak, espartzudiekin eta sastrakadi halofiloekin mosaikoa eginez.[17]

Sastrakadi halofiloak

Euria egiten duenean urez betetzen diren sakonune eta zabaldietan agertzen dira era honetako sastrakadiak. Udako beroak eragindako baporazioaren ondorioz, gatza azaleratzen da, eta gatzezko zarakar zuriak eratzen dira. Hori dela eta, gazitasuna jasateko gai diren landare gutxi batzuek osatzen dute komunitate hau; Suaeda vera var. braun-blanquetii eta Salicornia ramosissima landare zukutsuak, Atriplex halimus eta Limonium generoko zenbait espezie dira aipagarrienak.[7] Soilguneetan, urteko landareak hazten dira, hala nola, Sphenopus divaricatus eta Bupleurum semicompositum.[20]

Habitat halofilo hauetako landaredia oso interesgarria da ikuspuntu geobotanikotik eta kontserbazioaren ikuspuntutik. Izan ere, eskualde natural honen berezitasuna, hein handi batean, hortik dator.[8] Denera, Bardeako eremu osoaren %2 hartzen dute,[14] gehiena Bardea Zurian.[20]

Espartzudiak

Ekaitzetan eroritako urak garraiatzen dituen material finak (buztina eta lupetza) Bardea Zuriko zelaietan jalkitzen dira. Leku horietan gramineo bizikor handiak hazten dira, errizoma sendoei esker aldian behingo buztin metatzea jasan dezaketenak. Larrebelardi horietako espezie nagusia espartzu fina (Lygeum spartum) da. Horrekin batera, Stipa generoko espezie batzuk, Brachypodium retusum, Elymus pungens, Dactylis glomerata subsp. hispanica, Koeleria vallesiana eta Atractylis humilis, ere agertzen dira.[17][21]

Lurzorua buztintsu-limotsua eta gazia delarik, espartzudi halofiloak hazten dira, eta landare halofilo batzuek (Suaeda vera var. braun-blanquetii, Spergularia maritima, Frankenia thymifolia eta Limonium generoko espezie batzuek) egiten diote lagun espartzuari. Habitat hauek landare endemikoak hartzen dituzte beren baitan, horietako batzuk katalogatuak: Limonium ruizii eta Senecio auricula.[22][8]

Sakanak eta hezeguneak

Leku hezeei dagokienez, ekaitzetako urak biltzen dituzten karkaba eta trokarteetan, espezie nagusia tamariza (Tamarix canariensis) da, eta zenbait kasutan lurzorua higaduratik babesten laguntzen duten basotxoak eratzen ditu. Sastraka eta belar halofilo batzuek lagundu ohi diote tamarizari: Atriplex halimus, Suaeda vera var. braun-blanquetii, Inula crithmoides eta Limonium generoko espezie batzuek.[15]

Urtegien eta ardiek edateko behar duten ura gordetzeko egin diren putzuen inguruetan berriz, ihiak (Juncus sp.), lezka arrunta (Phragmites australis) eta lezka hostoestua (Typha angustifolia) dira espezie aipagarrienak.

Fauna

Anfibioak Bardean zehar sakabanatuta dauden putzu eta urtegietan soilik aurki ditzakegu. Ugariena ur-igel arrunta (Pelophylax perezi) da, eta honekin batera apo ezproiduna (Pelobates cultripes), apo pikarta (Pelodytes punctatus), apo arrunta (Bufo bufo), apo lasterkaria (Epidalea calamita) eta iberiar apo pintatua (Discoglossus galganoi) ere daude.[14] Kaudatuen artean berriz, uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) dugu.[23] Narrastiei dagokienez, dentsitate handitan agertzen ez diren arren, hauen espezie-kopurua handi samarra da. Sugandiletan txaradi-sugandila (Psammodromus algirus) eta iberiar sugandila (Podarcis hispanica) ditugu, eta sugetan berriz, hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus), eskailera-sugea (Elaphe scalaris), Lataste sugegorriaren (Vípera latastei) eta suge biperakara (Natrix maura); azken hau urtarra denez, putzu eta karkabetan bizi ohi da. Hauez gain, aipagarriak dira gardatxoa (Timon lepidus), eskinko hiruhatza (Chalcides striatus) eta eskinko bostatza (Chalcides bedriagai).[7][14] Idoi eta urtegi txikiak dira apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) bizilekuak.[8]

Hegazti aipagarrienetako batzuk ingurune esteparioetara moldatuta dauden hainbat espezie ditugu. Ingurune honen berezitasun nagusia tamaina handiko landareen babesik eza denez, bertako espezieek egoera horri aurre egiteko baliagarri zaizkien hainbat moldaera garatu dituzte. Horregatik, harrapariek ikus ez ditzaten, zoruan kamuflatzeko balio duten lumaje arre kriptikoak izaten dituzte eta, gainera, korrika ihes egiten dute, hegan egitea beste aukerarik ez dagoenerako utziz. Arrunta da zenbait espeziek arrautza asko errutea, harrapariek eragindako galerak konpentsatzeko, eta askoren txitak nidifugoak izatea, hau da, jaio eta denbora gutxira habiatik ihes egin eta ezkutatzeko gai izatea. Mota honetako espezieen artean, ganga azpizuria (Pterocles alchata), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), atalarra (Burhinus oecdiemus), Nafarroan gelditzen diren basoilo handi (Otis tarda) bakarrenetakoak, honen ahaide den basoilo txikia (Otis tetrax), Portugalgo pirripioa (Chersophilus duponti), txoriandre pispoleta (Callandrella rufescens), ezkai-txinboa (Sylvia conspicillata) eta banaketa zabalagoa duten beste hainbat espezie ditugu; ingurune honetan habia egiten duen harrapari bakarra mirotz urdina (Circus pygargus) da.[7]

Dena dela, ez dira hauek Bardeako hegazti interesgarri bakarrak; beste habitatetan ere balio handiko espezieak aurki baititzakegu. Aipagarriak dira, adibidez, pinudiko zata lepagorria (Caprimulgus ruficollis) eta kuku mottoduna (Clamator glandarius), labarretan habia egiten duten haitz-usoa (Columba livia) eta buztanzuri beltza (Oenanthe leucura) edo hainbat harrapari, hala nola arrano txikia (Hieraëthus pennatus), arrano sugezalea (Circaëtus gallicus), arrano beltza (Aquila chrysaëtos), aztore arrunta (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus) eta zuhaitz-belatza (Falco subbuteo). Kontutan hartzekoak dira, halaber, sai zuria (Neophron percnopterus), eta sai arrea (Gyps fulvus) haratusteljaleen artean, eta hontz handia (Bubo bubo), hontz zuria (Tyto alba) eta mozolo arrunta (Athene noctua) gautar harraparien artean.[7]

Ugaztunen kasuan ere, beste animali talde guztiekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. Hau da, nahikoa espezie-kopuru handia dagoen arren, espezie hauek ez dituzte oso populazio handiak osatzen. Talde honetako espezieen artean, hainbat mikrougaztun dugu; arruntenak landa-sagua (Mus spretus), soro-muxarra (Elyomis quercinus) eta satitsu arrunta (Crocidura russula) dira. Hauekin batera triku arrunta (Erinaceus europaeus), aski ugaria den mendi-untxia (Oryctolagus cunniculus), basurdea (Sus scrofa) eta hainbat karniboro dago. Hauetarik ugariena azeri arrunta (Vulpes vulpes) da, eta honekin batera basakatua (Felis sylvestris), erbinude arrunta (Mustela nivalis), ipurtatsa (Mustela putorius), lepazuria (Martes foina) eta azkonar arrunta (Meles meles) bakanen bat ere aurki dezakegu.[7]

Parke naturala eta biosferako erreserba

1999ko apirilaren 6an 10/1999 lege foralaren bitartez, Nafarroako Legebiltzarrak onartua, Errege Bardea parke natural izendatzen da. Errege Bardearen azalera guztitik, kanpo geratzen dira Espartosako Hondoa, Bandera, Cinco Villas eta tiro poligonoa. 1987an jada 6/1987 legea abian jarri zen Espazio Naturalen Sareari hasiera emateko, non Errege Bardea kokatzen den.

Bardearen ezaugarri bereziek, paisaiaren berezitasunak, bere ekosistemak eta bere aberastasun naturala, dira parke natural izendatzearen arrazoiak, nahiz eta giza jarduera oso altua den.

Honako hauek dira Bardea parke natural izendatzearen helburuak:

  • Lurraldearen kontserbazioa eta babesa.
  • Parkearen baliabideak eta ustiaketa.
  • Baso eta mendien mantentze eta gestioa.
  • Naturaren inguruko jakintza eta hau babesteko beharra zabaltzea.
  • Gertuko herriekin elkarbizitza harmonikoa izatea.
  • Lurraldean ematen diren aisi-jarduerak antolatu eta kontrolatzea.

Errege Bardean dauden hegaztien habitat garrantzitsuek babeserako zonalde bereziak sortzea eragin dute.

Babes guneak

Gune bakoitza bere erabileraren arabera sailkatua izan da, egin zen ikerketa baten ondoren.

Erreserba naturaleko gunea

Rincon del Bu eta Caidas de la Negrak osatzen dute gune hau, 6/1.987 Lege foralaren arabera. 1917 ha inguru ditu; hau da, azalera osoaren %4,6.

Caida de la Negrako eremua Plana de la Negra mendi-hegaletan zehar zabaltzen da. Bertako landaredi garrantzitsuena pinuak eta abaritza dira. 370-640 m artean dabilen altuerak ditu.

Rincon del Bu, la Blancako hegoaldeko mugan kokatzen denak aberastasun handia du hegazti harraparietan. Landarediari dagokionez, erromeroa eta ezkaia dira aipagarrienak.

Erreserba naturalaren gune periferikoa

Inguruko lurraldeek osatzen dute gune hau, non ehiza, nekazaritza eta abeltzaintza ematen den. Guztira 1704 ha dituzte (totalaren %2,6).

Nekazaritza intentsiboko guneak

Lurren %3,5 irudikatzen dute, 1460 ha. Val del Rey, Landa zuria, Barranco de Agua Salada, Espartosa, Cruceta, Belcho, Raso de Javielo, Bardenilla eta Tausteko Kanalak osatzen dute.

Erabilera bereziko guneak

Gune hauek parke naturaletik kanpo daude, ez dutelako garrantzi handiegirik. Nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen dira, 328 ha-ko azalera dute (%0,8). Espartosako Hondoa, Bandera eta Cinco Villasek konposatzen dituzte.

Aisialdi eta turismorako guneak

Nekazaritzarako ziren hasiera batean, baina azpiegitura eraikitzeko erabili ziren. Lurralde honetan Ferialeko Urtegia eraiki zen, 5 ha-koa; hau da, erreserbaren %0,01.C

Biosferaren erreserba

Errege Bardea 2000ko azaroaren 7an izendatu zuen Unescok Biosferaren Erreserba. Horrela, 17.a bihurtu zen Espainian eta lehena Nafarroan. Aintzat hartu den azalera 39 273 ha-koa da.

Hegazkin bat tiro poligonoan saiakera bat egiten.

Tiro poligonoa

Parkearen erdialdean kokatzen da, 2244 ha-ko azalera du (lurraldearen %5,4) eta Aireko Armadak erabiltzen du. Bertan tiro eta bonbardaketa praktikak (lehergairik gabekoak) egiten dira. Hala ere, Asanblea Antipoligono-ko bozeramaile den Milagros Rubiok gutxienez urtean behin karga duten bonbardaketak egiten direla baieztatzen du. Poligonoa 1951n ireki zen, Estatua eta Errege Bardearen Komunitatearen arteko akordio baten ondoren; hasiera batean 25 urterako izan behar zen, baina 1976ean 2001eko ekainera arte luzatu zen. Gero 2008an hamar urterako berriztatu zen, baina posible da beste hamar urte ematea.

Bardeako komunitatea

1705ean ,Filipe V.a Espainiakoak ahalbidetu zuen Comunidad de Congozantes delakoa sortzea, eremuaz baliatzeko herrien komunitatea alegia. 1820an lehenengo araubideak egin zituzten, eta azkenak 1961ekoak dira, gero horien aldaketak egon diren arren. Komunitatea 22 udalerri edo kontzeju hauek osatzen dute gaur egun: Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Erronkariko ibarra, Zaraitzuko ibarra, Caparroso, Zarrakaztelu, Buñuel, Cabanillas, Melida, Alesbes, Olibako monasterioa, Corella, Milagro, Fustiñana, Santakara, Cortes, Martzilla, Peralta, Funes eta Faltzes.

Bardeako mendiak

  1. Punta de la Negra, 650 m[24][25] (Aragoi)
  2. Loma Negra, 646 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  3. Sancho Abarca, 630 m (Aragoi)
Tontorren zerrenda
Errege Bardeako mugak.
  1. Punta de la Negra, 650 m (Aragoi)
  2. Loma Negra, 646 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  3. Sancho Abarca, 630 m (Aragoi)
  4. Peña la Aguda, 629 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  5. Nasa Alta, 629 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  6. Punta del Aguilar, 613 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  7. Cabezo Aguilar, 613 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  8. Nasa Baja, 602 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  9. Castillo de la Estaca, 593 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  10. Punta del Alba, 573 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  11. San Antón, 565 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  12. Cabezo del Fraile, 557 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  13. Bandera, 512 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  14. Tres Mugas, 511 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  15. Cabezo Gancho, 509 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  16. Cornialto, 509 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  17. Puy Águila, 500 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  18. Ralla, 498 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  19. Yugo, 498 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  20. Olivete, 494 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  21. Rallón, 493 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  22. Txirimendia, 493 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  23. Plana Alta, 489 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  24. Angarillones, 488 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  25. Tresmontes, 487 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  26. Cabezo de Atalaya, 481 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  27. Alto de las Cañas, 478 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  28. Larrate, 478 m (Nafarroa Garaia)
  29. Cabezo de Portillovihuela, 477 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  30. Balcón de Pilatos, 466 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  31. Piskerra, 466 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  32. Portal, 462 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  33. Cruz del Pelotero, 461 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  34. Cabezo de Sardazuria, 461 m (Nafarroa Garaia eta Aragoi arteko mugan) (Biosfera erreserban)
  35. Punta de la Estroza, 460 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  36. La Gorra, 460 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  37. Cabezo Chimorra, 459 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  38. Cabezo Hermoso, 459 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  39. Cabezochico Hermoso, 452 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  40. Cabezogancho, 452 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  41. Cabezo de Malafé, 451 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  42. Masadas, 447 m (Nafarroa Garaia)
  43. Cabezo Balsaforada, 444 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  44. Cabezo de la Estefanía, 443 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  45. Peña Rostro, 443 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  46. Cascajos, 441 m (Nafarroa Garaia)
  47. Puyalato, 437 m (Nafarroa Garaia)
  48. Loma de la Madera, 434 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  49. La Sarda del Trillo, 432 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  50. Rada, 428 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  51. Cabezo de las Pilas, 426 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  52. Caparroso, 425 m (Nafarroa Garaia)
  53. Sanchicorrota, 425 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  54. Cabezas Altas, 413 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  55. Plana de la Carbonera, 409 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  56. Cabezo de la Junta, 409 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  57. Candévalos, 408 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  58. Cabezo Calamocho, 396 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  59. Peñaflor Sur, 394 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  60. Peñaflor, 393 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  61. La Quemada, 388 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  62. Valcalderas, 379 m (Nafarroa Garaia)
  63. Cuesta de Lucas, 371 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  64. Cabezo de las Cortinillas, 370 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  65. Mesalobar, 367 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  66. Cabezo de las Cortinas, 364 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)
  67. Belcho, 361 m (Nafarroa Garaia) (Biosfera erreserban)

Gaztelu, ermita eta bidelapurrak

Gaztelu eta ermitak

Herriaren mugaldeko kokalekua dela eta, gazteluak eraiki ziren Nafarroako Erresumaren defentsarako, lehenik musulmanen erresuma eta ondoren Gaztela eta Aragoikoagatik. Gaur egun kontserbatzen den dokumentazioak hainbat gaztelu aipatzen ditu eta hauetako batzuek arrastoak aurkitu dira. Honako hauek dira gazteluak: Aguilar, La Estaca, Mirapex edo Mirapeix, Peñaflor, Peñaredonda, Sanchicorrota eta Antso Abarka.

Peñaflorgo gazteluaren hondarrak eraikin haiek oso sinpleak izaten zirela erakusten digute; dorre nagusia, omenaldiarena, harresiz inguratutako beste dorre sekundarioren batekin. XII. mendekoak dira, Antso VII.a Nafarroakoaren garaikoak. Gaztelu honek Nafarroako Zuria izena era hartzen du, kondairaren arabera, dama hau bertan giltzapetu baitzuten ogia eta ura soilik zituelarik, Aragoiko printzearekin ezkondu nahi izan ez zuenean. Nafarroako Zuriaren penak bertako artzain batek zabaldu omen zituen, honek esnea eta gazta eramaten ziolako ezkutuan. Printzesa bere dorretik atera zenean, esker ona adierazteko lur-sail izugarriak oparitu zizkion gazteluaren inguruan.

Ermitak ez dira Bardearen lurraldean kokatzen, honen inguruan baizik. Uztarriaren Ama Birjinaren ermita XVII. mendekoa da eta bere erretaula estilo barrokokoa da. Bardeako Ama Birjina ere dei egiten zaio, zonaldeko Birjina garrantzitsuenetako bat da. 1820-1858 bitartean Bardeako Biltzar Nagusien bilgunea izan zen. Bere kokalekuari esker, parke natural osoko paisaia liluragarriak eskaintzen ditu.

Beste hiru ermita garrantzitsu ere badaude. Antso Abarkarena Tausteko lurraldean kokatzen da Santa Margaritako Beltzaren hego-ekialdean kokatzen dena (hondakin batzuk bakarrik daude). Bertan, inguruko artzainak beraien betebehar erlijiosoak betetzen zituzten. Tuterako Santa Maria Magdalenarena ere aipagarria da, 1230ean Tibalt I.aren emazteak, Margarita erreginak, kofradia bat sortu baitzuen.

Bidelapurrak

Lurralde hauen isolamenduari lotuta, justiziak bilatzen zituen pertsiona askoren ezkutaleku izan zen. Bidelapur famatuena, dudarik gabe, Sanchicorrota (Sancho Rota) izan zen, XV. mendeko agaramontar eta beaumontarren gerran zehar bizi izan zena. Bere eragina ez zen zonalde honetan bakarrik eman, inguruko herri guztietan ere zabaldu zen.

Honekin akabatu nahian, Juan II.nak, 1452an, 200 zaldundik gorako atakea martxan jarri zuen. Hauek inguratu egin zuten, baina ezin izan zuten bizirik harrapatu, izan ere, bere burua horrela ikustean bere buruaz beste egin baitzuen gizonak. Bere gorpua inguruko herrietako jendearen aurrean erakutsi zen.

Sanchicorrotak bere izena daraman mendian dagoen kobazuloan zeukan. Kobazulo hau artifiziala da, Ebroko zonaldean dauden beste hainbat bezala; eta kondairaren arabera, bertako bizilagun batzuk eraiki zuten, bandoleroaren aginduz. Amaitzean, hil egin omen zituen, sekretua isilpean gordetzeko. Esaten denez ere, bere jarraitzaileen zaldiei ferrak alderantziz jartzen zizkietela, harrapatu nahi zituztenak despistatzeko.

Erreferentziak

  1. Errege Bardea: Basamortu itxurako paisaia harrigarria. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-9).
  2. Errege Bardea, turismo.navarra.es
  3. Errege Bardea, hiztegiak.elhuyar.eus
  4. «EODA - Bilaketa - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  5. Belasko, Mikel, Mardea, mikelbelasko.blogspot.com
  6. Bardea, Berria Estilo Liburua, berria.eus
  7. Larrañaga, Jon. Bardeak, basamortua baino zerbait gehiago. Elhuyar aldizkaria, 1992/12/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-8).
  8. 120/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, “Errege Bardea” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, Kontserbazio Bereziko Eremu horren, “El Plano-Blanca Alta” ES0000171 HBBaren, “Rincón del Bu–La Nasa-Tripazul” ES0000172 HBBaren eta “Santa Agatako pinudia” lekune naturalaren kudeaketa plana onetsi, eta “Vedado de Eguaras” (RN-31), “Rincón del Bu” (RN-36) eta “Caídas de la Negra” (RN-37) natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratzen duena.. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2018ko urtarrilaren 29a, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-9).
  9. Parque Natural de Bardenas Reales. Reserva Mundial de la Biosfera. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-8).
  10. Bardeako tiro eremua kentzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak. Berria egunkaria, 2016ko irailak 30, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-8).
  11. Nafarroako klimatologia: hegoaldea. meteoeu.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-9).
  12. Estazioko fitxa klimatikoa: Bardenas (El Yugo). meteoeu.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-09-09).
  13. 10/1999 Foru Legea, apirilaren 6koa, Nafarroako Errege Bardea Natur Parke deklaratzen duena. Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 43. NAOn argitaratua, apirilaren 9an. Aldaketak: 16/2000 Foru Legea, abenduaren 29koa, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-9).
  14. Bardenas Reales: Medio físico y características biológicas. bardenasreales.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  15. Meaza Rodriguez, Guillermo. Nafarroako Bardea. ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  16. Coscojares, sabinares y lentiscares riojanos y bardeneros. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  17. Elósegui, Jesús, Ursúa, Carmen, Las Bardenas Reales, Gobierno de Navarra
  18. Romerales y tomillares bardeneros. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  19. Ontinares y sisallares. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  20. Matorrales de sosa. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-21).
  21. Espartales. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  22. Espartales halófilos. Mapa de Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000, cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  23. Bases técnicas para el plan de gestión del lugar Bardenas Reales. Gobierno Abierto de Navarra, gobiernoabierto.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-9-22).
  24. Euskal Herriko Mendien Katalogoa 2007ko otsaila, 2009ko apirila, Euskal Mendizale Federazioa. Katalogo horretako toponimoek Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen oniritzia dute. (EODA)
    Bardea Errege Bardea (Mendikat)
  25. Mendikat, Euskal Herriko Katalogo osoa.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.