Bakterio sulfato-erreduktore

Bakterio sulfato-erreduktoreak sulfatoa (SO2−
4
) elektroein azken hartzaile gisa erabiltzen duten bakterio anaerobioak dira, hidrogeno sulfuro (H2S) sortuz. Esan liteke bakterio hauek oxigenoaren ordez sulfatoa "arnastu" egiten dutela.

SO42- → SH2

Bakterio hauek materia organikoa erabili ohi dute energia-iturri gisa, baina ordezkari gutxi batzuek hidrogeno molekularra ere (H2) oxidatu dezakete [1]. Sulfatoez gain, bakterio hauetako batzuek sulfitoak, tiosulfato edo sufre elementala ere (S) erabil ditzakete elektroein azken hartzaile gisa [2].

Urmael baten lohiak; kolore iluna bakterio sulfato-erreduktoreek sortu duten burdin sulfuroari dagokio

Hidrogeno sulfuroak (H2S) duen arrautz ustelduaren berezko usainak sarritan bakterio sulfato-erreduktoreen presentzia ingurune batean adierazten du.

Talde honetako bakterioak oso zaharrak dira, eta aspaldian agertu ziren gure planetan, atmosfera oxigenorik ez zuenean, duela 3.500 milioi urte [3].

Bakterio hauek ingurugiro anaerobioetan bizi ohi dira: itsas edo lakuen sedimentuetan, animalia hausnarkarien digestio-aparatuan, usteltzen ari den materia organiko ugari eta oxigeno gutxi duten uretan, etab. Baita sulfato asko duten meategi azidoen ureetan ere (non Thiobacillus generoko bakterioek bertako urak azidotzen dituen). Toki horietan guztietan H2S sortzen dute, askotan uretako ioi metalikoekin konbinatzen dena sulfuro metalikoak sortuz (esaterako, burdinarekin konbinatzen denean FeS disolbaezina sortzen da, inguruneari kolore iluna ematen diona (ikus irudia)

Bakterio sulfato-erreduktoreak dira, besteak beste, honako genero hauek: Desulfobacter, Desulfococcus, Desulfovibrio eta Desulfotomaculum.

Erreferentziak

  1. Lovley, Derek R.; Phillips, Elizabeth J. P. (1987) Competitive Mechanisms for Inhibition of Sulfate Reduction and Methane Production in the Zone of Ferric Iron Reduction in Sediments Applied and Environmental Microbiology 53 (11): 2636-2641
  2. Muyzer, Gerard; Stams, Alfons J. M. (2008) The ecology and biotechnology of sulphate-reducing bacteria Nature Reviews Microbiology 6 (6): 441-454
  3. Ponnamperuma, Cyril; Margulis, Lynn (1980) Erratum to: Antiquity and Evolutionary Status of Bacterial Sulfate Reduction: Sulfur Isotope Evidence Limits of Life, Springer Netherlands. 201 orr.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.