Baginako flora
Baginako flora baginan bizi den mikroorganismoaren multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotiko edo komentsalista mantentzen ohi dute ostalariarekin, eta horietako batzuek onura nabarmenak ekarri. Mikrobio hauen artean, kopuruari dagokionez, bakterioak dira garrantzitsuenak.
Estrogenoen mailak asko baldinzatzen du baginako floraren osaketa [1]. Estrogenoen kopurua handia denean, menopausiaren aurreko emakume helduengan gertatzen den bezala, Lactobacillus generoko bakterio lagunak nagusitzen dira baginan [2]. Ondorioz, baginaren pH azidoa da. Menopausiaren ondoren, aldiz, estrogenoen kopurua asko jaisten da, eta horrenbestez Lactobacillus bakterio onuragarria baginatik desagertzen da. Baginaren pH alkalino bihurtzen da orduan.
Baginako mikrobioak
Emakume heldu baten baginan Lactobacillus generoko bakterioak dira ugarienak [3], [4]. Garrantzitsuenak Lactobacillus crispatus , Lactobacillus acidophilus eta Lactobacillus rhamnosus dira.
Hainbat ikerketak garbi frogatu dute Lactobacillus-en eragin onuragarria baginan. Izan ere, bakterio honen hazkuntzak saihesten du bakterio patogenoen hazkuntza bertan, eta -horrenbestez- emakumea babesten du baginako infekzioen aurrean. Babesaren mekanismoa anitza da:
- Lactobacillus-ek hartzidura laktikoa burutzen du, inguruko pH jaitsiz. Ph azido horrek ekiditen du bakterio kaltegarrien hazkuntza baginan [5]
- Lactobacillus batzuek bakteriozinak ekoizten dituzte, hainbat bakterio patogenoak hiltzen dituzten molekula hautakorrak
- Beste Lactobacillus batzuek hidrogeno peroxidoa (H2 O2) sortzen dute haien metabolismoaren ondorioz. Hidrogeno peroxidoa birus eta bakterioak akabatzen dituen eragile desinfektatzailea da.
Labur esanda, ikerketek agerian jarri dute laktobaziloen presentzia baginan sexu-transmisiozko infekzioen intzidentzia txikiarekin lotzen dela.
Lactobacillus generoko bakterioez gain, estreptokokoak, legamiak (Candida), Escherichia coli, Bacteroides eta Fusobacterium, besteak beste, emakume osasuntsu baten baginan bizi dira.
Baginako floran eragiten duten substantziak
Espektro zabaleko antibiotikoen hartzeak baginako flora kalte dezake [6]. Antibiotiko horietako askok baginan dagoen eta baginako infekzioak saihesten dituzten Lactobacillus onuragarriak akabatzen dituzte. Lactobacillus desagertzerakoan, bagina babesik gabe geratzen da eta hori aprobetxatzen dute antibiotikoen aurrean erressistenteak diren mikrobio batzuek (legamiek, esaterako) baginako infekzioak sortzeko.
Baginako disbiosia ekiditeko, baginako dutxa errepikatuak saihestea ere gomendatzen da, pH neutroa duten xaboiak erabiltzea eta espermizidak erabiltzeko baldintzak zuzen betetzea. Bestela, baginako flora kaltetu daiteke.
Baginako mikrobiota gutxituta dagoenean edota bertako disbiosia agertzen denean baginako produktu probiotikoak erabil daitezke, laktobaziloak dituztenak. Probiotiko horiek baginako infekzioak izateko arriskua nabarmen murrizten dute [7].
Erreferentziak
- Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 334 orr. ISBN: 84-291-1871-3
- Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 64-65 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
- Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak itzulia:782 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1
- La microbiota vaginal: composición, papel protector, patología asociada y perspectivas terapéuticas Elsevier, Enfermedades infecciosas y Microbiología Clínica (2008)
- Graver M., Wade J. (2011) The role of acidification in the inhibition of Neisseria gonorrhoeae by vaginal lactobacilli during anaerobic growth Ann. Clin. Microbiol. Antimicrob 10: 8
- Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 65 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
- Jurado, Ana Rosa Microbiota vaginal y desequilibrios hormonales Lactoflora