Badminton
Badmintona Ingalaterran 1873an sortutako tenisaren antzeko kirola da, ohiko pilota erabili ordez, pilota erdi batez eta lumazko isats batez osatutako pilota hegalari bat erabiltzen duena. Indian jokatzen zen jolas bat hartu zen oinarri gisa.
Tenis-zelaiak baino txikiagoetan jokatzen da. Sarea, ordea, altuago jartzen da hartan baino. Lumazko pilota kortxozko esfera erdi bat izan ohi da gehienetan, lumazko koroa edo isats bat duena. Pilota hegalariak pisu gutxi eta malgutasunik ez duenez, palak emandako indarra berehalaxe galtzen du, eta bide zuzenik ez du. Pilota hegalaria lurrera erortzen ez uztea da jolasaren funtsa. 1934an sortu zen kirol honetarako Nazioarteko Batzordea eta 1977an egin zen lehen txapelketa. Ingalaterran, Europa erdi eta iparraldean, Ipar Amerikan eta batez ere Malaysian jokatzen da kirol hau.
Historia
Badmintona Asian, Indian, Txinan eta Europan duela 2000 urte baino gehiago egiten zen antzinako kirola da. Jatorrian, pala moduko battledore eta shuttlecock izenez ezagutzen izenarekin jolasten zen, 1800. urtearen erdialdean Indian bere jokorako sare bat sartu aurretik.
Indian, badmintona Poonaor Poonah bezala ezagutzen zen, eta badmintonaren arau ofizialak Punen (India) idatzi ziren 1873an.
Beste 100 urte igaro behar izan ziren badmintona Joko Olinpikoetan erakusketa-kirol gisa sartzeko eta, gero, beste 20 kirolekin batera kirol olinpiko gisa aitortua izateko. Gaur egun badmintona mundu osoan jokatzen da, baina garrantzitsua da badmintonaren historia eta jatorria gogoratzea.
Battledorea badmintonaren izen zaharrenetako bat zen eta bate edo pala esan nahi du. Antzinan, battledore bat egurrezko paleta bat zen, arropa garbitzeko eta kolpatzeko edo nahasteko erabiltzen zena. Jakina, aplikazioa kirol honetan erabili ahal izateko egokitu zen. Battledorea badmintonaren ingelesezko jatorrizko izenetako bat izan zen, eta gaur egun battledore bati badminton erraketa esaten zaio.
Shuttlecock (bolantea) pilota bat da, eta izen hori gaur egun ere erabiltzen da. Kortxo batez osatuta dago, eta hari lumak atxikitzen zaizkio, kono bat osatuz. Gaur egun, bolantea plastikozkoa da, baina antzina kortxoz eta benetako lumaz egiten zen.
Shuttlecock bat nahikoa arina da erraketa (bate) batekin kolpatuta izateko eta aireak erraz garraiatzeko. Bolante bat, berriz, teniseko pilota bat baino askoz arinagoa da.
Poonaor Poonah, edo, besterik gabe, Poonah, lehen aipatu bezala, Indiako Pune hirian, badmintonari eman zitzaion jatorrizko izena izan zen.
Indiara zihoazen britainiar armadako ofizialek jolasten eta gozatzen zuten joko bat zen, eta horrela zabaldu omen zen Ingalaterrara.
Belarretan jolasten ziren, beren jantzi militarrez jantzita, etxe edo jauregi ederren aurrean. Badminton izena azkenean jokoa Ingalaterran orokortu zenean ezarri zen.[1]
Badmintona Espainian
Badmintona Espainian pixkanaka sartzen joan zen. Antzekoak ziren kirol batzuk bazeuden arren, 1970. urtera arte badmintona ez zen ofiziala egin eta Vigo izan zen sorlekua.
1971ean Vigon Luis Mirók, kiroldegiko zuzendari eta INEF-eko (Instituto Nacional de Educación Física) irakasleak, lagun talde bati bertan zituen erraketa eta bolanteak eman zizkion. Material hori Suediatik ekarri zuen deigarria gertatu zitzaiolako, nahiz eta ez jakin nola erabiltzen zen. Horrela Vigokoa izan zen Espainiako lehen kiroldegia “poona” (badmintonaren Indiako bertsioa) jokatzeko aukera eman zuena.
Geroago José Luis Vilak kirol honen arauak bilatu zituen jarduleei eman eta praktikan jartzeko. Hasiera batean arau errazak jarri zituzten, esaterako pisten tamaina txikitu eta sarearen altuera gutxitu, baina arauen ehuneko ehuna betetzeko arazoak egon ziren denbora luze batean, norbere arauekin jokatzen baitzuten jokalariek.
Kiroldegiko lehiaketa hasi eta hilabete batzuk geroago Vigon itsasontzi ingeles bat azaldu zen. Bertako marinelak kiroldegiko bezeroekin kontaktuan jarri ziren eta Ingalaterrako arauak erakutsi zizkieten praktikaren bidez. Honetaz aparte kirol honen historiaren inguruan datu gehiago bildu zituzten eta Portugaleko Badmintoneko Federazioaren berri izan zuten, garai horretan zegoen instituzio garrantzitsuenetakoa zena.
Kirol honek izan zuen arrakasta zela eta, Vigo hiriko lehen txapelketa ospatu zen. Honekin batera, 1975ean “Alerta” izeneko lehen kluba sortu zen eta “Club del Mar San Amaro”-k jarraitu zion Agustín Rodríguez zuzendari zuela. Honek lehendabiziko aldiz galiziar kluben arteko txapelketa jokatzea ekarri zuen.
Aurrerapauso horiek egin ziren arren pertsona askorentzat oraindik ere kirol ezezaguna izaten jarraitzen zuen eta horregatik kirola bultzatzeko lanetan jarraitu zuten. Baina aurrerapauso handiena Espainiako Badminton Batzordeak kirol hau estatuko kirol instituzioetan onartzeko proiektu berri bat sortu zuenean gertatu zen, horrela hasi baitzen zale kopurua handitzen.
Hala eta guztiz ere, lorpen handiena badmintona Espainiako Tenis Federazioaren barruan onartzea izan zen. Geroago Euskal Pilota Federazioaren barruan ere kokatu zuten.
1985ean, lan askoren ostean, Espainiako Badminton Federazioa sortu zen Kirol Kontseilu Gorenak onartuta. Horrelaz badmintona beste kirol federazioetatik at geratu zen eta izaera propio bat lortu zuen. Gaur egun gehien praktikatzen den kiroletako bat bilakatu da. Espainiako Badminton Federazioa (ESBAF) erakunde nazional gorena da, 1985ean sortu zen eta lehen presidentea José Luis Villa Piñeiro izan zen. Espainiako lehen txapelketa Valladoliden jokatu zen 1982an.
David Serrano Espainiako badmintonak orain arte eman duen jokalaririk ospetsuenetako bat da, 1990 eta 1996 artean Espainiako 7 txapelketa jarraian lortu zituen. Gainera, 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen lehen badminton jokalari espainiarra izan zen, Esther Sanzekin batera.[2]
Nazio mailan Dolores Marco kirolari profesionala Espainiako lehiaketa gehien irabazi dituen pertsona da, guztira bederatzi titulu lortu ditu, azkena 2006an. Gerora Antonio Crespo, Sergio Llopis eta Yoana Martínez izan dira kirol honen maila gorenean ibili direnak. Azken hau lehendabiziko espainiarra izan zen Olinpiar Joko batean irabazten, 2008ko Pekineko Olinpiar Jokoetan hain zuzen.
Gaur egun, Carolina Marín da jokalaririk ospetsuena. Emakumeen bakarkako kategorian jokatzen du eta BWF-eko (Badminton World Federation) ranking-ean lehendabiziko postuan dago. Horretaz aparte 2014 eta 2017an munduko txapeldun izan zen, eta 2014, 2016 eta 2017an Europako txapeldun. Gainera, 2016an Olinpiar Jokoak ospatu ziren Rio de Janeiron eta bertan ere garaile izan zen.
Badmintona Euskal Herrian
Gipuzkoako Badminton Federazioa 1986an sortu zen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren legezko agiriaren arabera 1987an izan. Gipuzkoa izan da kirol honen aitzindaria Euskal Herrian.
Heziketa fisikoan lizentziatu eta Donostiako Santa Maria ikastetxean irakasle zen Manuel San Martin izan zen eragile nagusia. San Martin hasi zen badmintona sartzen ikastetxeko ikasleen gurasoei ematen zizkien mantentze eskoletan eta ikasleei heziketa fisikoaren barnean, neskei kirola egiteko beste aukera bat eskaintzearren, batez ere. Hainbesteko izan zen arrakasta, jende asko eta asko zaletu zela. Ondorioz eskola bat eta lehiatzeko talde bat sortu zen. Hori izan da, urteetan zehar, Gipuzkoako jokalarien harrobia.
Arabako Badminton Federazioa ere urte askoz arduratu da kirol honen garapen eta sustapenaz. Horretarako eskola, klub eta jarduera ezberdinak sortu zituzten, esaterako lehiaketak. Gaur egun Araban 90 jokalari federatu eta 100 haurrek osatzen dituzten 4 klub ofizial daude. Guzti hauek Arabako lehiaketetan parte hartzen dute.
Jokoa
Joko honen helburua puntuak irabaztea da seta lortzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da sakea izatea.
Gizonezkoen eta binakako partidetan 15 puntuko 3 set egiten dira eta set gehien lortzen dituenak irabazten du. Hirugarren setera iristen badira 8. puntuan zelaiaren aldea aldatzen da.
Emakumeen modalitatean berriz 11 puntuko 3 set dira. Hirugarrenera iritsiz gero seigarren puntuan aldez aldatzen dira.
Bakarkako modalitateko lehen sakea zelaiaren eskuin aldeko zerbitzugunetik egin behar da bolanteak zelaia diagonalki zeharkatzen duela. Aurkariak falta edo huts egiten badu aurreko sakea egin duenak sakatuko du berriro. Hutsa sakatu duenak egiten badu sakea aurkariari egokituko zaio.
Badmintonaren arauen arabera, sakea egitean ezin dira ekintza hauek egin:
- Badmintoneko erraketarekin bolantea jokalariaren gerriaren gainetik jotzea.
- Lehenik lumak jo, kortxoa ukitu beharrean.
- Lerroren bat zapaldu atera aurretik.
- Oinak altxatu atera aurretik.
- Bolea-ekintza batean badmintonezko erraketarekin bolantea kolpatzea.
- Sakera keinu bat egin, aurkariari kalte egiteko.
Badmintonaren arauetan, honako ekintza hauek hutsegiteak dira.
- Bolantea badminton eremutik kanpora bidali.
- Sakea dagokigun sake-eremutik kanpo egitea.
- Sakea edo sakea kontrako sake-eremutik kanpora bidaltzea.
- Sakea bolantea gerriaren gainetik jarrita egitea.
- Gure badminton erraketarekin sarea ukitzea.
- Partidan zehar sarea edo eusten dioten zutoinak ukitzea.
- Bolantea jokalari baten sarean edo erraketan lotuta geratzen bada, hori ere faltatzat hartuko da.
- Bolantea jokalari berak behin baino gehiagotan jarraian kolpatzea.[3]
Badmintoneko zelaia
Sakea egiterakoan kontuan hartu beharrekoa: puntuen kopurua bikoitia denean sakea eskuin aldetik egingo da; berriz, puntuak bakoitiak badira ezker aldetik egingo da.
Joko-eremua
Zelaiak 13,4 metroko luzera eta 5,18 metroko zabalera dauka bakarkako kategorian. Binakakoetan berriz, 13,4 metro luzera eta 6,10 metro zabalera.
Zelaiaren erdian sare bat dago 1,55 metroko altueran metalezko bi posteri lotuta.
Pistaren inguruan ikusten ditugun lerroek badminton eremua mugatzen dute. 4 cm-ko lodiera dute, eta horiek jokalekuaren zati dira. Horregatik, bolante bat erortzen bada, luma harantz bidali duenarentzat da. Erdian dagoen lerro bat ere badago. Badmintonaren arauek zehazten dute lerro horrek zerbitzuaren bi aldeak mugatzen dituela, hau da, sakearen bi zatiak. Lerroen erabilera desberdina da banakako partidetan edo binakakoetan jokatzen bada:
- Banakako partidetarako badminton eremua barneko eta hondoko lerroekin arautzen da.
- Binakako partidetan kanpoko lerroak eta atzealdekoa erabiltzen dira.
Gainera, badmintonaren arauen arabera, eremuaren inguruan espazio nahikoa zabala egon behar da. Hori jokalarien segurtasuna eta osotasun fisikoa bermatzeko egiten da, kirol hau praktikatzeko.[3]
Materiala
Bolantea edo luma: joko honen elementu bereizgarriena da. Bi zatitan banatzen da: alde batetik 14 edo 16 lumaz osatutako aldea, eta bestetik kortxoz osatuta dagoen burua.
Badmintonezko bolantea teniseko edo ping pongeko pilotaren baliokidea da. Badmintonaren oinarrizko arauen arabera, forma koniko irekiko lumak izan behar ditu. Kono hau hamasei lumaz osatuta dago, eta kortxozko oinarri baten inguruan txertatuta daude. Oinarriak esferaerdiko forma du eta larruzko geruza mehe batez estalita dago.
Bolantearen forma oso aerodinamikoa da. Bolantea bera berehala biratzen da bakarrik, kortxoa aurretik jarriz. Latinoamerikako hainbat herrialdetan eta Mexikon, bolantea «Gallito» izenez ere ezagutzen da.[3]
Kantxa erdiko edo arkuko kolpeak
Zelai erdian, bolante altu bat, normalean, erremate batekin kolpatuko da. Jauzian erremateak ere badaude, jokalariek angelu handiagoa izan dezaten bolantea beherantz txikitzeko.
Kolpeak hondoan
Pistaren hondoan, jokalariak bolantea beti buru gainetik jotzen saiatzen dira. Horri esker, puxikak (altuera handiarekin aurkariaren goialdetik pilota pasatzea) egin ditzakete, altxatutzeak (goian, aurkariaren pistaren hondoan), erremateak (bolantea beherantz txikituz), clear-a (sorbaldan kolpea, aurkariaren kantxaren hondora bidalita) eta dejadak (kolpe leuna, sarearen eremura eror dadin).
Defentsa-kolpeak
Erremate bati erantzuteko, oinarrizko hiru aukera daude: altxatzea, bolantea blokeatzea dejada bat egiteko, edo tentsio edo drive bat egitea. Banakakoetan, blokeatzea da erantzun ohikoena. Aitzitik, binakakoetan, altxatzea da aukerarik seguruena, baina aurkariek erasotzen jarrai dezakete. Blockak eta tentsioak kontraerasoen kolpeak dira, baina errematea eman dion jokalariaren kideak geldiaraz ditzake.
Sakea
Sakeak bere kolpe aniztasun berezia du. Tenisean ez bezala, joko-arauek sakea mugatzen dute, eta, beraz, bolantea gerritik behera kolpatu behar da. Sakatzaileak bi aukera ditu: sake laburra, atzealdean sake luzea, tentsio handiko sakea edo defentsa-sakea.[4]
Erraketa: jokoaren elementu garrantzitsuena da. Mehe eta arina izan ohi da azkar mugitzeko.
Badminton erraketak arinak dira eta 70 eta 100 gramo arteko pisua dute. Karbono-zuntzez eta material ugariz osatuta daude. Karbono-zuntzak erresistentzia handia du bere pisua kontuan izanik. Gainera, gogorra da eta energia zinetikoaren erabilera bikaina ematen du. Lehenago, erraketak aluminioa bezalako material arinagoez eginda zeuden. Antzina, badmintonezko lehen erraketak egurrez eginak zeuden.
Diseinu mota ugari daude, hala ere, arauek erraketaren forma eta tamaina mugatzen dute. Kirolari bakoitzak erabiltzen duen erraketa bere jokatzeko moduaren ezaugarriei egokitu behar zaio. Ohiko buru obalatuaren forma oraindik erabiltzen da, baina gero eta erraketa gehiagok dute buru isometrikoaren forma.[3]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Historia del Badminton. Hemendik hartuta: https://meollo.net/es/historia-del-badminton/
- Federación Española de Bádminton. Hemendik hartuta: https://www.badminton.es/page/25977/Federacion-Espanola-de-Badminton
- U.D: EL BÁDMINTON COMO DEPORTE DE ADVERSARIO. Hemendik hartuta: http://frayeducacionfisica.pbworks.com/f/UNIDAD+DID%C3%81CTICA+DE+B%C3%81DMINTON+2%C2%BAESO(1).pdf
- Gipuzkoako Badminton Federazioa. Hemendik hartuta: https://web.archive.org/web/20180820082418/http://fgbadminton.com/historia.php
- Arabako Badmintodn Federazioa. Hemendik hartuta: https://www.arabadminton.com/
- (Gaztelaniaz) ▷ Historia del Bádminton: Origen y desarrollo Actual. 2022-09-13 (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
- (Gaztelaniaz) «HISTORIA DEL BÁDMINTON» Bàdminton Club Hortons (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
- (Gaztelaniaz) «Reglas del bádminton ▷ Historia, raqueta, campo, saques, faltas» Competize (Competize).
- (Gaztelaniaz) Bádminton. 2023-04-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
Bibliografia
- Adams, Bernard (1980), The Badminton Story, BBC Books, ISBN 0563164654
- Boga, Steve (2008), Badminton, Paw Prints, ISBN 978-1439504789
- Chisholm, Hugh, ed. (1911), "Badminton (game)" , Encyclopædia Britannica, vol. 3 (11th ed.), Cambridge University Press, p. 189
- Connors, M.; Dupuis, D.L.; Morgan, B. (1991), The Olympics Factbook: A Spectator's Guide to the Winter and Summer Games, Visible Ink Press, ISBN 0-8103-9417-0.
- Downey, Jake (1982), Better Badminton for All, Pelham Books, ISBN 978-0-7207-1438-8.
- Grice, Tony (2008), Badminton: Steps to Success, Human Kinetics, ISBN 978-0-7360-7229-8
- Guillain, Jean-Yves (2004), Badminton: An Illustrated History, Publibook, ISBN 2-7483-0572-8
- Jones, Henry (1878), "Badminton" , in Baynes, T. S. (ed.), Encyclopædia Britannica, vol. 3 (9th ed.), New York: Charles Scribner's Sons, p. 228
- Kim, Wangdo (2002), An Analysis of the Biomechanics of Arm Movement During a Badminton Smash (PDF), Nanyang Technological University, archived from the original on 2 October 2008.