Barbadun

Barbadun[1] Bizkaiko mendebaldeko ibai bat da, Euskal Herri osoko mendebaldekoena.

Barbadun
Motaibai eta Itsasadar
Geografia
Map
Koordenatuak43°20′56″N 3°07′12″W
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Hidrografia
Arro hidrografikoaBarbadun basin (en) Itzuli

2017ko uztailaren 26an Eusko Jaurlaritzak bere arroko industria-paisaia monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Izenak

Barbadun ibaiak baditu beste izen batzuk, esaterako: Somorrostro, Mayor, Mercadillo, Lonbar.

Ibilbidea

Ibaiaren iturria 200 metroko kotan dago, Kolitza mendia eta Avellanedaren ondoan. Hasieran, Mercadillo ibaia du izena Sopuerta zeharkatzen duenean. Behin Muskizen Barbadun izenez ezaguna, El Pobaleko burdinola ezkerraldean uzten du, hortxe dago ibaia gainditzen duen XVII. mendeko zubi zaharra.

Muskizko Santelices auzotik pasa ondoren, ibaia itsasadar bihurtzen da. San Juan auzoan, Kotorrio ibaiaren ahoa dago. Hortik, San Julian auzoa igarota, Barbadunek La Arena hondartzan itsasoratzen du.

Geologi substratuan kare-margak, kareharri buztintsuak, harearriak eta alubioi lurrak daude.[3]

Ibaiadarrak

  • Galdames ibaia, eskuinetik, hasierako partea Kolitza ibaia da.
    • Badillo erreka.
    • Barcena erreka.
    • Tejera erreka.
  • Baldebezi erreka, eskuinetik.
  • Kotorrio ibaia.
    • Pikon ibaia.
      • Tobas erreka.
        • Txikito erreka.
    • Sobaco erreka.
  • El Ponton erreka ezkerretik.
  • Gardedo erreka ezkerretik.
  • Morenillo erreka eskuinetik.

Itsasadarra

Barbadunaren itsasadarra Pobeñatik ikusita.

Barbadunaren itsasadarra lehen mailako hezegunea zen 1970. urtera arte. Ibaiaren eskuineko partean, gaur egun Petronor Birfindegia dagoen lurrak, Urdaibai bezain aberatsa eta ia hura bezain zabala zen padura zegoen. Hain zen aberatsa lekua, non Lope Gartzia Salazarrek bere gaztelua Muskizen kokatzen baitu haraino itsasoa heltzen zelako eta horrela beti zerbait jateko izango zuelakoan.

Gaur egun, bai Petronorrek bai CAMPSAk ia padura osoa okupatu dute behin biziriko fauna eta basa-flora txikituta. Egoera naturalagoari eutsi dion padura, Pobeña auzoan kokaturikoa, naturagune babestua da.

Industria-paisaia

Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia kultur katalogo bat da, ibaia eta ibai-adarrak dira haren ardatza mendiz inguratutako haran batean; hortxe garatu zen industria-, ekoizpen- eta ekonomia-jarduera garrantzitsu bat, eta burdingintza-errotaritzako multzoetako ekoizpenak bazuen itsasorako irtenbidea Somorrostroko portutik, Muskizko udalerrian.

Ibaia Mercadillo edo Mayor izenaz ere da ezaguna, 15 bat kilometro luze da, 136 bat kilometro koadroko arroa du, eta Kantauri itsasoan isurtzen ditu urak, La Arenako hondartzan (Muskiz). Muga hauek ditu: ekialdean, Galdindoren arroa, bien artean Trianoko mendiak; mendebaldean, Agüeraren arroa; hegoaldean, Cadaguaren arroa, bien artean Kolitza, Ubieta eta Eretza mendien Sasiburuko mendilerroa. Ibaiaren sorburua Mercadillon dago (Sopuerta), ibai hauen elkargunean: Kolitza menditik datorren Kolitza ibaia, eta Beziko eta Avellanedako goialdeetan sortzen den hainbat erreka, Pico de la Cabañatik eta Cabeza menditik datozenak. Hego-mendebaldeko norabidean, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz herrietatik igarotzen da; meatzaritzaren industria-arrasto nabariak dituzte herri horiek, burdingintzan izandako iraganari lotuta. Ibaian behera, eskuin-ibaiertzetik, Liman erreka eta Galdames ibaia batuko zaizkio, Eretzatik etorrita, eta Cotorrio ere bai, Trianoko mendietatik etorrita.

Barbadun ibaiaren arroa ulertzeko, lau zati irudikatu behar dira: Kolitza erreka, Galdames erreka, Santana erreka eta Barbadun ibaia.

Tradiziozko historiografiak indar hidraulikoaren erabilera azaldu nahi duenean Kantauri itsasoko ertzetan eta, ondorioz, euskal haranetan, nabarmendu egiten du ibilguen aprobetxamendu trinkoa, historiaren eta ondarearen aldetik interes handia duten ekoizpen-sare kateatuak sortu baitituzte. Ohikoa da dokumentazioan topatzea aprobetxamendu hidraulikoan egindako abusuzko erabileren ondoriozko auziak; horrek egiaztatzen du ibai-ibilguetan aparatuak samaldan ezarri zirela, eta horixe izan zen euskal haranen bereizgarria Erdi Aroaren amaieratik XIX. mendera arte eta, batzuetan, XX. mendera arte ere. Hori izan zen ondorengo industria-garapenaren sorburua; horregatik egon ohi da haren arrastoa fabrika-guneek hutsalduta. Ez da horrela gertatu Barbadun ibaiaren arroaren paisaian, bertan iraun eta nagusi baitira bertan behera utzitako burdinolak; izan ere, ez dira ez errota ez egoitza-eraikin bihurtu. Horri esker, eta bertara iristea erraza ez denez eta hirigintzarako aukera gutxi dutenez, aldaketa handirik gabe heldu dira egungo egunetara.

Lehen aipatutako lau ibai-zatiei eta segidako ekoizpen-unitateei erreparatuta, Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia eratzen duten ondare-elementuak ere lau paisaia-unitatetan multzokatuko dira, baina ibaiaren ekoizpen-gune beraren barrukotzat hartuko dira beti. Hori horrela izanik, ibilguan ezarritako azpiegitura hidraulikoek (presak, ubideak, antaparak, etab.) ikusizko jarraitutasun bat sortzen dute urloaren bidez, eta soinu-jarraitutasun bat, ur-jauziaren bidez, eta aukera ematen dute elementuen multzoa kultur unitate komun gisa interpretatzeko.

El Pobal inguruko zuhaitzak

Paisaia-unitateak eta hango elementu babestuak hauek dira:

Santelicesko burdinola (Artzentales)

Sakontzeko, irakurri: «Santelicesko burdinola»

Burdinola honen gaineko agiri bidezko daturik ez dagoen arren, baliteke Traslaviñako masukera-burdinola baten ondorengoa izatea, 1644an desmuntatua. Olabarrietako meatzaritza-trenbidearen ondoan dago multzo hori, estalkirik gabe eta landaretzak eta sastrakak kolonizatuta. Hauek daude: mailakatutako bi antapara izan zitezkeenak, bi ubideren aztarnak, lantegiak, ekoizpenerako gela osagarriak (ikaztegiak eta biltegiak), eta eraikin txiki erantsi bat, arragotzeko labea izan zitekeena. Harlangaitzezko eraikin errektangeluar bat antzeman daiteke, hainbat gelatan banatua, fatxada nagusia mendebaldera begira, eta arkuko bi sarbide duena, arkuak hareharrizko ziri-harri irregularretan banatuta. Perimetro- eta mehelin-paretetan ez dago ia baorik.

Olabarrietako burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Olabarrietako burdinola»

1550ean jakin zen burdinola honen berri. 1650ean eten zuen jarduna, 1690ean berriro ekiteko. XIX. mendearen hasieran itxi ziren fanderia eta burdinola. Burdinolara eta presara iristeko, bide bat dago Sopuerta-Artzentales errepidetik, ibaia zeharkatuta eskuin-ibaiertzeraino. Multzo hidraulikoak nahiko osorik iraun du, nahiz eta estalkirik ez duen eta harlangaitzezko eta harlanduzko horma batzuk lurrean eta landaretzak kolonizatuta dauden. Itxuraz, obra homogeneo handi bat da. Horretaz gain, hauek ere antzeman daitezke: ubidea, lantegia eta eraikin erantsi bat, biltegia izan zitekeena, eta aldameneko maldan, hainbat egitura, ikaztegietakoak seguruenik. Ez da antzematen ez antapararik ez tunel hidraulikorik. Eraikin nagusiaren erdiko atalak hiru altuera zituen, eta, haren barnean nabari da makinak sartzeko hainbat aretotan banatuta zegoela. Ibaian gorako presak, trenbide zaharreko zubiaren azpian, erdiko zatia galdu du; baina kalitateko harlangaitzezko arrastoek iraun dute ibaiertz bietan. Eskuinaldeko ibaiertzean, meatzaritza-multzora heltzen den ubidea sortzen da, kalitate oneko harlangaitzezko horma-atalez egina; hori dela eta, gaur egun, ur-hoditeriaren euskarriak izateko erabili ahal izan dira horma horiek.

Olabarrietako errota eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta)

XIX. mendeko errota da; bertara iristeko Sopuertatik Artzentaleserako errepidetik ateratzen den pista bat hartu behar da, Olabarrieta Beheko elizaren atzean. Oinplano errektangeluarreko eraikina da, bi altuerakoa, ganbara ere badu, eta ageriko harlangaitzezko egiturez egina da, elementu hauek izan ezik: izkin-errefortzuak harlanduz, eta bao-azpatuak adreiluz, dobelen antzera. Eranskin bat ere badago, ondorengo garaietakoa eta egikera hobekoa, konbinatzen baititu harlangaitza eta harlandua perimetro-pareten egituretan. Ahozko informazioaren arabera, Olabarrietako burdinolaren aurrietakoa zen harri hori. Eraikinak, etxebizitza bihurtuta, azpiegitura hidraulikoaren aztarnak gorde ditu, hala nola ubidea, antapara eta estolda; makineria, ordea, galdu egin du. Ubidetik iraun duen traza oso ondo dago, bera definitzen duten harlangaitzezko hormen zabalari esker. Ibaian gora, ezkerraldeko ibaiertzean, ubide hori hutsaltzen doa, eta aldameneko landan barrena galtzen da, estali egin baita soroetarako lur gehiago izateko. Zonalde horretan ibaiak egiten duen meandro txikiaren ostean agertzen da berriro ubidea, lurrean ondo markatuta, gainera; alde batean, lurrei eusteko hormatxo bat du eta, bestean, lurrean hondeatuta, batez beste 1 m zabal ere bada. Puntu horretan, bide bat hasten da, aldeetariko batean harlangaitzezko horma bat eta bidean bertan harri-zolaren aztarnak; historikoki, testigantzen arabera, presara eta errotara iristeko erabiltzen zuten bidea, nahiz eta gaur egun ezin den igaro luiziek eta landareek bidea itxi dutelako. Presak, erdimakurra bera, ezkerraldeko ibaiertzean errekasto baten ekarpenak hartzen ditu, ibaian beherako presatik 60 bat metrora, eta ibai-oheko lauza handietan hartzen du oinarri.

Llantadako errota-burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Llantadako errota-burdinola»

XV. mendearen amaieran eraiki bide zuten, 1749an zaharberritu, eta gutxienez 1845era arte iraun zuen jardunean. Mercadilloko Santa Maria parrokiatik ekialdera dago, ozta-ozta 120 metrora. Oinplano errektangeluarreko eraikina da, bi altuerakoa, eta bao burudunak dauzka; Llantada urbanizazioan eraiki berri diren eraikinek inguratzen dute. Burdinola horretan, hor diraute tunel hidrauliko ikusgarriak, antaparak eta ubide-zati batek; hain zuzen, azken antapara horretara isurtzen ditu urak ubide horrek. Tunelaren paraleloan, aurri batzuk daude, seguruenik meatzaritzako esparrua izan zenekoak; eta, beste aldean, instalazio hidraulikoa aprobetxatuta, geroago egin zen errota bat. Tunel-antapara multzotik zati bat baino ez da agerian geratu, 6 metro luze eta 5,5 metro zabal; gainerakoa barrualderantz itsututa dago, eta gaur egun lorategia den lur-sail batek ezkutatuta. Ikus daitekeen zatiaren altuera 7 bat metrokoa da, tunelak eta antapara barnean hartuta. Antapararen alboetako hormak tunelarenak baino atzeraxeago daude. Aurrealdean bi arbotantez luzatuta daude alboetako horma horiek. Eraikinaren iparraldean, tunel hidraulikoaren egitura ikus daiteke.

Llantadako zubia (Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Llantadako zubia»

Kolitza errekaren gaineko zubia, Mercadillo auzotik igarotzean, ingurune finkatu batean, Probalekutik, Pilotalekutik eta Jasokundeko elizatik hurbil eta duela gutxi eraikitako urbanizazioen alboan. Profil bizkarduna du, eta hutsarte bakarra ur-ibilguaren gainean, arkuak apur bat puntadunak ditu, ganga harlauzaz eratua eta hormak hargin-lanez eraikiak. Galtzada, 2 m baino apur bat zabalagoa da, eta errekarriz eratutako zoladura du, zeina zubira heltzeko plazatxo batera ere hedatzen baita. Petrilek 60 cm inguruko garaiera dute eta berorietatik abiatzen diren erriberako hormatxoak (30 cm altukoak), hormak bezalaxe, hargin-lanez eginak dira eta, duela gutxi, zementuzko gailurrarekin errematatu dituzte.

Carral zubia (Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Carral zubia»

Avellaneda erreka gurutzatzen du hura Valdebezi errekarekin elkartu baino metro batzuk gorago, Carral auzotik igarotzen denean. Zubiak, 3 metro inguru zabaleko zoru asfaltatuta eta apur bat hondoratutako ganga ez ezik, arku bakarra du, 4 metro inguru zabaleko begiarekin eta, goreneko giltzarrian, 2 metroko garaiera errekaren gainean; eskuairatu gabeko harlauza luzangaz egina dago eta eraikuntza oso irregularra du. Ibaiaren goiko aldetik, arku erdizirkularraren forma ia perfektua du, baina beheko aldetik, arku asimetrikoa eta zanpatua du. Gainean, tamaina txikiko eta kalitate eskaseko hargin-lanez eraikitako hormak altxatzen dira, zaborraz eta lurrez betetako kaxa estaltzen dutela. Egitura harkaitzean eta ibaiaren ertz banatan 2 m luzeko ostikoetan egindako zimendatzearen gainean bermatzen da, hau ere hargin-lanez egina. Ezker aldekoa partzialki estalita dago, Valdebezi eta Avellaneda errekak batzen diren puntuaren gainean eraikitako plataforma bat dela medio. Zimendatze hori hasten den lekuan hormigoizko zapataren gaineko eskoilera batekin egiten du topo. Petrilak, 50 cm inguruko garaierakoak eta gisa bereko hargin-lanez eginak, sobera zakar erremataturik daude porlanezko mortero taxutu gabez.

Laisekako zubia (Galdames-Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Laisekako zubia»

Limán errekaren gaineko zubia, hura Kolitza errekarekin elkartu baino metro batzuk gorago, Galdames eta Sopuerta udalerrien arteko mugan. Profil bizkarduna du, dimentsio handiak eta kalitate eskaseko eraikuntza, arku bakarra du, 13,50 m inguru zabaleko begiarekin eta harlauzaz eraikitako ganga. Gainean, argamasaz hornitutako hargin-lanez eraikitako hormak altxatzen dira, horma-hortz txarrekin, eta harkaitz gaineko zimenduetan bermatzen diren ostikoak ere gisa berekoak dira. Zoladura 3 m inguru zabaleko zementuzko arranpa bat da eta petrilak 90 cm inguru altukoak, tarte batzuetan hargin-lanez eraikitakoak, eta beste batzuetan taxutu gabeko porlanezko mortairuz sobera zakar estalitako adreiluzkoak.

Uribai errota eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames)

XIX. mendeko errota da, industria-jardueretara guztiz emandako errota baten adibide tipikoa da (bizitegi-erabilera izan ez duena); horregatik da hain txikia. Arkitza auzoan dago, Tarablo errekaren eta mendi-hegalaren artean. Zurezko zubi txiki eta bakun bat igarotzen da ibaiaren ibilguaren gainetik, eta hortik iristen da eraikinera. Instalazio mekanikoak osorik dauzka (ehotze-bankua, bi errotarri, bi tobera, burdinazko turtukiak, pisuak eta besoa), baina oso hondatuta; ubidea eta antapara erdi itsututa daude. Ehotzeko solairuaren azpian, estolda edo tunela dago, turtuki hidraulikoak daude haren barruan, eta kanpotik ikus daiteke hustubideko erdi-puntuko arku handi batetik.

Pendizko errota-burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta)

Sakontzeko, irakurri: «Pendizko errota-burdinola»

Iturri dokumentalen arabera, burdinola hau 1732 eta 1752 bitartean egon zen jardunean, eta 1845ean utzi zuten bertan behera. Meatzaritzako trenbide zaharra mendebalderantz hartu, hirugarren lubakia igaro, eta bide bat dago Santana latsaren ondoko soilgune txiki bateraino; hortxe hasten da ubidea, presaren eta eraikinen aztarnak ere badaude, baina tunel hidraulikoak ez du iraun. Eskuin-ibaiertzean, harlangaitzezko bloke handiz egindako presaren horma lodiaren zati bat dago, baita antapara eta ipar-ekialdera doan ubidearen hasiera ere. Presatik oso hurbil, ibai-ohearen arrokaren gainean, 10 eta 15 cm bitarteko bederatzi zulo errektangeluar ikus daitezke, zizelkatuak eta zeharka lerrokatuak; antza denez, harrizko presaren aurreko zurezko presaren zutoinak tinkatzeko egin ziren. Multzoak ez du estalkirik, landaretzak hartuta dago, eta lurrez eta egituren hondarrez beteta daude barruko aretoak. Arku zorrotzak eta lauza finez egindako dobelak ditu, eta hiru bao, zurezko burualdeak dituztenak. XIX. mendean, antapararik gabeko irin-errota bihurtu zen, beraz, ura zuzenean sartzen zen ubidetik estoldara.

Valdibian errota eta burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames)

Sakontzeko, irakurri: «Valdibian errota»

1575ean aipatzen dute iturri dokumental batzuek burdinola hau. XIX. mendearen erdialdean, errota bihurtu zuten. Galdamesen eta Sopuertaren arteko mugan dago, eta Arenao auzotik irits daiteke. Multzoan errotariaren etxebizitza dago, errota eta burdinola hidraulikoekin batera. Burdinolan, nahiko osorik iraun du ukuilu, lastategi eta lantegi gisa erabilitako eraikinak. Tunel hidraulikoa eta antapara desagertu egin dira. Arku-presa 300 metrora dago, eta ubidea 600 m luze da; bata zein bestea, lehendabizi, burdinolarako erabili ziren, eta, gerora, irin-errota mugiarazteko; oraindik funtzionatzen du. Errotak egoera onean ditu: eraikina, azpiegitura hidraulikoa (ubidea, uhateak, gainezkabideak, antapara, estolda eta uren irteera) eta makina guztiak (ehotze-bankua, bi errotarri, bi tobera, burdinazko turtukiak, pisuak eta besoa). Errotaren kuboak oinplano karratua du, eta 3 metroko jauzia. Ehotze-bankuak bi harri dauzka, eta estoldatik irteerako ubidera ateratzeko arkua iparraldera begira dago.

La Ollako burdinola, errota, azpiegitura hidraulikoa eta zubia (Galdames)

Sakontzeko, irakurri: «La Ollako burdinola»
La Ollako burdinolaren arrastoak

1695ean, Antonio Salazarrek erosi zuen La Ollako parajea, burdinola bat eraikitzeko, baina ez zuen egin hurrengo mendea hasi arte. XIX. mendearen erdialdean, hura desegin, eta errota bat instalatu zuten. Burdinola-errota multzoa Barbadun ibaiaren eskuinaldean dago. Bertara iristeko, begi bakarreko zubi bat dago, erdi-puntuko arkuduna bera, eta ibaian behera dago multzotik abiatuta. Ura hartzeko, oinplano hautsiko grabitate-presa bat dago; ibaian gorako aurpegia harlanduz egina, eta ibaian beherakoa harlangaitzez. Erdiko zatia erdi deseginda dago. Presatik abiatzen da ubidea, harlangaitzezkoa bera, eta gainezkabidea harlanduzkoa. Tunel hidraulikoaren irteera-arkua oraindik dago hor, eta haren gainean errota. Antapararen goialdea desagertu egin da, baina bertan diraute hauspoen eta gabien gurpilen ardatzetarako arkuek, estoldak eta uren irteerak. Lantegiaren perimetro-paretak ere badaude, habeetarako horma-zuloak dituzte, eta horren ondorioz jakin da hiru solairu zituela; 10 m inguruko altuera du iraun duen aldeak. Lantegiaren ondoan beste eraikin bat dago, ikaztegia izan zitekeena. Bidearen beste aldean, mendi-hegalerantz, beste eraikin batzuen aztarnak daude, eta baliteke biltegietakoak izatea. Eraikinak harlangaitzez eginak dira, harlanduzko ertzak dituzte, eta hainbat puntutan adreilua ere badute.

El Pobaleko burdinola eta errota (Muskiz) eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames)

Sakontzeko, irakurri: «El Pobaleko burdinola»

XVI. mendearen hasieran eraiki zuten. 1966an, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara igaro, eta 2004an zaharberritu zuten. Egungo egunetara ia instalazio mekaniko gehienak gorde dituen multzo bakarra da (gurpil hidraulikoa, ardatza eta mailua); hango eraikinak, oro har, ondo daude, eta ekoizte-espazioaren barrualdeko banaketak aldaketa gutxi izan du. XVI. mendeko hauek baino ez dute iraun: lantegiaren zimenduak, zerbitzuko atetila zorrotz eta txiki bat, eta galdatzeko labe erdizirkular bat, gaur egun lurpean. XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran, guztiz eraberritu zuten burdinola. Garai horretakoa da egungo egunetara heldu den higiezinaren eraikitze-plangintza gehiena: lantegia, aireztatze-aretoa, tunel hidraulikoa eta antapara. XIX. mendearen erdialdean, burdinola ahultzen joan zen tradiziozko siderurgiaren gainbeherarekin batera. Prozesu horren ondorioz aldatu ziren elementu asko; nabarmentzekoa da, adibidez, eraikina iparraldeko aldetik handitzea eta, partzialki, sutegi- eta biltegi-lantegi bihurtzea. Multzoak elementu hauek ditu: sutegi-burdinola, biltegiak, ikaztegia, errota, makina guztiak, mazoa, ardatza, paladun gurpila, pistoiak, bi ogi-labe, presa, ubidea, antapara, tunela, dorrea eta zubia.

Bilotxiko azpiegitura hidraulikoa (Muskiz)

1690ekoa da eraikitze-baimena. 1855ean, desegitea erabaki zuten. El Pobaletik metro gutxira dago multzo hau, ibaian behera; barnean hartu zuen antzeko beste multzo bat: errota eta burdinola, eta presa eta ubide gehiena partekatzen zituzten denek. Azpiegitura hidraulikotik, presaren ebidentzia baino ez dago, errotatik 60 metrora; harlangaitzezko presa zuzena da, hormigoizko arrain-eskailera du, ezkerraldean tramexa, eta landaretzak guztiz hartu ditu burdinolaren tunela izan zitekeenaren aztarnak. Desagertu egin dira bien ubidea eta errotaren antapara. Irteerako ubidea baserrian sartzeko zonaldearen azpitik igarotzen da. Makinen aztarna bat bera ere ez da geratu.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Inguruko informazio orokorra

(Gaztelaniaz) Eusko Jaurlaritzaren ibiari buruzko ikerketa batzuk

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.