Baratxuri eguna
Baratxuri eguna urtero Nafarroa Garaiko Faltzes herrian ospatzen den azoka eta festa da. Udararen hasieran bi eguneko antolaketa da.
Baratxuri eguna | |
---|---|
Mota | azoka |
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Historia
Ehunka urte daramate bertakoek baratxuria lantzen. Itxuraz, XVII. mendeaz geroztik. Orduan elizari eta markesari ohiko nekazaritza mozkinengatik hamarrenak ordaindu behar zizkieten; jendilaje hori mantentzeagatik laboreak, barazkiak edota lekaleak egitea garesti ateratzen zitzaien, eta ekoizpen berri bat, ordainpekoa ez zen bat sartu zuten: baratxuria. Ederki ematen zuela jabetu eta hari heldu zioten. Baratxuriak ez zuen zergarik ezarrita orduan, eta familiek beren etxabetan zintzilik izan ohi zituzten, eguzkitan lehortzen. Geroztik, herritarrek ez diote utzi elikagai hori ekoizteari.
Eguna
Asteburu bat irauten duen festak garai hartako herritarren bizimodua eta tradizioak irudikatzen ditu. Leku guztietako jendea joaten dela adierazi du Maria Eugenia Jiménezek, herriko turismo gidariak: «Jendea herriko baratxuriaren bila dator. Faltzesko baratxuria nahi dute». Izan ere, bertakoa beste tokietakoa baino gorriagoa da, zapore handiagoa du, eta gehiago irauten du, Jimenezen arabera. Herriko ikurra eta bereizgarria da baratxuria.
Lehen, egun bakarreko festa izaten zen. 2021az geroztik, ordea, bi egunera luzatu dute egitaraua. Show cooking erakusketa da beste berrikuntzetako bat; bertan baratxuria duten platerak dastatzeko aukera izango da. Programazioan jasotzen diren ekintza gehienek baratxuria dute ardatz. Azoka da, bestetik, Baratxuri Eguneko ekintzarik ospetsuena eta gustukoena. Baratxuria ez ezik, Faltzesko eta inguruko herrietako produktuak ere saltzen dira: tomatea, artisautza produktuak...[1]