Bagera
Bagera, Donostiako euskaltzaleen elkartea da, 1991ko abenduaren 14an sortua, donostiar euskaltzale batzuen ekimenez, indarrak bildu eta euskararen normalkuntzaren alde egiteko asmoz. Euskara elkarteen loraldian sortu zen Bagera, eta helburu argiak ezarri zituen: Donostian euskaraz bizi ahal izateko, bertako euskaltzaleen elkarlana bideratuko zuen elkartea izatea; adin, iritzi, egoera, ideologia eta kolore guztietako euskaltzaleak biltzea eta Donostian euskaraz bizi eta euskarari bizitza ematea.
Bagera | |
---|---|
Datuak | |
Mota | elkartea |
Herrialdea | Espainia |
Historia | |
Sorrera | 1991ko abenduaren 14a |
webgune ofiziala |
Bagerak, sorreratik bi lan esparru izan ditu; batetik hiri mailako helburuak eta horiek lortzeko asmoz eginiko ekintzak eta bestetik auzoetako antolakuntza. Auzoetan hainbat talde sortu ziren: Antiguako Bagera, Groseko Bagera Sortzen, Egiako Kriseilu-Bagera eta Parte Zaharreko Bagera. Egun, haietako batzuek lanean jarraitzen dute.
Ekimen nagusiak
Bagerak hainbat ekimen egin ditu urte guzti hauetan horietako asko emaitzak eman ondoren bertan behera gelditu direnak: izen-abizenak euskaratzea, merkataritzan eragiteko kanpainak, gazte sailak burututakoak, euskarazko matrikulazioaren aldekoak, Herrien Arteko harremanen asteak, euskaltzale zaharrei egindako omenaldiakā¦ Baina segidan gaur egun oraindik egiten dituen ekimen nagusien azalpena duzue.
Olentzero eta Mari Domingiren konpartsa
Eguberria hurbiltzearekin batera, Bagerak Olentzero eta Mari Domingiren etorrera prestatzen du. Aurretik Mari Domingi ikastetxez ikastetxe aritzen da Olentzeroren berri eman eta haurrei gutuna banatzen. Urtez urte hazten doa ikastetxe kopurua. Hala ere, egun nagusia abenduaren 23a da; arratsaldeko 19:00etan Antiguako Pio Baroja basotxotik irteten da Olentzero eta Mari Domingiren konpartsa eta haurrek ongi etorria egiten diete biei eta beraiekin doazen dantza talde, musikari, abeslari, animalia eta abarrei. Bukaeran, Benta Berrin, haurrek Olentzero eta Mari Domingi zuzenean agurtu eta gutuna ematen diete. Gainera haur txikienek txupetea uzteko garaia iristen zaienean, zilar-paperean gorde eta Olentzerori ematen diote eta trukean, intxaurrak eta fruitu lehorrak jasotzen dituzte.
Mintzalaguna
1993ko abenduan sortutako egitasmo hau aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Ordutik zabaltzen joan da Donostian, geroz eta jende gehiagori euskaraz hitz egiteko aukera emanez eta baita Euskal Herri osoan ere. Bertan, euskaldun boluntarioek astero ordu bateko denbora eskaintzen diete euskara ikasle talde bati (normalean bikotea) euskaraz hitz egiteko aukera berriak izan ditzaten eta euskaltegietan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko. Urtez-urte 200 lagun inguru aritzen da egitasmo honetan.
Behaketak
Bagera sortzearekin batera, Donostiako Aste Nagusian egiten zen euskararen erabileraren behaketa jarri zuen martxa. Kezka handia zegoen Donostiako aisialdian eragin handia zuten hainbat jardueretan ez zelako euskara behar adina erabiltzen. Gaur egun ere behaketak egiten jarraitzen dugu eta aurrerapausoak eman badira ere, oraindik ere hainbat hutsune izaten jarraitzen dute. Besteak beste ondoko jardueretan egiten du erabileraren behaketa Bagerak: Aste Nagusia, Donostiako Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Donostiako Zinemaldia eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Behaketen ondorioen berri antolatzaileei ematen diegu eta baita gizarteratu ere komunikabideen bitartez eta gure webguneren bitartez.
Asteazken Kulturalak
Urrian hasi eta ekaina bitarte hainbat gai jorratzen dituen hitzaldia antolatzen du hilean behin Bagerak Koldo Mitxelena Kulturunean. Gaiak aukeratzerakoan egunerokotasuna duten gaiak erakargarritasuna dutenekin tartekatzen saiatzen gara, beti ere euskarazko informazioa jasotzeko aukera zabaldu asmoz.
Antiguako Krosa
Urtero-urtero Bagerak Antiguako krosa antolatzen du lehen, Euskaldunon Egunkariaren alde eta gaur egun Berria eta Irutxuloko Hitza egunkarien alde. Lasterketa nagusiaz gain haurren lasterketa ere antolatzen da hainbat mailatan. Lasterketa maiatzeko azken asteburuan egin ohi da.
Donibane gaueko lore-sortak
Ohitura zaharra berreskuratu nahian, Bagera lore-sortak banatzen hasi zen; lore sorta etxe barruan ipini behar da eta urtebete igaro ondoren Donibane gaueko sutara bota behar da. Horrela etxekoek osasun ona izaten dute eta suak edota urak eragindako kalterik ez da izango etxean. Lore-sortak osagai hauek ditu: lizarra, arto-landarea, galburua, arrosa, garoa eta San Joan lorea.
Donostia Dantzan
Euskal dantzen egoeraz kezkaturik eta garai bateko erromeriak berreskuratzeko asmoz, Bagerak Donostia Dantzan ekimena jarri zuen martxan, Donostiako hainbat dantza talderen laguntzaz eta Udaleko Txistulari Taldearekin elkarlanean. Erromeria hauetan bi dantzari gidari aritzen dira dantzen inguruko azalpenak ematen eta jendeari nola dantzatu irakatsiz. Horretaz gain, dantza taldetako hainbat kide aritzen da jendea parte hartzera animatuz eta beraiekin dantzatuz.
Kantuz
Euskal kantutegia zabala da eta harribitxiz beteta dago. Hauek bazterrean eror ez daitezen, Bagerak hainbat kantu liburuxka atera izan ditu eta Donostian antolatzen diren Kantuz egitasmoei laguntza eskaintzen die bere azpiegiturak utziz.
Ikastaro eta jardunaldiak
Urte guzti hauetan zehar, Bagerak hainbat tailer, ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu. Beti ere bagerakideei eta Donostiako euskaldun guztiei zabalik. Horrela antolatu izan dira mikologia jardunaldiak, hitano ikastaroakā¦
Bertso ekitaldiak
Euskal kulturaren bereizgarri nabarmenetakoa izaki, Bagerak hainbat bertso saio antolatu ditu urte hauetan zehar. Hainbatetan bertso saio arruntak egin izan ditu eta baita bertso afariak auzoetan ere, baina inoiz ere martxan jarri ditu bertso ekitaldi bereziak ere; adibidez Bilintxen omenez eginiko bertso saioa edota 2004ean egindako Bertso Trama.
Donostiako Komunikabideak
Euskararen normalizazioan duten eraginaren jakitun izanik, Bagerak 1994. urtean Donostiako Komunikabideak enpresa sortu zuen astekari bat sortzeko asmoz. Horrela jaio zen "Irutxulo" Donostiari buruzko astekaria 1994ko martxoaren 25ean. "Irutxulok" guztira 478 zenbaki kaleratu zituen 2005eko otsailaren 17an egunkari bihurtu eta Irutxuloko Hitza izatera pasa zen arte. Egunkaria EKT, Bagera eta Donostiako gizarte eragileen elkarlanaz sortu zen eta gaur egun egunero donostiarroi Donostiako berriez informatzen gaitu egunero.
Honetaz gain, 1999. urtetik aurrera Irutxulo astekariarekin batera gazteei zuzenduriko Gaztetxulo argitaratzen hasi zen. Hasieran Donostiara mugaturik zegoen arren, 2000ko urrian hedapena handitu eta Euskal Herri osoan banatzen hasi zen. Azken eraldaketa 2007an izan zuen Gaztezulo Euskal Herriko gazteentzako komunikazio proiektu oso bihurtuz.