Bagaudak

Bagaudak (latinez bagaudae) Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak izan ziren, Behe Erromatar Inperioan, II. mendetik V. mendera, jauntxo handien eta Erromatar Inperioaren aurka altxatu zirenak. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan.

Lehen matxinada ezaguna 285ean izan zen, eta indarrik gehiena V. mendeko inbasio germaniarrekin eduki zuten, Behe Erromatar Inperioaren krisian. Matxinada horiek izan ziren Erromatar Inperioaren desegin izanaren arrazoietako bat.

Historia

Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan, eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren aipatu mendean eta bisigodoen presioa gogortuz; aldi berean, egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren[erreferentzia behar]. Asterio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil edo Araciel izeneko Erdi Aroko herri hustua, Corella ondoan).[1] Ondoko urteetan, militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu zuten, 456 arte.

Bagaudak testuinguru zabalean

Erromako Behe Inperioan, eta aginpide zentralak eragina galdu izanaren ondorioz, matxinada ugari izan zen inperioaren aginpidearen kontra.

Bagaudak, Galiako (Frantzia) eta Hispaniako (Iberiar penintsula) nekazari asaldatuak, Galian agertu ziren lehenengo aldiz, K. o. III. mendean, barbaroen inbasioek eta dinastien arteko borrokek inperioaren aginpidea murriztua zuten unean. Hispanian, Tarraconensis probintzian zehatzago, K.o. V. mendekoak dira mugimendu honen lehen berriak, Galiakoaren antzeko egoeretan gertatuak.

Antzinako idazleek klase apalak oso gutxitan aipatu izanetik dator bagaudek historiografian sortu duten interesa. Mugimendu garrantzitsua izan zen hura, matxinada handiak bultzatu baitzituzten estatuaren kontra, eta barbaroekin konspiratu ere egin baitzuten.

Hala ere, bagauden gizarte-mugimendua ez da batere ondo ezagutzen, haien aipamen idatziak oso gutxi direlako bereziki, eta zehaztugabeak eta zatikakoak direlako gainera.

Euskal Herriari dagokionez, egile batzuen ustean, Tarraconensis-eko matxinada horiek baskoien lurretan bakarrik gertatu ziren, oso gertaera bereziak baitira, baina matxinada horiek berez Tarraconensis-eko ipar-ekialde osoan izan ziren, eta, horretaz gainera, testuetan ez dira aracelitar bagaudak edota Tarazonakoak bakarrik aipatzen (baskoi lurretan biak); bada, orobat, dokumentuetan Zaragoza eta Lleidako eskualdeetako bagauden aipamenik ere (baskoienak ez ziren eremuetan biak).

Eztabaida historiografikoak bi aukera eskaintzen ditu: gizarte-mugimendua edo nazio-mugimendua[erreferentzia behar].

  • Lehen kasuan, esklaboen eta kolonoen egintzak izatea hartzen da batez ere kontuan, eta jabe handien kontrako erreakziotzat hartzen dira matxinada horiek.
  • Teoria nazionalak, berriz, “bertakoak izatea” nabarmentzen du beste edozer arrazoiren gainetik, eta “nazionalismoen” erakusgarri gisa azaltzen du bagauden gatazka hura, Galian zeltikoa izan omen zena eta Hispanian, berriz, baskoia.

Baina ezaugarri horiekin bakarrik ezin da mugimendu hura nolakoa zen guztiz esplikatu, eta historialariak ez dira ados jartzen; beraz, auzi hori, ziur asko, hobeto azaldu daiteke arazoaren bi alderdiak kontuan hartuta: Koldo Larrañaga irakaslearen esanetan, latifundistak vs. lur jabe txikiak alde batetik; eta bestetik, abeltzaintzan oinarritutako bizimodu indigena tradizionala vs. latindar jatorriko nekazal egitura.[2]

Erreferentziak

  1. Sanz Huesma, Francisco Javier. (2008). «Merobaudes en Hispania (443 d. C.)» Habis (39): 363–368. ISSN 0210-7694..
  2. Euskal herriaren historiaz. Servicio Editorial, Universidad del País Vasco 1985- ISBN 84-7585-022-7. PMC 434469635. (Noiz kontsultatua: 2020-02-08).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.