Mikhail Bakunin
Mikhail Aleksandrovitx Bakunin[1] (Pryamukhino, Tver Governorate (gaurko Kuvshinovsky District) (Errusiako inperioa), 1814ko maiatzaren 30a – Berna (Suitza), 1876ko uztailaren 1a) errusiar anarkista iraultzaile ezaguna izan zen, Marx-en garaikidea. Anarkista filosofoen lehenengo belaunaldiko ospetsuena da eta anarkismoaren aitatzat jotzen da.
Mikhail Bakunin | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Priamukhino (en) , 1814ko maiatzaren 30a |
Herrialdea | Errusiar Inperioa |
Lehen hizkuntza | errusiera |
Heriotza | Berna, 1876ko uztailaren 1a (62 urte) |
Hobiratze lekua | Bremgarten cemetery (en) |
Familia | |
Aita | Aleksandr Bakunin |
Ama | Varvara Muravyova |
Ezkontidea(k) | Antonia Kwiatkowska (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Leinua | Bakunin (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Berlingo Humboldt Unibertsitatea Mikhailovsky Artillery School (en) (1829 - 1834ko ekaina) |
Hizkuntzak | errusiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, idazlea, politikaria eta anarkista |
Lantokia(k) | Dresden |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Ernst Hoffmann, Aleksandr Herzen, Nikolai Ogariov, Pierre-Joseph Proudhon, Jean-Jacques Rousseau, Ludwig Feuerbach, Karl Marx, Georg Wilhelm Friedrich Hegel eta Fiodor Dostoievski |
Kidetza | Lehen Internazionala |
Mugimendua | anarkismoa ateismoa Mendebaldeko filosofia |
Gradua | junker (en) praporshchik (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
1830eko hamarkadan Hegelen jarraitzailea izan zen, eta, geroago, 1848ko Alemaniako iraultzan (Dresdengo altxamendua bezala ezagutua) parte hartu zuen. 1849an atxilotu eta Errusiara bidali zuten. Han bizitza osorako espetxe zigorra ezarri eta Siberiara bidali zuten. 1861ean bertatik ihes egin eta Londresa iritsi zen.
Londresen zegoela, Bakuninek Bakea eta Askatasunaren aldeko Ligan parte hartu zuen. Higikunde hartatik bereizi ziren bera eta bere jarraitzaileak (gutxiengoa osatzen zuten), eta Demokrazia Sozialista Nazioarteko Aliantza sortu zuten. 1869an Aliantza hark Langileen Internazionalarekin bat egin zuen.
Internazionalaren baitan, Bakuninek Karl Marxi aurre egiten zion joeraren buru jardun zuen; hots, joera anarkista edo libertarioaren erreferente bihurtu zen. Hala, Frantzia eta Suitzan barna lan politiko handia aurrera eraman zuen. 1872an, Internazionaletik kanporatu zuten.
Bi urte geroago, 1874an, Bolognan (Italia) altxamendu batean parte hartu zuen, nahiz eta higikundeak ez zuen luzaroan iraun. 1876an Bernara (Suitza) joan eta bertan hil zen urte hartako uztailaren 1ean.
Biografia
Mikhail Bakunin Pryamukhinon jaio zen, Torzhoken, Tve-ko probintzian, Moskuren ipar-ekialdean. Aita ideologia liberalekoa izan zuen, eta diplomazialaria izan zen Parisen Bastilla hartu zutenean. Nikolas I.a tronura igo zenean, landara erretiratu zen, lurrak baitzituen han eta 1.000 bat langile ere bai. Mikhail 5 anaia eta 5 arreben artean zaharrena izan zen. Sendi erlijiozalea izan zuen, baina ez gehiegi ere. Mutilak 11 urte besterik ez zituen tsarrak dekabristen aurka eraso egin zuenean Errusian.
14 urte zituelarik, San Petersburgora joan zen non Artilleriako Unibertsitatetik trebaketa militarra jaso zuen. Han hasi zen idazten, lagunekin jostatzen eta zorpetzen. 3 urte igaro ondoren, bota egin zuten handik diziplinarik gabeko jokaeragatik. Errusiar Guardia Inperialean menpeko ofizier izendatu zuten, eta Minsk eta Goradnia-ra bidali. Horrela idatzi zion familiari:
« | Bakar-bakarrik nago. Betiko isiltasuna, betiko histasuna, herrimin bukaezina dira nire bakardadearen lagun. Orain dakit Genoako filosofian hain entzutetsu den bakardade perfektua sofisma tentelenetakoa dela. Gizakia gizarterako egina dago. Ezinbestekoa zaio ulertuko duen eta pozak eta oinazeak partekatuko dituen harremanen eta lagunen sarea. Gogozko bakardadea berekoikeria hutsa da, eta izan al daiteke zoriontsu berekoia dena? | » |
Poloniaren aurkako errepresioa gertatu zen une horretan eta Bakunin despotismoaren aurka jarri zuen erabat.
Aitak soldadutzan edo zerbitzu zibilean jarrai zezan nahi zuen arren, 1835ean, Bakuninek biak utzi zituen eta europar erromantizismoan murgildurik zegoen Moskura alde egin zuen. Frantziako entziklopedistak irakurri zituen eten gabe, eta Fichte eta Hegel mirestu zituen. Saint-Simón sozialisten aldeko ziren Herzen eta Ogarev lagun izan zituen, Hegelen jarraitzaileak haiek ere.
Une horretan, Karl Marx ere Hegelenganako begikortasun bertsuak ari zen garatzen Berlinen. Gutunen bidezko maitasun- eta bekaizkeria-harreman bat ere garatu zuen Taniusha arrebarekin[2].
Filosofia edo Historiako katedra lortu nahi zuen Moskuko unibertsitatean eta, helburu horrekin, bidaia bat antolatu zuen alemaniar filosofoak ikertzeko. 1840an joan zen Berlina eta Barbara arrebarekin topatu zen han, Iván Turghenievekin bizi zelarik. Garai hartan, Parisen, Proudhon, George Sand eta zenbait poloniar erbesteratu ezagutu zituen.
« | 1840ko Alemania eraldaketa-prozesuan murgildurik dago erabat; industria jaio da, eta, honekin, proletalgoa, oraindik mehatxu ez dena. Aberastu den burgesia da eskubideak aldarrikatzen ari dena. Estatu txiki ugariren bilduma izan zen Alemania nazio bilakatzeko irrikitan dago orain eta batasuna eta askatasuna nahi ditu.[3] | » |
1842an, Saxoniaren hiriburu den Dresden kokatu zen bizitzen, eta Ruge ezagutu zuen, Deutsche jahrboucher aldizkariaren zuzendaria. Jules Elysard ezizena erabili zuen artikulu iraultzaile bat idazteko eta nolabaiteko arrakasta lortu zuen Errusian.
1843an, Suitzara joan zen, alemaniar disidente politiko asko ihes zeuden tokia. Rugeri idatzi zion gutun bat, 1849an Parisen argitaratuko zutena, Deutsche-franzosiche jahrboucher aldizkarian. Suitzan Weitling ezagutu zuen, lehen alemaniar komunista, eta Vogt sendiarekin harremanetan hasi zen. Suitzar poliziak herrialdetik alde egitera gonbidatu zuen, eta errusiar enbaxadak etxera joateko aholkatu zion, baina, 1844an, Belgikara egin zuen alde eta, handik, Parisa joan zen. Han ezagutu zituen Proudhon, George Sand, Marx, Engels eta hainbat poloniar erbesteratu. Horrela deskribatu zuen Marxekin izandako harremana:
« | Nahiko lagun egin ginen … Garai hartan nik ez nekien ezer ekonomia politikaz eta oraindik abstrakzio metafisikoetatik askatu gabe nengoen. Nire sozialismoa senezkoa zen, soilik. Bera, ni baino gaztegoa, baina ateoa zen, jada, materialista jakintsua eta sozialista sutsua. … Maiz elkartu ginen eta errespetu handia nion bere jakinduriagatik eta proteltagoaren kausarenganako grina eta seriotasunagatik. Elkarrizketa bilatzen nuen harekin, beti baitzen hezigarri eta espirituala. Hala ere, ez zen gure artean egiazko barrukotasunik sortu. Gure jiteek ez zuten elkar jasaten. Berak idealista sentimentala deitzen zidan niri, eta zuzen zegoen; nik hari harroputz eta zital, eta nik ere zuzen nengoen.[4] | » |
Engelsi buruz, berriz, hau idatzi zuen:
« | 1845. urte aldera, Marx alemaniar komunisten buru jarri zen, eta, handik gutxira, betiko lagun zuen Engelsekin batera jarraitu zuen. Hiztun eskasagoa bazen ere, bera bezain argia zen hura eta praktikoagoa gainera; kalumnia politikoa, gezurra eta zirrararako oso dohainduna. Bien artean sortu zuen alemaniar komunisten edo sozialista autoritarioen ezkutuko elkartea.[5] | » |
1848an, Parisa itzuli zen, eta Errusiaren aurkako aldarrikapen sutsu bat argitaratu zuen, eta, horren ondorioz, Frantziatik egotzi zuten.
1848ko iraultzek eman zioten asaldura demokratiko kanpaina bortitz batean esku hartzeko aukera eta Dresdengo matxinadan partaide izateagatik, atxilotu eta heriotza-zigorra ezarri zioten, geroago biziarteko espetxe-zigorragatik aldatu ziotena.
Azkenean, Bakunin errusiar agintaritzaren esku jarri zuten, eta espetxeratu zuten 1851tik 1857ra arte. Orduan arroztu egin zuten, Siberiara lanera bidaliz. Baimen bat probestuz, Japoniara alde egitera lortu zuen, eta, 1861ean, Hakodateko portura iritsi zen. Yokohamatik San Frantziskora bidaiatu zuen, Panama gurutzatu eta New Yorkera iritsi. Henry Longfellow idazlea eta beste pertsonaia ospetsu batzuk egin zioten harrera han eta bertako langile-mugimenduekin elkartzeko aukera izan zuen. 1861ean, Ingalaterrara joan zen eta bizitza osoa eman zuen sartaldeko Europan, Suitzan nagusiki; talde anarkista txikiekin postaz zuen harremana bere kemen bakarra zen.
1868an Demokrazia Sozialistaren Nazioarteko Aliantza eratu zuen, honen programak Bakuninen doktrina politikoaren oinarria osatzen zuten erreformak aldarrikatzen zituelarik: Nazio-Estatuen suntsipena, klase sozialen ezabapena, sexuen arteko berdintasuna, langileriaren antolakuntza alderdi politikoetatik kanpo, federazioen erakuntza... Dena den, nazioarteko erakundea zenez, Nazioarteko langileen Aliantzaren sarrera gaitzetsi zen (erakunde nazionalak soilik onartzen baitziren). Arrazoi honengatik, Aliantza desegin zen eta kideak euren kabuz Internazionalean sartu ziren. 1870ean Frantziako Askatasunerako Komitea eratu zuen, Lyoneko Komunaren insurrekzioa gidatuko zuena. I. Internazionalean Bakuninen eta Marxen ideien arteko liskarren ondorioz, 1872an, anarkistak La Hayako kongresuko antolakuntzatik kanporatu zituzten.
1873an, Marx eta bere jarraitzaileek Aliantza Demokratiko Sozialista eta Lehen Internazionala izenburu zuen panfletoa atera zuten argitara, Aliantza gogor kritikatuz. Bakuninek, azkarregi zahartuta, nekatuta eta gaixo, alde egitea erabaki zuen.
Esan bezala, azken urteak Suitzan eman zituen, txirotasunean, talde anarkista txikiekin postaz mantentzen zuen harremana besterik ez. Osasun-arazoak medio, Bernako ospitalean sartu beharrean izan zen eta 1876ko uztailaren 1ean hil zen.
Hilobia Bernako (Suitza) Bremgarten-Friedhof hilerrian dago, Genoa-Zurich autobideko keek belztuta.
Pentsamendua
« | Bestearen askatasunak infinitura zabaltzen du nire askatasuna. | » |
Mikhail Bakunin |
Bakuninek garatu zuen anarkismoari anarkismo kolektibista edota anarkokolektibismoa deitu izan zaio. Proudhon eta gero Kropotkin-ekin batera, anarkista teorikorik garrantzitsuenetariko bat izan da eta baita anarkismoaren lehendabiziko bultzatzailea mugimendu politiko eta herrikoi gisa izan zela ere esan daiteke.
Estatuaren aurka
Bakuninek estatuaren aurkako antolakuntza proposatzen du, estaturik gabekoa, eta Europako Estatu Batuak sortzea nahi du, 1776ko estatubatuar iraultzaren ideia liberaletara hurbildu nahian. Bere ustez, iraultza haren akatsa konstituzioak aldarrikatzen zuen askatasuna besteen gain ezartzen zen gutxiengo batentzat bakarrik zela zen. Europan, demokrazia denentzat zabaltzea lortu behar zen eta gizakia moneta-sistematik, botere politikotik, ekonomia-agintetik eta erlijiotik askatu behar zen. Dena den, Bakuninen iritziz, bakoitzari egindako lanaren arabera ordaindu beharko litzaioke klase alfer eta bizkarroi baten sorkuntza eragozteko.
Estatuak gizateriaren zapalkuntza suposatzen du, askatasun eza, ez da ustiapenerako tresna bat Marx-ek ustez zuen bezala, estatua bera ustiapena da. Estatua abolitu behar da. Zer leporatzen zion Bakuninek Marxi? Marxen ustez, estatua tresna bat denez, posible da hau konkistatzea eta beste helburu batzuetarako erabiltzea. Bakuninen ustez, berriz, estatu guztietan elite bat sortzen da eta elite honek edozer egiteko prest egongo da bere boterea ez galtzeko. Horrexegatik, askatasuna eta estatua bateraezinak dira.
Marxismoak politikak opresio ekonomikoa gaindiaraziko zion giza-baldintzak sortu behar zituela uste zuen bitartean, Bakuninek iraultza pertsonaren barruan hasi behar zuela uste zuen. Norbanakoek komunak osatuko zituzten eta komuna hauek federatu egingo ziren, konfederazioak sortuz. Marxismoak ez bezala, Bakuninek ez ditu hiriko proletarioak eta nekazariak banatzen eta denen artean egin beharreko iraultza dela uste du.
Marxek, berriz, historia faseetan ulertzen zuen eta iraultza hirian hasi behar zuen, industrian, gero nekazal-guneetara zabalduko zelarik. Horregatik, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasieran, Espainia bezalako nekazal herrialdeetan, postulatu anarkistak nagusitu ziren marxisten aurrean.
Lana
Bakuninek garrantzi handia eman zion lanari eta hau askatasunez garatzeari:
« | Antzinako munduan bezala, hiritar pribilegiatu gutxi batzuen esku dagoen gure zibilizazio modernoaren oinarria herrialde gehiengoen behartutako lana da.[6]Bakunin. Federalismo, socialismo y anteologismo. 1867. | » |
Bakuninentzat, anarkismoa gizarte askatasuna da, gobernuren beharrik gabe, ezta aginte ofizialik ere, ekoizpen faktorea den lana, bere bitartekariak eta banaketa erdigune direlarik. Gizarteak ekoizle eta kontsumitzaileen federazioen bidez antolatu beharko luke eta konfederazioen bidez koordinatu. Ez legoke biolentzia monopolizatuko lukeen gobernu, lege edo botere exekutiboaren beharrik.
Kropotkinen ustez, Bakuninen jarrerak burokrazia begirale eta erregulatzaile baten sorkuntzara bultzatzen zuen, autoritate nukleo baten beharra sortuz. Hala ere, kolektibismo bakuninistak bakoitzak bere merituaren arabera jaso behar duela defendatzen du, helburua ez baita berdintasun ekonomikoa baizik eta justizia ekonomikoa lortzea, horregatik, soldataren banaketa kolektiboki antolatu beharko litzateke irizpide demokratiko eta teknikoei jarraituz. Jabetza kapitalistari dagokionez, Bakuninek testu gehienetan ekoizteko tresnen kolektibizazioa defendatzen du. Propietatea, jabetza, lanean oinarritu behar da; horregatik, Bakuninek herentzia mesprezatzen du.
« | Beste ondasun baten faltan, hezkuntza burgesa, mundu burgeseko kideak batzen dituen solidaritatearen laguntzaz, jaso duenari segurtasuna ematen dio, pribilegio itzela lanaren ordain. Burges mediokreenak langile azkarrenak baino 3 edo 4 aldiz gehiago jaso ohi du.[6]Bakunin. Federalismo, socialismo y anteologismo. 1867. | » |
1870ean Marsellan sinatu zuen gutun batean, nazioaren lanak ekartzen duen aberastasunaren banaketa juxtuaz hitz egiten du. Aberastasun nazionala emendatzen den heinean, hau gero eta pertsona gutxiagoren artean kontzentratzen da. Burgesen ustez, proletargoaren baldintzen hobekuntzaren aurretik, oparotasun burgesa dago, baina Europako langile klasearen egoera okerrera doa burgesiarena hobera doan bitartean. Sistema burges honek gainekoizpenak eragiten ditu, milaka pertsona lanik gabe utziz eta enpresa industrial, komertzial eta finantziario txikiak desagertzen dira.
Kapitalismoaren ondorioz hitz egiten du. Merkantziak prezio baxuagoan saldu beharrak, soldata baxuagoak eragiten ditu, ekoizpen gastuak minimizatu nahian.
Ingalaterra, AEB, Suitza edo Belgikako langileek eskubide politikoak badituzte, baina patronoen esklabu dira Balkuninen ustez eta ez dute ez denbora eta ezta independentziarik ere bere hiritar eskubideez gozatzeko. Hauteskunde egunean berdintasuna eta fraternitatea aitatzen dira, baina egun horren ondoren, denak berdin jarraitzen du. Bakunin sozialista iraultzailea da eta sufragio unibertsalaren alde dago, baina ezberdintasun ekonomiko eta sozialik gabeko gizartea eraikitzeko erabili nahi du.
Bakuninentzat, hauteskunde burgesetan parte hartzen duten sozialistak -Alemaniar sozialistak kasu- erratuta daude edo gezurretan ari dira, langileak iraultzatik aldentzea besterik ez baitira lortzen ari. Estatua uztarri opresorea besterik ez da eta instituzioek eta autoritate politikoek klase oprimitzaileen pribilegioak bermatzea dute helburu, sozialismoa estatua suntsituta besterik ezin baita lortu.
Ateismoa
Erlijioari egin zizkion kritikak Marxenak bezalakoak izan ziren. Erlijioa = Gizarte kontrol tresna. Erlijioa errealitatetik alde egiteko asmatzen dugu. Marxek erlijioari buruz gutxi idatzi zuen bitartean, Bakuninek behin eta berriz erlijioari buruz hitz egiten zuen eta askoz ere erradikalagoa da bere jarrera: Erlijiotasuna eta gizatasuna batera ezinak dira, Jainkoa existituko balitz, gu desagertu beharko ginateke.
Luziferren irudiaren miresle aurkeztu du bere burua, iraultzaile izan baitzen Zeruan, Jaungoikoaren botere autokrataren aurka.
Bakuninentzat, katolikoa pertsona berekoia da, Ongia egiten duenean bere burua salbatzeko egiten baitu, Zerura joateko eta ez ondokoak maite dituelako. Apaiz katolikoa aztiarekin alderatzen du eta ez ditu kristautasuna eta beste magia edo antzinako erlijio bereizten.
Itun Zaharreraino joaten da Bakunin eta kritika bortitza egiten dio Moisesi. Itun Zaharrean, Jaungoikoak eskaintzen dizkio legeak Moisesi eta honek ezartzen dizkio Israel, Jaungoikoaren legitimizazioarekin diktadore bilakatuz.
Erlijioak jauntxoak onartarazten dizkio gizakiari: Jaun bat Zeruan, Lurrean mila jaun egoteko aitzaki.
Anarkismoan ateismo bakuninista hau zabalduta badago ere, denak ez dira iritzi berekoak. Kropotkinek Bakuninen lana ezagutzen zuen, baina ez zion inongo garrantziarik eman erlijioaren gaiari. Proudhonentzat, Estatuaren oinarria ez da erlijiosoa, nekazal jabegoaren banaketa baizik. Esan beharra dago, kristau anarkista ospetsuak ere izan zirela, Lev Tolstoi adibidez.
Erakundeak
Bakuninek ez zuen erakundeak politizatu behar zutenik uste eta Lehen Internazionalean izan zituzten haserreen gehiengo bat Marxi eginiko kritikak izan ziren. Aldi berean, doktrinen kontrako agertu zen eta ez zuen bere burua filosofo kontsideratzen.
Beste bereizgarri batzuk
Testu batzuetan, Bakuninek biolentziaren erabilera onartzen duen bitartean, beste batzuetan gaitzesten du.
Zenbait testuetan esanguratsua da, era berean, bere jarrera antisemita eta nazionalismo eslaviarra azpimarragarria da, berak nazio guztiak erakunde berdinean elkartu nahi baitzituen eta, horregatik, joera antialemaniarra zeukan.
Bakuninen Hitzaldia, 1869. Anarkismoaz
Komunistek derrigorrezkotzat jotzen dute langileen indarrak batzea Estatuen aginte politikoaz jabetzeko. Sozialista iraultzaileek, ostera, askatasunean baino ez dute konfiantza...; haien ustez, gizateria luzaroegi egon da norbaitek aginduta eta haren leialtasun ezaren jatorria ez da gobernu mota bat edo beste izatea, gobernua bera baizik, edozein dela. Hori da sozialista edo kolektibista iraultzaileak eta komunista autoritarioak banatzen dituena, azken horiek Estatuaren iniziatiba oso-osoaren aldekoak baitira. Komunistek esaten dute diktadurak bakarrik -eurena, noski- egin dezakela herriaren borondatea. Gure erantzuna da: ezein diktadurak ezin du beste helbururik izan irautea baino; diktadurek, erregimen hori duten herrietan, esklabotasuna baino ezin dute sortu eta garatu: askatasunak berak baino ezin du askatasuna sortu.
Marx komunista autoritario eta zentralista da. Guk nahi duguna nahi du berak ere: berdintasun ekonomiko eta sozialak gora egitea, baina Estatuan eta Estatuaren indarrez; gobernu behin-behineko, ahalguztidun eta, nolabait esateko, despotikoaren diktaduraren bitartez, hau da, askatasuna ukatuz. Haren eredu ekonomikoa da Estatua lurra eta kapital guztien jabe bakar bihurtzea. Estatuak lurra nekazari elkarte ondo ordainduen bitartez landu eta bere ingeniari zibilen bidez zuzenduko luke lurra eta kapitala industri eta merkataritza elkarte komanditarioetan.
Guk ez dugu nahi berdintasun ekonomiko eta sozial horrek gora egitea Estatua eta zuzenbide juridio deritzan guztia indargabetuz, gure ustez, hori giza eskubideak etengabe ukatzea delako. Gizartea berregituratzea eta gizakien batasuna ezarri nahi dugu, baina ez goitik behera aginteren baten bidez, behetik gora baino, era guztietako langileen elkarteak federatuta, Estatuaren uztarritik askatuta.
Karl Marxen aurkako kritikak
1869an egindako hitzaldian, Bakunin eta Marxen ideia batzuk aurrez-aurre zeudela argi ikusi zen. Bakuninek harreman eraikitzaileagoa egin zuen Proudhonekin autoritarioa iruditzen zitzaion Marxekin baino:
« | Marx, pentsadorea, bide zuzenetik doa. Iraultza filosofiko, politiko eta juridiko guztiak ez direla iraultza ekonomikoen arrazoi ezarri du, ondorio baizik. Pentsamendu handia da eta emankorra, baina ez du berak asmatu, ezta gutxiago ere, aurrez beste askok adierazi baitute, jada. Baina berak ezarri du sistema ekonomikoaren oinarri. Proudhonek, bere aldetik, doktrina eta metafisika ez zuenean egiten, iraultzailearen egiazko sena zuen … Ziurrenik, Marxek, teoriaren esparruan, askatasunaren sistema arrazioanal baterantz egingo du, baina Proudhonen sena falta zaio.[6] | » |
1864an sortu zen Lehen Internazionalean, ika-mika ugari izan zen Bakunin eta Marxen artean. 1868an, Marxek errusiar agentea zen salaketa egin zion Bakunini eta, 1869an, gauza bera egin zuen Karl Liebknecht marxistak.
Marxek agente paneslavista zen salaketa egin zion geroago eta urtean 25.000 franko kobratzen zituela esan zuen.
Bakuninek jarrera anarkisten alde egin zuen Lehen Internazionalean eta Marxen aurka konspiratzen ari zela egotzi zioten, Bakuninek Serguéi Necháyevi idatzitako gutunetan adierazten zuen bezala.
Marxistekin haserre, Bakunin Necháyevengana hurbildu zen eta Errusiaren iraultzan ahalegintzeko eskatu zion honek, ideia terrorista eta nihilistetan murgilduz. 1870erako, Bakunin eta Necháyeven arteko harremana eten egin zen, eskarmentuaz damututa geratu baitzen Bakunin.
Lan idatzia
Jaumes Guillaumek, bere ikasleak, argitaratutakoa 1907 eta 1913 urte bitartean, lan gehienak amaitu gabe zeudelarik:
- Eslavoei deialdia
- Jainkoa eta Estatua
- Estatismoa eta anarkia
- Estatua eta komuna
- Federalismoa, sozialismoa eta antiteologismoa
Erreferentziak
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- (Gaztelaniaz)https://joanripollesiranzo.wordpress.com/2007/10/08/taniusha-o-el-naufragio/
- http://www.alasbarricadas.org/ateneovirtual/index.php?title=Mija%C3%ADl_Bakunin
- http://www.edu.mec.gub.uy/biblioteca_digital/libros/a/Bakunin,%20Mijail%20-%20Citas%20de%20Bakunin%20_Bakunin%20y%20las%20artes_.pdf
- http://www.kclibertaria.comyr.com/lpdf/l163.pdf
- http://metalmadrid.cnt.es/cultura/libros/mijail-bakunin-federalismo-socialismo-y-antiteologismo.pdf
Ikus, gainera
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikhail Bakunin |
- Anarkismoa
- Sozialismo libertarioa
- Lehen Internazionala
- Demokrazia Sozialistaren Nazioarteko Aliantza