Baigura
Baigura Lapurdiren[1] eta Nafarroa Beherearen arteko mugan dagoen mendi bat da, izen bereko mendilerro txiki bateko tontorrik altuena. Ikuspegi oso zabalak ditu, eta gailurrean antena ugari daude ezarrita.
- Artikulu hau Ipar Euskal Herriko mendiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baigura (argipena)».
Baigura | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 897 m |
Mota | mendi eta free flight site (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°17′27″N 1°17′34″W |
Mendikatea | Baigurako mendilerroa |
Estatu burujabe | Frantzia |
Frantziaren banaketa administratiboa | Metropolitar Frantzia |
Eskualdea | Akitania Berria |
Departamendua | Pirinio Atlantikoak |
Probintzia | Lapurdi |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Blantzarte lepoa eta beste |
Homonimoa
Izen bereko beste mendi bat dago Nafarroa Garaian (1477 m), Aretako mendietan, Urraul eta Aezkoa haranen artean.
Kokapena
Baigura mendilerro bereizi baten tontorrik altuena da. Lapurdi eta Nafarroa Behereren arteko mugan, Errobi eta Biduze ibaien arroetatik iparralderantz mendirik garaiena da, bai Euskal Herrian eta bai iparralderantz jota askoz ere urrunago: berarekin amaitzen dira Pirinio aurreko azken mendi nabariak eta Landetan edota frantses estatuan barrena iparralderantz ez da kausituko altuera horretara hurbiltzen den gailurrik.
Mendilerroa
Ipar-ekialde/hego-mendebalde noranzkoa hartzen duen mendilerro honetan, lau dira tontor nagusiak:
- Erregelu (865 m). Bost udalerrik bat egiten dute han: Luhuso, Lekorne, Heleta, Irisarri eta Ortzaize. Arberoa eskualdeko sabaia da eta gailurretik ikuspegi oso zabala du iparralderantz.
- Baigura bera (897 m). Han hiru dira batzen diren udalerriak: Luhuso, Ortzaize eta Bidarrai.
- Laina (869 m). Orzaize eta Bidarrairen arteko mugan.
- Haltzamendi (818 m). Gailur nagusiarekin batera Ehun Mendien Katalogoan dago. Hau erabat Orzaizeren lurretan.
Erraza da tontorren arteko lotura egitea. Aldiz, zenbait mazelatan maldak oso pikoak dira, eta herrietatik igoerak ez dira bat ere makalak: Luhuso 105 metroko garaieran dago, Ortzaize 116 metrora, Bidarraiko zubia 74 metrora, eta puntu batzuetatik berehala hasten dira aldapa malkarrak.
Ohiko igoerak
Igoerarik arruntena Heleta eta Luhusoren arteko Blantzarte lepoan (298 m, Lekorneko lurretan) abiatzen da; hortik hastapenean errepide eta gero pista sendoa denak tontorreraino eta bertan dauden antenetaraino igotzen du. Aldiz, auto partikularrek ezin dute erabili eta gehienbat mendatean dagoen "Baigura Atseden gunea" (frantsesez Base de Loisirs) deritzonaren erabiltzaileentzat gordetzen da: parapentean aritzeko famatua da. Hala ere, mendate beretik badira bide batzuk tontorrera hurbiltzen gaituztenak.
Horixe da abiapunturik lasaiena; bestelako igoerak:
- Heletako Bixintxoko kaperatik (273 m) Erregelura hel daiteke.
- Luhuso edo bere hego-ekialdeko auzoetatik.
- Bidarraiko Latxaia auzotik.
- Ortzaizeko Ugartzan auzotik; aurrekoa bezala igoera gogorra.
- Irisarriko Lukaindegia auzotik.
Kartografia
- IGNko 1345 OT (Cambo-les-Bains Hasparren). 1:25000 eskalakoa.
Mendi ikurra
Hainbeste lekutatik ikusgai denez, zenbait elkartek Baigura izena hartu dute:
- Seaskak Lekorne-Makea-Lekuine-Heletako familientzat sortu duen ikastolak Baigura ikastola izena hartu du.
- Le Journal du Pays Basque kazeta kaleratzen zuen enpresak Baigura Communication SARL du izena.
- Irisarriko eskolako guraso elkartea Baigura deitzen da.
- Ortzaizeko abesbatzaren izena Baigura Kantuz da.
Mendi lasterketa bat ere antolatzen da mendi horretan.[2]
Erreferentziak
- Herrialde honetako hirugarren altuena da Artzamendi eta Larrunen atzetik.
- «Baigura lasterketa», Lasterketak.com webgunean.
Ikus, gainera
- Lapurdiko mendien zerrenda
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |