Bankuaren gerra

Bankuaren gerra (ingelesez Bank War) Estatu Batuetan izandako gatazka politiko-finantzarioa izan zen, 1832-1837 bitartean Andrew Jackson presidentearen agintaldian gertatua. Gatazka horretan, Jacksonen aldeko errepublikarrek (demokratek) eta Estatu Batuetako Bigarren Bankuko finantza gizonek elkarren kontra jardun eta, ondorioz, banku hori bertan behera geratu zen, eta Andrew Jackson garaile atera. 1913 arte ez zuten lortu nazioarteko mailegari eta finantza gizonek Estatu Batuen finantzen jabetza berriz eskuratzea,[1] Erreserba Federala sortuz (Estatu Batuetako Hirugarren Bankua). Estatu Batuen izaeraren inguruko lehiaren aldetik, jeffersondar eta hamiltondar ikuspuntu desberdinek talka egin zuten.

Aurrekariak

Jacksonek bankuaren kontra zeraman borrokaren marrazki satirikoa

Estatu Batuetako Bigarren Bankua Estatu Batuen banku ofiziala zen, diruaren jaulkitzailea eta, beraz, haren gaineko eskumenduna. Estatu Batuetako Lehenengo Bankuak 1791tik 1811ra iraun zuen, baina gobernuak ez zion baimena berritu. Hala ere, Rothschild familiako finantzari boteretsuek (Londresen oinarrituak) mehatxu egin zieten Estatu Batuetako agintariei Ingalaterraren bitartez, eta gerra piztu zen.[2] 1816an, Estatu Batuak Ingalaterrarekin izandako gerran zorpetu ondoren, finantzaren handikiek (Rothschild nazioarteko familia boteretsuaren agente bat, Nicholas Biddle, buru zutela) dolarra jaulkitzeko 20 urteko baimena eskuratu zuten, 1836 arte.

Borroka gordina

Gehiago jakiteko, irakurri: «Andrew Jackson#Bankuaren kontrako borroka»
1833ko komiki demokrata, bertan Jackson deabruaren bankua (Bigarren Bankua) suntsitzen ari dela
Bankuari buruzko karikatura, Jacksonen erreformaren harira (1833): "Arratoiak hondoratzen den ontzitik alde egiten"
Richard Lawrencek egindako Jacksonen kontrako hilketa ahalegina (1835ko koadroa)

Jackson eta Bankua, elkarren aurka

Bankuaren kontrakoa zen Jackson. Estatu Batuetako Bigarren Bankua ez zen gobernuarena, pribatua baizik. Monopolioa eratzen zuelakoan, Andrew Jacksonek konstituzioaren aurkakotzat zuen, argudiatuz herritarren alde ez baizik eta finantzetako handikien talde baten onuran jokatzen, hauteskunde-kanpainetan esku hartzen eta Bankuaren aldeko legeak egiteko diputatuak erosten zituela.[3] Berehala Jacksonek presidentetzatik urruntzeko kanpaina latzei egin zien aurre (bere eta emaztearen kontrako irainak ere tartean).

1828ko azarotik abendura bitarteko hauteskundeen lehia gogorra eta pertsonala izan zen, Jacksonek Henry Clay hautagai nazional errepublikanoa (Alderdi Errepublikanoaren fakzio batekoa) aurrean zuela. Jackson atera zen garaile gehiengo zabal batez, baina ezustean, Jacksonek oso maite zuen emaztea hil zen presidente izendatu baino justu lehenago, abenduaren 22an (ofizialki bihotzekoak jota).[4] Jacksonek bere etsaiei leporatu zien Rachel Donelson Jackson emaztearen heriotza, eta hilketatzat jo zuen.

1829 hasieratik, Jackson zen presidente, eta Louis McLane Diruzaintza Idazkari, Londresen enbaxadore-lanetan ibili eta itzuli berritan. McLanek lotura estua zuen Bankuaren presidente Nicholas Biddlerekin, baita Londreseko Baringsekin ere. Bada, McLane tematuta zegoen Bankua salbatzearekin, eta zirriborro bat prestatu zion Jacksoni 1832 urtearen hasieran, Bankuari garrantzi txikiko aldaketa batzuk egin eta baimenaldia (1836an bukatzekoa) berritzeko. Presidentearen Urteko Adierazpenaren zirriborro horrek, azken batean, kongresuaren baitan uzten zuen Bankuaren patua erabakitzeko ahalmena.[5]

Aldiz, Louis McLanek Roger B. Taney estatuaren fiskala zuen begira, Bankuaren kontrakoa, baita McLaneren asmoei igarri ere. Taneyk Jacksonen konfiantza irabazi zuen pixkanaka, eta Adierazpenaren esaldi erabakigarriak anbiguotasunez jantzi zituen.[6] Modu batera edo bestera, artean baimenaldia bukatzeko lau urte falta zirela eta 1832 amaierako hauteskundeak gainean zituztela, McLanek Bankuaren baimenaldiaren gaia Kongresura ekartzeko deliberoa hartu zuen; hartara, Jackson behartu eta kinka larrian jarri zuen. Jacksonek boterearen lehiari buruzko Bankuaren hordagotzat jo zuen.[7]

Kongresuko eztabaidan, Jacksonek gobernuak gehiengoaren interesak babesteko daukan betebeharra defendatu zuen, eta gutxiengo aberatsak eta boteretsuek gobernua beren alde bihurritzeko daukaten joeraz ohartarazi.[8] Aldiz, Kongresua ez zuen bere alde izan, eta onartu egin zuen Bankuari baimena berritzea (1832ko uztailaren 3a). Ez zen falta izan eroskeriarik bozketetan, Karolina Iparraldeko kongresu-kide Samuel Price Carsonena adibidez, Bankuaren kontrako garbia, baina Bankuaren 20.000 dolarreko kreditu baten truke bere botoa aldatutakoa. Taneyk giza gogoaren ahuldadearen eta Bankuak demokraziari ekartzen omen zion ustelkeriaren adierazgarritzat jo zuen kasu hori.

Uztailaren 4an, Jacksonek honela adierazi zion Van Buren Estatu Idazkariari (presidente bilakatuko zenari):


« Van Buren jauna, Bankua ni hiltzeko ahaleginean dabil, baina neonek hilko dut Bankua.[7]  »


Jackson erabat asaldatu zen Kongresuaren eta Senatuaren erabakiarekin, eta erabaki exekutibo ausarta (baina oso eztabaidagarria) hartu (1832ko uztailaren 10a): betoa jartzea eta, era horretan, Bankuaren baimena ez berritzea. Tentsio horretan, 1832ko abenduko hauteskundeetarako lehia hasi zen.

Gobernuaren une erabakigarria

1832ko abenduan, Jackson berriz izan zen hautatua, oraingoan goiburu garbi bat aldean hartuta: "Jackson bai, Bankurik ez!". Hauteskundeen ondoren indarberrituta, Jacksonek erabaki sendoa hartu zuen 1833an, bere laguntzaile Francis Preston Blairrek Bankuak (Biddlek) gobernuaren ondasun publikoak gobernuaren kontra erabiltzen zituela baieztatu ondoren[9]. Gobernuaren ondasun publikoak Estatu Batuetako Bigarren Bankutik ateratzeko agindu zion Louis McLane bere Diruzaintza Idazkariari, dirua "herriari bueltatzeko" eta estatuen artean banatzeko, ahalmen hori berriz gobernuaren eskuetan jartzeko alegia. Bankuaren, Kongresuaren eta nazioarteko kapitalen kontrako bataila orokorrean, Filadelfiatik Parisera, Jacksonek Amos Kendall, F.P. Blair eta Andrew Jackson Donelson iloba hartu zituen konfiantzazko bidelagun (the Kitchen Cabinet).

Bankuaren erroak luzeak ziren, ordea, eta McLanek (bankua erreformatzearen, ez kentzearen aldekoa) uko egin zion presidentearen agindua betetzeari. Orduan, Jacksonek McLane kargugabetu zuen, eta William J. Duane filadelfiarra jarri, ustez Bankuaren aurkako irmoa (1833ko ekainaren 1a), baina zalantzak gogoa lausotu zion Duaneri ere, Kongresuari kontsultatu behar zitzaiola argudiatuta. Hala ere, Jacksonen erabakia irmoa zen, kosta ahala kosta.[10]

Duanek uko egin zion dimisioa emateari, postua berea zelakoan; Jacksonek, berriz, ministroa presidentearen beso exekutiboa zela ("a secretary, sir, is merely an executive agent, a subordinate").[11] Duaneren ukoarengatik asaldatuta, Jacksonek Duane kargugabetu zuen 1833ko irailaren 23an. Roger B. Taney fiskal nagusia jarri zuen bere ordez. Asmoa gobernuaren Bankuko gordailuak urriaren 1ean ateratzen hastea zen.[12]

Jackson poz batean zen, baina aurrez aurre talka egin zuen orduan finantza gizonekin hil ala biziko borrokan. Bankuko presidente Nicholas Biddlek mehatxu egin zuen ekonomia uzkurtuko zuela, dirua jaulkitzeari utziz, maileguak bueltatzeko aginduz eta maileguak emateari uko eginez. Ondorengo adierazpen hau ere egin zuen Filadelfian egindako bilkuran, 1833ko urriaren 7an:


« Soilik sufrimendu orokorrak izango du eraginik Kongresuaren baitan... Gure salbubide bakarra murrizketa bide irmo bati ekitea da, eta ez dut zalantzarik horrelako bide batek azkenean diru mota berrezarri egingo duela, eta Bankuaren baimena luzatu.[13][14]  »


Hartara, Jacksonen gobernuaren kontrako erreakzioa eragingo zuelakoan, Biddleren neurriek finantzetako izua zabaldu zuten gizartean: ekonomiak behera egin zuen larriki. Bankuak politikarien soldatak eteteko mehatxua ere egin zuen. New Yorkeko ordezkaritza batek Jacksonengana jo zuen, bere erabakian atzera egin eta bizi zuten porrot finantzariotik ateratzeko. Jacksonek Nicholas Biddlengana zuzendu zituen, konponbidea bere eskuetan zegoelakoan ("Biddlek dauka diru guztia").[15]

Estatu Batuetako Bigarren Bankuaren eraikina (Filadelfia)

Beste estatu batzuetako ordezkariak ere hartu zituen, baita guztiei garbi utzi ere ez zituela ondasun publikoak Bankuan berrezarriko. Adierazi zuenez, "Espainiako hamar inkisizioren torturak pairatuko ditut lehenago", ondasunok Bankura berriz sartu edo bere baimenaldia berritu baino. Jacksonen kontrako heriotza-mehatxuko eskutitzen artean, 1833ko abenduaren 3an, A.J. Donelsonek gordailu publikoak Bankutik ateratzen bukatu zutela jakinarazi zion Kongresuari. Denek, Senatuak (26 alde eta 20 kontra) eta prentsak ere tartean, Jacksonen kontra jo zuten, zentsura mozio baten bitartez (1834ko martxoaren 26an). Jacksonen posizio exekutiboa, Kongresuaren kontrakoa, ez zen arriskurik gabea, kolokan jar baitzitzakeen bere errepublikar babesak eta printzipioak. Hala ere, Jacksonen esanetan, Kongresua Bankuak erosita zeukan,[16] eta Jackson bera omen zen zuzenean estatubatuar herriaren aurrean erantzule.

Zorionez Jacksonentzat, Pennsylvaniako gobernari George Wolf bere alde atera zen, Bankuaren erabakia gaitzetsita. Jackson, orduan, honela zuzendu zen Bankuaren jabeen kontra:


« Sugegorrien habi bat zarete, zuek erauzteko asmo irmoa daukat eta, Alajainkoa, erauziko zaituztet!  »


Bankuaren eta Biddleren gainbehera

Nicolas Biddle banku-gizona

Biddlek ekonomiaren kontra jotzeko 1833an egindako ahaleginak kontrako ondorioa izan zuen 1834an: bere ospea makurtu zuen, baita Estatu Batuetako finantzen eta ekonomiaren zentro askotan ere. Ia ezustean, 1834ko apirilean 4an, lehen egindakoaren kontrako norabidea hartu zuen Kongresuak: dirua jaulkitzeko Bankuaren baimena, 1836an amaitzekoa, kentzearen alde bozkatzea (134 alde eta 82 kontra).[17] Gainera, ikerketa batzorde bat eratzea erabaki zuen, ekonomiaren beheraldian Bankuak erantzukizunik izan ote zuen argitzeko.[18] Jackson lorian zen, bere hitzetan:


« Arrakasta itzela lortu dut. [Kongresuak] (...) ustelkeriaren eta boterearen piztitzarra akabatu du: Estatu Batuetako Bankua.[18]  »


Orduan, Bankuak (Biddle buru zuela) uko egin zion agintari publikoei bere dokumentuak eta erregistroak auditatu eta aztertzen uzteari, baita Washingtonen ikerketa batzordearen aurrean deklaratzeari ere.[19] 1834rako, Bankuaren patua erabakita zegoela zirudien. 1835ean, Jacksonek gobernuaren kanpo zorra kitatzea lortu zuen (1835eko urtarrilaren 8a),[20] harrezkero Estatu Batuetako gobernu batek inoiz ez lortutakoa.[21]

Aldiz, astebete batzuk geroago, 1835eko urtarrilaren 30ean, Richard Lawrence ingelesak Jacksonen kontrako hilketa ahalegina egin zuen. Erotzat jo eta eroetxe batean sartu zuten denbora batez.[22] Behin askatuta, ordea, lagunei aho beroaldi batean adierazi zien Europako gizon boteretsuek babesten zutela.

Biddle indarra galtzen hasi zen betiko, iruzurragatik auzipetua ere izan zen, azkenean errugabetzat hartu bazuten ere; nolanahi ere, beste auzi zibiletan harrapatuta segitu zuen. Dena den, 1836an, Bigarren Bankuak Estatu Batuetako banku zentral izateari utzi zion,[23] eta Estatu Batuetako ondasun publikoak estatuetako bankuetan gorde ziren.

Ondorioak

1836ko otsailean, Estatu Batuetako Bigarren Bankua Pennsylvaniako legearen peko beste banku pribatu bat bihurtu zen. 1839an, ordainketak eten zituen, eta 1841ean likidatua izan zen. Hala ere, Bankua garaituta, ez ziren gauzak baretu ekonomian eta politikan. Lurraren eta burdinbidearen gaineko espekulazioa zabaldu zen eta, gainera, Atlantiko itsasoaz bestaldeko erreakzioa ekarri zuen. Londresek Estatu Batuekiko salerosketak murriztu zituen, ordainketa-baldintzak zorroztu, eta inbertsioak eten zituen (ordurako Ingalaterrako Bankua Rothschild familiaren eskuetan zegoen). 1837ko izua piztu zen, askok Jacksoni leporatutakoa, estatuaren diru-funtsak Bankutik atera behar ez zituelakoan. 1841erako bere txarrena emana zen, eta ekonomia suspertuz joan zen.

Estatu Batuetako Bigarren Bankuaren finantzen nagusitasuna estatuetako bankuetara pasa zen eta, beraz, bankari handiek banku horietara zuzendu zituzten oraingoan boterea metatzen joateko ahaleginak. 1837an, Europatik August Belmont heldu zen Estatu Batuetara N M Rothschild & Sonsen agente-lanetan, egoera nazioarteko finantzari-familiaren alde berrezartzera.

Andrew Jacksonek bere bizitzako balentria handienaz galdetuta, honela erantzun zuen: "Bankua hiltzea!" (I killed the Bank).[24] Bere ondorengoak, Martin Van Burenek, Jacksonen banku-politikari eutsi zion, eta zorrean oinarritutako banku monopolio pribatua baztertu zuen.

Erreferentziak

  1. Still, 01:11'29"
  2. Still, 53'00"
  3. Meacham, 53. or.
  4. Meacham, 4-6. or.
  5. Meacham, 198-200. or.
  6. Meacham, 200-201. or.
  7. Meacham, 201. or.
  8. Meacham, 209-210. or.
  9. Meacham, 256. or.
  10. Meacham, 254-256. or.
  11. Meacham, 268. or.
  12. Still, 01:05'41"
  13. Meacham, 269. or.
  14. Still, 01:06'48"
  15. Meacham, 271. or.
  16. Meacham, 258. or.
  17. Still, 01:09'38"
  18. Meacham, 278. or.
  19. Still, 01:09'49"
  20. Meacham, 298. or.
  21. Still, 01:10'12"
  22. Meacham, 298, 300. or.
  23. Still, 01:11'16"
  24. Still, 01:11'43"

Iturriak

Meacham, Jon. (2009). American Lion. New York, USA: Random House Publishing ISBN 978-0-8129-7346-4..

Still, William T.. (1996). (Bideoa) The Money Masters. USA: Still Productions (Noiz kontsultatua: 2015-12-14).

Ikus, gainera

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.