Bakea Ziganda
Bakea Ziganda Ferrer, gaztelaniaz Maria Paz de Ciganda Ferrer edo Paz de Ciganda Ferrer izenaz ezagutua, (Iruñea, 1890ko abenduaren 21a - ib., 1966ko otsailaren 2a), lehen emakume euskaltzaina izan zen. Euskaltzale, naturazale eta erlijiozale gisa nabarmendu zen. Iruñeko lehen euskal eskola sortu zuen, Euskararen Adiskideak elkartearen eskutik, 1931n.
Bakea Ziganda | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1890eko abenduaren 21a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1966ko otsailaren 2a (75 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | euskaltzain urgazlea |
Jatorria eta familia
Iruñeko handiki familia bateko alaba izan zen, Iruñeko Merkatarien kalean sortua. Aita Migel Ziganda Gelbentzu eta ama Maria Ferrer Galbete 1847ko martxoaren 26an ezkondu ziren, Iruñean. Sei senidetan emakume bakarra izan zen Bakea; Urbano eta Alejandro anai zaharragoak eta Tomas, Gerardo Ramon eta Miguel Gregorio anai gazteagoak izan zituen.[1]
Aitaren aldeko amona, Estefania Gelbentzu, Gaskuekoa zuen; harekin ikasi zuen euskaraz.[2]
Biografia
XX. mendearen lehen erdialdean Nafarroan euskararen aldeko ekimen guztietan murgildurik ibili zen Bakea Ziganda. Era berean, kristautasun sinismen sendoko emakumea izan zen.
Euskeraren Adiskideak
1925ean sortutako Euskeraren Adiskideak elkartean, Jenaro Larratxe, Damaso Intza, Miguel Intxaurrondo eta beste zenbait euskaltzaleren artean, bera izaten zen emakume bakarra. Urterik urte, euskal jaiak eta euskararen eguna antolatzearekin batera, 1933an ekimen berezi baten bultzatzaileetako bat izan zen Bakea Ziganda: egunean zentimo bat euskararen alde jartzeko eskatu zieten Iruñeko euskaltzaleei.[3] Vianako Printzea Erakundea 1966ko otsailean bere aldizkariaren Roscensvalles izeneko gehigarriak Bakea Zigandaren hil-oharrean hitz hauek jaso zituen: «euskerari maitetasun eta zaletasunaren alde eredu eta ikaspide utzirik arestian mundu ontatik zeruruntz juan zen norbaiti, María Paz Ciganda zenaren arimaren alde otoiz bero bat eskatzen dizuegu».[4]
Lehen euskal eskola
Espainiako Bigarren Errepublikaren behin-behineko gobernuaren lehen urratsetan, 1931ko apirilean, Marcl·lí Domingo Irakaskuntza Publikoko ministro katalanak bultzaturik, irakaskuntza elebiduna onartu zen Katalunian.[5] Berehala aktibatu ziren nafar euskaltzaleak, Errepublika berriaren botere publikoei irakaskuntza elebiduna ezartzeko.[6]
Horrela, 1931ko udan, Euskeraren Adiskideak elkartea saiatu zen Iruñeko Udalak euskal eskola bat sor zezan, baina emaitza onik lortu ez zuenez, bere ardurapean sortzea erabaki zuen.[7] Argi zegoen ekimen hura nafar nazionalistek bultzatu zutela, eskolaren patronatu sortzaileko zazpi kidetatik Bakea bera baitzen alderdi nazionalista baten partaide ez zen bakarra.[6] Iruñeko lehen euskal eskola hura, balio katolikoetan eta euskal kulturaren ezaugarrietan oinarritua, zabalik egon zen 1936an matxinatu frankistek itxiarazi zuten arte.[7]
Iruñeko ikastola
Bakea ZIganda Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kide izan zelarik, eta Frankismoaren urte beltzenak igaro ondoren, elkarte horren babesean bultzatu zuen, beste nafar euskaltzale ugarirekin batera, gerra ondoko Iruñeko lehen ikastolaren sorrera, 1965ean, Nuestra Señora de Uxue izenaz.[8] Hiltzerakoan, Bakea Zigandak bere ondasunen zati bat utzi zion ikastolari.[9]
Ikastola indartuz joan zen hurrengo urteetan, 1969-1970 ikasturtean 350 bat ikasle edukitzeraino.[10] Ikasleen ugaritzeak, baina, arazoak ekarri zizkion ikastolari, hiru eraikinetan banatzera behartuta baitzegoen. Horrez gain, irakasle eta guraso talde batek ikusmolde berri bat bultzatu nahi zuen ikastolaren kudeaketan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen gehiegizko esku hartzea gainditu nahirik. Arazo horien eraginez, 1970eko martxoan, elkartearen mende jarraitu nahi ez zuten gurasoek ikastola berri bat sortu zuten, San Fermin ikastola izenaz.[11]
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babesean gelditzea erabaki zuen Iruñeko ikastolak 1970-1971 ikasturtean Paz de Ziganda ikastola izena hartu zuen, jatorriz bultzatzaile eta ongile nagusietako bat izan zen Bakea Zigandaren omenez.[12]
Euskaltzain
Esan daiteke lehen emakume euskaltzaina izan zela Bakea Ziganda.
Euskaltzaindiarekiko loturak Aingeru Irigarai medikuaren eskutik izan zituen Bakea Zigandak. Hala, Eladio Espartza euskaltzale frankistak euskaltzain izateari uzteko erabakia eman zuela adierazi zion Aingeru Irigaraik akademiako zuzendaritzari, 1941eko urtarrilean. Espartzaren erabakiak Nafarroan Euskaltzaindia babesik gabe utz zezakeelakoan, prest agertu zen Iruñean akademiaren ordezkaritza bat laguntzeko; ordezkaritza horretarako Irigaraik proposatutako sei izenean artean zegoen Bakea Zigandarena. Ordezkaritzarik ez zen zabaldu, Espartzaren ordez Juan Miguel Seminario beratar kazetari eskuindarra izendatu baitzuten euskaltzain izateko.[13]
Bakea Ziganda 1951ko otsailaren 23an izendatu zuten euskaltzain urgazle, Euskaltzaindiko zuzendaritzak Gipuzkoako foru jauregian egindako bileran.[14] Euskaltzain hauek batzartu ziren: Resurreccion Maria Azkue, Aingeru Irigarai, Ignazio Maria Etxaide, Federiko Krutwig, Manuel Lekuona, Juan Gorostiaga eta Nazario Oleaga; ezin etorria jakinarazi zuen Louis Dassancek. Gogoan hartzekoa da bilera berean, Zigandarekin batera, beste euskaltzain urgazle bat izendatu zuela Euskaltzaindiak: Luis Villasante, gerora 1970-1988 bitarte euskaltzainburu izango zena.[15] Nolanahi ere, garai hartan Euskaltzaindiaren erabakien ziurtasun ezaren ondorioz, Bakea Ziganda berriro izendatu zuten euskaltzain urgazle, 1954ko uztailaren 8an.[16][17] Euskaltzaindiko zuzendaritzak 1954ko abuztuaren 27an Donostian egindako bilkuraren aktan, Bakea Zigandak izendapenagatik igorritako esker gutunaren berri eman zuen Ignazio Maria Etxaide euskaltzainburuak.[18]
Bakea Ziganda izan zen, beraz, lehen emakume euskaltzaina, urgazle mailan izendatua, frankismoaren garaiko Nafarroan izan zezakeen gizarte eraginagatik, Aingeru Irigaraik proposatuta.[19]
Euskaltzain oso izendatutako lehen emakumea Miren Azkarate izan zen, 1992an.[20]
Erlijiotasuna
Bakea Zigandaren heriotza ostean, Nikolas Alzolak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinean argitaratutako oharrean nabarmendu zuen «Euskal Herri tradizional eta katolikoaren» maitalea bat izan zela.
Erlijiotasuna sakon errotua zeukan, bere bizitzaren pasarte askotan ikusten denez. Besteak beste, 1932an Errepublikaren laikotasunaren aurkako eta Frantzisko Xabierkoaren aldeko erromesaldi baten antolamenduan aritu zen.[21]
Iruñeko San Lorentzo elizako kanpai berrietako baten amabitxia izan zen, 1948an.[22]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Familia Miguel Ciganda Guelbenzu / Maria Ferrer Galbete (F24994)» www.geneaordonez.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-26).
- (Gaztelaniaz) Ilintxeta, Reyes. (2010-10-14). «La amiga Paz de Ziganda» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-26).
- «Xentimo bat egunean Iruñeko euskararen alde» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-09-26).
- Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea. Roncesvalles, 1966ko otsaila.
- Ikus Josep-Lluís Carod-Rovira (1990) Marcel·lí Domingo (Tarragona 1884-Tolosa 1939): de l'escola a la República. Tarragona, Edicions El Médol. ISBN 978-848654212X
- Ikus Josu Chueca (1999) El nacionalismo vasco en Navarra (1931-1936). Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea. ISBN 978-8483731437.
- Ikus Irene Lopez Goñi (2002) Nafarroa garaiko ikastolen historia (1963-1982). Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea. {{ISBN|978-8484381815}}. 101-114. or.
- Irene Lopez Goñi (2002), op. cit., 239-250. or.
- «Paz de Ziganda ikastola» www.pazdezigandaikastola.net (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).
- Irene Lopez Goñi (2002), op. cit., 250. or.
- Irene Lopez Goñi (2002), op. cit., 255. or.
- Irene Lopez Goñi (2002), op. cit., 257. or.
- Ikus Anton Ugarte Muñoz (2018) Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala (1936-1954). Bilbo, EHU, Euskaltzaindia. ISBN 978-8490829158. 131. or.
- 1951ko data hori baiesten du Euskaltzaindiak 2019ko martxoaren 7ko Plazaberri albistarian argitaratutako «Euskararen emakumezkoak» artikuluak.
- Anton Ugarte Muñoz (2018), op. cit., 231. or.
- Hala ziurtatzen da Ignazio Maria Etxaidek 1954ko uztailaren 8an Bakea Zigandari bidalitako gutunean. Ikus Anton Ugarte Muñoz (2018), op. cit., 232. or., 591 oinoharra.
- Ohartaraztekoa da Patxi Zabaleta euskaltzainak 2021eko irailaren 21ean Berria egunkarian argitaratutako «Lehen emakume euskaltzaina» artikuluan beste data bat aipatzen duela, 1954ko otsailaren 26a, Bakea Ziganda euskaltzain urgazle izendatua izan zenekotzat. Artikuluan ez du aipatzen data horren iturririk.
- Ikus www.euskaltzaindia.eus.
- Anton Ugarte Muñoz (2018), op. cit., 232. or.
- Zabaleta, Patxi. «Lehen emakume euskaltzaina» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-21).
- Ikus «Ignacio Baleztena Ascarate "Primin de Iruña". Peregrinación a Javier en 1932».
- «Parroquia de San Lorenzo - Pamplona (Navarra)» campaners.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-28).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Euskararen emakumezkoak, Plazaberri, Euskaltzaindia, 2019ko martxoak 7.
- Paz de Ziganda ikastola.