Bandy
Bandy izotzaren gainean jokatzen den neguko kirol mota bat da, izotz hockeyaren aurrekari kontsideratzen dena. Gaur egun Europa iparraldeko kirol arrakastatsua da, Sobietar errepublika ohietan ere jokatzen dena.
Historia
Aurrekariak
Errusiako monasterio batean X. eta XI. mendeetan aipatzen da Bandyaren antza izan dezakeen jolas bat, XVIII. mendera arte jokatu izan zena. Bandyaren arauak ordea Ingalaterran ezarri ziren eta Londresko The Crystal Palacen jokatu zen lehen partida ofiziala 1875ean. garai horretan dagoeneko "izotz gainean jokaturiko hockey-a" deitu zitzaion, belar hockey-a dagoeneko ezaguna baitzen garai hartan. Izena Galesen jokatzen zen antzinako Bando jokoak eman zion bere antzekotasunagatik.
Kirolaren bilakaera
Lehenengo txapelketa ofiziala Suediako Bandy Liga izan zen 1902an abiatu zena. 1905eko Stockholmgo Neguko Olinpiar Jokoetan txapelketa antolatu zen eta 1907an Suedia, Finlandia eta Errusiaren arteko txapelketa berri bat antolatu zuten. 1913ko Europako Txapelketan zortzi selekziok hartu zuten parte.
Aldi berean Kanadan izotz hockeyaren arauak ezarri ziren eta Olinpiar Jokoetan sartu zenez, Europako herrialde gehienek ere haren aldeko apustua egin zuten eta Bandya Suedia, Norvegia eta Finlandian baino ez zen nagusitu. Gaur egun ordea 30 herrialdek osatzen dute Nazioarteko Bandy Federazioa.
Bandya
Futbol zelaiaren tamaina duen izotz pista batean jokatzen da. Futbolean bezala hamaika jokalaritako bi taldek hartzen dute parte. Jokalari bakoitzak makila edo stick bat darama eta pilota bat aurkako taldearen atean sartzea du helburu.
45 minututako bi zatitan banatzen da partida bakoitza. Debekatua dago buruarekin, eskuekin edo besoekin pilota ukitzea. Faltak egiten direnean bi txartel mota erakuts ditzake epaileak, urdinak 10 minututako zigorra dakar eta gorriak partidatik kanporatua izatea. Futbolean bezalako jokoz kanpoko falta ere badago.
Talderik onenak
Errusiarrak eta suediarrak dira talderik onenak. Gizonezkoetan Errusiako selekzioa nagusi da, talde mailan berriz suediarrak. Emakumezkoetan suediarrak dira gara garaipen ia guztiak lortu dituztenak, hala selekzio mailan nola talde mailan.
Txapelketak
- Selekzioen arteko txapelketak:
- Munduko Bandy Txapelketa: 1957an antolatu zen Gizonezkoen lehenengo txapelketa eta hasieran bi urtetik behin jokatzen bazen ere 2003tik aurrera urteroko txapelketa izaten da. Emakumezkoena 2004an abiatu zen.
- Olinpiar Jokoetan: 1952an baino ez da jokatu eta erakusketa kirol gisa izan zen.
- Taldeen arteko nazioarteko txapelketak:
- Munduko Bandy Kopa: Suediako Ljusdal hirian jokatu da 1974an hasi 2008 arte. Ondutik aurrera Sandviken hirian jarraitu dute txapelketa.
- Bandy Txapeldunen Kopa: Suediako Edsbyn hirian jokatzen da. Bertan Suediako 8 talde onenek eta Errusiako 2 onenek hartzen dute parte.
- Europako Bandy Kopa: 1974 eta 2009 artean jokatu zen Europa mailako txapelketa da.
- Liga indartsuenak:
- Suediako Bandy Liga
- Errusiako Bandy Liga
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Nazioarteko Bandy Federazioa