Bacillus anthracis

Bacillus anthracis Bacillus generoaren bakterio patogenoa da. Bakterioa aldi berean eta independenteki topatu zuten lehendabizikoz Aloys Pollender alemaniarrak eta Pierre Rayer eta Casimir Davaine frantsesek. Robert Koch mikrobiologoak bakterio honen ahalmen patogenoa agerian utzi zuen 1877an, laborategian kultibatu eta sagu osasuntsuei injektatu ondoren (saguak karbunko harrapatu eta hil egiten ziren). Koch-ek berak bakterio horrek esporak sortzeko ahalmena zuela frogatu zuen.[1] . Bakterioak sortzen duen patologia ohikoena karbunko da, gizakiok eta animaliek jasaten ditugun zoonosia.[2]

Bacillus anthracis
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaBacillota
KlaseaBacilli
OrdenaCaryophanales
FamiliaBacillaceae
GeneroaBacillus
Espeziea Bacillus anthracis
Cohn 1872
Datu orokorrak
Gaixotasunakarbunkoa
Gram tindaketaGrampositibo

Anthracis espeziearen izena grezierazko anthrakis (ἄνθραξ) hitzetik dator, euskaraz "ikatz" esan nahi zuena (eragiten duen gaitzak -karbunkoak- lesio ilunak sortzen dituelako larruazalean)

Ezaugarriak

Bacillus anthracis bazilo Gram positiboa da, anaerobio fakultatiboa. Ez da mugikorra eta 1-6 mikrako luzeera du.

Bacillus guztien antzera, Bacillus anthracisek endosporak sortzen ditu. Endosporak erresistentzia handiko egiturak dira, bakterioa bizirik eta sor egoeran mantentzen dutenak ingurugiroko baldintzak oso gogorrak eta aurkakoak izan arren. Bacillus anthracis-en kasuan endosporak zelularen erdialdean sortzen dira eta ez dute zelula desitxuratzen.

Bere birulentzia areagotzen duen kapsula bat dauka, fagozitoen erasoa neutralizatzen duena.

Patogenia

Sakontzeko, irakurri: «karbunko»

Karbunkoa zoonosi bat da, hots, animaliengandik gizakiarengana transmititzen den gaitza. Animaliekin kontaktu zuzena dutenak (albaitariak, baserritarrak...) dira joera handiagoa dutenak gaitza harrapatzeko.

Bacillus anthracisek ezin du aske bizi naturan, animaliak infektatzen dituenean eta laborategiko hazkuntza-inguruetan besterik ez baita hazten. Naturan beti espora moduan dago. Animaliak bazilo horren esporak dituen belarra jaterakoan kutsatzen dira. Gizakia, aldiz, hiru modutan kutsatzen da animaliengandik: zaurien bidez (animalian dauden esporak zauri baten bidez sar daitezke organismoan), aho-bidetik eta arnas-bidetik (azken modu horretan kutsatzen den karbunkoa okerrena da)

Arnas-traktutik infektatzea oso arraroa da, infekzioa garatzeko bakterio asko inhalatu behar direlako; dena den, artile motzaileen artean gerta daiteke, animalien ileak esporez beteta daudenean [3].

Baziloak inhalatzerakoan eragiten duen kaltea kontuan hartuta (karbunko horrek hilkortasun tasa handia baitauka) proposatu da Bacillus anthracisen esporak arma biologiko gisa erabiltzea [4]: esporak aerosol moduan erabil litezke bakterioa modu eraginkor batez zabaltzeko.

Karbunkoak sortzen dituen kalteetan zer ikusi handia du Bacillus anthracisek sortzen duen exotoxina bat, mikrobioari aparteko birulentzia ematen diona.


Erreferentziak

  1. Madigan M, Martinko J (ed).. (2005). Brock Biology of Microorganisms. (11. argitaraldia) Prentice Hall ISBN 0-13-144329-1..
  2. Centros para el Control y Prevención de Enfermedades. Carbunco: Lo que debe saber. .
  3. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 173-174 orr.
  4. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:916-917 orr.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.